29. ALDIZKARIA - 2007ko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

65/2007 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Denetariko merkataritza" sektorearen lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 4/2007).

2007ko urtarrilaren 1ean departamentu honetan sektore horretarako lan hitzarmen kolektiboa sartu da, 30 artikuluz, xedapen gehigarri batez, 2 xedapen iragankorrez eta 2 eranskinez (2006 eta 2007ko soldata-taulak dituztenak) osatua, sektoreko enpresaburuen elkartearen (AECV) eta sindikatuen (ELA, UGT eta LAB) ordezkariek osaturiko negoziazio batzordeak 2006ko abenduaren 28an izenpetu eta onetsia.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako "Denetariko merkataritza" sektorearen lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea (hitzarmenaren kodea: 3102405), Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

NAFARROAKO DENETARIKO MERKATARITZA SEKTOREAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBO PROBINTZIALAREN TESTUA, 2006., 2007. ETA 2008. URTEETARAKO

AKTA

Iruñean, 2006ko abenduaren 28an, Nafarroako Denetariko Merkataritzaren Sektorerako Lan Hitzarmen Kolektiboaren Deliberazio Batzordea bildu da, honako alde hauek osatua:

Langileriaren ordezkariak: Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatutik, Alicia Sanz Pascal; ELA sindikatutik, Oscar Rodríguez Caparrós; eta LAB sindikatutik, Javier Liaño de Sola.

Enpresaburuen ordezkariak (AECV): Juan Carlos Olaechea Otermin, Alberto Nuin Iturri, Jesús López Rodríguez eta Francisco Javier Sagüés Sala.

Ordezkaritza horiek legezko ahalmena eta legitimazioa onartzen diote elkarri Hitzarmena negoziatzeko, eta horretarako:

Erabaki dute:

1. Nafarroako denetariko merkataritza sektorearen lan hitzarmen kolektiboa onestea 2006., 2007. eta 2008. urteetarako.

2. Akta hau eta Hitzarmenaren testua Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentura igortzea, erregistratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin.

3. Hitzarmenerako Batzorde Mistoa izendatzea, akta hau sinatu duten alderdiek osatua.

Eta aurretik dagoen guztiarekin ados direla adierazteko, alde guztiek sinatzen dute, burualdean ageri diren lekuan eta egunean.

NAFARROAKO DENETARIKO MERKATARITZA SEKTOREAREN 2006TIK 2008 BITARTERAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBO PROBINTZIALAREN TESTUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen kolektibo honek, indar hartzen duenetik aurrera, arautzen ditu, Denetariko Markataritzaren Lan Ordenantzak jasotakoaren arabera kirol, jostailu, opari, oroigarri, bazar, baxera, etxe-tresnak eta denetariko merkataritzaren sektorean sartuak dauden enpresa guztien lan-harremanak.

2. artikulua. Pertsona eta lurralde eremua.

Hitzarmen Kolektibo honen eraginpean gelditzen dira 1. artikuluan aipatzen diren enpresetan Nafarroan beren zerbitzuak ematen dituzten langile guztiak, eta kanpo uzten du Langileen Estatutuaren 1.3. artikuluan sartua den langileria.

3. artikulua. Indarraldia, iraupena eta amaieraren iragarpena.

a) Hitzarmen Kolektibo honek 2006ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta hiru urteko iraupena izanen du, 2008ko abenduaren 31 bitarte alegia.

b) Hitzarmen hau, 2009ko negoziazioari dagokionez, sinatzen den une beretik emanen da bukatutzat. Hitzarmenaren iraupena amaitzen denean eta esparru bereko hitzarmen berri batek honen lekua hartzen ez duen bitartean, indarrean geldituko da beronen eduki arau-emailea.

4. artikulua. Baldintzarik hoberenak.

Hitzarmen honek biltzen dituen baldintza guztiak, ekonomikoak eta bestelakoak, gutxienekotzat joko dira; beraz, hitzartutakoak baino itun, klausula eta egoera hobeak zituzten langileei errespetatu eginen zaizkie.

II. KAPITULUA

Erregimen ekonomikoa

5. artikulua. Ordainsariak.

1. Soldata-igoerak honako hauek izanen dira:

a) 2006. urtea:

Hitzarmenaren indarraldiaren lehen urtean ehuneko 4ko igoera izanen da 2005eko abenduaren 31rako finkatutako soldata gordinen gainean, eta I. eranskinean jasotako tauletan daudenak izanen dira.

b) 2007. urtea:

Soldata-igoera Nafarroako 2006ko egiazko KPIa gehi puntu bat eta hogei adinakoa izanen da.

2007ko urtarrilaren 1eko ondorioekin, Hitzarmenaren Interpretaziorako Batzorde Paritarioak erabakitzen duen kopurua adinako igoera aplikatuko zaie I. eranskineko soldaten taulei, eta, horretarako, bilera egin beharko du 2007ko lehen hiruhilekoan.

c) 2008. urtea:

Soldata-igoera Nafarroan 2007ko egiazko KPIak izaten duena gehi puntu bat izanen da.

2008ko urtarrilaren 1eko ondorioekin, Hitzarmenaren Interpretaziorako Batzorde Paritarioak erabakitzen duen kopurua adinako igoera aplikatuko zaie 2007ko behin betiko soldaten taulei, eta, horretarako, bilera egin beharko du 2008ko lehen hiruhilekoan.

d) 2006. urteari dagozkion soldata-atzerapenak Hitzarmena sinatzen denetik ordainduko dira eta, beranduenik ere, Hitzarmen hau argitaratzen denean.

