39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UTERGA

Lehen aldiz erabiltzeko lizentzien ordenantza. Behin betiko onespena

2006ko azaroaren 16ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkiak paratu ondotik Udaleko iragarki oholean eta, urtarrilaren 8an, 2007ko 4. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunean. Epe hori erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, behin betikoz onetsirik gelditu da. Hona hemen testu osoa:

UTERGAKO ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, helburua eta aplikazio eremua

1._Xedea.

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2._Eraikinak.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, eraikintzat hartzen dira ondoko obrak, hirigintzako lizentzia baten babesean eginak:

a) Etxe berriak, salbu eta eraikuntza tikiak, oin bakarrekoak, eraikuntzaren nola teknikaren aldetik munta gutxikoak, etxebizitzarako edo erabilpen publikorako ez direnak.

b) Dauden eraikinen egiturak handitu, zaharberritu nola berritzetik sortzen direnak.

c) Dauden eraikinen erabilera berariazkoak aldatzea.

d) Etxebizitza berriak sortzea edo daudenetan banaketa nabarmen aldatzea.

3._Xedea.

3. artikulua. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Altxatutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, berriro jarri dituela ziurtatzea.

II. KAPITULUA

Baimenen araubidea.

4._Eskaera.

4. artikulua. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztuko dute, Utergako Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo, hala bada, ordezkatzen duenaren izen-abizenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da zehatz-mehatz, argi eta garbi.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

5. artikulua. Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Aginduzko obra lizentziaren fotokopia.

b) Obrak eta, hala bada, urbanizazioa, onetsitako proiektu teknikoaren eta obren lizentziaren arabera burutu direla dioen ziurtagiria, teknikari eskudunak egina, zeinetan adierazi beharko baita higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela.

c) Obra bukaerako aurrekontua eta planoak, hasierako proiektuan aldaketak egin badira.

d) Hirilurren gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

6._Lizentzia emateko organo eskuduna.

6. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateari dagokio.

7._Tramitazioa.

7. artikulua. Interesatuak eskaturik prozedura hasi ondotik espedientea ofizioz eramanen da aurrera bere eginbide guztietan, eta beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatuko dira prozedura honi jarraituz ebazteko:

a) Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta emandako hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta gelditu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua lehengoratu diren; baldintzak betetzen dituen, segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren aldetik; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

b) Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

8._Ebazpena.

8. artikulua. 1. Alkateak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaion egunetik hasita.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenerako arrazoitzat hartuko dira, ebazpenaren testuari gehitu edo eransten zaizkionean.

9._Isilbidea.

9. artikulua. Ebazpenerako epea agortzen bada alkateak ebazpenik eman gabe, eskaera baietsitzat hartuko da, administrazioren isilbide positiboa dela-eta, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 42 eta 43. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

10._Eraikinaren titularren eta argindarra, ura eta gasa banatzen dituzten enpresen betebeharrak.

10. artikulua. 1. Eraikinaren titularrek debeku dute eraikina okupatzea lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aitzin.

2. Eraikinaren zati bat besterentzean edo osorik besterentzean, hartzaileei modu fede-emailean adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

3. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

4. Hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoan, obretarako ur-hornidura geldituko da zerbitzu publikoaren enpresa hornitzaile titularraren esku, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen bitartean bakarrik.

5. Lizentzian obrak burutzeko eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei, eta interesatuei hamar egun lehenago gaztigatuko.

6. Debekatua dago obretarako emandako ur-hornidura bertzelako jardueretan erabiltzea, etxean, batez ere.

7. Uraren enpresa hornitzaileak ez ditu urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

8. Orobat, lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinetan etxean erabiltzeko gasaz eta telefonoaz hornitzen duten enpresek zerbitzu egiten ahalko diete lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duten eraikinei.

III. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

11._Arau-hausteak eta zehapenak.

11. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen 189. artikuluak eta ondokoek Lege beraren 199, 209 eta ondoko artikuluei dagokienez xedatutakoarekin bat.

a) Aitzineko lerroaldean aipatu arau-hausteagatik zehapena 300dik 6.000 euro bitarteko isuna izanen da, zehapen espedientearen instrukzioan eta ebazpenean egiten den tipifikazioaren ariora Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen 211.11 artikuluarekin bat heldu bada.

b) Irekitako espedienteari jarraituz jarduera hori ez bada legeztatzen ahal, haren tipifikazioa arau-hauste larria izanen da, Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen 212.13 artikuluan xedatzen denaren ariora, eta haren zehapena 6.000dik 60.000 euro bitarteko isuna izanen da, lege beraren 215. artikuluan xedatzen denari jarraituz.

12._Ordena juridiko urratua zuzentzea.

12. artikulua. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

13._Erantzuleak.

13. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

14._Zehapenak ezartzeko organo eskuduna eta ahalmena.

14. artikulua. 1. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.K) artikuluak xedatuarekin bat.

2. Zehapen ahalmena erabiltzeko, apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 72. artikulutik 78.eraino ezarritako prozedurari jarraituko zaio, eta bertzenaz aplikatuko da Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren gainean abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendua.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

15._Ordezko araubidea.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona indarra duten aginduak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko utailaren 2ko 6/1990 Legea; AHerri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENA

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 65.2 artikulua aplikatuz, ordenantza honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat behin betikoz onetsi onetsitakoan, indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen ditu, testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan hamabortz egun baliodun iraganda.

Ordenantzak berariaz aldatu, berrikusi edo indargabetu arte izanen du indarra.

Utergan, 2007ko otsailaren 21ean._Alkate udalburua, Pedro María Nagore Lanas.

Iragarkiaren kodea: L0703353