25. ALDIZKARIA - 2007ko otsailaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

309/2007 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onesten duena.

Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak hauxe xedatzen du 21. artikuluan: "Legez eratutako kontsumitzaile elkarteek kontsumitzaileen interesak defendatzea izanen dute helburu. Haien onura publikoa deklaratu ahal izanen da eta onesten diren laguntza publikoak eman ahal izanen zaizkie beren xedeak betetzeko. Halaber, kontsumoko arbitraje sisteman parte hartu ahal izanen dute."

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 145.200 euroko gastua onestea, 2007ko gastuen aurrekontuetako 860001 81510 4819 492300 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko otsailaren 7an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ERANSKINA

Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2007ko deialdiko arauak

1. araua. Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko egiten duten jarduera bultzatzea 2007. urtean.

2. araua. Dirulaguntza har dezaketen gastuak eta diru-zenbatekoa.

1. Dirulaguntza har dezaketen jarduerak eta dagozkien diru-zenbatekoak hauek dira:

1.1. Elkartearen eginkizunak betetzeko behar diren funtzionamendu-gastuak: bulegoetako mantentze-lanak, posta zerbitzua, telekomunikazioak, bulegoko materiala, web-gunea prestatu edo mantentzeko gastuak, informatikako material suntsigarria eta abar.

Elkarteak kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulego baten ardura esleitua baldin badu, haren gastuak deialdi honen kanpoan geldituko dira, bai eta erakundeei ematen dizkien zerbitzu ordainduak ere.

Funtzionamenduaren gastuetatik %80 ordainduko da, gehienez ere.

1.2. Elkarteko langileen eta haien joan-etorrien gastuak: Elkarteko langileen gastua bi zatitan aurkeztuko da: alde batetik, elkartean berean ematen dituzten orduak eta, bestetik, elkarteak kudeatzen duen kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulego batean ematen dituztenak.

Joan-etorrien gastuei dagozkien diru kopuruak ezin izanen dira kontzeptu horretarako Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarritako ordainsariak baino handiagoak izan.

Langileriaren gastuetatik %80 ordainduko da, gehienez ere.

1.3. Laguntza juridikoko zerbitzua emateko gastuetatik %80 ordainduko da, gehienez ere.

1.4. Erakunde, topagune eta abarretan kontsumitzaile eta erabiltzaileen izenean parte hartzeko gastuetatik %80 ordainduko da, gehienez ere.

1.5. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako burututako berariazko jarduketa hauek, defizita duten heinean:

_Eduki nagusia kontsumo arloa duten aldizkari, liburuxka eta argitalpenen edizioa.

_Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jarduera antolatzea. Hedabideen bidez burutzen diren jarduera guztiak ere sartuko dira.

_Kontsumo gaiei buruzko azterlan berariazkoak egitea, gero argitaratzen badira edo zabalkunde irekia ematen bazaie.

Jarduerak sortzen dituen dirusarreren eta hura egiteko egin diren gastuen arteko aldea defizit lagungarritzat joko da, behar bezala justifikatuz gero eta %100 pagatuko da.

2. Dirulaguntza jaso dezaketen lau gastuetan, elkarteak bere fun- tsekin berdindu beharko du finantzatu ez den dirua eta hori behar bezala justifikatuko du, diru-zenbatekoa, jatorria eta jardueretan nola aplikatu den azalduz.

3. Dirulaguntza hurrenkera honetan emanen da: lehenbizi berariazko jarduketen defizita, gero funtzionamendu gastuak, langileenak, laguntza juridikoarenak eta, azkenik, topagune eta erakundeetan parte hartzekoak, aipatutako mugekin betiere.

3. araua. Onuradun izateko baldintzak.

Halaber, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. arikuluan aipatzen diren orotariko betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Legearen arabera eratuak eta elkarteen erregistroan inskribaturik egotea.

b) Helbide soziala Nafarroan izatea.

c) Jarduera nagusia Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa izatea.

d) Kontsumoari buruzko aholkularitza juridikoa emateko behar bezalako gaitasuna duen pertsona bat izatea gutxienez.

e) 2006. urtean gutxienez 120 bazkide izatea, kuotak ordainduta dituztenak.

f) Jendea hartzeko bulego bat izatea, kontsumoaren arloan astean gutxienez 30 orduz irekita.

g) Irabazi asmorik ez izatea, eta bazkideen artean irabazi asmoa duen pertsona juridikorik ez izatea.

h) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei ondasun edo zerbitzuak ematen dizkieten enpresen laguntza edo dirulaguntzarik ez jasotzea, ez zuzenean, ez zeharka.

i) Ondasun, produktu edo zerbitzuen merkataritzako publizitaterik ez egitea.

