51. ALDIZKARIA - 2007ko apirilaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

CINTRUENIGO

Deialdia, Cintruenigoko udaltzain izateko lanpostu 1 oposizio bidez betetzeko

1. oinarria._Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Cintruenigoko udaltzain izateko lanpostu 1 oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen den izangaia Cintruenigoko Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen da; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, sistema horren babespean geldituko da. Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, afiliaturik badago, aukeran izanen du bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.3. Izendatzen den izangaiak otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.5. Izendatuak bere destinoan berean beharko du bizi, eta horretarako, Cintruenigoko udal mugapean finkatuko du egoitza.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera, bederen, eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

2.2. Baldintza hauek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako beteta beharko dituzte, g) letrako baldintza izan ezik; azken hau, deiaren 5.2.3 oinarrian ezarritakoa betez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda publiko egiten den egunean eduki beharko dute.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Cintruenigoko Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Eredua Cintruenigoko Udaletxean egonen da eskura. Orri horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, 1. eranskinean aipatzen diren proba fisikoak egiteko gaitasunik aski badutela frogatzeko, eta erantsi beharko dute izen-emate eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren egiaztagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria._Oposizioaldiaren nondik norakoa.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein datatan eta ordutan hasiko diren. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe jarriko da jendaurrean hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:

A._Altuera egiaztatzea:

Probei hasiera eman aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B._Lehenbiziko proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C._Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren gaiei buruzko galderak erantzutea.

b) Matematika, Fisika edo Kimikako hamar problema. Horretarako, aski izanen da Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa.

d) Udaltzaingoaren eginkizunekin ikusteko duen gai bat idatziz ematea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

D._Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa.

Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gaindituta ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiak egiaztatu beharko du, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabortz egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta, era berean, oinarri bereko g) baldintza betetzen duela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartua izan den izangaiaren zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

_Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

_Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Bigarren mailakoa edo baliokideren bat.

_B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatuak

_Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Epaimahaiak izangai horren osasun azterketa egiteko behar diren neurriak xedatuko ditu, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, bere gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko da eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ez gai" agertzen den izangaia.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaiaren behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangaiak ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren funtzionamendurako Erregelamenduak arautuko du Udaltzaingoaren Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa (Lehendakaritza kontseilariaren apirilaren 3ko 40/1996 Foru Agindua; 46. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 1996ko apirilaren 15ekoa). Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaia Cintruenigoko Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen da, erregelamenduz dagozkion lansariak jasoko ditu eta praktiketako funtzionario gisa dagozkion gainerako eskubideak izanen.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaiaren kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria._Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, 1. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta Oinarrizko Prestakuntza Ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria._Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

_Epaimahaiburua: Cintruenigoko Udaleko alkate udalburua.

_Ordezkoa: Cintruenigoko Udaleko zinegotzia.

_Mahaikidea: herriko udaltzainen burua.

_Ordezkoa: herriko udaltzainen ordezkaria.

_Mahaikidea: Segurtasun Eskolak proposatutako teknikaria.

_Ordezkoa: Segurtasun Eskolak proposatutako teknikaria.

_Mahaikidea: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

_Ordezkoa: langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

_Mahaikide idazkaria: Udaleko idazkaria.

_Ordezkoa: Administrari-ofiziala

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko du.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barnean, zerrenda horretako izangaiak zin egin beharko du, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena ez da izendatuko.

9. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkateak Cintruenigoko funtzionario eta udaltzain izendatuko du aurreko atalean aipatu proposameneko izangaia, baldin eta 8.2 oinarrian xedatua bete badu, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapenaren jakinarazpenetik hasita. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

1. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1._Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Egiteko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

55" baino gehiago. 58" baino gehiago. Ez gai

55" edo gutxiago. 58" edo gutxiago. Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2._Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

10 baino gutxiago 8 baino gutxiago Ez gai

10 edo gehiago. 8 edo gehiago. Gai

t5 3._Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Egiteko modua: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

40" baino gutxiago 25" baino gutxiago Ez gai

40" edo gehiago 25" edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4._Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Egiteko modua: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez bertzeko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0"57 baino gutxiago 0"47 baino gutxiago Ez gai

0"57 edo gehiago 0"47 edo gehiago Gai

Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe. Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren arabera emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako altueraren arabera neurtuta:

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

0,39 m baino gutxiago 0,27 m baino gutxiago Ez gai

0,39 m edo gehiago 0,27 m edo gehiago Gai

5._Koordinazio testa.

Abiatzeko jarrera: zutik, 3 x 3 metrotako tarte mugatu baten barruan, 170-190 mm-ko diametroa eta 300 eta 330 gr. bitarteko pisua duten bi pilota eskuan, kautxo pikordunezkoak.