2. Soldataren egitura:

a) Langileen eskurapen ekonomiko guztiak hartuko dira soldatatzat, hala diruzkoak nola gauzazkoak, betiere lanbide-prestazio gisa besterentzat egindako lan-zerbitzu guztien aldera jasoak. Hitzarmen honen eraginpeko langileen ordainsariek honako osagai hauek dituzte: oinarrizko soldata, denbora-unitateko finkatutako ordainsariari dagokion zatia eta, gainera, haren osagarriak, langilearen baldintza pertsonalak, egindako lana edo enpresaren egoera eta emaitzak kontuan hartuz finkatuak. Ezin dira irmo bihurtu lanpostuari edo enpresaren egoera eta emaitzei loturiko soldata-osagarriak.

b) Soldata-osagarriak honako modalitate hauetako batean edo batzuetan sartuak izanen dira nahitaez:

_Pertsonalak, hala nola antzinatasuna, tituluen, hizkuntzen edo jakintza berezien aplikazioak, edota antzeko beste edozein, baldin eta langilearen baldintza pertsonaletatik sortua bada eta ez bada kontuan hartu oinarrizko soldata finkatzean.

_Lanpostuarenak, hala nola toxikotasuna, nekagarritasuna edo arriskua, zikinkeria, makinak, aireko lana, nabigazioa, ontziko lana, txandak, gaueko lanak direla-eta izaten diren gehikuntzak, edo langileak bere lanpostuaren ezaugarriak direla-eta edo bere lana egoteko modua dela-eta jaso beharreko beste edozein, betiere lan arruntaz bestelakotzat hartzen denean. Osagarri hau pertsonala da, eta esleitutako lanpostuan lanean aritzea da jaso ahal izateko baldintza bakarra; beraz, ezin da irmo bihurtu.

_Lanaren kalitate edo kopuruarena, hala nola primak edo pizgarriak, jarduera, laneratze edo jarraitasun plusak; aparteko orduak, edo langileak lanaren kalitate hobearen edo lan kopuru handiagoaren aldera jaso behar duen beste edozein, errendimenduaren araberako ordainsari-sistema bati lotuak izan nahiz ez.

_Hilabete baino gehiagoko muga-eguna dutenak, hala nola aparteko eskersariak edo irabazietan parte hartzea.

_Gauzazkoak, hala nola mantenua, ostatua, etxe-bizitokia, edo beste edozein hornidura, abantaila horiek oinarrizko soldataren osagai ez direnean.

6. artikulua. Aparteko eskersariak.

Aparteko eskersariak hiru izanen dira, bakoitza hilabeteko soldata adinakoa. Eskersari horiek honela ordainduko dira: bat uztailaren 6a baino lehen, bestea abenduaren 22a baino lehen eta irabazien paga, hilez hil proportzioan banaturik.

7. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasunaren ordainsaria lau-urtekoetan kontatuko da, eta bakoitzari Hitzarmen honen I. eranskineko soldata-taulen ehuneko 5 izanen, eta lau-urtekoak kontatzen hasteko data, berriz, langilea enpresan sartu zen eguna hartuko da, indarrean den legerian xedatutakoari jarraikiz.

8. artikulua. Prestazioen osatzea.

Enpresek egiazko soldataren ehuneko ehuneraino osatuko dituzte Gizarte Segurantzaren prestazioak lan-istripu edo gaixotasun kasuetan, hala nola haurdunaldiko arriskua dela-eta kontratua eteten denean, lehenbiziko egunetik hasita.

III. KAPITULUA

Lan denbora

9. artikulua. Lanaldia, lan-ordutegia eta lan-egutegia.

1. Lanaldia.

Lanaldia artikulu honetan ezartzen diren lan-ordutegia eta egutegia aplikatzearen emaitza izanen da. 2006. urterako benetako 1.754 lan-ordukoa izanen da, 2007. urterako benetako 1747 lan-ordukoa eta 2008rako, berriz, benetako 1.740 lan-ordukoa.

Benetako lanaldia honela kontatuko da: langileak, hala lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du, bere zerbitzua emateko moduan.

Urteko lan-orduak nola banatu erabakitzeko, enpresak sindikatuen ordezkariekin akordioa egin dezake, edo langile guztiekin, ordezkaririk ez bada. Lanaldi murriztuen kasuan, lanaldia kalkulatzeko, urteko orduen kopurua hartuko da kontuan, edo ekitaldi bakoitzean lan egin beharreko denbora osoa.

2. Lan ordutegia.

Lanaldia honela banatuko da: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra: 9:30etik 13:30 arte eta 16:30etik 19:45 arte, abenduaren 20tik urtarrilaren 5era bitarte izan ezik, non hauxe izanen baita: 9:30etik 13:30 arte eta 16:30etik 20:00 arte.

Aurrekoa gorabehera, Hitzarmen honek bere eragin-esparruan hartzen dituen langileek eskubidea izanen dute hilean 1 œ ordu beren kabuz erabiltzeko, metaezina, irekitzeko ordutik aurrera erabiltzekoa eta betiere lantoki bakoitzeko langile batek , aldez aurretik behar adina denboraz ohartemanik eta enpresaren funtzionamendu normala oztopatu gabe.

