25. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SANTAKARA

Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Santakarako Udalak, 2005eko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Santakarako hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza. Hura 2006ko 96. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 11n. Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da.

Santakaran, 2007ko urtarrilaren 24an._Alkate udalburua, Luis Daniel Ayábar Gárriz.

SANTAKARAKO HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Santakarako Udalari dagozkio bertako hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Bertze hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

9. artikulua. Hiltzeko moduak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaileak manatu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuak egietagatik udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpean lagun bakarra hogei urtean ehorzteko hilobietarako. Dena den, leku guti izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bertzalde, ehorzketa zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

13. artikulua. Hilerriko lurra ehorzketak egiteko baizik ez da erabiliko. Zilegi da hilerriko paretetan gurutze edo hilarririk paratzea.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira. Itxiera eta gainerakoa interesatuaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

a) Lurrak lagatzea hilobietarako.

b) Hilerria garbitzea eta zaintzea.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

21. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek egun baliogabea dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1._Ehorzketak, lurrean.

Santakarako Udalean 5 urte edo gehiagoko antzinatasunaz erroldatuak, edo Santakaran erroldaturik egon direnak beren bizitzaren azken 20 urteetako 10etan: salbuetsirik.

Aitzineko baldintzak betetzen ez dituztenak: 900 euro hobi bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L0701699