156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2361/2007 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Oltzako udal mugapean ibilgailuak fabrikatzeko. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra, S.A. da.

2006ko ekainaren 30ean, Volkswagen Navarra, S.A.k Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ingurumen baimen integratua eskatu zuen, Oltzan duen industria instalaziorako.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskinean dago, epigrafe hauen barruan: 1.1 "Errekuntza instalazioak, 50 MW-tik gorako errekuntza potentzia termikoarekin: b) Kogenerazioko instalazioak, galdarak, labeak, zein industria batean dagoen errekuntzarako beste edozein instalazio edo ekipamendu, errekuntza jarduera nagusia izan ez arren", 2.6 "Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean" eta 10.1 "Materialen, objektuen edo produktuen azalak disolbatzaile organikoekin tratatzen dituzten instalazioak, bereziki prestatu, estanpatu, estali edo deskoipetzeko, itsatsi, lakatu, garbitu edo inpregnatzeko, orduko 150 kg edo urteko 200 tona disolbatzaile kontsumitzeko ahalmenarekin". Hortaz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Halaber, instalazio hori Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen barruan dago. Lege horren 2.A eranskinean, epigrafe hauen barruan: 1. "Elektrizitatea, lurruna eta ur beroa eta energia mekanikoa ekoizteko instalazio industrialak, 50 MW-tik gorako eta 300 MW-tik beherako errekuntza potentzia termikoarekin", 7. "Materialen, objektuen edo produktuen azalak disolbatzaile organikoekin tratatzen dituzten instalazioak, bereziki prestatu, estanpatu, estali edo deskoipetzeko, itsatsi, lakatu, garbitu edo inpregnatzeko, orduko 150 kg edo urteko 200 tona disolbatzaile kontsumitzeko ahalmenarekin". Lege horren 2.B eranskinean, atal honen barruan: 2.6 "Prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean". Hortaz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ebazpen honen VI. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. VII. eranskinak, berriz, jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna biltzen ditu.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Oltzako udal mugapean ibilgailuak fabrikatzeko industria instalazioari. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra, S.A. da.

2. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 0526/06 (AAI) espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III., IV. eta V. eranskinetako neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Hondakin arriskutsuen sortzaileen erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, NA/P-1/97 zenbakia hain zuzen, Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A241 da, fabrikazioa, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen diren hondakin arriskutsuak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira.

6. Instalazioa hondakinen barne-kudeatzaileen erregistroan inskribatzen da, GI/04/NA/2006 zenbakiarekin, hondakinak barnean kudeatzen dituen zentroa baita. Kudeatzen ahalko dituen hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen barne kudeaketan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu IV. eranskin horretan sartzeko.

7. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana onestea. Titularrak aurkeztu du, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

8. 2008ko urtarrilaren 15a baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-erre- kurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Foru agindu hau jakinaraztea Volkswagen Navarra, S.A.ri, Oltzako Udalari, Nilsari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 23an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, 8. maila: Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0718305