60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

117/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako barazkiak sustatzeko oihartzun handiko jendaurreko ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei dirulaguntzak emateko arauak eta deialdia onesten dituena.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak interesekotzat jotzen du Nafarroako nekazaritza produkturik entzutetsuenak sustatzea. Nafarroako barazkiak Nafarroako kultura gastronomikoaren produktu tradizional eta tipikoak dira.

Horregatik, komeni da landa ingurunean jendaurreko ekitaldi eta festak, Nafarroako barazkiei omenaldiari egiten dietenak, berezko interesik gabe antolatu eta sustatzen dituzten erakunde edo entitateetan biltzea ahalegin publikoak. Izan ere, ekitaldi horiek gure ohituretan erroturik daude.

Ekimen horiek sostengatzeko, bidezko da laguntza horiek 2007ko ekitaldian emateko arauak ezartzea.

Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2007an Nafarroako barazkiak sustatzeko oihartzun handiko jendaurreko ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei dirulaguntzak emateko arauak onestea.

2. Deialdiaren arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 22.500 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2007ko Gastuen Aurrekontuko "Irabazi asmorik gabeko entitateendako dirulaguntzak" izeneko 700000-71400-4819-411102 kontusailaren kontura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2007ko apirilaren 23an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

ERANSKINA

2007an Nafarroako barazkiak sustatzeko oihartzun handiko jendaurreko ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei dirulaguntzak emateko arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da 2007an Nafarroako barazkiak sustatzeko oihartzun handiko jendaurreko ekitaldiak antolatu eta bultzatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea, produktu hori zabaltzen eta sustatzen laguntzeko.

2. Jarduera hauek dira dirulaguntza jaso dezaketenak:

Nafarroako barazkiak sustatzen dituzten oihartzun handiko jendaurreko ekitaldiak antolatu eta burutzeko gastuak.

Bigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baliozkotzen dituen gastuen %40 finantzatuko dira gehienez.

Hirugarrena._Onuradunak.

Legez osaturiko entitate edo elkarte pribatuek hartzen ahalko dituzte laguntza hauek, helbidea Nafarroan badute, irabazi asmorik ez badute, haien helburua Nafarroako barazkiak sustatzea bada eta 2007an lehen arauko bigarren puntuan ezartzen dena betetzen duten ekitaldiak antolatzen badituzte.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

1. Aurreko arauan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Elkarte edo entitatearen eraketa eskritura edo akta eta estatutuak, eraketaren helburuak adierazirik.

b) Identifikazio fiskaleko txartela.

c) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan konturik ez badaukate.

d) Eskabidea aurkezten duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria.

e) Antolatu asmo den ekitaldirako programa eta memoria teknikoa, baita aurrekontua ere, sailkakoa.

f) Entitatearen ordezkarien erantzukizuneko aitorpena, ekitaldi honetan aurkezturiko eskabideak edo beste administrazio batzuek helburu bererako harturiko laguntzak adieraziko dituena.

g) Gutxienez aurreko hamar urteetan eginiko ekitaldiak eta haien kostua azaltzen dituen memoria. Nafarroako barazkiak sustatzeko jendaurrekoak izan beharko dute.

h) Tokian tokiko udalak emaniko baimena ekitaldi haiek antolatzeko.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

j) Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .................., ....................... en izenean, baimena ematen diot Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, 2007an Nafarroako barazkiak sustatzeko oihartzun handiko jendaurreko ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia tramitatzeko prozeduran, ordezten dudan entitateak zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko."

2. Aurreko laguntza deialdietan aurkeztu zirelako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baldin badauzka, aurreko puntuko a) eta b) letretan aipatzen diren agiriak berriro aurkeztea ez da beharrezkoa izanen. Hala ere, eskabidean adierazi beharko da zer laguntzatarako aurkeztu ziren agiri horiek, espedienteari eman zitzaion zenbakiarekin eta eskabidea aurkezten duenaren erantzukizuneko aitorpenarekin batera, non esanen baita agiri horiek ez direla orduz geroztik aldatu.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira, eta Departamentu horretako Erregistroan eta haren menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztuko. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.

2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena._Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak lehia bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak:

a) Nondik norakoak: egin nahi diren jarduketen eragina eta oihartzuna baloratuko da, 40 puntu gehienez.

b) Egin nahi diren jardunaldi eta ekitaldien kopurua, 30 puntu gehienez.

c) Sustatzen diren produktuen kopurua eta barietateak, 30 puntu gehienez.

Zazpigarrena._Ebaluazio organoa.

Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

Zortzigarrena._Deialdia antolatu, instruitu eta bukatutzat ematea.

1. Eskaera harturik, hirugarren eta laugarren arauetan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Laugarren arauan eskaturiko agiri guztiak aurkeztu ezik, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean zuzen ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela bere eskabidea bertan behera utzi duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskabidea.

Bederatzigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, betiere abenduaren 31 baino lehen, onuradunak gastua frogatzen duen kontua aurkeztu beharko du.

2. Kontuak dirulaguntzaren xede diren jarduketen eta haien kostuaren adierazpena bildu beharko du, jarduketak egiteko gastu guztiak sailkaturik.

3. Gastuak fakturen jatorrizkoak, ordainagiriak edo frogatako antzeko balio duten agiriak aurkeztuz frogatuko dira.

Hamaikagarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza haren xede diren gastuak frogatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

Hamabigarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Ez da bermerik ezarri.

Hamahirugarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza beste batzuekin batzen ahalko da, baldin eta horien zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabideekin gehiturik, dirulaguntzaren xede diren jardueren kostua gaindi ez badeza.

Hamalaugarrena._Onuradunaren betebeharrak publizitate arloan.

Onuradunek adierazi beharko dute dirulaguntzaren xede diren ekitaldien berri ematen duten agirietan Nafarroako Gobernuak bertan parte hartu eta laguntzak eman dituela.

Hamabosgarrena._Emakidaren aldaketa, ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Gastuak dirulaguntza emateko kontuan hartu zirenak baino txikiagoak badira, kasuan kasuko kopurua kenduko zaio pagatzen den dirulaguntzari.

Hamaseigarrena._Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamazazpigarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hemezortzigarrena._Emaniko dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0707091