3. Lan egutegia.

Enpresa bakoitzean lanaldia banatzeko urteko lan-egutegi bat eginen da, ondoko xedapen hauen arabera:

a) Astelehen goiza jai izanen da, salbu eta ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte, biak barne, kasu horretan larunbat arratsaldea izanen baita jai.

b) Jai egunak izanen dira uztailaren 7a eta sanferminetako arratsaldeak, 6koa barne, Iruñean.

c) Abenduaren 20tik urtarrilaren 5a bitarte astelehen goizetan lan eginen da.

d) Larunbat Santuan ere lan eginen da.

10. artikulua. Aparteko orduak.

Egunean 7,5 orduko mugatik edota astean 40 orduko mugatik gorako orduak aparteko ordutzat hartuko dira. Aparteko orduen kopurua ezin izanen da izan urtean 80tik gorakoa, salbu eta istripuei aurrea hartu edo konponketa-lanetarako premiak behartuz gero; izan ere, kasu horretan ez da kontuan hartuko muga hori gainditu izana, baina horrek ez du galaraziko aparteko ordu gisa ordaintzea.

Aparteko orduak ohiko orduaren balioa baino ehuneko 50 gehiago pagatuko dira edo, bestela, lan egindako ordu horiexek adinako atsedenaldi ordaindua izanen dute sari, langilearen aukerara.

11. artikulua. Urteko oporrak.

Oporrak urtean 32 egun natural izanen dira. Egun horiek hartzeko moduari buruzko akordiorik ez bada, honako banaketa hau eginen da: hamasei egun langileak nahi duenean, eta beste hamaseiak enpresak nahi duenean.

Oporrak eten eginen dira aldi baterako ezintasunean, baldin eta A.E.a lantegi bakoitzeko lan-egutegian ezarritako oporraldia baino gutxienez aste bete lehenago gertatzen bada, eta, betiere, opor horiek urte naturalaren barrenean hartu beharko dira; kasu horretan, enpresak eta langileak elkarrekin erabaki beharko dute noiz hartuko dituen langileak oporrak.

12. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek honako lizentzia ordaindu hauetaz gozatuko dute:

a) Langilearen ezkontza: 17 egun natural. Arauzko oporren segidan har daitezke.

b) Langilearen senide, aita, ama edo seme-alaben ezkontza: egun natural bat.

c) Ezkontidearen eta seme-alaben heriotza: 4 egun natural.

d) Ezkontidearen edo bikotekidearen eritasun ez larria, ospitaleratu beharra dakarrena, erditzea salbuetsita: lanegun bat.

e) Emaztea erditzeagatik: 3 egun natural.

f) Odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko gurasoen eritasun larri frogatua, edo seme-alabena, senideena edo ezkontidearena: 2 egun natural.

g) Gurasoen eta senideen heriotza: 2 egun natural.

h) Aiton-amonen, biloben, koinata-koinatuen eta aita-amaginarreben heriotza: 2 egun natural.

i) Ohiko bizilekua aldatzeagatik: egun natural bat.

j) Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

k) Langilearen zilarrezko ezteien ospakizuna: egun natural bat.

l) Odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko lehen mailarainoko ahaideen anbulatorioko ebakuntza: lanegun bat.

Izatezko bikoteek, behar bezala egiaztatuz gero, zuzenbidekoek dituzten lizentzia berdinak izanen dituzte.

Ondorio horietarako, ospitaleratzea dakarren eritasuna hartuko da larritzat.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek eskubidea izanen dute, urte naturalaren barrenean, beren kabuz lan egun bat erabiltzeko, eta egun hori enpresaren eta langilearen aldez aurreko akordioz gozatuko da, hartu nahi den eguna baino zazpi egun natural lehenago ohartemanda. Lantoki bakoitzean langile bakar batek hartzen ahalko du.

12. bis artikulua. Lan-bizitza eta familiakoa ongi uztartzea.

Legepeko zaintza dela-eta, langileren batek zazpi urte bitarteko haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

IV. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

13. artikulua. Lanbide sailkapena.

Lanbide-sailkapena. Lanbide_ taldeak._Hitzarmen honen esparruan sarturiko enpresetan beren zerbitzuak ematen dituzten langileak haien jakintza, eskarmentua, autonomia maila, erantzukizuna eta ekimena kontuan hartuz sailkatuko dira, egiten duten lanaren arabera eta lanbide sailkapen eta kalifikaziorako sistema honetan zehazten diren definizioak oinarri hartuz.

Sailkapena, lanbide-taldeetan, irizpide orokor objektiboak interpretatu eta aplikatuz eginen da, eta langileek dituzten eginbehar eta funtzio oinarrizko adierazgarrienak kontuan hartuz.

Lanpostu batean ohikoa bada lanbide-talde desberdinetako eginbeharrak eskuartean izatea, sailkapena goreneko lanbide-taldearen berezko jardueren arabera eginen da. Sailkapen-irizpide honek ez du berekin ekarriko kanpo uztea, lanbide-talde bakoitzeko lanpostuetatik, eginbehar osagarriak gauzatzea, beheragoko lanbide-taldeetako lanpostu kualifikatuetarako oinarrizkoak badira.

