156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2358/2007 EBAZPENA azaroaren 22koa, Ingurumen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina)" izeneko proiektua egiteko Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketa onesten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren abenduaren 28ko 471/2006 Foru Aginduaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina), eraikitzeko proiektuaz. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektu hori.

2007ko irailaren 19an aipatu departamentuak "Pirinioaldeko ibarretarako sarbideak. Isoko gaina (II)-Arbaiun" NA-178 errepideko 1. proiektu aldatua aurkeztu zuen. Aldaketa baimendutako trazadura 780 metroko tarte batean mugitzean datza, 1+200 k.p.tik 1+980 k.p.ra, hasiera batean aurreikusiriko konponbidetik hegoaldera. Aldaketak proiektuaren sekzio-eredua mantentzen du, 3,50 metroko bi errei eta mantso joateko zabalera bereko beste errei batekin, metro bateko bazterbideekin eta 0,5 metroko lubetako bermeekin eta parametro hauek hobetzen ditu: gehieneko malda (%7), luzera, osotara, gutxieneko erradioak eta lur-erauzketen gehieneko altuera. Hasierako proiektuan aurreikusiriko ezponden maldak errepikatzen dira (2H:1V lubetarako eta 3H:2V erauzketako), nahiz eta egonkortasunagatik eskuin aldeko lur erauzketa 5H:1Vtan aurreikusi.

Tartea lubeta moduan abiatzen da NA-178 errepidetik, ibar-hondoa hartzen du eta eta mazela erditik jarraitzen du, Isoko herriaren bidearen eta egungo errepidearen artean. Tarte horretan ezpondek ez dute 3,2 metroko altuera gainditzen. Isoko Gainean trazadurak lubaki moduan gurutzatzen du, aldeetan 5,6 eta 5,9 metroko ezponda erauzketekin, eskuin aldekoak beherenak. Gaina igarota lubetak gehienezko altuera hartzen du, ibar-hondotik 11,3 metrotara, Uzanos erreka-zuloa gurutzatu baino lehen. Azkenik, zati honek hasierako trazadurarekin bat egiten du Isoko bidearen goiko puntuaren ondoko lubakian.

Errepidea zeharkatzea ahalbidetuko duten lanak lubetaren azkeneko zatian daude. Zeharkako drainatze obra bati dagozkio (ODT 1+801), Uzanos erreka-zuloari jarraipena ematen dion 1.500 mm-ko diametroko kainu bat eta sekzio errektangularreko marko bat (OF 1+843), 7 m x 3,5 m-koa, animalien igarobide gisa diseinatuta. Iso bidearen zortasuna mantendu da eta trazaduraren ezkerreko aldean guztiz lehengoratua geldituko da,

Ingurumen eraginaren azterlanak babes neurriak eta neurri zuzentzailen kapitulua hartzen du bere baitan, landaretza berritzea barne, jarduketak ingurumen balioak zaintzearekin uztartzeko modukoak, hasierako proiektuan aurreikusitako jarduketak aldatutako tartera zabalduz.

Proposatutako jarduketek funtsezko aldaketarik eraginen ez dutela iritzita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 2ko 338/2007 Ebazpenaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 57. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du. Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du proposaturiko aldeketak Arbaiungo Arroilaren batasunaren intereseko lekua (BIL ES 0000125) ez dela ukituko bermatzen duela eta jatorriko ingurumen egoera hurrengo aldeetan hobetuko duela:

-Lur mugimenduak gutxitzen ditu, modu honetan material garraioa, makineriaren joan-etorria, zabortegien okupazioa eta lur-erauzketaren altuera eta azalera murriztuz.

-Erreka-zuloa libre utzi eta horrekin loturiko ondorioak saihesten ditu.

-Trazaduraren iragazkortasuna hobetzen du, zeharkako pasabidearen berariazko egitura mantentzen duelako eta ezpondeterako sarbidea erraztu.

-Higaduran, drainatze naturalean eta azpiegituraren paisaiaren aldetiko pertzepzioan modu onuragarrian esku-hartzen du, bai eta errepidearen iraunkortasunean ere.

Hau dela eta, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena ematen du, baldintzekin, obraren ingurumen aldetiko integrazio maila hobetzeko xedearekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina)" izeneko proiektua egiteko Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketa onestea. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, aipatu departamentuak aurkeztutako "Pirinioaldeko ibarretarako sarbideak. Isoko gaina (II)-Arbaiun" izeneko proiektuaren 1. aldaketarekin bat.

2. "Irunberri-Ezkaroze NA-178 errepidearen saihesbidea, 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina)" eraikitzeko proiektuaren Ingurumen Eraginaren Adierazpena egiten duen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako abenduaren 28ko 471/2006 Foru Aginduan ezarritakoa betez eginen da Proiektua. Horretaz gain hurrengo baldintzak bete beharko ditu:

-Landare lurra zabalduko da lur-erauzketaren eskuin aldean, 1+590 k.p.tik 1+700 k.p.ra, paisaian txertatzea eta landaretza berritzea xedearekin.

-Bazter utzitako Isoko bidearen zorua deseginen da trazaduraren eskuin aldean.

-Aldatutako tartearen eta zerbitzuan dagoen NA-178 errepidearen artean landaketak eginen dira, aprobetxamendurik gabeko lurra izanik bertan ez baita bestelako erabilpenik aurreikusten.

-Lubeta paisaian txertatzea eta landaretza berritzea bermatzen duten ingurumena lehengoratzeko neurriak hartuko dira, 1+700 k.p.tik 1+840 k.p.ra.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39.3 artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 22an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0718344