30. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

ERRIBERRI

Alde historikoan egindako eraikuntza lanei laguntzak emateko baldintzen aldaketa. Onespena

Udalak, 2007ko urtarrilaren 24ko osoko bilkuran, erabaki zuen ondoko lerroaldea eranstea Erriberriko alde historikoan egindako eraikuntza lanei laguntzak emateko baldintzen agiriko seigarren puntuan:

"Hobari hori aplikatuko da, orobat, lizentzia duen eraikina alde historikoan egonik, metaturiko materialak, obra-hondakinak, garabiak etab., alde horretako zirkulazioa ez oztopatzeko, kanpoan jartzen badira ere".

Hortaz honela gelditu da baldintzen agiria:

Baldintzak:

Lehendabizikoa._Erriberriko gaur egungo Arau Subsidiarioetan ezarritakoari jarraituz, honela daude sailkatuta alde historikoaren barreneko eraikinak:

a) Interes historikoa dutenak.

b) Interes historiko artistikoa dutenak.

c) Arkitektura eta ingurumen aldetik interesgarri direnak.

Bigarrena._Harrizko fatxadak (plakak ez) edo adreilu zaharrez egindakoak, teila arabiarreko teilatuak eta zurezko hegalkinak zaharberritzeko obrak.

Kobrezko edo zinkezko hodiak eta zorrotenak, zurezko ate-leihoak eta forjazko burdinsareak jartzea.

Inbertsio errealari dagokion tasaren %100eko hobaria emanen zaie, baldin eta balorazioa, oraingo egoera eta hartu den soluzioa agertzen dituen txostena aurkezten bada.

Hirugarrena._Proiektu teknikoa behar duten barneko zaharberritze lanak.

Barneko zaharberritze lan txikiak, proiektu teknikoa izan beharrean txosten tekniko baloratua behar dutenak.

Eskuhartzearen kostu errealari dagokion tasaren %50eko hobaria izanen dute.

Laugarrena._Interes historikoa duten eraikinetan eskuhartzerakoan, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeak, lizentzia eman aurreko nahitaezko txostenean, elementu arkitektoniko edo artistikoren bat zaharberritu edo zaintzeko adieraziz gero, inbertsio erreal egiaztatuaren %100eko hobaria izanen dute tasek, betiere eraikinaren zein elementu den zaindu beharrekoa, hari dagokion zatian.

Udalak 2003ko abenduaren 5eko osoko bilkuran onetsitako testu berria, 2004ko 13. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, urtarrilaren 30ekoan.

Bosgarrena._Oin berriko eraikinak altxatzeagatik, bai eraikitzeko izan daitezkeen orubeetan bai higiezinak botatzetik ateratzen direnetan, aurkeztu beharko diren aurrekontuari eta proiektu teknikoei dagozkien tasen %50eko hobaria izanen da.

Seigarrena._Obretarako behar diren material, garabi, aldamio eta beste elementuekin bide publikoa okupatzeagatik, tasek %100eko hobaria izanen dute lizentzia eskuratu eta lehen hilabetean, eta %50, ondoren.

Hobari hori aplikatuko da, orobat, lizentzia duen eraikina alde historikoan egonik, metaturiko materialak, obra-hondakinak, garabiak etab., alde horretako zirkulazioa ez oztopatzeko, kanpoan jartzen badira ere.

Zazpigarrena._Onetsitako laguntzak jasotzeko, lehenik, promotoreak ordaindu egin beharko du zenbateko osoa, eta eskuhartzea amaitutakoan jasoko du dagokion portzentajea, udal teknikariek obra berrikusi eta interesatuak ordaintzeko eskaria egin ondoren.

Zortzigarrena._Obrak lizentziarik gabe edo zehaztapenak bete gabe egiten direnean, besterik gabe ukatuko dira izan ditzaketen laguntzak eta, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legearen hirugarren atalean, hirigintzako legezkotasuna babestearen gainean, xedatutakoari jarraituko zaio.

Erriberrin, 2007ko otsailaren 9an._Alkatea, María Carmen Ochoa Canela.

Iragarkiaren kodea: L0702494