Lanbide kalifikazio eta kokapenerako faktoreak._Hitzarmen honen esparruan sarturiko langileen lanbide-kalifikazioan eragina duten faktoreak eta, horrenbestez, haiek lanbide-talde jakin batekoak direla adierazten dutenak, honako hauek dira:

a) Jakintza: faktore hau balioesteko kontuan hartuko da, eginkizuna behar bezala betetzeko oinarrizko prestakuntzaz gain, langileak bereganatu duen jakintza maila eta eskarmentua, eta orobat zenbat kostatzen den horiek bereganatzea.

b) Ekimena: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da eginbehar edo funtzioak gauzatzerakoan arauak zenbateraino hartzen diren gidatzat.

c) Autonomia: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da langileak eginbeharrak eta funtzioak gauzatzerakoan zenbaterainoko menpekotasun hierarkikoa duen.

d) Erantzukizuna: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da zenbaterainokoak diren funtzioaren titularraren ekintza-autonomia, eta zenbaterainokoak diren haren kudeaketak emaitzetan duen eragina eta ondorioek pertsonengan, produktuetan edo makinerian duen garrantzia.

e) Agintea: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da zenbaterainokoa den funtzio eta eginbeharrak gainbegiratu eta antolatzeko lana, harremanetarako trebetasuna, taldearen ezaugarriak eta agintedunak zenbat pertsona dituen menpean.

f) Zailtasuna: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da zenbat diren eta zenbaterainoko integrazio maila duten lehen aipatutako faktore horiek eginbeharretan edo betetzen den lanpostuan.

Sailkapen-sistema: hitzarmen honen eraginpeko langile guztiak lanbide-talde jakin bati eratxikiko zaizkio, eta horrek erabakiko du langile bakoitzaren antolamendu-sailkapena. Lanbide-taldeak:

I. taldea

Talde honetan sartzeko, langileen bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira: enpresaren kudeaketa lanetan jardutea, hots, enpresaren antolamenduari buruzko politika orokorraren plana egin, zuzendu, koordinatu eta ezartzea, maila horietako goi zuzendaritza edo betearazpeneko lanpostuetan, antolaketaren arlo, zuzendaritza edo burutza oinarrizko batean.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

_Zuzendari kudeatzailea edo kudeatzailea.

_Departamentuko zuzendaria.

_Arduradun teknikoa.

II. taldea

Talde honetan sartzeko, langileek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira: lan tekniko konplexu eta heterogeneoetan dihardutela, praktika eta prozedura zabalei loturiko erabakiak hartu edo jarduketak bideratzea, autonomia maila handiz, zehaztutako jarraibide orokor eta helburu globaletatik abiaturik, eta ezarritako operazio-helburuak zuzentzeko erdi mailako kargudunen bidez gainbegiratze lanak egitea.

Talde honetan sartzen dira orobat, zuzendaritzan nagusiaren menpean egonik, enpresaren funtzio arlo baten edo batzuen kudeaketaren erantzukizun osoa dutenak.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

_Departamentuburua.

_Biltegi zentraleko burua.

_Denda edo saltokiko arduradun nagusia.

III. taldea

Talde honetan sartzeko, langileek honako baldintzak bete behar dituzte: jarraibide zehatzak dituztela, eginbehar konplexu baina homogeneoetan autonomia maila nolabaiteko batekin jardutea; eginbehar horietarako beharrezkoa da trebetasun edo gaitasun sistematikoa, prozesu tekniko, merkataritzako, informatiko edo administratibo estandarizatu nahiz gabeetan.

Talde honetan sartzen dira, IV. taldeko langileetatik, talde honetako berezko funtzioez gain eta zehazki saltzailearen kategoriakoez gain, erantzukizun handiagoko lan homogeneo sail bat egiten dutenak, hala nola: lana antolatu, eskaerak tramitatu, erregistroez eta saltokiko kontrolez arduratu, etab.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

_Atalburua.

_Produktuburua.

_Kutxazaina.

_Erakusleiho-apaintzailea.

IV. taldea

Talde honetan sartzeko, honakoak dira langileek bete behar dituzten baldintzak: erdi mailako konplexutasun teknikoko esparru batean jardutea, erdi mailako buru-lana eskatzen duten eginkizunetan, ekimena eta ofizioa edo lanbidea ongi ezagutzea eskatzen duen kualifikazioarekin; lanaz arduratu eta egoera bakoitzari dagokion irtenbidea bilatzeko gai izatea, eta orobat, norberak ere lanean parte hartuz, talde baten lanen koordinazioaz arduratzea.

Talde honetan sartzen dira, V. taldeko langileetatik, talde honetako berezko funtzioez gain eta zehazki saltzailearen kategoriakoez gain erantzukizun handiagoko lan homogeneo sail bat egiten dutenak, hala nola: lana antolatu, eskaerak tramitatu, erregistroez eta saltokiko kontrolez arduratu, etab.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

_Administrari-ofiziala.

_1. mailako saltzailea.

_Mekanikari-saltzailea.

_Gidari-banatzailea.

_Kutxako laguntzailea.

V. taldea

Talde honetan sartzeko, langileek bete beharreko baldintzak honako hauek dira: lanbide-ezagupen oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituzten lanetan jardutea.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

_Administrari laguntzailea.

_2. mailako saltzailea.

_Biltegizaina.

2. mailako saltzaileak, kategoria horretan bi urte egindakoan, 1. mailako saltzailearen kategoriara igoko dira zuzenean.

VI. taldea

Talde honetan sartzeko, langileek bete beharreko baldintzak honako hauek dira: menpekotasun maila handiz, batik bat lan fisikoa edo arreta eskatzen duen lanetan jardutea, prestakuntza berariazkorik gabe, salbu eta egokitzealdi labur bat batzuetan.

Talde honetan sartzen diren kategoriak:

_Garbiketa peoia, laguntzailea.

_Ikastuna, 2. urtekoa.

_Ikastuna, 1. urtekoa.

