39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

12/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, 2007an Nafarroako liburutegi publikoetako altzariak eta ekipamendua handitu eta berritzeko dirulaguntzen deialdiko arauak onetsi eta 90.000 euroko gastua baimentzen duena.

Liburutegi Zerbitzuak aditzera eman du komenigarria dela 2007an liburutegi publikoetako altzariak eta ekipamendua handitu edo berritzeko laguntzen sistema bat ezartzea, eta horretarako 90.000 euroko gastua baimentzea proposatu du.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen maiatzaren 16ko 73/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2007an Nafarroako liburutegi publikoetako altzariak eta ekipamendua handitu eta berritzeko dirulaguntzen deialdiko arauak onestea.

2. Dirulaguntza horietarako gehienez ere 90.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastuen aurrekontuan "Liburutegi publikoetako altzarietarako laguntzak" izeneko A2420 A21001 7609 452102 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Foru agindu hau jakinaraztea "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Liburutegi Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ogasun Departamentuak departamentu horretan duen kontu-hartzaile delegatuari eta interesatuei. Aditzera ematen da haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 7an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2007AN NAFARROAKO LIBURUTEGI PUBLIKOETAKO ALTZARIAK ETA EKIPAMENDUA HANDITU ETA BERRITZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIKO ARAUAK

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, Nafarroako liburutegi publikoetako altzariak eta ekipamendua handitu eta berritu, zerbitzu berriak ezarri eta erabiltzaileei instalazio hobeak eskaintzeko, deialdi hau egin du, guztira gehienez ere 90.000 euroko kontsignazioa duena. Honako hauek dira

ARAUAK

1._Xedea

Deialdi honen xedea 2007an liburutegi publikoetako ekipamendua handitu eta berritzeko laguntzak ematea da.

Horrela, liburutegi publikoetan zerbitzu berriak abian jarri eta haien baldintza materialak hobetu nahi dira, erabiltzaileei zerbitzu erakargarria, erosoa eta ona eskaini ahal izateko.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen baliabide materialak koordinatzea proposatu da, izan ere, haiek dira Foru Komunitateko liburutegi publiko irekien arduradunak eta finantzatzaileak.

Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.

2._Dirulaguntzaren xede diren gastuak

Dirulaguntza emanen zaie toki entitateei 2007an Nafarroako liburutegi publikoetarako altzariak eta ekipamendua eros ditzaten.

Ondoko altzari hauek erosten ahalko dira: mahaiak, aulkiak, besaulkiak, liburuen, aldizkarien eta ikus-entzunezkoen erakustokiak, aldizkarietarako altzariak, apalategiak, armairuak, liburutegiko langileentzako bulego altzariak eta haurrentzako altzariak; ekipamenduari dagokionez, argiztapen elementuak, babesekoak (pertsianak eta gortinak), segurtasunekoak eta ebasleen aurkakoak, barneko eta kanpoko errotulazioa, etab.

3._Zenbatekoa

Dirulaguntzetarako deialdi honen gehieneko zenbatekoa 90.000 eurokoa da, eta 2007ko gastuen aurrekontuko "Liburutegi publikoetako altzarietarako laguntzak" izeneko A2420 A21001 7609 452102 kontusailaren kargura ordainduko da.

4._Onuradunak

Liburutegi publiko baten titular diren Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdi honetan, dirulaguntza ematean, liburutegi hori Nafarroako Gobernuarekiko hitzarmenaren bidez kudeatzen bada.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2.e) artikuluan aipatzen den kasuan dauden entitateak ezin izanen dira aurkeztu.

5._Prozedura

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntzak emateko deialdi hau lehia bidez tramitatuko da, lege hori arautzen duten publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez, kontrol, efikazia eta eraginkortasun printzipioak bermatzeko.

6._Bateragarritasuna

6.1. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk, nazional zein nazioartekok, ematen dituzten laguntzekin.

6.2. Beste entitate batzuetatik ere dirulaguntzarik edo laguntzarik hartuz gero, emaniko laguntza aldatuko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagunduriko lanen kostua gainditzen badu.

7._Eskabideak eta agiriak

7.1. Dirulaguntza eskaerak aurkeztu beharko dira,Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuko zuzendariari igorririk, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistro orokorrean (Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren tokietako edozeinetan. Bertan deialdi honen izena adieraziko da.

Posta ziurtagiaren bidez igorriz gero, 848426457 zenbakira fax bat igorriz jakinarazi beharko da kasuan kasuko postetxean aurkeztu direla agiriak, epearen barruan igorri direla frogatzen duen agiria erantsiz.

7.2. Agiriak aurkeztu baino lehen, Liburutegi Zerbitzuak aholkuak emanen ditu dirulaguntzaren xede izan daitezkeen altzarien eta ekipamenduaren ezaugarriei eta egokitasunari buruz.

7.3. Eskabideei dokumentazio hau erantsi beharko zaie:

a) Memoria teknikoa. Liburutegi publikoko altzarietan eta ekipamenduan sartu nahi diren handitzeei edo berrikuntzei buruzko dokumentazioa, planoak eta guzti, hala behar izanez gero.

b) Proposatutako gastuaren aurrekontu osoa, zergak barne. Dirulaguntza zein altzari eta ekipamenduetarako eskatzen den, haietako bakoitzaren prezioa aipatuko da.

c) Liburutegirako liburuak erosteko Udalak 2006an emandako dirulaguntzaren zenbatekoari buruzko ziurtagiria, Udalak berak emana.

