39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

243/2007 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana. Haren bidez onesten da 2007. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetarako.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak txosten bat eman du eta bertan adierazi komeni dela argitaratzea Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetan, 2007. urtean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia.

Hezkuntzaren garapenak hezkuntza jardueraren alderdi garrantzitsu hori kontuan hartzea eskatzen du, osagarria baita curriculum proiektuko eskola-ekintzetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2007. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetarako.

2. Zenbatekoa, guztira 77.900 euro, "Eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea ikastetxe pribatuetan" izeneko 410004-41150-4811-322D00 kontusailaren kargura ordaintzea.

3. Deialdia eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Hezkuntza Berriztapenaren eta Curriculum Garapenaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Aurrekontu eta Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 14an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatuetan 2007. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdia

Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe pribatuetan 2007. urtean eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak antolatzeko laguntzetarako dei egiten da.

Hezkuntza prozesu integralean garrantzi berezia ematen zaie ikastetxeetan bultzatu eta antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerei eta jarduera osagarriei, curriculum proiektu berean eskola-ekintzak osatzen baitituzte.

Prozesu honetan lagungarri eta bultzagarri, Hezkuntza Departamentuak Foru Komunitateko ikastetxe pribatuetan eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak 2007. urtean egiteko laguntzen deialdia jendaurrera atera du, honako arau hauekin:

ARAUAK

1. Deialdi honetan parte hartu ahalko dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak legez baimenduak dituen eta diru publikoa jasotzen duten Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuek.

Deialdi honen xedea da curriculum proiektu batean eskola-ekintzak osatzen laguntzea, hezkuntzaren garapenari begira, eta horretan sartzen dira eskola komunitateak antolatu eta ikasleek protagonizatzen dituzten jarduerak (txango didaktikoak, antzerkia, zinea, abesbatzak, musika entzunaldiak, eskola aldizkariak, kirolak, arlo didaktikoekin zerikusia duten bestelako jarduerak, etab.), eskola orduetan nahiz eskola ordutik kanpo eginak.

Deialdi honetan parte hartzeko, nahitaezkoa da 2006an hartutako laguntzak egiaztatzea, behar den moduan eta horretarako ezartzen den epean.

2. Deialdi honetan parte hartzeko eskaera egiten duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A) Eskabidea, behar bezala betea, I. eranskineko ereduaren arabera. Horretan Eskola Kontseiluko buruak egiaztatu beharko du jarduerak Eskola Kontseiluak onetsi dituela eta urteko programazio orokorraren barnean daudela.

B) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskripzioa, II. eranskineko ereduaren arabera.

C) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda- laburpena, III. eranskineko ereduaren arabera.

3. Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bestelako bideren bat erabiliz aurkezten ahalko dira.

4. Eskabideak aurkezteko epea 2006ko apirilaren 20an bukatuko da.

Epez kanpo aurkezten diren eskabideak eta eranskinak behar bezala beteak ez dituztenak, edo datu oker nahiz ez-osoekin igortzen direnak, baztertu eginen dira.

Eskabideek 2. arauko baldintzak betetzen ez badituzte, interesatuei jakinaraziko zaie eta hamar eguneko epea emanen, jakinarazi eta biharamunetik, akatsak zuzentzeko.

Eskatutako agiriak aurkezterakoan, ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan hartzeko gomendioa ematen da, adibidez, paper birziklatua eta klororik gabe zuritutakoa erabiltzea, eta bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.

5. Hezkuntza Departamentuak gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen du ebazpena deialdi honi buruz, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da eskabidea ezetsi dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 23. artikuluan xedatu bezala.

6. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak deialdi honen inguruko ebazpena emanen du, prozedurako organo instruktorea den Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak hala proposaturik.

7. Hartarako eratutako Batzorde batek aurkeztutako eskaera guztiak aztertuko ditu, eta deialdiaren 8. arauan aipatzen diren banaketa irizpideak egoki betetzen diren ala ez zainduko du. Ondoren esleipen proposamena eginen dio organo instruktoreari.

Batzorde hori ondoko hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Hezkuntza Berriztapenaren eta Curriculum Garapenaren Ataleko burua.

Batzordeko kideak:

Ikasketetarako Laguntzen Ataleko burua.

Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoko burua.

Hezkuntza Departamentuko teknikari bat.

Ikastetxeen ordezkari bat, eskaera egin duten ikastetxeetako zuzendarien artean zozketa bidez aukeratu beharrekoa.

8. Eskaera egin duen ikastetxe bakoitzari eman beharreko laguntza zehazteko, Batzordeak honako hauek hartuko ditu kontuan: onartutako eskabideen kopurua, ikastetxeko ikasle kopurua, ikasleen ezaugarri geografikoak eta sozio-ekonomikoak eta aurkeztutako proiektuen kopurua, kalitatea eta interesgarritasuna.

Horretarako, ondoko banaketa irizpideei jarraikiko zaie:

A) Esleituriko zenbateko osoaren %17 onartu diren eskabideen artean banatuko da; eskabide guztiei zenbateko bera emanen zaie.

B) Zenbateko osoaren %42 proportzionalki banatuko da, ikastetxeko ikasleen kopuruaren arabera.

C) Zenbateko osoaren %3,5 proportzionalki banatuko da, ikastetxe bakoitzean dauden familia behartsuen kopuruaren arabera. Horretarako, kontuan hartuko dira departamentu honetan dauden datuak.