V. KAPITULUA

Kontratazioa

14. artikulua. Hobekuntzak lan-kontratazioan.

Kontratuetako probaldia Langileen Estatutuan orokorrean ezarritakoa baino hamabost egun gutxiagokoa izanen da.

a) Praktikaldiko kontratua: praktikaldiko kontratuen modalitatean kontrataturiko langileek kontratuaren indarraldiaren lehenbiziko eta bigarren urteetan Hitzarmenean finkatutako soldataren ehuneko 75 edo 85 jasoko dute, hurrenez hurren, eta langilea kokatua dagoen soldata-mailari edo taldeari dagokion soldata hartuko da oinarritako.

b) Prestakuntzako kontratua: 16 urtetik 21 urtera bitartekoak izan eta prestakuntzaren xede den lanbidean praktikaldiko kontratua formalizatzeko titulaziorik ez duten langileekin egin daiteke. Prestakuntzarako kontratuen modalitatean kontrataturiko langileek lehenbiziko kontratu urterako eta bigarrenerako hileko gutxieneko ordainsari gordina jasoko dute, Hitzarmen honen eranskinean ezarria, eta bi kasuetan hamabost paga, eta irabazien paga, berriz, hilez hil proportzioan banaturik. Ezin kontratatuko dira modalitate honetan morroien eta garbiketa-peoien lanbide-kategoriakoak.

Kontratu honen iraupena gehienez ere bi urtekoa izanen da.

c) Lanaldi partzialeko kontratuak: Lanaldi partzialean kontratatukotzat hartuko da gutxienez 12 ordu astean edo 48 ordu hilean lan egiteko kontratatutako langilea.

d) Aldi baterako laneko enpresekiko kontratuak: hitzarmen honen indarraldian zehar, hartaz baliatu diren enpresek gehienez ere beren plantilla osoaren ehuneko 20ri egin diezaiokete kontratu modalidate hau. Halako enpresak lanbide-kategoriari dagokion Hitzarmen-soldata ziurtatu behar du gutxienez, eta obra edo zerbitzu jakin baterako modalitateko kontratazioa, berriz, produkzio behar handiko uneetara mugatuko da.

e) Errelebo kontratua: langileak eskubidea izanen du hirurogei urtetik aurrera hein bateko erretiroa hartzeko, baldin eta prestazio hori eskuratzeko legez ezarritako beharkizunak betetzen baditu. Horretarako, enpresak errelebo kontratu bat hitzartu beharko du langile egokiarekin, arlo honetako araudi indardunarekin bat.

Hala ere, hemen onartutako eskubideak honako arau eta mugak izanen ditu:

a') Langileak hein bateko erretiro-eskaera gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin egin beharko du.

b') Enpresa ez dago beharturik hein bateko erretiroaren bidea errazteko, enpresan antzeko azken erretiroa gertatu zenetik gutxienez sei hilabete igaro ez badira.

c') Hemen onartzen den aukera baliagarria izan dadin, beharrezkoa da langileak bere ohiko lanaldiaren 100eko 85eko murrizketa eskatzea gutxienez. Portzentaje hori baino gutxiagoko murrizketa eskatuz gero, enpresaren adostasuna beharko da erretiro partziala eskuratzeko.

d') Atal honetan ezarritako guztiak balioa izateko, beharrezkoa da legeria indardunean hein bateko erretiro aurreratua eta errelebo kontratuaren araudia egotea.

15. artikulua. Aurre-oharpenak.

a) Langilea behartua da enpresaburuari aurre-oharpena egitera, lana norberaren borondatez utzi baino hilabete lehenagotik gutxienez teknikariak edo zuzendaritzako langileak badira (1. maila), eta 15 egun lehenagotik gainerako langileen kasuan. Bestela, likidazioa egiterakoan langileari kendu egingo zaio nahitaezko aurre-oharpena egin behar zuenetik benetan egin zuenera bitarteko egunei dagokiekeen soldata.

b) Halaber, enpresaburua behartua da langileari jakinaraztera lan-kontratua bukatu zaiola, 15 egun lehenagotik gutxienez, bitartekotasun-kontratuan izan ezik, non bi aldeek hitzartuak agintzen duenari jarraituko baitzaio. Enpresaburuak epe hori ez betetzeak langilearen aldeko kalteordaina pagatu beharra ekarriko du, epe hori bete ez den egun kopuruari dagokion soldataren adinakoa.

16. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

Langilea enpresa beraren beste lantoki batera mugiarazteak bizileku-aldaketa baldin dakar berekin eta langileak kontratua amaitzea hautatzen badu, 45 eguneko soldatako kalteordaina jasoko du zerbitzu-urteko.

Artikulu honetan bildu ez den orotan, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Diziplina araubidea

17. artikulua. Zehatzeko ahalmena._Enpresak zilegi du langileek egiten dituzten egintza edo ez-egite zigorgarriak zehatzea, testu honetan ezartzen diren hutsegite eta zehapenen mailaketaren arabera betiere.

18. artikulua. Hutsegite motak._Langileak eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen tamaina eta garrantzia: arina, larria edo oso larria.

19. artikulua. Hutsegite arinak._Honako hauek hutsegite arinak dira:

1._Lanera berandu iristea, batuketa eginik hilean hamabost minutu baino gehiago egiten badute.

2._Baja dagokion garaian ez aurkeztea, zentzuzko motiboa dela medio lanera huts egiten denean, non eta frogatzen ez den ezinezkoa izan dela.

