60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

30/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Lan zuzendari nagusiak emana, "ANFAS" enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 1/2007).

Departamentu honetan 2007ko urtarrilaren 11n sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 22 artikuluz, bi xedapen gehigarriz, 2 azken xedapenez eta eranskin batez (2005erako lansarien taula) osatua, enpresaren eta langileen ordezkariek (UGT) 2006ko abenduaren 20an izenpetu eta onetsia.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik Hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "ANFAS" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3100602) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 15ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

ANFAS ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2006-2008 URTEETARAKO

AKTA

Iruñean Anfas enpresak duen egoitza sozialeko lokaletan (Maeztu pintorea kalea, 2, behea, atzealdea, 31008 Iruña) 2006ko abenduaren 20an bildu dira behean sinatu dutenak, elkarte honen hitzarmenerako negoziazio mahaiko kide diren aldetik. Hitzarmenak 2006., 2007. eta 2008. urteetan izanen du indarra.

Langileriaren aldetik: Lourdes Cuesta Jorquera eta Encarna Lizar Planillo andreak.

Enpresaren aldetik: Francisco Javier Arbona Celaya jauna.

Erabaki dute Anfas-Adimen Urritasuna duten Pertsonen aldeko Nafarroako Elkartean aplikatuko den hitzarmen kolektiboaren testua, ondoren heldu dena, onestea eta sinatzea, hitzarmeneko puntuak banan-banan irakurri ondoren bi alderdiek ez baitute inolako kontrako arrazoirik azaldu.

ANFAS (ADIMEN URRITASUNA DUTEN PERTSONEN ALDEKO NAFARROAKO ELKARTEA) ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA

I._APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Anfas enpresak gaur egun Nafarroan dituen edo hitzarmenaren indarraldian instalatzen dituen bulego eta zerbitzu guztietan aplikatuko da.

2. artikulua. Iraunaldia.

1. Indarraldia: hitzarmen honen indarraldia sinatzen den egunean hasiko da eta 2008ko abenduaren 31n bukatuko. 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, urte horretarako itundutako soldata-igoera orokorra aplikatzen hasiko da atzeraeragineko ondorioekin.

2. Hitzarmenaren luzapena, amaiera iragartzea eta berrikuspena: hitzarmena urtez urte luzatuko da haren indarraldia bukatzen denetik aitzina, baldin eta espresuki haren amaiera iragartzen ez badu sinatu duten alderdietako batek indarraldia edo luzapenetako edozein bukatu aurreko bi hilabeteetan.

Alderdi batek hitzarmenaren amaiera iragartzen badu, hitzarmen berria sinatu arte honako hau aplikatuko da.

Salbuespen gisa, hitzarmenaren klausuletakoren bat edo beste berrikusten ahal da, horretarako arrazoirik baldin badago eta sinatu duten bi alderdiak ados badaude.

3. artikulua. Langileria.

Hitzarmen kolektibo honek eragina izanen du langile guztiengan, direla finkoak, direla bitartekoak, behin-behinekoak, tituludunak nahiz gabeak, eta, oro har, Langileen Estatutuan eta harekin bat datozen legeetan ezarritako edozein motatakoak.

II._LAN BALDINTZAK (OROKORRAK)

4. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Enpresak langilearen egiazko soldataren %100era arte osatuko du, lehenbiziko egunetik hasita, aldi baterako ezintasuna gertatzen denean, dela laneko zein lanetik kanpoko istripuaren ondorioz, dela laneko eritasunaren nahiz eritasun arruntaren ondorioz, dela haurdunaldiko arriskuaren ondorioz.

Artikulu honetako aurreko lerroaldean aipatzen den ehunekoa aldi baterako ezintasun egoera gertatu aurreko hilabete naturalean langileak jaso zuen egiazko soldataren %100i dagokio. Dena dela, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langilearen egiazko lansaria ezin izanen da egoera horretan ez balego kobratuko lukeena baino handiagoa izan.

Kontzeptu honetan aipatzen den osagarria, enpresak ordaindu beharrekoa, lanerako aldi baterako ezintasunak dirauen bitartean ordainduko da, gehienez ere 12 hilabetean, baina beste sei hilabete ere luza daiteke.

5. artikulua. Lanaldia.

2006. urterako lanaldia 1.700 ordukoa izanen da, benetako lan-denboran kontatua. 2007. eta 2008. urteetan, berriz, 1692 ordukoa.

