39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OTEITZA

Udal hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2006ko azaroaren 20an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia 2006ko 151. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 18an, eta jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluei eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29. artikuluei jarraikiz, Oteitzako Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, bestelako administrazioek honen gainean dauzkaten legezko eskumenak ukatu gabe.

Ordenantza honetan arautzen diren tasak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5.p) artikuluaren arabera ezarri dira.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dituzte ondorio:

_Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

_Hilotzak eramateari eta barne araubideari dagokien guztia.

_Hilobien antolaketa, banaketa, erabilpena eta aprobetxamendua.

_Eskubideak eta kuotak eskuratzea.

3. artikulua. Alkatetzak bere ardura izanen du hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, horretarako behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira kopuru egokian, udalerriko biztanleen erroldaren arabera.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura kontratatu ahalko ditu. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

Ateratzen diren gorpuzkinak ezin izanen dira hezurtegira eraman.

Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak ateratzen ahal dira lurperatu zirenetik guttienez ere zortzi urte iraganda eta arrunt hezurturik baldin badaude.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

7. artikulua. Ehorzketak lurrean eginen dira; debeku izanen da erabat ehorzlekuak eraikitzea edo paratzea. Hilarriek Udalak ezarritako ezaugarriak izanen dituzte.

Udalak sualo bat atonduko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak lurperatzeko, eta horietan debeku izanen da zernahi gurutze edo bertzelako elementu paratzea. Zilegi izanen da marmolezko plaka bat jartzea, baina betiere 30x15 neurrikoa.

8. artikulua. Bertze hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur gehiagorik okupatuko. Gutienez ere 10 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira edo errauts-kutxategira eramanen dira.

Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

9. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Norbanakoek betetzen ez badute hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharra, eta utzikeria dagoela ohartuz gero, Udalak errekerimendu eginen dio titularrari behar diren obrak egiten hasteko 30 egun naturaleko epean, eta haiek gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatzeko; bertzenaz, eta hark egiten ez badu Udalak eginen ditu eta kostua betebeharra dutenari pasatuko dio.

10. artikulua. Hilobian paratzen diren gurutzeak edo hilarriak harrizkoak izanen dira, "Tafalla" / floresta motakoak, eta ordenantza honen eranskinean azaltzen diren ereduen araberakoak nahitaez.

11. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungitzen ahalko dira:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

12. artikulua. Ehorzketa eskubidearen lagapenak ez du salmentarik sortzen. Familiak uzten duen hilobi, panteoi edota errauts-kutxategi oro Udalaren jabari osora itzuliko da.

13. artikulua. Errauts-kutxategien kontzesioak hilotz erraustuen kutxetarako izanen dira, edota gorpuzkien ontzietarako, betiere haiek hobitik atera badira hil eta guttienez ere 8 urte iragandakoan.

Errauts-kutxategien kontzesioa edo hura berritzea eskatzen ahalko dute hildakoarekiko nahiz haren ezkontidearekiko odolkidetasunezko lehen mailako ahaidetasuna dutenek.

Errauts-kutxategien erabilera Udalak emanen du, eskabideen ordenari jarraikiz.

Errauts-kutxategien kontzesioa 10 urtetarako izanen da, lurperatzen den egunetik aitzina, eta hura berritzen ahalko da soilik bertze 10 urtetarako.

Errauts-kutxategietan hilotz erraustuen kutxak ehorz daitezke, edota gorpuzkien ontziak, betiere Udalak horretarako baimena ematen badu eta tokia nahikoa bada. Errauts-kutxategietan bigarren edo hurrengo ehorzketak egiteko tasa eranskineko 2 b) eta 3. puntuetan ezartzen dena izanen da, betiere lehen aldiz ehorzketa egin zenetik igarotako urteen kopuruaren arabera murriztua.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak emateagatik

14. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

1._Ehorzketak.

2._Hobitik ateratzea.

15. artikulua. Tasa hauetako subjektu pasiboak dira pertsona fisiko edo juridikoak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizia eratzen badute eta ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen badute.

16. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

17. artikulua. Aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak aldez aurretik ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek egun baliogabea dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

18. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, zehazki, indarra duen ordenantza fiskal orokorrean ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Bigarrena._Ordenantza honetan agintzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, ordenantza fiskal orokorra eta Hilotzen gaineko Osasunari buruzko erregelamendua aplikatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Indarrik gabe gelditzen dira eta, beraz, balio eta eraginik gabe, ordenantza honen aurkakoak diren edo hori galarazten duten udal mailako xedapen guztiak.

ERANSKINA

1._Hilotzen ehorzketa: erroldatuak: 50 euro.

Erroldatu gabeak: 500 euro.

2._Errautsen ehorzketa: a) Lurpean: erroldatuak: 0 euro.

Erroldatu gabeak: 100 euro.

b) Errauts-kutxategian: erroldatuak: 50 euro.

Erroldatu gabeak: 600 euro.

3._Gorpuzkien ehorzketak errauts-kutxategietan: erroldatuak: 200 euro.

Erroldatu gabeak: 600 euro.

4._Hobitik ateratzea: zerbitzuaren kostua.

5._Errauts-kutxategiaren kontzesioa berritzea: aplikatzen ahal den urteko tasaren %35.

Erroldatu gabeak badira eta horren arrazoia eritasuna edo zainketa lana egin beharra bada, tasaren ondorioetarako erroldatutzat hartuko dira.

Errauts-kutxategietako ehorzketa bada, Udalak eskainitako kanpoko plakaren kostua ere ordaindu beharko da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Oteitzan, 2007ko otsailaren 21ean._Alkatea, Angel Martínez López.

Iragarkiaren kodea: L0703219