51. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko Musika Eskolako irakasle, ganbera musikako espezialitatekoa, izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko martxoaren 20an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

1._Arau orokorrak.

1.1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bere xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko Musika Eskolako irakasle, ganbera musikako espezialitatekoa, izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzea. Lanpostua txanda honetakoa da:

a) Lanpostu bat txanda irekian.

1.2. Hona deialdiko lanpostua:

_1, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrekoa, plantilla organikoko zenbaki honekin: 202909-1.

1.3. Lanpostua lortzen duen izangaia funtzionario bilakatuko da, Iruñeko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak B mailako edo taldeko lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzeko diren gainerako xedapenetan erabakitakoaren arabera.

1.5. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatuak izan eta eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea aukeratu ahalko dute.

1.6. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak lanlekua duen herrian bizi beharra du, eta hori betetzeko Iruñeko udalerrian finkatuko du bere bizilekua.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 3, 9, eta 10. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Erdi mailako Musika titulua edo baliokidea izatea, ganbera musikako espezialitatekoa, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko kalea, 7-9; Zapateria kalea, 40; San Saturnino kalea, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 18,50 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bestela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NAN/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

Tasa ez bada ordaintzen, izangaia bazterturik geldituko da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Ana Teresa Rodríguez Larrañaga andrea, Joaquín Maya Musika Eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: Nuria Abadía Lacosta andrea, Joaquín Maya Musika Eskolako irakaslea.

Mahaikidea: Musika irakasle bat, ganbera musikako espezialitatekoa.

Ordezkoa: Musika irakasle bat, ganbera musikako espezialitatekoa.

Mahaikidea: Musika irakasle bat, ganbera musikako espezialitatekoa.

Ordezkoa: Musika irakasle bat, ganbera musikako espezialitatekoa.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Marisa Luisa Echeverria Iriarte andrea, Joaquín Maya Musika Eskolako idazkaria.

Ordezkoa: María José Elverdin Garcés andrea, Joaquín Maya Musika Eskolako ikasketaburua.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren osaerak balio dezan, bertan mahaikideak eta idazkariak egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa, gutxienez, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik 3 hilabete iragaten direnean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioan ariketa bakarra izanen da, eta hartan lau proba, baztergarriak:

6.2.1. Lehenbiziko proba: oposizio egileak aukeratutako kontzertu programa bat aurkeztu beharko du. Lau obra osorik sartuko dira, gutxienez ere, ganbera musikako literaturaren estilo eta garai adierazgarrienetakoak. Lau obretatik, batek trioa izan beharko du, beste batek kuartetoa eta gainerakoek bestelako ganbera taldetakoak. Aurkeztutako programan, interes artistikoaz gain, alderdi hauek baloratuko dira: egituraren kontzientzia musikala, testuaren zehaztasuna, erritmoaren sentimena, agogikoak, soinuaren planoak, koloreak, soinuaren kalitatea, dinamikoak, entzuteko sentimena, fraseatua, komunikazioa, adierazkortasuna, sentimena, soinurako imajinazioa, barne entzumena, musika-tresnaren kontrola, kontrol psikologikoa, estiloaren interpretazioa, afinazioa, artikulazioa, ekiteak, vibratoa, arnasketak, pasarte eta testura bakoitzari egokitutako soinu oreka, sinkronizazioa, entzute aktiboa, arte konpenetrazioa eta abar.

Epaimahaiak hautatzen dituen obrak joko ditu oposizio egileak, aurkeztutako programatik, gutxienez 30 minutuan eta gehienez ere 40an jo ere. Epaimahaiak agintzen ahalko du halako mugimendu batzuk jotzeko, obrak denbora baino luzeagoak badira.

Kasu guztietan, oposizio egileak ekarri beharko ditu errepertorioa interpretatzeko behar diren musikariak. Orobat, epaimahaiaren eskuetan jarriko du partitura, hark eskatzen badio.

6.2.2. Bigarren proba: 20na minutuko bi klase eman beharko dira: bata matrikulatuta dauden hirukote bati (pianoa, hari tresna eta haize tresna) eta laukote bati bestea.

6.2.3. Hirugarren proba: ganbera musikako programazio didaktiko bat, 4 kurtsotan banatua, azaldu eta defenditu beharko da. Programazio horretan kontuan hartu beharko da oinarrizko maila bukatzen ari diren ikasleentzat dela, Iruñeko Joaquín Maya musika eskolan ematen diren musika-tresnako espezialitate guztietakoak. Programazio hori eskabideari erantsiko zaio.

