39. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

55/2007 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, abenduaren 22ko 294/2006 Foru Agindua indargabetu eta irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako dirulaguntzak emateko 2007. urteko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak, bere jarduketa esparruen barruan, baztertuak egoteagatik gizarteratu behar diren pertsonak eta taldeak aipatzen ditu, helburu hori lortzeko berariazko jarduketak bultzatu daitezela agintzen baitu.

Urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuak, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzen dituenak, bere III. eta IV. kapituluetan gizarte integrazioko etxebizitzen araubidea eta etxebizitza babestuak eta gizarte integraziokoak sustatzeko laguntza ekonomiko orokorrak arautzen ditu.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri eta argitaratu beharko ditu. Horrela eskuratzen ahalko dituzte laguntza horiek bai jarduerak egiten dituztenek eta bai deialdiaren xede den egoeran daudenek.

Deialdi honen helburua da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funtzionamenduko gastuetarako dirulaguntzak emateko arauak ezartzea.

Deialdi honek bide ematen die entitate interesatu guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du dirulaguntza irizpide objektiboei jarraituz emanen dela. Dirulaguntzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren orotariko esparruan ezartzen dituen jarraibideekin bat lehenetsiko dira, Nafarroako Parlamentuak 1999ko otsailean onetsi zuen Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren edukiaren arabera.

Deialdi hori onesten zuen abenduaren 22ko 294/2006 Foru Aginduan akats batzuk zeuden, hala nola, kontu-hartzailetzaren fiskalizaziorik eza eta Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimenik eza deialdiko banakako ebaluazioko araubidea tramitzatzeko. Hori dela eta, indargabetu behar da.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak abenduak 22an eman 294/2006 Foru Agindua indargabetzea, irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integraziorako Etxebizitzen Programaren funtzionamendu gastuetarako dirulaguntzak emateko 2007. urteko deialdia onesten duena.

2. Irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako dirulaguntzen 2007. urteko deialdia onestea. Arauak foru agindu honen eranskinean daude.

3. Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako 170.000,00 euroko gastua baimentzea "Gizarte integrazioko etxebizitzetarako dirulaguntzak" izeneko 924002 93320 4819 231604 kontusailaren kargura edo horretarako gaitzen den antzeko kontusail baten kargura, hori guztia aurrekontu-kreditua izatearen baldintzapean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen Zuzendariordetzari, Gizartean Txertatzeko Atalari eta Ekonomia eta Administrazio Atalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 21ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Gizarteratzearen arloan ari diren irabazi asmorik gabeko entitateei 2007an dirulaguntzak emateko deialdiko arauak

1. Xedea.

Deialdi honek xedea du 2007. urtean irabazi asmorik gabeko entitateei Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako dirulaguntzak emateko araubidea paratzea.

Dirulaguntza horien bidez aipatutako entitateen gastuak, Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programarako langileen eta funzionamenduarenak finantzatuko dira.

2. Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programa garatzea.

3. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzte baldintza hauek betetzen dituzten entitateek:

a) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

d) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak izatea.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

f) Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren laguntzaile gisa kalifikatuak izatea eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarekin lankidetza hitzarmena sinatua izatea 2007ko programarako.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

4. Eskabideen aurkezpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko tokia.

Entitate interesatuek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Ereduai Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan (González Tablas kalean, zk.g.) eta erakunde beraren www.cfnavarra.es/inbs webgunean eskuratzen ahalko da.

Eskabidea entitate interesatuaren legezko ordezkariak sinaturik aurkeztu beharko da. Aurkezpen hori egin beharko da eskatzen diren lankidetza hitzarmenak sinatu ondoren eta 2007ko ekitaldiaren barnean.

Eskabideak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko erregistroan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38.4 artikuluan ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesatuak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak horretarako ereduaren arabera prestatuko dira eta entitatearen ordezkariak behar bezala izenpetuko ditu. Haiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan daukala edo bestela ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala frogatzen duen agiria.

c) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatea Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Entitate, Zerbitzu eta Zentroen Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

e) Identifikazio fiskaleko txartela.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Funtsen aurretiazko horniduraren eskaera.

h) Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo honek badauzkan datuak badira, a), b), c), d), e) eta h)letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko.

Entitate interesatuak interesagarritzat jotzen dituen agiriekin osatzen ahalko du eskabidea, horretarako prestaturiko eredu normalizatuan ezarririkoarekin bat aurkezturik.

4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Organo instruktoreak, eskaerak betebeharrak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.

5. Prozedura antolatu, izapidatu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta izapidatzeko eginkizunak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gizartean Txertatzeko Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak du.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoaren ebaluazioa eta esleipena

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez izapidatuko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

6.1. Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programaren funzionamenduko gastuetarako dirulaguntzak emanen dira, 170.000 euro, "Gizarte integrazioko etxebizitzetarako dirulaguntzak" izeneko 924002 93320 4819 231604 kontusailaren kargura.