7.4. Eskaerak behar diren betebeharrak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barrenean zuzen dezala eta adieraziko zaio, bestela, eskaerari uko egin diola eta espedientea beste izapidaketarik gabe artxibatuko da.

8._Eskaerak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea 90 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9._Emateko prozedura eta irizpideak

9.1. Prozedura dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18tik 24ra bitarteko artikuluetan aipatutakoa izanen da.

9.2. Artikulu horretan ezarritakoa aplikatzeko, hona hemen deialdi honen lehentasunezko jarraibideak, 9.5 atalean aintzat hartuko direnak:

Liburutegiko zerbitzuak martxan jarri edo handitzeko gune berriak sortzea.

Liburutegiko altzariak eta ekipamenduak hobetu edo berritzea, instalazio erosoagoak, erakargarriagoak eta liburutegi publikoaren eginkizunetara egokiagoak lortzeko asmoz.

9.3. Eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Liburutegien Zerbitzuak izapidatuko ditu.

9.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. artikuluak agintzen duenari jarraikiz, eskabideak ebaluatzeko organo kolegiatu bat eratuko da, honela:

Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria

Batzordeko kideak:

Liburutegien Sarearen Ataleko burua

Fondo Dokumentala Kudeatzeko Bulegoko burua

Nafarroako Kultura Kontseiluko kide bat

Zuzenbideko lizentziadun bat, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari atxikia, idazkari lanetan ariko dena, hizpidea bai baina botorik izan gabe.

Organo kolegiatu horrek arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkua eska dezake.

9.5. Organo kolegiatuak, aurkeztutako eskabideak baloratu eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko ditu ondoko irizpide objektiboak eta gehieneko puntuazioak:

Erostea proposatzen diren altzarien eta ekipamenduaren premia, kalitatea eta prezio egokia: 50 puntu.

Liburutegi publikoak 2005. eta 2006. urteetan zehar, biztanleko, maileguan emandako dokumentuen kopurua: 30 puntu.

2006an, liburuak erosteko, udalak eman duen dirulaguntzaren ondoriozko tasa, eurotan eta biztanleko: 20 puntu.

9.6. Organo kolegiatuak onartutako aurrekontuak kontuan harturik, puntuazio altuena lortu duen eskabidea finantzatzeko portzentajea proposatuko du (obraren aurrekontuaren %65 gainditu gabe betiere), eta gainerako eskabideei dirulaguntza emanen die, haiek lortutako puntuazioaren arabera dagokien zuzeneko portzentajean, eta dirulaguntzen zenbateko osoak horretarako baimendutako aurrekontua gainditu gabe.

9.7. 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideei ez zaie dirurik emanen.

10._Ebazpena

10.1. Ebaluazio Batzordeak eskabide aurkeztuak aztertu eta irizpena emanen du, hilabeteko epean, ebazpena emateko behar diren agiri guztiak hartzen direnetik hasita. Gero, organo instruktoreak bere proposamen arrazoitua Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariari igorriko dio, foru agindu baten bidez ebatz dezan.

10.2. Deialdi honen xede diren dirulaguntzen banaketa jakinarazi ondoren, toki entitateak 15 eguneko epea izanen du dirulaguntza hori jasotzeko baldintzak onartzen dituela jakinarazteko.

10.3. Onetsitako dirulaguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren webgunean jarriko dira jendaurrean, honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11._Dirulaguntza ordaintzeko modua

11.1. Laguntzen diru zenbatekoa erdietsitako puntuazioaren arabera ezarriko da, deialdi honen 9. arauak xedatzen duen moduan.

11.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat, dirulaguntza ordainketa bakar batean emanen da, toki entitateak altzariak edo ekipamendua erosi, instalatu eta ordaindu eta egindako gastuei buruzko frogagiriak Liburutegi Zerbitzuan aurkeztu ondoren, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuari jarraikiz.

11.3. Erosketaren frogagiriak aurkezteko azken eguna 2007ko azaroaren 30a izanen da.

11.4. Dirulaguntza Liburutegi Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren pagatuko da, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

12._Onuradunaren betebeharrak.

12.1. 11.2. arauan aipatzen diren dokumentuak aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da dirulaguntza ordaintzeko.

12.2. Liburutegiko instalazioen handitzeari eta hobekuntzari buruzko informazioa edo publizitatea eginez gero, Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatuko da.

13._Gorabeherak eta eginbeharrak ez betetzea

13.1. Memoria teknikoa aldatzeko, aldez aurretik Liburutegi Zerbitzuko zuzendaritzak adostasun txosten idatzia eman beharko du.

13.2. Arau hauetan edo lehenengo arauan aipatzen den arautegian aurreikusiriko eginbeharretakoren bat betetzen ez bada, edo emaniko datuak faltsuak badira, Administrazioak ahalmena izanen du laguntza kentzeko eta, kasua bada, harturiko dirua itzul dadila eskatzeko.

14._Arau-hausteak eta zehapenak

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko IV. titulua hartuko da aintzat.

14.2. Orobat, dirulaguntza itzuli egin beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiak hala erabakitzen duenean, hartarako ebazpena emanda, atzematen bada behin eta berriz ez direla betetzen organo kudeatzaileak dirulaguntzaren helburu kulturalak betetzen laguntzeko asmoz emandako jarraibideak.

14.3. Zehapen prozedura dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 46. artikuluan aipatutakoa izanen da.

15._Errekurtsoak

Deialdi honen, arauen eta arauak betearazteko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F0702396