51. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

95/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 3koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako laguntzei buruzko arauak ezartzen dituena, Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programaren barruan.

Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubideari esker, eskumen osoaren titularra da nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak onartzen duenez.

Hobekuntzako 56.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, orotariko ekonomiaren oinarriekin eta haren antolaketarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio erabateko eskumena Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, Nekazaritza aldeen garapenerako Europako Funtsen bidez nekazaritza aldeen garapenari laguntzekoak, nekazaritzako eta oihangintzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako neurri bat ezartzen du.

Nafarroako Landa Garapenerako programak barne hartzen du neurri hori 2007-2013 urteetarako. Neurri hori zehazterakoan Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoko jarraibideak hartu dira kontuan, gehienbat honako helburu estrategiko hauek: "Ustiategien lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuak sustatzea" (I-4), "Ekoizteko baldintzak hobetzea, Nafarroako produktuak merkatuetan hobeki kokatzeko" (II-1) eta "Nafarroako produktuetarako negozio perspektibak eta baldintzak sortzea".(II-2).

Foru agindu hau urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuko azken xedapenetako bigarrenaren babesean eman da. Dekretu horretan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (FEADER) bidez finantzatzen diren gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea onetsi eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezarri zen. Dekretuko azken xedapenetako bigarrenak baimena eman zion Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Foru agindu honen bidez arautzen den neurriari Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak otsailaren 8an eman 30/2007 Foru Agindua aplikatzekoa zaie. Agindu horren bidez FEADERek kofinantzatzen dituen nekazaritza aldeen garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zen.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko martxoaren 26an hartutako Erabakiaren bidez "nekazaritzako produktuen balio erantsiaren gehikuntza" neurrirako banakako ebaluazioko araubideko laguntzak baimendu zituen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedea eta definizioak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea nekazaritzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako laguntzei buruzko arauak ezartzea da, Kontseiluak irailaren 20an eman 1698/2005 EE Erregelamenduko 28. artikuluaren arabera. Erregelamendu horren bidez landa garapenerako laguntza ezarri zen, Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa-FEADERen bidez eta Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako programaren barruan.

2. artikulua. Definizioak.

Foru Agindu honen ondorioetarako, Europar Batasuneko arauetan eta Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean bildutako definizioez gain, honako hauek aplikatuko dira:

1. Kooperatibak Elkarganatzeko Ebaluazio Batzordea: Nafarroako nekazari kooperatiben sektorea moldatzeko jarduketa plana onesteko Gobernuak 2006ko maiatzaren 8an hartu zuen Erabakiaren bidez sortua.

2. Ingurumeneko Jarduketa Plana barazkien eraldaketaren sektorean: Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Barazki Kontserbagintzako Industrien Elkarteak (CONSEBRO) eta Barazki Kontserben Zentro Tekniko Nazionalak plana sustatzeko izenpetutako lankidetza hitzarmenaren ondorioa.

II. KAPITULUA

Nekazaritzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako inbertsioak

3. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

3.1. Foru agindu honetan araututako laguntzen onuradunak karga finantzarioa bere gain hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira, dirulaguntzaren xede diren inbertsio eta gastuen azkeneko arduradunak badira, bideragarritasun ekonomikoa frogatu dezaketen eta ezaugarri hauek betetzen dituzten enpresetan:

a) Mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak (PYME), Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emaniko 2003/361/CE Gomendioan definitzen diren bezala: lanean 250 pertsona baino gutxiago dituzten enpresak, eta urteko negozio bolumena 50 milioi eurotik beherakoa denean edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik beherakoa.

b) Aurreko kategorian aurreikusi gabeko enpresak, 750 langile baino gutxiago edo negozio bolumena 200 milioi eurotik beherakoa dutenak.

3.2. Laguntza ez zaie emanen krisian dauden enpresei, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauetan ezarritako definizioari jarraikiz.

4. artikulua. Inbertsioen beharkizunak.

1. Laguntzak inbertsio hauetarako emanen dira:

a) Nafarroan egindakoak.

b) Enpresaren errendimendu globala hobetzen dutenak.

c) Kasuan kasuko inbertsioari dagozkion Europar Batasuneko arauak betetzen dituztenak.

d) Esparru hauetan eragina dutenak:

_EE Tratatuaren I. eranskinean ageri diren produktuen eraldaketa edo/eta merkaturatzea, alde batera utzita arrantzako eta oihangintzako produktuak.

_EE Tratatuaren I. eranskinean ageri diren produktuekin lotutako produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzea, alde batera utzita arrantzako eta oihangintzako produktuak.

2. Inbertsioek bideragarriak eta errentagarriak direla frogatzeko modua izan beharko dute, azterlan ekonomiko baten bidez.

5. artikulua. Onuradunen konpromiso eta eginbeharrak.

1. Laguntzak hartzen dituztenek konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza ematen duen ebazpenean adierazten den epean inbertsio plana gauzatzea. Justifikatutako arrazoiengatik eman daitezkeen luzapenak ukatu gabe.

b) Dirulaguntzen xede izan diren ondasunek gutxienez ere bost urtez funtzionatu beharko dute enpresan, inbertsioak amaitzen direnetik hasita, edo, laburragoa izanez gero, balio-bizitza osoan, eskualdatu, errentan utzi edo inori laga gabe.

2. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eman edo hartutako dirulaguntzak direla eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea.

b) Kasuan kasuko inbertsioa Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko da, dirulaguntzaren azken ordainketatik hasita urtebeteko epean gehienez ere.

c) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo lortu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

d) Hartutako laguntzaren kobraketa kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

e) Kooperatiben kasuan, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 45. artikuluko 12. idatz-zatian xedatutakoa betetzea, alegia jasotako kapital dirulaguntzak ondarean edo ustiapen kontuan zuzenean sartzeari dagokiona.

f) 50.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak azalpen plaka bat paratu beharko du eta 500.000 eurotik gorako kostu osoa gainditzen duten azpiegituretan publizitate hesi bat paratu beharko da.

Bai plakan, bai publizitate hesian, proiektu edo eragiketaren azalpena agertuko da, plaka edo hesiaren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako bandera agertuko da, 1974/2006 EE Erregelamenduaren VI. eranskineko 4. puntuan ezarririko arau grafikoekin bat eta harekin batera, irakurgarri hau: Nekazaritza aldeen garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du".

g) Enpresako teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan harturiko laguntzei buruzkoak ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

3. Laguntzetarako eskabidea aurkeztek berekin dakar foru agindu honetan ezarritako konpromisoak eta betebeharrak onartzea.

6. artikulua. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen dirulaguntzak.

Inbertsio hauek izan daitezke dirulaguntzen xede:

a) Lurrak erostea, 7. artikuluan ezarritako mugekin.

b) Higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

c) Makineria eta ekipamendu berria erostea edo errentan hartzea, ordenagailuko euskarri logikoak barne, produktuak merkatuan duen baliora bitarte.

d) a) eta b) letretan aurreikusitako gastuei dagozkien kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta kontsultoreen lansariak, bideragarritasun azterlanak eta patenteak eta lizentziak erostekoak, gehienez ere dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioaren %12.

7. artikulua. Laguntzen muga orokorrak.

1. Inbertsio hauek ezin dira dirulaguntzen xede izan:

a) Lurrak erostea, zenbatekoa kasuan kasuko obra zibileko inbertsioan diruz lagundu daitezkeen gastu guztien %10etik gorakoa denean.

b) Ordezkapeneko inbertsioak, bai eta erabilitako ekipamenduak eta makineria.

c) Erreformak edo/eta handitzeak, ekoizpen edo establezimenduko plantaren ibilgetu guztiaren %1 baino gutxiagoko gastua dakartenak, onetsitako azken balantzean ageri den balorazioaren arabera.

d) Ekoizpena handitzen dutenak, Europar Batsuneko merkatu antolaketak, Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsak finantzatuak, ekoizpenari ezarritako banakako murrizketak edo mugak gainditzen badituzte, laguntza araubideak barne.

e) Fruta eta barazki fresko eta eraldatuen sektorean eginikoak, zenbatekoak 1.200 000 euro baino gutxiago egiten badu, sektore horien Europar Batasuneko merkatu antolaketaren barruan laguntza eskatu dutenak.

f) Tabako, oliba olio eta mahaiko olibaren eta eztiaren sektoreetan eginikoak, ekoizle elkarteek sustatuak, Europar Batasuneko merkatu antolaketaren barruan ematen den laguntza hartzen ahal dutenak, hala bada.

g) Laguntzak eskatu aurretik hasitakoak.

h) Txikizkako sektorean eginikoak, salbu eta merkaturatzea ekoizleen elkarteek edo haiekin lotutako entitateek egiten badute ekoizpenerako instalazioetan.

i) Garraio osagaiak, non eta ez dauden ezin bereizizko moduan loturik eraldatze prozesuekin.

j) Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzen edo merkaturatzen egindakoak.

k) Nekazaritzako produktuak ikertu edo sustatzeko proiektuak egiteko neurriak.

l) Oihangintzaren sektoreari begira eginikoak.

m) Eskaera eta merkaturako aterabide ohikoak izatea frogaturik ez dutenak.

n) Esnea edo esnekiak imitatu edo ordezten dituzten produktuak egin edo merkaturatzeko inbertsioak.

2. Ez dira lagunduko BEZa edo onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak, ez eta zorren korrituenak ere.

3. Finantza errentamenduko eragiketen bidez eskuratutako makineriak eta ekipamenduek jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta eragiketa horietan onuraduna makineria edo ekipamendu horren jabe bihurtzeko erosketa konpromisoa baldin badago. Kontratuaren gehienezko zenbatekoak ez du aktibo errentatuaren merkatuko balio garbia gainditu behar. Finantza errentamenduko kontratuari lotutako beste kostu batzuetarako, hala nola zerga, errentatzailearen marjina, korrituen birfinantzaketa kostu, gastu orokor edo aseguru gastuetarako ez daiteke laguntzarik jaso.