4. araua. Baldintzak frogatzeko modua eta noiz arte bete behar diren.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez dutela frogatzeko, eskatzaileak "erantzukizunpeko aitorpena" egin beharko dute, deusetan galarazi gabe Administrazioak aurkezten diren aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko duen ahalmena.

Aurreko arauan adierazitako berariazko baldintzak egiaztatzeko, elkarteko idazkariaren edo, bestela, presidentearen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Baldintza horiek 2007. urte osoan bete beharko dira.

5. araua. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskabideak, elkarteko lehendakariak izenpetu beharko dituenak, aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 1 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako lekuetako batean.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela adierazteko erantzukizuneko aitorpena.

b) Elkarteko idazkariaren ziurtagiria, edo, bestela, presidentearena, ondoko datu hauek azaltzen dituena:

_Zuzendaritza batzordeak laguntza eskatzeko hartutako erabakia.

_Deialdi honetako 3. arauan ezarritako baldintzak betetzen direla.

_Elkartearen liburu ofizialetan inskribaturik izanik, 2006ko abenduaren 31n kuota guztiak ordainduta dituzten bazkideen kopurua, zer kuota ordaindu behar duten eta urte horretan kuotengatik guztira jasotako dirua.

_Elkartearen bulegoen zerrenda, helbidea, jendearentzat irekirik egoteko asteko egun-orduak eta haien ardura duten pertsonen identifikazioa, baita hilero lanean ematen dituzten egun eta orduak ere.

_Elkartean lanean diharduten langileen izenen zerrenda, haien hilabeteko dedikazioa barne (ordu kopurua hilean).

_2007. urtean beste erakunde batzuetatik jasotako dirulaguntzak.

c) 2006an egindako jarduerei buruzko txostena:

Lehenbiziko atalean, "Jarduera orokorrak" izenarekin, beren bulegoetan jasotako eta tramitatutako kontsulta, erreklamazio eta salaketen kopurua azalduko dute, bai eta zein arbitraje elkartetan parte hartu duten, kontsumitzaileei argibideak emateko zenbat udal bulego dituzten esleiturik, zein erakunde eta topagunetan parte hartu duten eta bestelako jarduerak, hurrengo ataletan aipatzen ez direnak.

Bigarren atalean, "Berariazko jarduerak" izenarekin, 2. arauko 1.5 idatz-zatian aurreikusitakoak aipatuko dira, haien edukia eta exekuzio maila (argitaratutako aleen kopurua, azterlanen zabalkundea, etab.) zehazturik.

d) 2006ko abenduaren 31ko egoera-balantzea eta urte bereko irabazi eta galeren kontua:

Dirusarrerak honelaxe sailkatuko dira: bazkideen kuotak, erakundeei emandako zerbitzuengatik jasotako dirua, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eta bestelako dirulaguntza edo dohaintzak. Gastuak honela bereizita aurkeztuko dira: funtzionamendu gastuak (mantentze-lanetakoak, langileenak eta abar zehazturik), 2. arauko 1.5. idatz-zatian aurreikusitako jarduerek sortzen dituzten gastuak eta bestelakoak.

e) 2007ko aurrekontua, 2006ko irabazi eta galeren konturako ezarritako xehetasunak azaltzen dituena.

f) 2007an egin beharreko jardueren programa, 2006. urteko memoriarako eskatutako xehetasun berberak azaltzen dituena.

g) Laguntzak lehen aldiz eskatuz gero, elkartearen estatutuen kopia kautotua aurkeztuko da.

6. araua. Dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

Hona hemen dirulaguntza emateko eskabideak baloratzeko irizpide ponderatuak:

1. Bazkideek 2006ko ekitaldian pagaturiko kuoten ondoriozko dirusarrerak %35 ponderatuko dira.

2. 2006. urtean, elkarteak jendea hartzeko zenbat bulego izan dituen astean 30 ordu irekita. Jendea hartzeko ordutegia hortik beherakoa bada, kalkulu proportzionala eginen da. %20 ponderatuko da.

3. 2006. urtean elkartearen bulegoetan edo batez ere elkartearentzat lan egin duten pertsonen kopurua eta haien titulazioa, lan egoera eta lanaldia. %10 ponderatuko da.

Langile bakoitzak kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulegoetan hilean ematen dituen orduen kopurua adierazi beharko da, horiek ez baitira konputatuko.

4. 2. arauko 1.5. idatz-zatian aipatzen diren jardueren programa, aurreko urtean burutua: %35.

7. araua. Ebazteko organo eskudunak eta epeak.

1. Kontsumo Zerbitzuko zuzendariak aurreko arauan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskundunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela, onuradun bakoitzak zenbat diru hartu duen eta dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kontzeptuak nola banatu diren.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena bi hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesatuek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. araua. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondoriozkoak.

