60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

207/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Honen bidez Ingurumen baimen integratua ematen da Lakuntzako udal mugapean beroan galbanizatzeko, Galvanizados Lacunza, S.A.k eskatuta.

Eginda dagoen instalazio hori lege honetan jasoa dago: uztailaren 1eko 16/2002 Legea, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzkoa; zehazki, I. eranskineko 2.6.) atalean: "Metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³ tik gorakoa denean". Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Era berean, instalazio hori lege honetan ere jasoa dago: 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa; zehazki, 2B. eranskineko 2.6.) atalean: "Metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³ tik gorakoa denean". Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Burutu den tramitazio administrazioaren laburpena ematen da foru agindu honen IV. eranskinean.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea beroan galbanizatzeko instalazio baterako, titularra Galvanizados Lacunza, S.A. izanik (Lakuntzako udal mugapean).

2. Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 552/05 (IBI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzekin bat garatzea jarduera, eta, edonola ere, foru agindu honen II. eta III. eranskinetako neurriak bete beharko dira.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, Ingurumena babesteko esku hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

5. Baimena ematen da hondakin arriskutsuen ekoizle gisa P/28/NA/2000 zenbakiarekin, hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera zentroa baita. Hondakin arriskutsuen ekoizte-jarduera A243 da, Azaleko tratamendua, hala jasotzen baita maiatzaren 14ko Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko 20/1986 Legea betetzeko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taulan (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak onetsia). Ekoizten diren hondakin arriskutsuak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

6. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko ikerlana, titularrak aurkeztua, onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

7. Irekitzeko eskabidea 2007ko urriaren 31 baino lehen aurkeztea; hartarako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu beharko da 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduko (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 40. artikuluak aipatzen duen dokumentazioa.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

10. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Foru agindu hau Galvanizados Lacunza, S.A.ri, Lakuntzako Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 25ean._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0707180