4. Salmenta eta errentamendu erretroaktiboko sistema baten esparruan eskuratzen diren ondasunetarako ez daiteke dirulaguntzarik jaso.

5. Laguntza jaso ahal izateko gutxieneko inbertsioa 36.000 eurokoa izanen da. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1944 Foru Dekretuari jarraikiz artisautzakoen artean katalogaturik dauden nekazaritzako elikagaien enpresak edo haien elkarteak direnean, gutxieneko inbertsioa 12.000 eurokoa izanen da.

8. artikulua. Laguntza mota eta zenbatekoa.

1. Laguntzak zuzeneko kapital dirulaguntza gisa emanen dira.

2. Onuradunak pertsona juridikoak direnean, jasotzen dituzten laguntzak ez dira izanen kapital sozial eskrituratua eta desenboltsatua baino gehiagokoak. Muga hori ez zaio aplikatuko Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen bidez araututako nekazaritzako kooperatibei.

3. Irizpide hauen arabera finkatuko da laguntzen zenbatekoa:

BERRIA HANDITZEA

IMPLANT. edo HOBE.

A) (%) (%)

Abiapuntuko puntuazioa 12 8

Tokia:

-Mendialdea 4 3

-Eskualde behartsua 2 1

Lehentasunezko sektorea (b) 2 2

Kalitateko ekoizpena (c) 2 2

Ingurumeneko kudeaketa sistemak, nazioartean onartuak,

dituzten enpresak 1 1

Kalitatea kudeatzeko sistemak, nazioartean onartuak,

dituzten enpresak (ISO familiak,

BRC Familias ISO, protok. BRC, IFA, Eurepgap) 1 1

Nazioarteratzea (d) 1 1

Berrikuntza (e) 1 1

Nekazaritza elkarteak (f)

-5 bazkide bitarte: 2 2

-6tik 15 bazkide bitarte: 5 5

-15 bazkide baino gehiago: 15 15

-Bigarren mailako kooperatibak 16 15

Batze edo xurgatze prozesuetatik sortutako nekazaritza

kooperatibak 10 10

Kooperatiben arteko akordioen bidez elkarganatutako

kooperatibak (h) 5 5

Artisautzako enpresak edo ekoizpen ekologikokoak (i):

-Hamar langile baino gehiago 2 2

-Hiru langiletik hamarrera bitarte 5 5

-Hiru langile baino gutxiago 15 15

(a) _Berriak: Nafarroan nekazaritzako elikagaien beste faktoriarik ez duten enpresek ekoizpen zentroak ezartzea edo, faktoriak dituztenek aurrekoez beste kokaleku batean berriak ezartzea produktu desberdinak ekoizteko.

(b) Lehentasunezko sektorea: fruta eta barazki, ardo, haragi, esne eta oliba-olioaren sektoreak. Ardoaren sektorean, lehentasuna izanen dute, soilik, "vcprd" motako ardo kontrolatuak, "Nafarroa" jatorrizko deiturak eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuak babestuak ekoitzi, berezko merkataritzako markak eduki eta ekoizpenaren erdia baino gehiago botilaratzen duten ardandegietan egiten diren inbertsioek. Oliba olioaren sektorean, enpresa onuradunek berezko merkataritza markak eduki eta ekoizpenaren erdia baino gehiago ontziratzea eskatuko da.

c) Kalitateko ekoizpena: ekoizpen ekologikoaren ondoriozko produktuetan, jatorrizko deiturek eta adierazle geografikoek babestutakoetan eta artisautzakoetan egindako inbertsioak.

(d) Nazioarteratzea: azken ekitaldiko fakturazio osoaren %10etik gorako esportazioak dituzten enpresak. Enpresa berrien edo nazioarteratzeko fasearen hasieran daudenen kasuan, aurrekoaren baliokidetzat hartuko da nazioarteratzeko proiektuetan parte hartzea organismo eskudunekin batera (administrazio publikoa, merkataritzako ganbera ofizialak, ICEX etab.).

(e) Berrikuntza: azken hiru urteetan Eruopar Batasuneko, Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko deialdien babeseko i+G+b proiektuetan parte hartu duten enpresak edo onarpen ofiziala duten zentro teknologiko nazionalei edo Nafarroako Foru Komunitatekoei atxikiak daudenak.

(f) Baldintza hauek betetzen dituzten nekazaritza elkarteak:

1. Bat-egite edo xurgatze prozesuetatik sortutako nekazaritza kooperatibak, edo kooperatiben arteko akordioak ezarri dituztenak, haien elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada.

2. Kooperatibak elkarganatzeko prozesuetan parte hartu ez baina inbertsio proiektua duten nekazaritza kooperatibak, Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ontzat emandakoa, entitateak frogatzen badu bere jarduera nagusia gauzatzen duen sektore kooperatibizatuan gutxieneko parte-hartzea duela eta 11. artikuluko e) letrako 2. eta 3. ataletan ezarritakoaren araberako enpresa egitura badu.