3._Enpresaren hornigaiak edo materiala zaintzerakoan arreta gabezia txikiak.

4._Enpresari bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea.

5._Beste langileekin enpresaren esparruan eztabaidan aritzea, jendaurrean gertatu ez bada.

6._Lanetik alde egitea funtsezko arrazoirik gabe, denbora gutxirako bada ere. Horren ondorioz enpresari kalte larria egin bazaio edo pertsonen osotasuna arriskuan jarri bada, hutsegitea larri edo oso larritzat har daiteke, kasuan kasuan.

7._Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza, enpresaren produkzio prozesuan edo irudian eraginik izan dezakeenean.

8._Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea.

9._Egun batean lanera huts egitea behar den baimenik edo zentzuzko motiborik gabe.

20. artikulua. Hutsegite larriak._Honako hauek dira hutsegite larriak:

1._Lanera berandu iristeak, batuketa eginik hilean hogeita hamar minutu baino gehiago egiten badute.

2._Enpresaren Zuzendaritzari edo zuzendaritzan edo antolamenduan eskumenak dituztenei beren ohiko eginkizunetan dihardutela desobeditzea. Desobedientzia errepikatua bada, edo laneko diziplina nabarmen haustea badakar, edo enpresarentzat edo pertsonentzat kalterik sortzen badu, oso larritzat har daiteke.

3._Enpresaren hornigaiak edo materiala zaintzerakoan arreta gabezia handia.

4._Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.

5._Beste langileekin eztabaidan aritzea, jendaurrean edo jendearengana hotsa iristeko moduan.

6._Enpresaren gauzak edo janzkiak norberarentzat erabiltzea edo enpresaren instalazioetatik edo esparrutik ateratzea, baimenik gabe.

7._Behar den baimena izan gabe, norberarentzako lanak egitea lanaldian zehar.

8._Behar den baimenik edo zentzuzko motiborik gabe lanera ez agertzea bi egunez sei hilabetean.

9._Hiru hutsegite arin egitea hiru hilabeteko epean, are mota desberdinekoak izanda ere, tartean zehapena edo idatzizko oharpena izan denean.

21. artikulua. Hutsegite oso larriak._Honako hauek dira oso hutsegite larriak:

1._Lanera hiru egun baino gehiagoz huts egitea urte betean, behar den baimenik edo zentzuzko motiborik gabe.

2._Eritasunaren edo istripuaren itxurak egitea.

3._Iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusua, dela agindutako kudeaketan, dela lan orduetan lankideekin edo beste edozein pertsonarekin diren harremanetan; enpresaren baimen espresurik gabe merkataritza edo industria arloko negoziazioak egitea bere kontura edo beste norbaitentzat, hala nola enpresari bidegabeko lehia egitea bere jardueran.

4._Enpresaren lanabes, tresna, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea.

5._Enpresari edo beste lankideei lapurtzea, ebastea edo iruzur egitea, bai eta beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo lan orduetan beste edozein lekutan zerbitzua ematen aritzean.

6._Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresako norbaiti edo enpresakoa ez den bati nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

7._Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.

8._Bezeroenganako begirune edo adeitasun falta nabarmena.

9._Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, bai eta lankide eta menpekoei ere.

10._Lan esparruko edozein portaera, intimitatearen eta duintasunaren begiruneari eraso larria egiten diona, sexuarekin loturiko edozein irain hitzezko nahiz fisikoren bitartez. Jokabide hori hierarkia-posizioaz baliatuz gauzatzen bada, haren inguruabar astungarria izanen da.

11._Goiko batek legez onarturiko langilearen eskubide bat urratzea dakarren egintza arbitrario bat burutzea, horrek menpekoari kalte larria dakarkionean.

12._Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza, jarraitu eta ohikoa, enpresaren produkzio prozesuan edo enpresaren irudian eraginik izan dezakeenean.

13._Ohiko mozkorkeria edo drogamenpekotasuna lanaldian zehar eta norberaren lanpostuan nabarmentzea. Hutsegite larriak izanen dira mozkorturik egotea edo sorgorkariak hartu izana, behin bakarrik nabarmendu bada ere.

14._Inolako arrazoirik gabe, ohiko errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea, legeek onartutako eskubide bat erabiltzearen ondorioz ez bada.

15._Hutsegite larriak behin eta berriz egitea, mota desberdinetakoak izan arren, lehenbizikoa egin ondoko sei hilabeteren barnean egiten bada, betiere.

16._Sexu edo lan jazarpena; horrelako jokabidetzat hartuko da sexu edo lan arloko edozein jokabide edo proposamen, gertatzen den moduagatik, jasaten duen pertsonaren askatasunaren edo intimitatearen aurkakoa dena.

22. artikulua. Zehapenen araubidea._Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz. Hutsegite arin, larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko, langileari idatziz jakinarazi behar zaio eta bertan adieraziko dira data eta hura jartzeko arrazoiak. Zehapenak ezartzeko, Langileen Estatutuan ezarritako tramiteak jarraituko dira. Kasu bakoitzean gehieneko zehapen hauek jartzen ahal dira, kontuan hartuta egindako hutsegitearen larria:

1._Hutsegite arinengatik: hitzen bidezko kargu hartzea, kargu hartze idatzia, bi egun arteko enplegu-soldaten etenaldia.

2.-Hutsegite larriengatik: hiru egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

3.- Hutsegite oso larriengatik: hamasei egunetik hirurogei egunera arteko enplegu-soldaten etenalditik hasi eta lan kontratua desegitera iritsi arte, hutsegitea goren gradukotzat kalifikatzen den kasuetan.