6.2.4. Laugarren proba: bi zatitan banatzen da.

_Lehen zatia: zein den espezialitatea, haren gai zerrendatik bi aterako ditu zozketaz oposizio egileak eta haietako bat idatzita azalduko du. Gai zerrenda hori eranskinean dator. Edukia, ideien ordena eta argitasuna, idazmena, izangaiaren ekarpen pertsonala eta azterketarako gaitasuna zein sintesiarakoa baloratuko dira.

_Bigarren zatia: azterketa estetiko formala, epaimahaiak proposatutako obra edo zati bat idatziz azalduta.

_Hirugarren zatia: pianorako obra bat ganbera formazio baterako egokitzea. Horretarako, epaimahaikoek pianorako obra bat proposatuko dute, oinarrizko mailakoa, eta zein ganbera formaziorako egokitu zehaztuko dute. Proposatzen den ganbera taldea hiruzpalau musika-tresnakoa izaten ahal da, edozein tresna familiatakoak eta ez nahitaez familia berekoak. Egokitzapenaren maila tekniko eta estilistikoak Joaquín Maya musika eskolan ganbera musikako klasea emateko egokia izan beharko du, musika-tresnako oinarrizko maila gainditua duten ikasleek behar dutena. Epaimahaiak 16 konpas, gehienez ere, aukeratuko ditu, egokitu daitezen. Oposizio egileak eskuz aurkeztuko ditu.

Oposizio egileak hiru ordu izanen ditu atal honetako hiru zatiak egiteko, eta ezin du material osagarririk erabili. Gero, oposizio egile bakoitzak gaiari buruz idatzi duen ariketa irakurriko du, eta epaimahaikoei azalduko dizkie bere azterketa eta egokitzapena; haiek egokiak iruditzen zaizkien argitasunak eskatzen ahalko dizkie.

Probak egiten diren bitartean, epaimahaikoek egokiak iruditzen zaizkien argitasunak eskatzen ahalko dizkiete izangaiei.

6.3. Oposizioko ariketaren balorazioa:

_Lehenbiziko proba: 0tik 30 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutxienez 15 puntu beharko dira.

_Bigarren proba: 0tik 30 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutxienez 15 puntu beharko dira.

_Hirugarren ariketa: 0tik 20 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutxienez 10 puntu beharko dira.

_Laugarren proba: 0tik 20 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko, gutxienez 10 puntu beharko dira.

Puntuazioa, guztira, izangaiek lau probetan lortutako puntuazioen batuketa eginez sortuko da.

6.4. Oposizioko ariketetako probak baztergarriak izanen dira, eta kanporaturik geldituko dira eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak.

6.5. Proba bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin, eta hartan hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitortua dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta haiek egin diren tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero, zerrenda hori Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Lehendakaritzako Alorrean:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko adierazpena, non hautagaiak adierazi behar baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 2.1.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1.2 oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriarena.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko Musika Eskolako irakasle, ganbera musikako espezialitatekoa, izateko lanposturako izendatua izateko, Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak puntuazioen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8._Izendapena, lanpostu hutsen esleipena, jabetza hartzea eta kontrataziorako baimena ematea.

8.1. Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, Musika Eskolako irakasle lanpostuan aritzeko, ganbera musikako espezialitatean, eta lanpostua esleituko dio ebazpen bidez.

8.2. Izendapen horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

8.3. Izendatzen den izangaiak hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik; epe horren barrenean ez badu lanpostua hartzen, Iruñeko Udalaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Halakoetan, deialdi honen 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio beste Administrazio Publiko batean lanean ari delako, aipatu 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da lanpostua.

8.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostu hutsa ez da aldatuko. Beraz, lanpostu horiek zuzenean esleituko dira.

9._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honen 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

9.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko Zuzendaritzak, aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du deialdi honetako azken-aurreko ariketa gainditzen duten izangaiekin.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

10.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azken-aurreko ariketa gainditzen dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

10.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

10.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azken-aurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko aprobatuen artean ez daudenen zerrenda.

10.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazio handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen baturaren arabera. Gertatzen diren berdinketak hirugarren proban eskuratzen den puntuazioaren arabera trenkatuko dira. Berdinketak iraunez gero, bigarren proban eskuratzen den puntuazioaren arabera trenkatuko da.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Recurso de alzada ante el Tribunal Administrativo de Navarra dentro del mes a la fecha de notificación o publicación del acto o acuerdo recurrido.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko martxoaren 20an._Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria. José Iribas Sánchez de Boado.