3. Eraldaketarako nekazaritza-sozietateak, lan sozietateak edo nortasun juridikoa duten beste elkarte batzuk, 1. artikuluko e) letrako 2. eta 3. ataletan ezarritakoa betetzen badute eta zuzendaritza organoetako ordezkari gehienak ogibide nagusia nekazaritza dutenak badira edo entitate hauek kapital sozial gehiena nekazaritza kooperatibena baldin bada. Zuzendaritza organoa pertsona bakar baten esku dagoenean, bazkideen gehiengoa izan beharko da ogibide nagusia nekazaritza dutenak.

Entitateek kooperatibaren bat badute bazkide, bazkideak zenbatzeko kooperatiba osatzen duten nekazarien zenbatekoa hartuko da kontuan.

(g) Bat-egite edo xurgatze prozesuetatik sortutako nekazaritza kooperatibak, haien elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada.

(h) Kooperatiben arteko akordioen bidez elkarganatutako kooperatibak, atal honetan sartuko dira honakoak:

1. Kooperatiben arteko akordioetan oinarritutako elkarganatze prozesuetan sarturik dauden kooperatibak, tamaina nabarmen handitzea ekarriko duen jarduera betetzea, ekoizpen ildo berriak irekitzea, merkaturatzeko egitura berriak ezartzea etab. aurreikusten denean eta elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada.

2. Kooperatibak elkarganatzeko prozesu batetik sortutako beste entitate batzuk edo prozesu horretan sartutakoak, aurreko lerrokadan eskatzen diren ondorioak izanen dituen jarduera bat betetzea aurreikusten duena eta elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada, betiere entitate horien kapital sozialaren gehienekoa nekazaritzako kooperatibek badaukate.

Atal honen ondorioetarako, tamaina nabarmen handitzea bi kasu hauetako bat izanen da:

_Kooperatiben arteko akordioa kudeatzen duen entitatearen tamaina %25 handitzea, unitate fisikoen edo diruzkoen arabera neurtua.

_Atxikitako kooperatibak egindako ekarpena kooperatiben arteko akordioan aurreikusitako jardueraren edo jardueren %75etik gorakoa izatea, unitate fisikoen edo diruzkoen arabera neurtua.

(i) Artisautzako enpresak edo ekoizpen ekologikokoak: osotara nekazaritzako elikagaien artisautzako ekoizpenean edo ekoizpen ekologikoan aritzen diren enpresak, kasuan kasuko erregistroetan inskribatuak, plantillako langile finko eta familiakoak ez direnen kopuruaren arabera.

4. Baremotik ateratzen diren kopuruei muga hauek ezarriko zaizkie:

Orokorra 20 12 20 10

Nekazaritza elkarteak 35 14 35 12

Bat-egite edo xurgatze prozesuetatik sortu-

tako nekazaritza kooperatibak 40 27 40 20

Kooperatiben arteko akordioen bidezko

kooperatiba elkarganatzea 35 19 35 15

Artisautzako enpresak edo ekoizpen eko-

logikokoak 35 14 34 12

5. Aurreko atalean ezarritako mugak ez zaizkie aplikatuko enpresak egokitzeko behar diren inbertsioei, barazki eraldaketaren sektoreko Ingurumeneko Jarduketa Planaren barruan. Kasu horretan, dirulaguntza %30ekoa izanen da oro har, eta %35ekoa kooperatibak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak edo bestelako entitate juridikoak direnean, erabakiak hartzeko organoetan ordezkarien gehiengoa nagusiki nekazariak direnean. Nolanahi ere, baremoa aplikatuta laguntzen portzentajea handiagoa bada, horixe aplikatuko da.

6. Onuradunak foru agindu honen 3.1 artikuluko b) letran aurreikusitako enpresak direnean emanen den laguntza, gehienez ere, %20koa izanen da.

7. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak proposaturik Nafarroako Gobernuak interes bereziko proiektu deklaratutakoetan, laguntzak Europako Batzordeak ezarritako gehienekoak izan daitezke.

Inbertsio proiektu bat interes berezikoa dela deklaratzeko, Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan jasotako helburuekin eta jarduketa ildoekin bat datorrela justifikatu beharko da, bereziki Elikagaien eraldaketa, merkaturatzea, kalitatea eta segurtasuna izeneko 2. ardatzarekin.

Horrez gain, bost alderdi hauetatik hiruri buruz, gutxienez, balorazio positiboa egiten dela arrazoitu beharko da:

_Inbertsioaren bolumena.

_Lanpostuak sortzea.

_Garapenerako arazoak dituzten tokietan egotea.

_Enpresaren edo/eta eskualdearen jarduera ekonomikoari eusteak duen garrantzi estrategikoa.

_Eremuko bertako baliabideen eta lehengaien erabilera.

9. artikulua. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Laguntzak banakako ebaluazioko prozeduraren bidez emanen dira.

10. artikulua. Eskatutako baldintzak frogatzea: Agiri orokorrak.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasunaren agiria:

1._Pertsona fisikoak: IFZaren fotokopia.

