60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Deialdia, 2006/2007ko kirol denboraldian Nazioko lehenengo hiru maila absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartuko duten kirol taldeei norgehiagokako araubidean diru-laguntzak emateko

Iruñeko Udaleko alkateak 2007ko martxoaren 22an onetsi zuen Deialdia, 2006/2007ko kirol denboraldian Nazioko lehenengo hiru maila absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko.

Deialdi honen helburua 2006/2007ko kirol denboraldian Nazioko lehenengo hiru maila absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartuko duten kirol taldeei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak onetsi eta 2006ko otsailaren 17ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 21. zenbakian, argitaratu baitzen.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua.

Deialdi honi 370.116 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren aurrekontuko 7145220/482090 kontusailaren kargura esleitu ere.

Onuradun bakoitzari emanen zaion kopuruak ezin izanen du gainditu aurkeztutako proiektuaren aurrekontuak zenbat jo eta horren %40, eta, edonola ere, gehienezko muga 56.500 euro izanen da.

2._Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen helburua 2006/2007ko kirol denboraldian Nazioko lehenengo hiru maila absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartuko duten kirol taldeei diru-laguntzak ematea da.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo diru-laguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

d) Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak egunean dituela.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketen xedea izan daitezkeen neurrian.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntza jaso duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituztela jakitera emate aldera.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

3._Diru-laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak betetzen dituzten eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen entitateek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere ondokoekin bat:

3.1. Nazioko lehenengo hiru maila absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartzea, 2006/2007ko denboraldian.

3.2. Euren mailatik gorako (bigarren edo hirugarren mailako) Iruñeko talderen batek deialdi honi heldu ez izana.

3.3. Legeekin bat eraturik izatea, eskaera aurkeztu behar den datan.

3.4. Elkartearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, zazpigarren klausulan galdatzen diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4._Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

_Batzordeburua:

Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zinegotzi delegatua.

Batzordekideak: Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko teknikari bat.

Kirol koordinatzailea.

Idazkaria: Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrari atxikitako letradua edo zuzenbidean lizentziaduna.

5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Interesdunen eskaerak deialdi honek 1. eranskin gisara ezarritako arauzko ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra _Descalzos k., 72-2. solairua_; Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_, Hiritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7._Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira: (agiriak originalak izan beharko dira, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak).

a) Eskaera-orria beterik, deialdi honi atxiki zaion ereduarekin bat.

b) Eskatzaileen agiriak (Estatutuak eta IFZ) eta, halakorik balitz, haien izenean ari diren ordezkarien nortasuna egiaztatzen dutenaren NAN.

c) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

d) Hala badagokio, administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

e) Erantzukizunpeko aitorpena (eskabide-orriari atxikia, I. eranskinean), eskatzaileek deialdi honetan galdatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatze aldera.

f) Erantzukizunpeko aitorpena (eskabide-orriari atxikia, I. eranskinean), Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko.

g) Dagokion kirol federazioko ziurtagiria, taldea zein ohiko ligatan aritzen den adierazten duena (nazioko lehen, bigarren edo hirugarren maila).

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu ahalko da, eta bertan adierazi, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Udalak taldeei lehiaketan esku hartu izanak eragindako benetako gastu arruntetarako bakarrik emanen dizkie laguntzak, ondoko azalpenekin bat:

Lehiaketako inskripzioa, lizentziak eta Federazioko hainbat kuota: %40 bitarte.

Arbitrajeak: %40 bitarte.

Kirol instalazioen alokairuak eragindako gastuak: %40 bitarte.

Joan-etorriek eragindako gastuak: %10 bitarte.

Joan-etorrietan ostatu hartzeak eta mantenuak eragindako gastuak: %10 bitarte.

Material suntsikorra: %40 bitarte.

Kirol-ekipajea: %40 bitarte.

Botika-kutxa: %40 bitarte.

Kudeaketa- eta funtzionamendu-gastuak: %10 bitarte.

Teknikarientzako eta jokalarientzako diru-sariak: %10 bitarte.

9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak zehaztuko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

10._Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

11._Azpikontratua.

Diru-laguntzen xede diren jarduerak ezin dira azpikontratatu, betiere diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorraren 30. artikuluarekin bat.

12._Diru-laguntzaren xede diren jardueren finantzaketa.

Diru-laguntza hauen onuradunek konpromisoa hartzen dute, proiektuaren %60 bitarte haien ekarpenen edo beste bide batzuen bitartez finantzatzeko.

13._Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

14._Ordainketa.

Dagokion ebazpenaren bidez, talde bakoitzari behin balorazio-irizpideak aplikatu eta gero, horri dagokion kopuruaren %70eko lehen ordainketa bat eginen da.

Bukaerako likidazioa behin onuradunek 15. oinarrian galdatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gero eginen da.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

15._Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, gastua frogatzeko kontu-ematea aurkeztu behar da; kontu horretan, dirua jaso duen jarduera dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Ebaluazio-memoria, diru-laguntzen xedea den jardueraren gainean; bertan xehetasunez aitortuko dira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriak gutxienez ondoko edukiak jasoko ditu:

_Programaren edo proiektuaren izena.

_Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduketak eta proposatutako helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

_Finantza bideak zerrendatuta: diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, 8. oinarrian ageri diren azalpenen arabera ordenatuta eta zenbatekoak guztira emanik.

c) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez, lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

c.1) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

c.2) Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatzeko, beharrezkoa da ondoko agiriak aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak, langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

c.3) Proiektua gauzatzeko dataz besteko bat duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aldez aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

d) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

e) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diru-laguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-korrituak.

Emandako diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea 2007ko azaroaren 15era bitarte izanen da.

Nolanahi ere, diru-laguntzen onuradunek balorazio txostena erantsi behar diote aurkeztutako justifikazioari, Udaleko teknikari batek izenpetua.

Halaber, kontuan harturik diru-laguntza publikoek ezin dutela inolaz ere irabazirik sorrarazi, haiekin batera jarduera edo helburu jakin batzuetarako beste diru-laguntza batzuk eskuratzeak Udalaren diru-laguntza murriztea edo horren zenbateko osoa itzuli beharra eragiten ahal du.

Diru-kopurua kobratu izanak diru-laguntzak jaso dituzten kirol taldeen kontabilitate edo erregistro liburuan agertu behar du, betiere kirol taldeok halakorik izatera behartuta badaude.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan, beste administrazioek, pertsonek edo entitate publiko edo pribatuek emaniko diru-laguntzak aldi berean eskuratzen badira, eta ez bada horien berri lehenago eman, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Halaber, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da, justifikatutako gastuak diru-laguntzaren xede izan direnak baino gutxiago badira, edo aurreikusi baino diru-sarrera gehiago eskuratu badira.

Onuradunek jarduera jakin bat egiteko diru-laguntzak jasoz gero, diru-laguntza horietako hainbatek edo guztiek batera egiten duten zenbatekoak ezin du inolaz ere gainditu onuradun horiek egin behar dituzten jardueren kostua, diru-laguntzen emailea Udala bera, beste edozein administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo edozein banako _nazional zein nazioarteko_ izanda ere. Bestela, onuradunek dagokien kopurua itzuli beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat.

Honako egoera hauetan zilegi izanen da hala jasotako diru-laguntzak itzularaztea, osorik edo hein batean, nola berandutze interesak galdatzea, diru-laguntzak kobratu eta hortik aitzina:

a) Diru-laguntza zertarako eman eta horren xedea betetzen ez denean.

b) Diru-laguntzak eskatutako baldintzak bete gabe eskuratzea, betiere onuradunei egozten ahal zaizkien zioak direla medio.

c) Jaso diren funtsak zertarako erabili diren justifikatzeko betebeharra bete ez izana.

d) Diru-laguntza gehiago jasotzea aldi berean, salbu horiek bateragarriak badira.

e) Onuradunek jarduerak egiteko jaso dituzten eta bateragarriak diren diru-laguntzen kostuaren mugak onuradunek egin behar dituzten jardueren kostua gainditzea. Muga hori zenbatean gainditu eta hainbeste itzuli behar dute.

f) Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatu edo ez betetzea.

g) Oinarri honetan aipatzen diren egiaztapenei oztopo jarri edo haiek egiten uzteari uko egin izana.

Emanen diren diru-laguntzak zenbat jo eta kopuru horren %30 murriztuko da, onuradunek hiri-elementuetan pintadak eginez edo baimenik gabe kartel eta pankartak paratuz publizitatea egin edo sustatzen badute.

Diru-laguntza itzularazteko ebazpena organo emaileak hartuko du, behin espedientea instruitu eta gero, betiere aplikagarriak diren lege orokorrekin bat.

Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta, horiek kobratzeko, diru-bilketarako indarra duten arauetan xedatutakoa aplikatuko da.

16._Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

17._Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

1. ERANSKINA

Deialdi publikoa, 2006/2007ko denboraldian Nazioko lehen hiru kategoria absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartu duten kirol taldeei diru-laguntzak emateko

2006/2007ko Kirol denboraldia

_Klub edo entitate eskatzailearen datuak

Klub edo entitate eskatzailea:

Kirol modalitatea:

IFK: ............................................. Helbidea:

Posta kodea: ..................................... Telefonoa:

Klubeko delegatuaren edo pertsona erantzulearen izen-abizenak:

NAN: ....................................... Helbidea:

Posta kodea: ............................... Telefonoa:

Azalpena:

Ikusirik 2006/2007ko kirol denboraldian Nazioko lehenengo hiru maila absolutuetako ohiko federazio-liga ofizialetan parte hartuko duten kirol taldeei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia

Eskaera:

Eskaera hau kontuan hartzea

Adierazpena:

_Eskatzaileak Deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu.

_Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez du eskatzailea ukitzen.

1._Lehiaketako inskripzioa, lizentziak eta Federazioko hainbat kuota: ......... euro.

2._Arbitrajeak: ......... euro.

3._Kirol instalazioen alokairuak eragindako gastuak: ......... euro.

4._Joan-etorriek eragindako gastuak: ......... euro.

5._Joan-etorrietan ostatu hartzeak eta mantenuak eragindako gastuak: ......... euro.

6._Material suntsikorra: ......... euro.

7._Kirol-ekipajea: ......... euro.

8._Botika-kutxa: ......... euro.

9._Kudeaketa- eta funtzionamendu-gastuak: ......... euro.

10._Teknikarientzako eta jokalarientzako diru-sariak: ......... euro.

Guztira: ........ euro.

Sinadura:

Iruñean, 2007ko martxoaren 22an._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0706146