Egiteko modua: izangaiak lehenbiziko pilota gorantz jaurti behar du esku batekin, eta ondotik esku berarekin bigarrena. Eskuz aldatu gabe lehenbiziko pilota harrapatu eta berriro gora bota eta bigarrena hartu, eta horrela geratu gabe, harik eta eskatzen den errepikapen kopuru gutxienekoa lortu arte.

Ariketa hau lehenbizi esku batekin eginen da eta gero bestearekin. Esku bakoitzeko bi saio egiten ahal dira.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Bi pilota horietako bat lurrera erortzen bada.

b) Izangaiak pilotaren bat bertze eskuarekin hartu edo gorputzeko edozein atalekin jotzen badu.

c) Izangaiak probarako paratu den tokitik oin bat edo biak ateratzen baditu.

d) Izangaiak esku batekin, gutxienez, 15 errepikapen egiten ez baditu.

Kalifikazioa: errepikapentzat joko da bi pilotetako bat eskutik ateratzen den aldiro. Izangaiak 15 aldiz gutxienik errepikatu beharko du esku bakoitzarekin.

E R R E P I K A P E N A K KALIFIKAZIOA

30 baino gutxiago Ez gai

30 edo gehiago Gai

6._Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiadura - zalutasun (Barrow testa)

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parketa, etab.). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek osatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK KALIFIKAZIOA

25"8 baino gehiago. 27"8 baino gehiago Ez gai

25"8 edo gutxiago 27"8 edo gutxiago. Gai

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1._Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: Bermeak. Konstituzio Auzitegia. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3._1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5._Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Comptos Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.

6._Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7._Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8._Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketari eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10._Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Administrazio prozedura erkidearen faseak. Prozedura bereziak.

11._Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1._Altuera.

Gutxieneko altuera:

_1,70 metro, gizonezkoena.

_1,65 metro, emakumezkoena.

2._Loditasuna.

Ondoko formula erabiliz, pisu teorikoa baino ehuneko 15 gehiagoko loditasuna:

Pisu teorikoa = (taila cm-tan - 100) x 1,1.

3._Behin-behinekoz bazterturik.

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo lesio larriak, osasun azterketa egiten den momentuan aktibo direnak, poliziaren eginkizunak bete ahal izatea oztopatu edo galaraz dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, osasun azterketarako bertze epe bat ematen ahal da.

4._Behin betikoz bazterturik.

4.1. Begiak eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino txikiagoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia erradiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.5. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bertzelako prozesu patologikoak, Epaimahai Medikoaren ustetan, begi zolitasunari nabarmenki traba egiten diotenak.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokionez, 35 dezibeliotan 1.000 eta 3.000 hertzio bitarteko galera izatea edo 45 dezibeliotan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bertzelako baztertzeak.

4.3.1. Ibiltze aparatua: Ibiltze aparatuaren akatsak, polizia lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputz-adarretako hezur patologia, artikulazio edo giharretan sorburu duten atzerapen edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko akatsak eta hezur, gihar edo artikulazioetako bertze gaitz batzuk).

4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten duen digestio-gaitza.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua: Edozerk eragindako hipertentsio arteriala; atsedenean hartutako zifrek ez dute presio sistolikoan 145 mm Hg.-tik goitikoak izan behar, ezta presio diastolikoan 90 mm Hg.-tik goitikoak ere; barize edo zain-gutxiegitasun periferikoa, baita epaimahai medikoaren iritziz lanpostuan aritzeko trabagarri izan daitekeen bertze patologia edo bihotz-hodietako lesio guztiak ere.

4.3.4. Arnas-aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko eragozlea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta bertzelako gaitz patologikoak, polizia lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.5. Nerbio sistema: epilepsia, depresioa, txaketenak, edozein motatako daldarak, alkoholismoa, toxikomaniak eta polizi lanean aritzea eragozten ahal duten bertzelako gaitz patologikoak.

4.3.6. Larruazala eta fanerak: psoriasia, ekzema, funtzio murriztapena dakarten orbainak eta bertzelako gaitz patologikoak, polizi lanpostuan aritzeko galarazi edo mugatzen badute.

4.3.7. Bertzelako gaitz patologikoak: diabetesa, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko eritasunak, eritasun inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta epaimahai medikoaren ustetan polizi lanpostuan aritzea galarazi edo oztopatzen duten bertzelako prozesu patologikoak.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Cintruenigoko Udala.

Izena ............................., N.A.N. zenbakia: ..........., bizilekua ..............., karrika ..............., zenbakia ......., etxebizitza ......., telefonoa ............

AZALTZEN DUT:

Cintruenigoko udaltzain izateko lanpostu 1 betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide honi eransten dizkiodala bai osasun ziurtagiri ofiziala, non frogatzen baita gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, bai izena emateko eskubideei dagokien diruaren ordainagiria ere.

Horiek horrela,

ESKATZEN DUT:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztutzat harturik, onartua izatea udaltzain izateko 3 lanpostu betetzeko oposizioan.

.................(e)n, 2007ko .............aren ...........(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0704467