2._Pertsona juridikoak: IFKaren kopia, eratze eskriturena eta estatutuena. Gobernu organo eskudunak laguntza hauek eskatzeko harturiko erabakia eta eskabidea tramitatzeko ordezkariaren izendapena biltzen dituen dokumentua. Sozietatearen kapitalaren banaketa frogatzen duten agiri osagarriak, horrelakorik baldin bada.

b) Enpresari buruzko informazioa: enpresaren deskribapena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen menpekotasun maila eta kategorien eta kontratu moten arabera zehaztutako plantilla.

c) Baimena, honetarako:

1._Laguntzak tramitatzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan eta Industrai eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan dauden datu baseak kontsultatzeko.

2._Gizarte Seguruntzarekiko eginbeharrak eta zerga arlokoak eguneraturik daudela egiaztatzeko.

d) Erantzunkizuneko aitorpena:

1._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioena.

2._Foru agindu honen 3.1 artikuluko a) edo b) letretan adierazitako baldintzak betetzen dituela dioena. Enpresa beste enpresa batzuekin loturik edo elkarturik baldin badago, bere datu bateratuak aurkeztu beharko ditu.

3._Positiboa edo negatiboa, xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.

e) Enpresa plana, haren bideragarritasuna frogatuko duena, haren finantza egoeraren eta etorkizunaren ebaluaziotik abiaturik.

f) Inbertsio proiektuari eta lortu nahi diren helburuei buruzko memoria, gutxienez ondoko atal hauek bilduko dituena:

1._Ondasun higiezinetan, makinerian eta ekipamenduetan, proiektu gastuetan, aholkularitzan, bideragarritasun azterlanetan eta patente eta lizentziak erosten aurreikusitako inbertsioa, xehetasunak adierazten dituzten aurrekontu zehaztuekin eta pro forma fakturak edo hornitzailearen eskaintza barne. Era berean, erantzukizuneko aitorpena eta arrazoitzeko txostena erantsiko dira, non adieraziko baita hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla.

2._Produktu bakoitzaren fabrikazio prozesuaren eta fabrikatzeko ahalmenaren azalpena, proiektua burutu aurretik eta ondotik.

3._Erabili beharreko lehengaiak, urteko kopurua, nondik heldu diren eta haien fabrikako balioa, inbertsioak gauzatu aurretik eta ondotik.

4._Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena, egindako inbertsioen arabera.

5._Inbertsioaren bideragarritasunaren azterlana.

6._Inbertsioak gauzatzearen ondoriozko plantillaren aldaketa.

7._Inbertsioaren finantza plana, berezko baliabideei eta kanpoko finantzaketari dagozkien kopuruak zehaztuta.

8._Egoeraren balantzea eta itxi diren azken hiru ekitaldietako ustiapen kontuak. Kasuan kasuko erregistroan erregistratutako urteko kontuen kopia aurkeztu beharko da, edoz sozietateen gaineko zergaren kopia, edo bestela kontu-ikuskaitzailetzaren txostena.

9._Urteko kuota finkatuak, enpresa talderen batekoa baldin bada.

10._Proiektua abian jarri ondoko hiru urteetarako behin-behineko urteko kontuak.

11._Inbertsioa egin beharreko lurren identifikazioa eta kokapena.

g) Obretarako udal lizentzia, edo bidezkoa bada, eskabidea.

h) Ingurumen baimen integratua edo jarduera sailkatuaren udal lizentzia, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpeko jarduerak direnean. Halakorik izan ezean, horien eskabideak.

i) Abeltzaintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko jardueretan, albaitari batek luzaturiko ziurtagiri edo txostena, abeltegiak Europar Batasunak abereak abeltegietan babesteko ezarririko arauak betetzen dituela frogatzen duena.

j) Diruz lagundu diren ondasunak beste batzuek erabiltzeko eskualdatu, alokatu edo lagatuko ez dituela dioen konpromisoa, gutxienez bost urtetan, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osoan.

k) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

11. artikulua. Betebeharrak frogatzea: dokumentazio berariazkoa.

10. artikuluan aipatzen den dokumentazioaz gain, bidezkoa denean berariazko dokumentazio hau ere aurkeztuko da:

a) Eginiko eraikinak eta horiek dauden lurrak erostea:

1._Tasatzaile independente eta gai den batek luzatutako frogagiria, zeinean ziurtatuko den prezioak ez duela merkatuko balioa gainditzen. Tasazioan eraikinaren prezioa eta lurrena bereiziko dira.

2._Eraikinerako azken hamar urtean eman diren dirulaguntzen aitorpena.

b) Finantza errentamendua: kontratua eta, beharrezkoa denean, 7. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako eskakizunak frogatzeko aukera emateko behar adinako dokumentazioa.

c) Bat-egite edo xurgatze prozesuetatik sortutako nekazaritza kooperatibak: Kooperatibak elkarganatzeko proiektua eta Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak proiektu horri buruz emandako adostasun txostena.

d) Kooperatiben arteko akordioen bidezko elkarganatzea:

1._Kooperatibak elkarganatzeko proiektua eta Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak proiektu horri buruz emandako adostasun txostena.