6.2. Ebaluazioa egiteko irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate bakoitzerako diru kopuru bat ezarri da, lau jarduketa modalitateetan kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren arabera.

a.1.) Aurreikusiriko etxebizitzak erosteko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eta gizarte ekimeneko entitateek 2007rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera:

60 ordu hitzarmenean ezartzen den etxebizitzako.

a.2.) Entitatearen kudeaketaren bidez hiru urte honetan etxebizitza erosi duten familiei laguntzeko jarduketak:

Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:

2004. urtea: 10 ordu etxebizitza bakoitzeko

2005. urtea: 14 ordu etxebizitza bakoitzeko

2006. urtea: 18 ordu etxebizitza bakoitzeko

a.3) Alokairuko etxebizitzetan bizi diren familiei laguntzeko jarduketak, haien titulartasuna entitatearena bada:

Urteko eta etxebizitzako ordu hauek ezartzen dira:

2004. urtea: 20 ordu etxebizitza bakoitzeko

2005. urtea: 28 ordu etxebizitza bakoitzeko

2006. urtea: 36 ordu etxebizitza bakoitzeko

a.4.) Aurreikusiriko etxebizitzak zaharberritzeko jarduketak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak eta gizarte ekimeneko entitateek 2007rako izenpeturiko lankidetza hitzarmenean xedaturikoaren arabera.

5 ordu hitzarmenean ezartzen den etxebizitza bakoitza zaharberritzeko.

2007an, 22,49 euro emanen dira orduko gehi Nafarroan 2006an KPIak igo duena.

b) Aurreko idatz-zatiko etxe bakoitzerako 60 euroko dirulaguntza ezartzen da, entitatearen funtzionamendu gastuetarako. Kontzeptu horretatik kanpo geldituko dira zaharberritzeko utzi diren etxebizitzak.

6.3. Entitate bakoitzerako dirulaguntza kalkulatzeko aurreko irizpideak aplikatuko dira, programa kudeatzen diharduten profesionalen orduen zenbatekoaren eta funtzionamenduko gastuen arabera.

7. Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskabideak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, zk.g.) argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, programa, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpen espresuaren edo isilbidezkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

8. Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza hiru zatitan pagatuko da. Bi lehenetan %40na pagatuko da eta hirugarrenean %20. Lehena dirulaguntza emateko ebazpena sinatu baino lehen pagatuko da. Bigarrrena hurrengo idatz-zatian adierazi bezala aurrekoa justifikatu ondoren pagatuko da. Hirugarren ordainketa justifikazio teknikoa ikusi ondoren ordainduko da.

Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku-abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.

Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren aurrerakinek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitate onuradunak aurretiaz eskatuko ditu dirulaguntzaren helburuak betetzeko behar diren funtsak.

b) Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, dirulaguntza Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat pagatuko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.

9. Dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa eta teknikoa

a) Justifikazio ekonomikoa: Dirulaguntzaren xede den proiektuari aplikaturiko gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta pagatzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko instrukzio organoak Gizarte Integrazioko Etxebizitzen programan aurreikusitako jarduerak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

b) Justifikazio teknikoa:

b.1) Etxebizitzaren erosketa: dirulaguntzaren %100 justifikatutzat joko da kasu hauetan:

_Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan kasuan kasuko entitaterako hitzarmenean finkaturiko etxebizitza bezainbat adostasun espediente daudenean.

_Entitateak hitzarmenean sinatutako jarduketen %75 erosi duenean. Salerosketa kontratuak edo erosketaren eskritura publikoa edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bisatua aurkeztuz kreditatuko da.

b.2) Azken hiru urteko jarduketen jarraipenak: dirulaguntzaren %100 justifikatutzat joko da entitateak azken hiru urtean erositako etxebizitza bakoitzaren jarraipen txostena aurkezten duenean.

b.3) Etxebizitzen zaharberritzea: dirulaguntzaren %100 justifikatutzat joko da Entitateak justifikatzen duenean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan lankidetza hitzarmenan sinatutako jarduketen %75 behintzat aurkeztu duela.

Justifikazio teknikoa horrela ez egitera, emandako dirulaguntza aurkeztu den dokumentazioaren proportzioan egokituko da.

Justifikazio teknikoa Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu beharko da 2007ko abenduaren 31 baino lehen, dirulaguntzaren hirugarren zatia ordaindu ahal izateko.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean, bukatze datatik hasita, entitateak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztu beharko du proiektua gauzatu dela justifikatzeko dagoen dokumentazioa, teknikoa eta ekonomikoa.

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Dirulaguntza ematerakoan arauetarako aurkeztutako proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarrien, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko.

b) Arau hauetan aipatzen diren agiri justifikatiboak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan dirulaguntzaren jatorria adieraztea. Hedatze idatzia edo grafikoa egiten baldin bada administrazio emailearen logotipoa paratu behar da, dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berdinetan. Aipatu beharko da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak parte hartu duela finantzaketan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

f) Dirulaguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen dirulaguntzaren xede diren proiektu bakoitzaren betetze-mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko bulego nagusietan eta lehen aipatu den webgunean izanen dira entitate interesatuen eskura.

Nahi badu, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, dirulaguntzaren xede den proiektuaren bilakaera ona bermatzen dutenak.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

11. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

11.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin dirulaguntzaren xede den jardueraren hein bateko exekuzioa hitzartzea. Onuradunak berez dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako.

11.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000,00 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

12. Baldintzak aldatzea

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari.

Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

13. Laguntza itzultzea.

Programa burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

15. Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

16. Aplikatzekoak diren arauak.

Arau hauetan aurreikusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak.

Iragarkiaren kodea: F0703508