D) Zenbateko osoaren %3,5, ikastetxeen arteko desberdintasun geografikoak konpentsatzeko.

E) Gelditzen den %34a, aurkeztutako eta onartutako jardueren arabera banatuko da, deialdi honetako 8. eta 9. arauetan ezarritakoari jarraikiz.

9. Aurkeztutako jarduerak baloratzerakoan, eskola komunitateak antolatu eta ikasleek protagonizatzen dituzten jarduera guztiak hartuko dira kontuan (txango didaktikoak, antzerkia, zinea, abesbatzak, musika entzunaldiak, eskola aldizkariak, kirolak, arlo didaktikoekin zerikusia duten bestelako jarduerak, etab.), eskola orduetan nahiz eskola ordutik kanpo eginak, baldin eta hurrengo atalean bazter uzten ez badira.

Lehentasuna izanen dute honako gai hauekin lotutako jarduerak: berdintasunerako eta bizikidetza baketsurako hezkuntza, ingurumen-hezkuntza, osasuna, bide hezkuntza eta kontsumo arduratsua.

10. Deialdi honetan ez dute lekurik izanen ondoko hauek:

A) Ikastetxeko urteko programazio orokorraren barrenean sartuta ez dauden eta/edo Eskola Kontseiluak onartzen ez dituen jarduerak.

B) Departamentu honen edo beste erakunde publikoren baten deialdian laguntza jaso duten jarduerak.

C) Ohiko ikastorduak gehitzea ekartzen duten jarduerak.

D) "Ikasketa bidaiak" eta egun bat baino gehiago irauten duten jarduerak, egonaldiak edo bidaiak.

E) Material inbentariagarria erostea.

F) Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak, atzerriko hizkuntzei lotuak badira, Departamentu honek horretarako deialdi berariazkoa egiten duelako.

11. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du deialdi honen ebazpena eta bertan adieraziko du zer ikastetxe diren laguntza hauen onuradunak, zenbana ordainduko zaien eta zer ikastetxe baztertu diren, halakorik bada, eta zergatik.

12. Ikastetxe bakoitzari eman zaion dirua epe bakar batean ordainduko da, esleitzen duen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren. Ordainketa hori aurrerakin moduan eginen da, eta onartutako betebeharrei erantzuteko dauden funtsen eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimenaren menpe egonen da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13. Dirulaguntza hauen onuradunek 2007ko abenduaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko dituzte egindako gastuak frogatzen dituzten jatorrizko agiri edo fakturak, eta horietan zehazten den zenbatekoa ez da dirulaguntzarena baino txikiagoa izanen. Halaber, dirua zer jardueratan erabili den adieraziko da.

14. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako argibide osagarriak eskatu eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

15. Arau hauek hautsiz gero, emandako laguntza bertan behera geldituko da eta harturiko dirua itzuli beharko da, eta hurrengo deialdian parte hartzeko eskubidea galtzea ekar lezake, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa galarazi gabe.

16. Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu, jendaurrean paratu edo jakinarazten denetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntza eskabidea. Ikastetxe pribatuak. 2007. urtea

Ikastetxea

Helbidea

Herria

Telefonoa ........................................................... P.K.

I.F.K.

Ikasturte honetako ikasle taldeen kopurua

Ikasturte honetako ikasleen kopurua

Ematen diren hezkuntza mailak

Goian aipatu datuak dituen ikastetxe honek eskatzen du 2007an ikastetxe pribatuetan eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ematen dituen laguntzen deialdian parte hartzea.

Ikastetxeak bere erantzukizunpean aitortzen du ez duela debekaturik dirulaguntzen onuradun izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren arabera.

Ikastetxeko Eskola Kontseiluak, eta bere izenean kontseiluburu denak, egiaztatzen du jarduera hauek kontseilukideen gehiengoaren onespena jaso dutela eta ikastetxearen urteko programazio orokorraren barrenean sarturik daudela.

..................., ........ 2007ko ...............aren .............(a).

Eskolako kontseiluburua

(Sinadura eta zigilua)

II. ERANSKINA

Jarduera edo bidaien azalpen-txostena

Jarduera/bidaia

Zein mailatarako den

Ikasle kopurua

Lortu nahi diren helburuak

Noiz egin

Joan-etorrian zenbat kilometro

Arduradunaren izena

Gastuen aurrekontua:

1._...................................................... Zenbatekoa

2._...................................................... Zenbatekoa

3._...................................................... Zenbatekoa

Guztira

Oharrak

(Oharra: bete ezazue bat jarduera edo bidaia bakoitzeko)

III. ERANSKINA

Eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiteko laguntzen deialdian aurkeztutako jarduera eta bidaien zerrenda laburtua. Ikastetxe pribatuak. 2007. urtea

1._....................................................... Zenbatekoa

2._....................................................... Zenbatekoa

3._....................................................... Zenbatekoa

4._....................................................... Zenbatekoa

5._....................................................... Zenbatekoa

6._....................................................... Zenbatekoa

7._....................................................... Zenbatekoa

8._....................................................... Zenbatekoa

9._....................................................... Zenbatekoa

10._...................................................... Zenbatekoa

11._...................................................... Zenbatekoa

12._...................................................... Zenbatekoa

13._...................................................... Zenbatekoa

14._...................................................... Zenbatekoa

15._...................................................... Zenbatekoa

Guztira

....................(e)n, 2007ko ...................aren ..........(a).

Eskolako kontseiluburua

(Sinadura eta zigilua)

Iragarkiaren kodea: F0704692