2._Kooperatiben arteko akordioa Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria edo, hala denean, ziurtagiri horren eskaeraren kopia.

3._Neurria nabarmen handituko dela frogatzeko behar adinako dokumentazioa.

4._Kooperatibak ez diren entitateen kasuan: egungo bazkideen izenen zerrenda, bakoitzaren parte-hartzearen zenbatekoa zehaztuta, bai eta administrazio kontseiluko edo zuzendaritza organo baliokideko kideena ere.

e) Kooperatibak Elkarganatzeko proiekturik gabeko kooperatibak, honako hau aurkeztu beharko da:

1._Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak inbertsio proiektuari buruz emandako aldeko txostena.

2._Alderdi hauetakoren bat betetzen dela frogatzeko adinako dokumentazioa:

_kasuko jarduerarako kooperatibizatutako sektorean den negozio bolumenaren %40tik gora egitea, unitate fisiko edo diruzkotan neurtuta.

_Gutxienez ere lau langileko plantilla izatea, eta horietatik hiru gutxienez lanaldi osoko langile finkoak.

3._Alderdi hauetakoren bat betetzen dela frogatzeko adinako dokumentazioa:

_Enpresa eta Merkataritza kudeaketarako egitura berezkoak, egonkorrak eta iraunkorrak edukitzea.

_Laneko arriskuen prebentziorako planei dagozkien zerbitzuak eduki eta bermaturik izatea.

_Kalitatea ziurtatzeko sistemak eduki eta bermaturik izatea.

_Urtero auditoria edo kudeaketa txostena egitea.

f) Eraldaketako nekazaritza-sozietateak, lan sozietateak edo beste elkarte batzuk, 8. artikuluko f) letrako 3. atalean aurreikusitakoak:

1._Zuzendaritzako organoetako kideen zerrenda eta, bazkideena, baldin badaude.

2._Gutxienez lau langileko plantilla izatea frogatzeko adinako dokumentazioa, horietatik hiru gutxienez lanaldi osoko langile finkoak.

3._Alderdi hauetakoren bat betetzen dela frogatzeko adinako dokumentazioa:

_Enpresa eta Merkataritza kudeaketarako egitura berezkoak, egonkorrak eta iraunkorrak edukitzea.

_Laneko arriskuen prebentziorako planei dagozkien zerbitzuak eduki eta bermaturik izatea.

_Kalitatea ziurtatzeko sistemak eduki eta bermaturik izatea.

_Urtero auditoria edo kudeaketa txostena egitea.

IV. KAPITULUA

Guztiendako xedapen administratiboak

12. artikulua. Eskabideak aurkeztu, tramitatu eta ebaztea.

1. Dirulaguntza jasotzeko eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nekazaritzako bulegoetan, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (4/1999 Legeak aldatu zuena) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

2. Eskabideak laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.

3. Dirulaguntzarako eskabidea horretarako ezarririko ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratu ahal da.

4. Eskaerak harturik, eskatzen diren agiri guztiak ote dauden egiaztatuko da. Bestela, interesdunari eskatuko zaio haiek osatzeko, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

5. Eskabidea osorik egon ondoren, egiaztatuko da eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela. Horretarako behar diren kontrolak eginen dira. Gero, ebaluatu eginen dira. Laguntzaren zenbatekoa dirulaguntzaren xede den aurrekontuaren eta aplikatzekoa den baremoaren arabera zehaztuko da.

6. Proposaturiko kostuen moderazioa egiaztatzeko, aurrekontuak eta pro forma fakturak ebaluatzeko sistema erabiliko da, 10 artikuluko f) letrarekin bat. Onuradunak aurkezturiko aurrekontuaren eta ebaluazioaren ondoriozkoaren artean txikiena izan daiteke dirulaguntzaren xede.

7. Ebaluazioa bukaturik, kudeaketa unitateak laguntza emateko ebazpen proposamena aurkeztuko du, non eskatzaileak bete beharreko baldintza eta konpromisoak zehaztuko baitira. Interesdunari sei hilabeteko epean jakinaraziko zaio, eskatzaileak aurkezten duenetik hasita.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpenean onuradunari ezartzen zaizkion baldintzak eta bete beharrekoak proiektuak gauzatzeko epeei eta abian jartzeari buruzkoak izanen dira, besteak beste: epe hori bi urtekoa izanen da gehienez laguntzak ematen diren egunetik hasita edo 30 hilabetekoa eskabidea egiten den egunetik hasita. Kasu berezietan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak luzapen bat eman dezake, arrazoitutako eskaera aldez aurretik eginez gero betiere.

9. Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua, gehienez ere hilabeteko epean jakinarazpena jasotzen denetik kontatzen hasita.

13. artikulua. Eskaeren aldaketa.

1. Justifikatutako arrazoiengatik inbertsio proiektuari loturiko aldaketa nabarmenak egin behar direnean, behin laguntzak emateko ebazpena jakinarazita, proiektu osagarri bat edo bestelako bat aurkez daiteke. Proiektu hau onesteko prozedura hasierakoan erabilitako bera izanen da. Hala bada, laguntza doitu beharko da. Doitze horrek ez du esan nahi hasiera batean onarturiko laguntzak gehituko direla. Aldaketak onartzeak ez du aldaketarik ekarriko baremoaren aplikazioan laguntzaren zenbatekoa handitzea ekartzen badute.