1. ERANSKINA

Izena ........................, adinez nagusia. NAN/nortasun agiria ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna) ............, jaioterria (udalerria, probintzia) ............., nazionalitatea ...................., egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............, telefonoa ............, sakelako telefonoa ............

AZALTZEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Ganbera musikaren programazio didaktikoa eransten duela.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko Musika Eskolako irakasle, ganbera musikako espezialitatekoa, izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an), txanda honetan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*

(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 20..... (e)ko .............................aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. gaia._Ganbera musikaren kontzeptua, definizioak eta mugak. Kontzeptu tradizionalak eta gaur egungoak. Ganbera musikaren balorazioa musika eskoletako irakaskuntzan. Musika eskoletarako ezarritako helburu orokorrekin duen zerikusia. Beste irakasgai batzuekin duen harremana eta ikastegiko proiektuan duen eginkizunaren gaineko irizpideak.

2. gaia._Haurraren eta nerabearen garapen ebolutiboaren ezaugarriak. Haien aplikazioa musikaren irakaskuntzan. Ganbera musikaren irakaskuntzaren printzipio psikopedagogiko eta didaktikoak mailaz maila.

3. gaia._Ganbera musikaren klasea eta hezkuntza prozesuan duen zeregina. Taldeko klaserako didaktika eta metodologia. Unitate didaktikoen egitura.

4. gaia._Talde txiki bati irakastea: berezitasun eta bariazioak ikasle batendako ikasgaiaren eta klase kolektibo homogeneoaren aldean. Ganbera musikaren praktika formazio heterogeneoetan.

5. gaia._Taldea osatzea: epe laburreko eta luzeko helburuak. Saiakuntzaren teknikak. Klasea prestatzea. Emanaldia prestatzea. Ganbera musikaren lehen ikasgaia: funtsezko kontuak.

6. gaia._Musika ganberaren historia eta errepresentazio praktikoa (musika-tresnak, aukerak teknikoak, autoreak, errepertorioaren ezaugarriak, musikaz kanpokoa, melodia, harmonia) Barrokoan, Rokokoan, Manheimeko eskolan eta Klasizismoan. Estilo horietako errepertorioaren aplikazio praktikoa ikasgelan.

7. gaia._Musika ganberaren historia eta errepresentazio praktikoa (musika-tresnak, aukera teknikoak, autoreak, errepertorioaren ezaugarriak, musikaz kanpokoa, melodia, harmonia) Erromantizismoan, Inpresionismoan eta XX. mendean (Makinismoa, Objektibotasun Berria, Atonutasuna, Dodekafonismoa, Puntillismoa, Musika Konkretua, Musika Elektronikoa). Estilo horietako errepertorioaren aplikazio praktikoa ikasgelan.

8. gaia._Interpretazioaren elementuak I: alderdi orokorrak. Tempoa: pultsazioa, errimoaren sentimena eta abar. Tentsioak: agogikoak, dinamikoak, kolore tinbrearenak, jardueraren dentsitatearenak, erregistroarenak, harmonikoak, diseinuarenak, erritmoarenak, bitarteenak eta linealak. Soinu oreka eta planoetakoa. Bestelako alderdiak.

9. gaia._Interpretazioaren elementuak II: lana ikasgelan: arnasketa, ekitea, vibratoa, arku kolpeak, afinazioa, artikulazioa, erritmoa eta fraseatua. Agogikoa eta dinamikoa. Zuzendaririk gabe jotzeko behar diren keinuen ikasketa eta praktika. Beste baliabide batzuk.

10. gaia._Organologia, akustika praktikoa eta afinazioa. Ahotsaren ezaugarriak.

11. gaia._Musika-tresnen familia bakoitzaren lengoaiaren ezaugarriak. Haren bilakaera eta musika-tresnen aurrerapenarekin duen harremana. Ganbera musikaren irakasgaian duen aplikazioa.

12. gaia._Musika-tresnen hainbat talde: hari laukotea, haize boskotea, metal taldea, ganbera musika pianoarekin, perkusio taldeak, ahots taldeak eta bestelakoak. Ganbera musikaren irakasgaian duen aplikazioa.

13. gaia._Musika ganberako literaturaren bilakaera tekniko eta estilistikoa musika-tresnen familietan. Ganbera musikaren irakasgaian duen aplikazioa.

Iragarkiaren kodea: L0705197