60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

209/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Honen bidez Ingurumen baimen integratua ematen da Murillo el Frutoko udal mugapean hondakinak balorizatzeko, Indugarbi, S.L.k eskatuta.

Ekainaren 24ko 7/2004 Foru Legearen bidez Murillo el Frutoko Udalaren 159.224 metro koadroko herrilurraren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onetsi zen, gero Indugarbi, S.L. enpresari saltzeko, hondakinak balorizatuko dituen industria multzoa jartzeko. Aipatutako foru lege horren lehenbiziko xedapen gehigarriak ezartzen du edukiaren eraginkortasun juridikoak indarra hartuko duela Ingurumen baimen integratua eskuratzen denean eta behar den Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten denean. Hortaz, jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Ingurumen zuzendari nagusiaren apirilaren 20ko 125/2006 Ebazpenaren bidez erabaki zen eskatutako proiektuak ez zuela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren beharrik, 4/2005 Foru Legearen 3.D eranskinean agertzen diren ingurumen arloko irizpideak aplikatuz.

Nafarroako Gobernuaren 2007ko martxoaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi zen "Murillo el Fruton paratu beharreko Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Indugarbi, S.L.k sustatua.

Hondakinei buruzko 10/1998 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, baimen honetan bildu da hondakin arrisku gabeen kudeaketarako baimena.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea hondakinak balorizatzeko planta ezartzeko, titularra Indugarbi, S.L. izanik, Murillo el Frutoko udal mugapean.

2. Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 0076/06 (IBI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzekin bat garatzea jarduera, betiere foru agindu honen II., III. eta IV. eranskineko neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

5. Baimena ematen zaio hondakin arriskutsuen ekoizle gisa P/124/NA/2007 zenbakiarekin, hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera zentroa baita. Hondakin arriskutsuen ekoizte-jarduera A950 da, Berreskuratzeko jarduerak, hala jasotzen baita maiatzaren 14ko Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taulan (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Ekoizten ahalko diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. Arrisku gabeko hondakinak kudeatzeko baimena ematen da, baldin eta irekitzeko baimena lortzen bada, honako kudeatzaile zenbakiarekin: GNP/57/NA/2007. Kudeatzen ahalko diren hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen kudeaketan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu IV. eranskin horretan sartzeko.

7. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi- errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

9. Foru agindu hau jakinaraztea Indugarbi, S.L.ri, Nilsari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eta Murillo el Frutoko Udalari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 26an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0707181