2. Aldaketa nabarmentzat honakoa hartzen da:

_Ekoizpenaren orientazioa aldatzea dakarrenean, sektore, egindako produktua edo kudeaketa sistemaren arabera.

_Enpresak, tamainaren edo tipologiaren arabera duen katalogazioa edo inbertsioen lokalizazioa aldatzea dakarrenean.

_Obra zibileko elementuak, makineria edo ekipamendua gehitu, kendu edo aldatzen baditu hasieran aurreikusitako balioaren %20tik gora.

_Inbertsioen lokalizazioan aldaketa eragiten badu.

14. artikulua. Laguntzen ordainketa

1. Instalazioak martxan jartzen direnetik, laguntzak, gehienez ere, lau urtetan ordainduko dira. Hala ere, ekitaldi batean aurrekontuan dirurik baldin bada, urteren bateko ordainketa aurrera daiteke, betiere inbertsioaren erdia gutxienez gauzatua baldin bada.

2. Aurreikusitako urteko ordainketan aurreratzen diren kopuruak gauzatu eta ordaindutako inbertsioenak izanen dira. Inbertsio proiektua behar bezala amaitzea bermatzeko eta proiektua osotara gauzatu eta gastuen ordainketa justifikatuta egon arte, onuradunek aurretiazko abal bat aurkeztu beharko dute aurreikusi baino lehen jasoko dituzten zenbatekoen truke.

3. Inbertsioak horretarako ezarritako epean behin amaituta, onuradunak justifikatu egin beharko du dagokion inprimakia Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuz, gertatu eta hilabeteko epean. Horretarako aurreikusitako inprimakian, proiektatutako inbertsioak eta eginikoak agertuko dira, laguntzak emateko ebazpenean ageri diren ordena berean, jatorrizko fakturak erantsirik, bai eta ordainketaren ziurtagiriak eta guztien fotokopia. Ordainagiriek, gutxienez, emandako laguntzen zenbatekoen parekoak izan behar dute, baina eskatzailea ez dago beharturik funts publikoekin finantzatu ez diren gastuen soberakina justifikatzera.

4. Halaber, obren lizentziari buruzko dokumentazioa erantsiko da, bai eta 10. artikuluan aurreikusitako jarduerari buruzkoa ere, eskabidearekin batera aurkeztu ez dena. Jarduera sailkatuaren lizentzia, ingurumeneko baimen integratua edo obra lizentzia lortu izana frogatzen ez bada, halakorik behar denean, emandako laguntzak bertan behera geratuko dira eta jasotakoak itzultzea eskatuko da.

5. Finantza-errentamenduko eragiketen kasuan, laguntza ordaindu aurretik eragiketa horietarako emandako laguntzaren kopurua adinako abala eskatuko da. Abalak baliozkoa izan behar du enpresa onuradunak eragiketa likidatu eta errentamenduan diren ondasunen jabe bihurtu arte.

6. Nekazaritzako Elikagai Industrien Zerbitzuak eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak behar adina kontrol egingo ditu arautegi indarduna eta onuradunak hartutako konpromisoak betetzen direla eta inbertsioa aurkeztutako proiekturako benetan erabili dela egiaztatzeko. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko diren ordainketak baimendu eta dirulaguntzen ordainketaren gaineko ebazpen proposamena prestatuko du.

15. artikulua. Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Inbertsioetarako proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsiriko inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doituko da, proportzioan gutxituz, inolako zehapenik gabe, baldin eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak uste badu eginiko planek balio dutela.

2. Foru agindu honetako 5. artikuluan aipatzen diren konpromiso eta eginbeharrak bete ezik, laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, irizpide hauei jarraikiz:

a) 5.1.a) artikuluan jasotako konpromisoa bete ez, eta inbertsio proiektua laguntzak eman zituen ebazpenean ezarritako epean edo haren luzapenetan gauzatzen ez denean, atzerapena sei hilabetetik urtebetera bitartekoa bada emandako laguntza %40 murriztuko da. Atzerapena urtebetetik gorakoa denean, laguntza bertan behera geratuko da eta jasotakoa itzultzea eskatuko da.

b) 5.2.a) artikuluan jasotzen den betebeharra ez betetzeak laguntza galtzea ekarriko du.

c) 5.2 artikuluan jasotako gainerako betebeharrak ez betetzeak emandako laguntzak %10 murriztea ekarriko du.

3. Ordainketaren eskabidearen zenbatekoa onartzekoa den aztertu ondorengo zenbatekoa baino %3 handiagoa bada, ordaintzeko zehaztu zen zenbatekoa alde horretan gutxituko da, Europako Batzordearen abenduaren 7ko 1975/2006 (EE) Erregelamenduaren 31. artikuluarekin bat.