1. Laguntza onartzen zaien kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

_Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazio orokor eta oinarrizkoa ematea beren eskubideez eta eskubide horiek defendatzeko moduaz.

_Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduketak egiteko. Horri dagokionez, argitaratzen dituen argitalpen, esku-orri edo argibide guztien hiru ale gutxienez bidali beharko ditu aipatu departamentura.

_Emandako dirulaguntzen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko beharrezkotzat jotzen diren datuak, dokumentazioa eta frogagiriak bidaltzea departamentu horretara.

_Elkarte onuradunek behar bezala iragarri beharko dute laguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

_8. eta 9. artikuluetan aipatutako frogagiriak Kontsumo Zerbitzura igortzea, hiru hilabetetik behin.

2. Halaber, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik eduki beharra betetzen duela frogatzeko, eskabidearekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena emanen zaio eginbehar haiek eguneraturik daudela frogatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza emateko ebazpena ematen denean.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

4. Azkenik, deialdi hau Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidearen menpe dago.

9. araua. Onuradunek eginiko gastu eta ordainketak justifikatu beharra.

1. Hala gastuak nola ordainketak 2007. urtea bukatu aitzin egin behar dira.

2. Gastuak eta haien ordainketak frogatzen dituzten agiriak jatorrizkoak edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izanen dira eta betebehar hauek bete beharko dituzte:

_Dirulaguntza zein kontzepturengatik eman zen, haien arabera taldekatuta aurkeztuko dira, bakoitzak bere zenbakia duela. Gainera, kontzeptu bakoitzeko agirien zerrenda bat erantsiko da, non azalduko baitira emandako zenbaki korrelatiboa, hornitzailea, agirian ageri den kontzeptua, diru-zenbatekoa eta ordainketaren eguna.

_Gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztuko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordain-agiriak, hala nola erreziboak eta bankuko letra eta karguak.

_Langileen gastuak justifikatzeko, nominak eta kotizazio orriak aurkeztuko dira.

_Fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikimendu fiskalak eta, behar baldin bada, BEZa.

_Bidaiak justifikatzeko, garraioari, egonaldiari eta mantenuari dagozkien gordekin eta fakturak aurkeztuko dira.

10. araua. Dirulaguntza justifikatu eta ordaintzeko epeak.

1. Egiaztagiriak aurkezteko eta dirulaguntza ordaintzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

_Laguntza ematearekin batera, dirulaguntzaren %25 ordainduko da, aurrerakin gisa.

Aurrerakin hori pagatzeko arrazoia da kontsumitzaileen elkarteek funtsak behar izaten dituztela urteko lehen hiru hilabeteetan dirulaguntzaren xede diren jarduerek sorturiko gastuak pagatu ahal izateko. Izan ere, epe horretan ez dute berezko dirusarrerarrik, bazkideen kuoten sorrarazpena bigarren hiruhilekoan izaten dira eta.

_Apiril, uztail eta urriaren lehenbiziko 15 egunetan, aurreko hiruhilekoan egindako jardueren ziurtagiriak aurkeztuko dira . Horiek egiaztatu ondoren dagokiona ordainduko da, dirulaguntza osoaren %25 gehienez.

_Azkeneko ordainketa egiteko, laugarren hiruhilekoan egindako gastuen egiaztagiriak 2007ko abenduaren 17ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira.

2. Aurreko hiruhilekoetan gastu gehiegi justifikatuz gero, horiek aintzat hartuko dira emandako aurrerakina erregularizatzeko. Laugarren hiruhilekoan justifikatzen diren gastuak ez badira aurrerakina berdintzeko adinakoak, hau da laguntza osoaren %25 adinakoak, jasotako soberako dirua itzuli beharko da.

3. Justifikatutako arrazoiak direla-eta, Kontsumo Zerbitzuan eskatu ondoren betiere, kontzeptu batengatik jasotako diru guztia edo zati bat kontzesioko ebazpenean ageri den beste baterako erabiltzen ahalko da, baldin eta laguntza handitu nahi zaion kontzeptuari emandako gehieneko zenbatekoaren %50 gainditzen ez bada.

Nolanahi ere, ezin izanen da inola ere 2. arauko 1.5. idatz-zatian aurreikusitako berariazko jarduerei dagokien diru-zenbatekoa desbideratu.

11. araua. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen xede den dirulaguntza helburu bererako ematen diren beste batzuekin bateragarria izanen da, kontsumitzaile edo erabiltzaileentzako produktu edo zerbitzuak merkaturatzen dituzten enpresen laguntzak edo dirulaguntzak izan ezik.

Aurrekoa galarazi gabe, bestelako dirulaguntzak jaso ondoren 2. arauan ezarritako gehieneko portzentajeak gainditzen badira, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

12. araua. Arauen aurkako errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. araua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0702359