Langileen lan-egutegia zerbitzu, zona edo programa bakoitzerako prestatzen den urteko egutegia bezalakoa izanen da, bakoitzaren egoeraren eta beharren arabera. Egutegi horiek Anfaseko zuzendaritzak onetsi beharko ditu. Egutegietan lanik gabeko bi aste jasoko dira, bata Eguberrietan, bestea Aste Santuan.

Udan, hots, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, lanaldi osoan aritzen diren kontratupeko langile guztiek 7 orduko lanaldi jarraitua egiteko eskubidea izanen dute, benetako lan-denboran neurtua, ahalmen urriko pertsonei zuzeneko laguntza ematen dieten langileak izan ezik.

6. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte urtean. Oporraldiaren hasierako data langileen eta enpresaren artean adostuko da, zeinek negoziatzen hasiko baitira oporraldiak hasi baino hiru hilabete lehenago gutxienez, elkartearen programei kalterik ez eragiteko. Adostasunik ez bada, Nafarroako Lan Magistraturak erabakiko du.

Artikulu honetan ezarritako oporraldi osoan, zeina benetan lan egindako denboraren arabera sortzen baita, unean-unean indarra duen soldata kobratuko da, kontzeptu hauei dagokiena: oinarrizko soldata eta, hala egokitzen bada, antzinatasuna.

Urteko oporrak kasuan kasuko urte naturalean hartu behar dira. Behin opor-egunak finkatutakoan, aldatzen ahalko dira, laneko istripu edo eritasuna gertatuz gero.

Oporretarako finkatutako aldian laneko istripua, laneko eritasuna, ama izateagatiko atsedenaldia edo haurdunaldiko arriskuagatiko baja gertatuz gero, langileak eskubidea izanen du oporrak beste egun batzuetan hartzeko; gertaera horien ondoriozko baja-egunak oporrekin batera suertatu diren adina egun, ez gehiago. Kasu horretan, enpresak zehaztuko du noiz hartu egunak.

Edozein modutan ere, oporren eskubidea abenduaren 31ra bitartekoa da.

7. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.

Enpresan urtebetetik gorako antzinatasuna duten langileek aukera izanen dute, enpresari eskatu ondoren, ordaindu gabeko hilabeteko baimena hartzeko, bi hilabetera luza daitekeena; baimena lortzeko, langileak idatziz eskatu beharko du eta zertarako nahi duen behar bezala justifikatu; baimena erabili ahal izateko, enpresaren aldez aurreko baimen idatzia beharko da.

Hilabete hori, enpresak baimena ematen badu, antzinatasunari begira kontatuko da.

8. artikulua. Baimen ordainduak.

Ondoko arrazoiengatik, langileak lanera ez agertzeko eskubidea izanen du, dagokion ordainsaria kobratuta, albait lehena abisatzen badu eta gero behar bezala justifikatzen:

_Ezkontza edo izatezko bikotearen legezko onarpena: 16 egun natural.

_Seme-alaba baten jaiotza: 4 egun natural.

_Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen heriotza: 7 egun natural.

_Gurasoen, ezkontidearen zein izatezko bikotekidearen edo seme-alaben eritasun larria, ospitaleratzea edo, bestela, anestesia osoa edo ZIUn egon beharreko operazio kirurgikoa eskatzen duena: 5 egun natural.

Anai-arrebak, aiton-amonak edo bilobak badira: 2 egun natural.

Gurasoen, ezkontidearen zein izatezko bikotekidearen eta seme-alaben gainerako ospitaleratzeak: 3 egun natural.

Kasu bietan, beharrezkoa izanen da baimenaldia bitartean ospitaleraturik egotea.

Enpresak baimena emanez gero, baimen hau geroago har daiteke. Gozamen gerokotuaren sistema berri honen bidez, langileak ezin izanen du inola ere hartu lanegun gehiago baimena sortzen duen gertakaritik beretik aurrera eta ospitaleratzeak iraun bitartean dagozkion egun naturalak hartu izan balitu baino.

_Ezkontideari, seme-alabei edo gurasoei froga diagnostikoak egitera laguntzera joateko, protokoloak familiako bat beharrezkoa dela dioenean; eta gehienez ere 12 ordu urtean.

_Ahaide odolkide hauen heriotza: gurasoak, seme-alabak eta anai-arrebak: 5 egun natural.

