60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

86/2007 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana. Haren bidez aldatzen da abenduaren 22ko 293/2006 Foru Agindua, zeinak onesten baitu menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdia.

Abenduaren 22ko 293/2006 Foru Aginduaren bidez onetsi zen menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdia.

Ikusirik Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atalaren txostena, bidezko jo da aldatzea menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdiko 4. arauko 3. eta 5. idatz-zatiak. Aldaketa horrek ez die eragiten foru aginduan ezarritako baimendutako gastuari ez eta epeei ere, deialdia 2007ko banakako ebaluazioaren araubideari lotuta baitago.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Aldatzea abenduaren 22ko 293/2006 Foru Aginduko 4. arauko 3. eta 5. idatz-zatiak. Haren bidez onesten da menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdia. Honela gelditzen da:

4. araua. Kontuan hartuko diren baliabide ekonomikoak.

3. Familia-unitatea honakoek osatzen dute:

a) Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

b) Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

d) Hala hautatuz gero, familia unitateko 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak sartuko dira, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino dirusarrera txikiagoak badituzte eta beren gurasoen menpekotasunean bizi badira.

5. Laguntza ukatzea, familia-unitatearen ondarearen balioagatik.

a) Menpekotasun egoeran dauden pertsonei ez zaie laguntza emanen, baldin eta familia-unitatearen ondarearen balioa guztira 100.000 euro baino gehiago bada.

Ondarearen balioa zenbatzeko ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitzaren balioa ez eta familia-unitateko kideen ondasun eta eskubideen balioa ere, enpresa-jarduera betetzeko beharrezkoak izanez gero, betiere jarduera hori familia-unitateko kideetako edozeinek azturaz eta zuzenean burutzen badu eta aipatu jarduera burutzen duenaren errenta-iturri nagusia bada.

b) Laguntza ekonomikoa ukatu edo iraungi eginen da, baldin eta sumatzen bada eskatzailearen edo laguntzaren onuradunaren edo kide den familia-unitateko kideren baten itxura hutseko pobretzea gertatu dela.

2. Gainerako guztian, deialdia Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak abenduaren 22an emandako 293/2006 Foru Aginduari lotuko zaio (2006ko 156. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, abenduaren 29koa).

3. Foru agindu honetan onetsitako aldaketek 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Boluntario, Elkarte eta Programa Atalari eta Ekonomia eta Administrazioaren Atalari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearekin bat.

Iruñean, 2007ko martxoaren 13an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0705157