23. artikulua. Preskripzioa._Enpresaren Zuzendaritzak zehapenak ezartzeko ahalmenaren preskripzio epeak:

_Hutsegite arinak, hamar egunen buruan.

_Hutsegite larriak, hogei egunen buruan.

_Hutsegite oso larriak, hirurogei egunen buruan.

Kasu guztietan Enpresak gertaeren berri izan zuenetik kontatuak, eta betiere gertatu eta handik sei hilabetera.

VII. KAPITULUA

Beste xedapen batzuk

24. artikulua. Laneko jantziak.

Laneko jantziak eman eta hondatzen direnean berritzeari dagokionez, antzinako Merkataritzaren Lan Ordenantzaren 56. artikuluak ezartzen duenari jarraituko zaio. Behartuak diren enpresek lanerako jantzirik ematen ez badiete langileei, kontzeptu horrengatik 115,38 euro emanen dizkiete urtean. Kontzeptu horrek 2007an eta 2008an igoera izanen du, urte horiexetarako lansari-tauletan ezartzen den portzentaje berean hain zuzen.

25. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Laneko segurtasun eta higieneari buruz, zehatz-mehatz beteko dira arlo horretako legezko xedapen indardunak.

26. artikulua. Lan osasuna.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdien ustez, laneko segurtasuna eta osasuna langilearen eskubide dira eta, aldi berean, enpresaburuaren betebehar; beraz, lan arriskuei aurrea hartzeko araudietan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

Azterketa medikoak. Enpresek erraztasunak eman beharko dizkiete langileei, urtean behin gutxienez, Laneko Higiene eta Segurtasun Zerbitzuak osasun azterketa egin diezaien eta, hori ezinezkoa bada, Gizarte Segurantzaren erakundeetan egin diezaieten. Horretarako, langileek, eskatutako azterketa egiteko egun-orduen berri izaten dutenean, behar den baimena eskatuko diote enpresari eta enpresak azterketaren eta iraun duen denboraren ziurtagiria eskatuko die langileei. Azterketak bat banaka eginen dira, enpresaren jarduera normalak ahalik eta endredo gutxiena izan dezan.

Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek beren gain hartzen dute aurreneurriak hartzeko planak ezartzea, zeinen helburu zehatz eta komunak izanen baitira lan istripuak eta laneko arriskuak pixkana gutxitu eta erabat desagertzea.

Aurreneurri-ordezkariek Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legeek ematen dizkieten bermeak izanen dituzte.

27. artikulua. Eskubide sindikalak.

a) Hamar langile baino gutxiagoko enpresetan, langileek zilegi dute arloko arau indardunen arabera ordezkari bat hautatzea, karguari dagozkion eginkizun eta bermeak izanen dituena.

b) Lantegi bakoitzean batzordekide edo ordezkariek beren eginkizun sindikaletarako izanen dituzten hileko ordu ordainduen kreditua, ondoko eskalaren arabera:

_Sei langile arte: 10 ordu.

_7 langiletik 100 arte: 20 ordu.

_101 langiletik 500 arte: 35 ordu.

_501 langiletik aurrera: 40 ordu.

c) Ordezkari sindikalek erabilitako orduak justifikatu egin beharko dira beti.

d) Enpresa batzordeko kideek edo langileen ordezkariek ordu sindikalak kide batengan edo batzuengan metatzen ahal dituzte, arau hauek betez:

1. Langileen legezko ordezkari guztien artean egin beharko dute.

2. Legezko ordezkariek erabiltzen ahal dituzten ordu guztietatik, ehuneko 50 metatzen ahal dira gehienez ere, eta denak batu ordu horiek biltzen dituen langileak berak aitortuak dituenekin.

e) Zilegi da orduen legezko kreditua langilearen Sindikatuak beste edozein jarduera justifikatutarako erabiltzea.

f) Hitzarmen honen indarraldian, Hitzarmen Probintziala negoziatzen emandako orduak ezin kontatuko zaizkie legez hautatutako ordezkariei Langileen Estatutuan ezarritako ordu-kredituaren barrenean.

g) Prestakuntza: langileen ordezkari sindikalei urtean aste batez ikastaroetan parte hartzeko eskubidea ematen zaie, honako gaiak jorratzen direnean: lanaren antolamendua, segurtasuna eta higienea, lan osasuna, lan legeria eta ingurumena.

Langile bakoitzak ohiko lanalditik kanpo bere jarduerarekin zuzenean loturiko lanbide-heziketako ikastaroetan edo birtziklapenekoetan sartzen dituen orduen ehuneko 50 bitarte ordainduko dituzte enpresek.

28. artikulua. Aseguru kolektiboaren poliza.

Hitzarmen honek bere eragin esparruan hartzen dituen enpresek beren langileentzat aseguru kolektiboa kontratatuko dute, laneko zein bestelako istripuaren ondorioz heriotza eta erabateko baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, honako kopuru hauek bermatuko dituena:

_21.940 euro, istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

_25.074 euro, istripuaren ondoriozko erabateko baliaezintasun iraunkorragatik.

Kontzeptu horrek 2008an igoera izanen du, urte horrexetarako lansari-tauletan ezartzen den portzentaje berekoa hain zuzen.

29. artikulua. Zuzenbide osagarria.

Hitzarmen kolektibo honetan xedatu ez den orotan Merkataritzako Lan Ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio, eta baita gainerako legezko xedapenetan ezarritakoari ere.

