39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

11/2007 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako 2007ko jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deia egiten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako 2007ko jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia onetsi eta argitara dadin.

Kontuan harturik Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoa.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako 2006ko jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia onestea. Deialdia ebazpen honen eranskin bakarrean ageri da.

2. Laguntza hauen finantzazioa, 75.000 euro gehienez, Hezkuntza Departamentuko gastuen aurrekontu indarduneko ondoko kontusailaren kargura eginen da: "Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako programak" izeneko 430000-43000-4812-322300 kontusaila.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako eta Unibertsitate Zabalpenerako errektoreordeari, Nafarroako Unibertsitateko Unibertsitate Hedapenaren errektoreordeari, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuetako zuzendariei, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzura, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Unibertsitateko Hedapen Atalera, Administrazio Orokorreko Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2007ko otsailaren 1ean._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

ERANSKINA

Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako 2007ko jarduerak finantzatzeko laguntzetarako deialdia

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako unibertsitateen unibertsitate hedapenerako jarduerak garatzen laguntzeko asmoz, deialdi hau egin du, guztira gehienez ere 75.000 euroko aurrekontua duena. Honako hauek dira

ARAUAK

1._Xedea

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako unibertsitateek unibertsitate komunitatearen beraren eta nafar gizartearen onerako sustatzen dituzten unibertsitate hedapenerako jarduerak garatzen laguntzea.

1.2. Ondorio hauetarako, unibertsitate hedapenerako jardueratzat ondoko hauek hartuko dira:

a) Unibertsitate jarduera akademikoa, bai irakaskuntzakoa, bai ikerkuntzakoa, osatu nahi duten jarduerak.

b) Irakasleen eta ikasleen hobekuntza zientifikora, ikasleen jarduetara eta herritarren heziketa jarraira zuzendutako jarduerak.

c) Ikasleen elkarteek, Unibertsitateko katedrek eta fundazioek, unibertsitateko ikasle egoitzek eta ikastetxe nagusiek, fakultateek eta departamentuek edo institutuek eta ikastetxeek antolatzen dituztenak. Jarduerak mota askotakoak izan daitezke, hots: kultur eta gizarte jarduerak, nazio edo nazioarteko testuinguruei edo harremanei dagozkienak, enplegua sustatzekoak edo horren inguruko berriak ematekoak, kirol arlokoak, liburutegiei edo hizkuntzei buruzkoak, heziketa jarraiko foro eta jarduerak, gaurkotze eta hobekuntza ikastaroak, topaketa zientifikoak, kultur eta ikerketa topaketak, mintegiak, hitzaldiak, kongresuak, eta abar.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak

Deialdi honen onuradunak ondoko hauek izan daitezke: Nafarroako unibertsitateak, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuak.

3._Eskabideen aurkezpena

3.1. Jarduera finantzatzen laguntzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkez daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan eta lege hori aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean ezarritakoa galarazi gabe.

3.2. 2007. urtean zehar egin diren edo egin behar diren unibertsitate hedapenerako jarduerak kofinantzatzeko eskaerak aurkezten ahalko dira.

3.3. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea 2007ko maiatzaren 15ean bukatuko da.

3.4. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Entitate eskatzailearen izena, helbidea, telefonoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, adierazirik halaber harremanetarako pertsonaren datuak, alegia, eskaeraren xede den unibertsitate hedapeneko jarduera antolatu, koordinatu edo zuzentzen duen arduradunarenak.

b) Memoria, ondoko hau bilduko duena: egin diren edo egiteko dauden jarduerak, jarduera garatzeko programa, hizlariak eta parte hartzaileak, eta, hala badagokio, interesgarritzat jotzen diren bestelako eranskinak. Memoria jardueraren arduradunak sinatu beharko du eta kasuan kasuko Unibertsitate Hedapenaren errektoreordearen edo UHUNeko zentro elkartuko zuzendariaren oniritzia izanen du edo, halakorik ezean, eskaera egiten duen unibertsitateko saileko edo entitateko zuzendariarena.

c) Jarduerak duen kostuaren aurrekontu ekonomiko zehatza, finantzatu nahi den defizita argi eta garbi azalduta, d) eta e) ataletan adierazitakoa ere kontuan harturik.

d) Nafarroako Gobernuari zein jardueratarako eskatzen zaion laguntza, hura finantzatzeko entitateak dituen laguntzen edo dirulaguntzen berri ematen duen aitorpena. Horrelakorik ezean, inongo laguntzarik jasotzen ez duela adierazten duen aitorpena.

e) Matrikula dela-eta lortu asmo diren dirusarrerei buruzko aitorpena, bai eta diruz lagundutako jarduerak sortzen ahal dituen beste edozein diru etekinari buruzkoa ere.

3.5. Dirulaguntzaren eskabidea oso-osorik beteta ez badago, eskatzaileari akats edo hutsunea zuzentzeko eskatzen ahalko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 eguneko epea emanen zaio horren berri jakinarazi eta ondoko egunetik hasita.

3.6. Eskabidea Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira igorri behar da. Bertan "Unibertsitate Hedapenerako 2007ko jarduerak finantzatzeko laguntzen deialdia" adieraziko da.