4. Espediente egoki baten bidez, onuradunak nahita gezurrezko adierazpen bat egin duela frogatuz gero, onarturiko laguntzak indargabetu eta haiengatik pagaturiko zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak deusetan galarazi gabe

16. artikulua. Gero betetzeko konpromisoak.

1. Ulertuko da 5.1.b) artikuluan aipatzen den konpromisoa ez dela bete, laguntzen azken ordainketaren ondorengo bost urteetan honako hauetakoren bat gertatzen bada, horrek dakartzan ondorioekin:

a) Jarduerari uzten bazaio edo enpresak porrot egiten badu: laguntza osorik itzuliko da.

b) Lantegia edo enpresaren helbide soziala Nafarroatik kanpora eramatea: laguntza osotara itzultzea.

c) Inbertsioak lekuz aldatzea Nafarroan bertan, baina laguntza kalkulatzeko oinarritzat hartu zirenez beste eskualde batzuetara: jasotako laguntzaren %10 itzultzea.

d) Lehentasunezko sektoreei uztea: jasotako laguntzaren %10 itzultzea.

e) Kalitateko produktuen ekoizpenari uztea: jasotako laguntzaren %10 itzultzea.

f) Ordainketa-etendura, krisi espediente edo enpleguaren erregulazioko egoera gertatzen bada, enpresak enpresa plan bat aurkeztu beharko du, bideragarritasun ekonomikoa jasotzen duena. Enpresa onuradunaren bideragarritasun ekonomikoa ez bada justifikatzen, jasotako laguntzak itzultzea eskatuko da.

2. Onuradunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, bidezko diren frogen bidez, hala egin dezakeenetik hamar egun balioduneko epean.

17. artikulua. Bateraezintasunak.

Laguntza publiko hauek bateraezinak dira foru agindu honetako laguntzekin:

a) 1698/2005 (EE) Erregelamenduan ezarritakoak:

_1. ardatzekoak: Nekazaritza ustiategiak modernizatzea eta Nekazari gazteak bere gain hastea.

_3. ardatzekoak: Landa ekonomia dibertsifikatzeko neurriak eta landa eremuetako bizi kalitatea hobetzeko neurriak.

_4. ardatzekoak: Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programako Leader ardatzaren esparruan ematen diren laguntzak.

b) Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren bidez tramitatzen diren I+G+I laguntzak.

c) Jarduera berak finantzatzeko bestelako zuzeneko laguntzak.

18. artikulua. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzei buruzko itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoak arautuko ditu, Europar Batasuneko araudiak arlo horretan ezarritakoa galarazi gabe.

2. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura administratiboa abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, haren bidez onetsi baitzen nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko administrazio prozedura.

Lehen xedapen gehigarria._Aurrekontuko kredituak.

Foru agindu honen aplikazioak dakartzan gastuak 2007ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako eta hurrengoetako "Nekazaritza industrializatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak (PDR-FEADER)" izeneko kontusailaren kargura ordainduko dira.

Bigarren xedapen gehigarria._Aplikatzeko baldintza.

Foru agindu honetan xedaturikoa aplikatu ahal izateko, Europar Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programako "nekazaritzako eta oihangintzako produktuen balio erantsia hobetzea" izeneko neurria onetsi beharko du. Europar Batzordearen eskakizunak aintzakotzat hartzeko neurri horretan egin beharreko edozein aldaketak foru agindu honetako laguntzei buruzko arauen egokitzapena ekarriko du.

Hirugarren xedapen gehigarria._Eremu behartsuak eta mendi aldekoak.

Eskualde behartsuak eta mendi aldekoak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emaniko Foru Aginduan ageri direnak dira.

Laugarren xedapen gehigarria._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Foru agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea garatzen duten arauetan xedaturikoarekin bat argitaratuko dira.

Lehen xedapen iragankorra._Lehendik aurkezturiko eskabideak.

1. Nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzeko laguntzak jasotzeko eskabideak, 2006ko azaroaren 2a baino lehen aurkeztu eta ebazteko daudenak, foru agindu honetan sartu ahal dira, baldin eta bertan ezarritakoarekin bat etorriz gero.

2. Onuradunek behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidea foru agindu honen eskakizun berrietara egokitzeko, indarra hartu eta bi hilabeteko epean.

Bigarren xedapen iragankorra._Aurretiko inbertsioak.

Nekazaritzako produktuen balio erantsia hobetzeko proiektuei dagozkien inbertsioak, 2007ko urtarrilaren 1etik foru agindu honek indarra hartu arte egindakoak, foru agindu honen laguntzen xede izan daitezke, eta ez da eskatuko 7.1.g) artikuluan ezarritako betebeharra. Laguntzarako eskabideak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izanen da foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Arau indargabetuak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontra jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki:

1._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2000ko urtarrilaren 3an emaniko Foru Agindua, eraldaketako enpresen kapitalean parte hartzeko laguntzak ematea arautzen duena.

2._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2003ko martxoaren 5ean emaniko Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduko "Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektorean inbertitzeko laguntzak" izeneko 16. artikulua betearazi eta garatzekoa. Erregelamendu hori abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko apirilaren 3an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0705902