_Iloba propioen, aiton-amonen, osaba-izeba propioen, lehengusu propioen, koinata-koinatuen eta aita-amaginarreben heriotza: egun natural bat. Ehorzketa langilearen bizilekutik 250 km baino urrunago baldin bada, egun bat gehiago emanen zaio.

_Behar bezala egiaztatutako ikastaroetako azterketak egitera joateko, behar-beharrezkoa den denbora.

_Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora.

_Egun natural bat emanen da ohiko bizilekuz aldatu eta aldaira egiteko.

_Norberaren aferetarako, egun baliodun bat.

_Medikura joateko: beharrezkoa den denbora, langilea Gizarte Segurantzako espezialisten kontsulta medikora joateko (medikuntza orokorreko fakultatiboak aginduta), kontsulta ordua lanekoarekin bat heldu denean; hortaz, langileak aldez aurretik aipatutako agindu medikoaren frogagiria aurkeztu beharko dio enpresaburuari.

Aipatutako kasu guztietan egun naturalak kontatuko dira eta gertaera eragiletik aurrera hasiko da kontatzen.

Lizentzia eskaera guztiak interesdunaren arduradun hierarkikoaren bitartez bideratuko dira.

Lizentzia horietan soldata osoa kobratuko da.

9. artikulua. Prestakuntza jardueretan parte hartzeko irizpideak.

Elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzeko eskaintza plantillako langile guztiei eginen zaie.

Enpresak langile bati agintzen badio ikastaro batean parte har dezala, ikastaroak dirauen denbora guztia lanaldi gisa kontatuko da.

Langile batek ikastaro batean parte hartu nahi badu, enpresako zuzendaritzari edo langilearen zuzeneko arduradunari luzatuko dio eskaera. Parte hartzea egokitzat jotzen bada, ordu kopuruaren erdia lanaldi gisa kontatuko da eta beste erdia langileak jarriko du.

10. artikulua. Lanpostu berriak.

Enpresak, langileriaren sustapen profesionala bultzatu nahian, haien esperientzia eta gaitasunak kontuan hartu eta baloratuko ditu eta langileak hautatzerakoan, egoera berean, enpresako langileek izanen dute lehentasuna.

III._BALDINTZA EKONOMIKOAK.

11. artikulua. Oinarrizko soldata.

2006., 2007. eta 2008. urteetarako oinarrizko soldata ateratzeko, aurreko urteko oinarrizko soldatari Nafarroan KPI errealak kasuan kasuko urtean egiazki izan duen igoera aplikatuko zaio.

Horretarako, urtero, oinarrizko soldata gisa aurreko urteko oinarrizko soldata ordainduko da, gehi ehuneko jakin bat, geroko KPIaren igoeraren kontura.

KPI errealaren berri jakin ondoren, KPIaren igoeraren kontura ordaindutakoaren eta igoera errealari dagokion diruaren arteko aldea ordainduko da.

Eranskinean 2005eko soldaten taula dago.

Asteburuko lanaren plusa.

Asteburu osoko lana egiten denean, aisialdiko eta autogestioko teknikariei honela kontatuko zaizkie egindako lanorduak:

_Larunbatetan: larunbateko 22:00ak bitarte ohiko lanalditik aparte egiten duten lanordu bakoitzeko atseden-ordu bat emanen zaie.

_Ordu horretatik aurrera eta igandean _noiznahi delarik ere_ itzuli arte, lanordu bakoitzeko atseden-ordu bat emanen da, 8 ordu gehienez, eta aginte-lanpostuaren eta erantzukizun bereziaren plusa jasoko da, 70 eurokoa.

_Etxeetako langileendako osagarria:

Etxeetako programan ari diren langile guztiek, igandeetan eta jaiegun ofizialetan lan eginez gero, 3 euroko osagarria jasoko dute lan egindako jai-ordu bakoitzeko, jai-orduetako plus gisara.

Gainera, norberaren lan-txandarentzat ezarritako lanalditik kanpora edo planifikatutako koordinazio bilerez gainera lanera joan behar baldin badute, 1,75 orduko konpentsazioa emanen zaie lanordu bakoitzeko. Konpentsazioa atseden-ordutan, eskudirutan edo bietara hartzen ahalko dute.

Baldintzarik hoberenak.

Hitzarmen hau sinatu aurretik bere lanposturako finkatutakoa baino gehiago kobratzen zuten pertsonek horrela kobratzen segituko dute, hitzarmen honetan langile guztientzat aitortuak dauden gehikuntzekin, harik eta enpresarekiko lan harremana bukatu arte, non ez den, elkarrekin ados jarririk, aldatzeko erabakia hartzen.

12. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek aparteko bi eskersari jasoko dituzte, hilabete bateko soldata adinakoak, une bakoitzean indarrean dagoen soldataren arabera. Sari horretan sartuko dira oinarrizko soldata gehi antzinatasuna, horrelakorik duten langileen kasuan.

Uztaileko aparteko paga hil horren 15ean ordainduko da edo egun baliodun bat lehenago, data hura jaiegun bada; Eguberrietako aparteko paga abenduaren 22an ordainduko da edo egun baliodun bat lehenago, data hura jaiegun bada.

Bi eskersariok seihilabetero sortuko dira, halatan non uztaileko aparteko pagaren sortzapen epea urtarrilaren 1etik ekainaren 30era artekoa izanen baita, urtero, eta Eguberrietakoa, uztailaren 1etik abenduaren 31ra artekoa.

Epe horietako batean enpresan sartzen diren langileek eskubidea dute eskersari bakoitzari dagokion seihilekoaren aparteko pagaren zati proportzionala kobratzeko.

13. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunaren osagarria hirurtekotan sorrarazten da eta hirurtekoa betetzen den egunetik hilabetera hasiko da ordaintzen. Gehienez ere bost hirurteko ordainduko dira. 2003ko lan hitzarmenaren indarraldiaren hasieran hirurteko gehiago zituztela frogatzen dutenen egoera pertsonalak errespetatuko dira eta horiek kobratzeko eskubidea izaten jarraituko dute. Alabaina, bosgarren hirurtekotik aurrera aitortuak dituztenak baino hirurteko gehiago ez dira sorraraziko.

Oinarrizko soldataren %4,8 ordainduko da antzinatasun-hirurteko bakoitzagatik.

Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.

14. artikulua. Familia-laguntza.

Anfaseko langileen seme-alabek adimenaren urritasunen bat baldin badute, eskubidea dute dohaineko laguntza izateko, langileak, enpresarekin ados jarrita, aukeratzen dituen elkartearen programetan.

15. artikulua. Kilometrajea/Dietak.

Enpresak 0,23 euro ordainduko ditu kilometro bakoitzeko 2007. urtean eta 0,24 euro 2008. urtean, langileak bere ibilgailuan eta zuzendaritzak aginduta enpresaren zerbitzura egiten dituen joan-etorriengatik.

Anfasek istripu aseguru bat itunduko du, joan-etorriak egin ohi dituzten langileen arriskuak estaltzeko.

Dietengatik, enpresak benetan justifikatutako zenbatekoa ordainduko du.

16. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.

Enpresak istripu aseguruaren poliza bat itunduko du, arriskuetarako, lanbideari mugatua, enpresako langile guztien alde.

Honako kapital hau aseguratuko da:

_30.051 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

_30.051 euro, laneko istripuaren ondoriozko erabateko baliaezintasun iraunkorragatik.

_Enpresak heriotza aseguruen poliza bat itunduko du, istripu aseguruarekin batera ezina, 15.000 eurokoa, enpresan jardunean diren langileen alde.

17. artikulua. Enpresa batzordearentzako laguntzak.

Enpresa batzordearentzako laguntza gisa, langileen ordezkariei 250 euro emanen zaizkie urtean.

18. artikulua. Laguntza medikoa eta psikiatrikoa.

Langile guztiei osasun azterketa eginen zaie urtero eta azterketa psikiatrikoa, berriz, eskatzen dutenei.

19. artikulua. Ordu sindikalak metatzeko aukera.

Ordu sindikalen kontaketa hilabetero eginen da, baina nahi izanez gero, enpresako langileen ordezkarien orduak metatzen ahalko dira.

Bi hilabeteko edo gehiagoko ordu sindikalak pilatzeko, eskaera justifikatua aurkeztu beharko da, zuzendaritzak baimena eman dezan.

20. artikulua. Erretiroak.

Enpresak erraztasunak emanen dizkie indarrean den legeriaren arabera erretiro partziala eskura dezaketen langileei, eta errelebo-kontratuak egiteko konpromisoa hartzen du, beharrezkoa den kasuetan.

Kasu horietan, lana noiz eginen den eta lanaldi partzialeko ordutegi berria bi aldeek negoziatu beharko dute. Adostasunik lortzen ez bada, enpresaren esku izanen da haiek finkatzea.