4._Laguntzak.

4.1. Unibertsitate hedapenerako jarduerak finantzatzeko laguntza hauek urte baterako dira eta 2007ko ekitaldi ekonomikoaren barruan egiten diren jardueretarako ematen dira.

4.2. Dirulaguntzak 6.000 eurora artekoak izan daitezke jarduera bakoitzeko, aurkeztutako aurrekontuaren, haren interesaren balorazioaren eta aurkeztutako eskabide kopuruaren arabera.

4.3. Laguntza hauek eman litezkeen beste batzuekin bateragarriak izanen dira, betiere laguntza guztien baturak ez badu gainditzen jardueraren benetako kostua, diru laguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz.

5._Balorazioa.

5.1. Batzorde batek aztertuko ditu egindako eskaerak eta horiek ebatzi behar dituen organoari igorriko dio bere proposamena 2007ko ekainaren 30a baino lehen. Hauexek izanen dira batzorde horretako kideak: batzordeburua, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, eta kideak Goi Mailako Irakaskuntzaren atalburua, eta Unibertsitate Hedapenerako atalburua, idazkari arituko dena.

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

5.2. Batzordeak ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan proiektuak baloratzean:

a) Aurkeztutako jardueren proiektuen kalitate zientifikoa eta pedagogikoa, 50 puntu bitarte.

b) Gure erkidegoko, Espainiako nahiz atzerriko unibertsitate-komunitatearendako izan dezakeen oihartzuna eta "ezagupenaren gizarteari" egiten dion ekarpena, 20 puntu bitarte.

c) Jarduera berriak edo aurreko deialdian laguntzarik jaso ez zutenak, 30 puntu bitarte.

6._Adjudikazioa

6.1. Laguntzak Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren ebazpen bitartez adjudikatuko dira eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da adjudikazio hori, behar diren ondorioak izan ditzan.

6.2. Jarduera bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa ez da inolaz ere 6.000 eurotik gorakoa izanen.

6.3. Gastuei dagozkien jatorrizko frogagiriak aurkeztuta, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuaren adostasun txostena emanez gero, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak laguntzen zenbatekoa ordainduko du. Jatorrizko frogagiriak (edo ezin denean unibertsitate eskatzailean horretarako eskumena duen bulegoak konpultsaturiko fotokopiak) 2006. urtekoak izanen dira, eta behar bezala beteak egon behar dute, fakturak egiteko modua arautzen duen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

6.4. Halaber, emandako dirulaguntzaren parera iritsi beharko dute ordaindutakoaren justifikazioek, gutxienez.

6.5. Eman eta justifikatutako laguntzak banan-banan eta jarduera bakoitzeko ordainduko zaizkio kasuan kasuko unibertsitateari.

6.6. Egiaztagiriak aurkezteko azken eguna 2007ko irailaren 30a izanen da, deialdiaren ebazpenaren egunean bukaturik dauden jardueretarako, eta abenduaren 20a, egun horren ondoren egindakoetarako.

Epe horiek bete ezean, galdu eginen da emandako dirulaguntza.

7._Betebeharrak

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

7.1. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak laguntza eskatu duen entitatearen datuak eta haren jarduera edozein momentutan egiaztatzeko lanak onartzea.

7.2. Administrazioaren esku jartzea jardueren behin betiko programa, suertatu diren gorabeherekin edo aldaketekin eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko kreditatutako teknikariei jardueran parte hartzea erraztea.

7.3. Akten, memoriaren edo dirulaguntzaren xede den jarduerarekin zerikusia duen edozein agiriren argitalpenean edo publizitatean Nafarroako Gobernuaren ekarpena adieraziko da.

7.4. Hala behar izanez gero, unibertsitateko entitatea eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia ados jarrita, Nafarroako Gobernuak jardueran izanen duen parte-hartze instituzionalaren formatua zehaztuko da.

7.5. Entitate onuradunak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio jarduera berbera finantzatzeko beste organismo publiko nahiz pribatuen dirulaguntzak edo laguntzak jaso ote dituen. Kanpoko laguntza Nafarroako Gobernuarena jaso ondoren ematen badiote, orduan ere jakinarazi beharko dio.

8._Gorabeherak eta eginbeharrak ez betetzea.

8.1. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako unibertsitate hedapenerako jardueraren planifikazioan, programan edo aurrekontuan edozein aldaketa egiteko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna behar da.

Dena den, proposatzen den aldaketak ezin izanen du onetsitako proiektu edo jarduera aldatu, baldin eta, Ebaluazio Batzordearen arabera, haren funtsa galtzen bada. Horretarako, Ebaluazio Batzordeak txostena aurkeztu ondoren, baimendutako aldaketen ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa ere aldatzen ahalko da.

8.2. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada edo ekarritako datuak faltsuak badira, Administrazioak ahalmena izanen du onuradunari laguntza kentzeko eta jaso duen dirua itzul dezala agintzeko.

8.3. Beste entitate batzuetatik ere dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza aldatzen ahalko da, laguntza guztien baturak dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua gainditzen badu.

9._Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

10._Errekurtsoak

Deialdi honen, bere oinarrien edo aplikazio-ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman edo jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0702325