30. artikulua. Batzorde Paritarioa.

Hitzarmen honen klausulak eta aplikazioak sor ditzakeen zalantzak interpretatzeko, batzorde misto bat sortzen da, negoziazioan parte hartu duten langileen lau ordezkariz eta enpresaburuen beste lauez osatua.

Lehenengo xedapen gehigarria._Hitzarmenetik kanpo gelditzeko klausula.

Hitzarmen honetan ezarritako soldata-igoeren portzentajeak ez dira nahitaez eta derrigorrean aplikatu beharrekoak izanen azken urteetako kontabilitate-ekitaldietan defizita edo galerak izan dituztela objektiboki eta sinesgarriro frogatzen duten enpresentzat. Orobat, kontuan hartuko dira Hitzarmenaren indarraldiari buruzko aurreikuspenak. Kasu horietan soldata-igoera finkatzea alderdien esku geldituko da.

Horrelako egoera aintzat hartzeko, produkzio eta salmenten maila eskasa kontuan hartuko da, eta enpresaren kontabilitatetik, balantzeetatik eta emaitza-kontuetatik ateratzen diren datuei begiratuko zaie.

Datu horiei buruzko desadostasuna izanez gero, auditoreen edo kontu-zentsoreen txostenak erabil daitezke, enpresen inguruabarrak eta tamaina kontuan harturik betiere.

Inguruabar horiek alegatzen dituzten enpresak sartuak diren kontratazio-unitatearen arabera, langileen ordezkaritzari eta Batzorde Paritarioari dokumentazio zehatza aurkeztu beharko diete (balantzea, emaitza-kontua eta, halakorik bada, auditoreen edo kontu-zentsoreen txostena) soldaten tratamentu berezia arrazoitzeko. Soldata-erregimena ez aplikatzeko eskaera Batzorde Paritarioari eginen zaio, eta kideen ehuneko 60 beharko dira onartua izateko.

Hala gertatzen bada, ulertu behar da atal honetan ezarritakoak soldatan bakarrik duela eragina, eta dagokien enpresak Hitzarmenaren gainerako edukiei loturik gelditzen direla.

Egoera ekonomikoak edo finantzarioak hobera egiten duenean, kanpo gelditze horren eraginpeko enpresek langileekin negoziatuko dute, edo, halakorik bada, langileen ordezkari sindikalekin, epe horretan soldata guxiago jasotako langileei zein ordain eman, eta, horretarako, sindikatuen ordezkarien edo, halakorik ez bada, langileen esku jarriko dute hiru hilean behin balantzea eta emaitza-kontua, enpresaren benetako egoera egiaztatu ahal izateko.

Xedapen iragankorrak

1. Langileren batek frogatzen badu, enpresa batean kontratatu aurretik antzeko lanpostu batean gutxienez bi urteko epean, saltzaile lanetan aritu dela, 1. mailako saltzailearen lanbide-kategoriarekin sartuko da.

2. 2001eko urtarrilaren 1a baino lehen, saltzaile edo laguntzaile gisa, lanera sartutako langileek, baldin eta hemen hitzartutakoaren arabera behar den denbora igarota legokiekeen soldata ez baletor bat antzinako sistema aplikatuz legokiokeenarekin, eskubidea izanen dute bietatik onuragarrienaren araberako soldata jasotzeko.

I. ERANSKINA

2006. urteko soldata taulak

I. Zuzend. nag., depart. zuzend., arduradun teknikoa 1.364,49 68,22

II. Departament., biltegiko burua, arduradun nagusia 1.253,86 62,70

III. Atalburua, produkt., kutxazaina, erak.-apaintzailea 991,90 49,60

IV. Administrari-ofiziala

1. mailako saltzailea

Mekanikari-saltzailea

Gidari-banatzailea

Kutxako laguntzailea 902,19 45,12

V. Administrari laguntzailea

2. mailako saltzailea

Biltegizaina 872,37 43,63

VI. Garbiketa peoia, laguntzailea 842,16 42,11

Ikastuna, 2. urtekoa 774,45 -

Ikastuna, 1. urtekoa 700,68 -

Oharra._Gaur egun saltzaile nagusiaren izenean bildutako kategoria onartuak III. taldeari parekatuko zaizkio, 25 urteko saltzailearena eta morroi espezializatuarena IV. taldeari, 22tik 25 urte bitarteko saltzailea eta morroiarena V. taldeari, eta garbiketa-langileak VI. ari, parekotasunez.

II. ERANSKINA

2007ko lansari taulak 2006ko taulak + %3,3 (Nafarroako egiazko KPIa (%2,1) + 1,20 puntu)

I. Zuzend. nag., depart. zuzend.,

arduradun teknikoa 1409,52 70,48

II. Departamentuburua, biltegiko burua,

arduradun nagusia 1295,23 64,77

III. Atalburua, produktuburua, kutxazaina,

erakusleiho-apaintzailea 1024,63 51,23

IV. Administrari-ofiziala,

1. mailako saltzailea,

mekanikari-saltzailea,

gidari-banatzailea,

kutxako laguntzailea 931,96 46,60

V. Administrari laguntzailea,

2. mailako saltzailea,

biltegizaina 901,16 45,07

VI. Garbiketa peoia, laguntzailea 869,95 43,50

ikastuna, 2. urtekoa, 800,00 -

ikastuna, 1. urtekoa 723,80 -

Iragarkiaren kodea: F0701606