21. artikulua. Langileen batzarra.

Langileek urtean 4 ordu hartzeko eskubidea izanen dute beren ohiko lan ordutegian enpresan biltzeko, betiere enpresako jarduerei traba egiten ez bazaie. Horretarako, ahalik eta azkarren, bilera egiteko eskaera aurkeztu beharko zaio zuzendaritzari, gai-zerrenda eta guzti.

22. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Enpresak indarreko legedian laneko segurtasunari eta osasunari buruz ezarrita dauden xedapen guztiak beteko ditu lantoki guztietan.

IV._XEDAPEN GEHIGARRIAK.

1. Anfaseko programen eta zerbitzuen ezaugarriak kontuan harturik, eta alderdi negoziatzaileentzat lehentasunezkoa denez behin betiko enplegua eta ahalik eta lanaldi osoenak lortzea, honako neurri hauek hartu dira helburu horietara iriste aldera:

_Lanaldiaren banaketa irregularra:

Langileen ordezkariei aurretik jakinarazita, lanaldiaren banaketa irregularra duten egutegiak ezartzen ahalko dira, Langileen Estatutuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera, baina betiere legeak finkatutako gutxieneko atsedenaldiak errespetatuz.

_Kontratazio mugagabea:

2006. urtea bukatu baino lehen, egun dauden 16 aldi baterako langileei kontratu finkoa eginen zaie.

2. Hitzarmen honetan araututa ez dagoen gai guztietan, ahalmen urriko pertsonei lagundu, diagnostikatu, errehabilitatu eta sustatzeko zentroen Estatuko hitzarmenak, unean uneko erredakzio indardunean, xedatutakoari jarraituko zaio.

V._AZKEN XEDAPENAK.

1. Batzorde paritarioa:

Hitzarmen honen gaineko auziak interpretatu eta segimendua egiteko, eta lan arloko agintaritzak eta organo jurisdikzionalek legez aitortuak dituzten eskumenak galarazi gabe, hitzarmena sinatu baino lehen, batzorde paritario bat eratuko da, enpresa batzordearen eta enpresaren ordezkariek osatua.

2. Osotasunarekiko lotura:

Hitzarmen honetako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira, eta aldeek beteko dituzte hitzarmenaren osotasunari lotetsirik. Lan arloko agintaritzak edo jurisdikzioak, euren eskumenen erabileran, hitzarmen honetako klausularen bat onartu ez edo ezabatzen baldin badute, aldeetako batek espresuki eskatuz gero, hitzarmena berriz ikusi eta aztertu beharko da oso-osorik.

ERANSKINA

Soldaten taulak 2005

KATEGORIAHILEKO SOLDATA HIRURTEKOAK HILERO

LANALDI OSOA LANALDI OSOA

TEKNIKARIAK

Pograma/Zerbitzuko arduraduna 1.606,83 77,13

Iruñerriko arduraduna 2.356,69 113,12

Tutera aldeko arduraduna 1.928,20 92,55

Lizarra aldeko arduraduna 1.767,51 84,84

Zangoza aldeko arduraduna 1.606,83 77,13

Tafalla aldeko arduraduna 1.606,83 77,13

Estimulatzailea 1.499,71 71,99

Gizarte-langilea 1.456,86 69,93

Fisioterapeuta 1.456,86 69,93

Logopeda 1.456,86 69,93

Psikomotrizista-Musikoterapeuta 1.456,86 69,93

Familiako terapeuta 1.456,86 69,93

Hezkuntza Bereziko irakasle titularra 1.285,47 61,70

Aisialdiko eta hezkuntzako jardueren teknikaria 1.285,47 61,70

Dinamizazio arloko teknikaria 1.285,47 61,70

Hezitzailea 1.071,22 51,42

Etxeetako begiralea 964,10 46,28

Aisialdiko jardueretako begiralea 964,10 46,28

Zaintzailea 889,11 42,68

ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK

Administrazioko burua 1.499,71 71,99

1. mailako administrari-ofiziala 1.229,76 59,03

2. mailako administrari-ofiziala 1.103,36 52,96

Administrari laguntzailea 964,10 46,28

Mandataria 696,29 33,42

ZERBITZUETAKO LANGILEAK

Etxezaina 964,10 46,28

Langile ez-kualifikatuak 749,85 35,99

Iragarkiaren kodea: F0706758