156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

428/2007 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Castejongo Iñigo Arista, Raimundo Lanas eta Doctor Larrad kaleetan euri-uren kolektorea jartzeko. Castejongo Udalak sustatu du.

2007ko uztailaren 5ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezartzen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proposamenaren aldeko txostena egin du, trazadura halako azpiegiturak baimentzen ahal diren lurzoru motatik pasatzen delako eta lurzatietan ez delako ukipen handirik izanen. Txosten horren arabera baimena lotuta dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoarekin (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura) eta, zehazki, bide-zorrei eta azpiegiturekin gurutzatzeko baimenei buruz ezarritakoarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Castejongo Iñigo Arista, Raimundo Lanas eta Doctor Larrad kaleetan euri-uren kolektorea jartzeko. Castejongo Udalak sustatu du.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean emanen da:

.Euriteen ondorengo ur-goraldietan ur-emariaren ebakuazioa eta banaketa egiteko modelizaziorik ez dagoenez, Las Barranquillas sakanaren irteera eteten duen Ebro ibaiaren Iraganbide Nagusiko lubetan dagoen drainatze obraren bidez honako neurri hauek hartuko dira:

-Badaezpada ere sakanaren irteeran Ebro ibaiaren Iraganbide Nagusiko drainatze obrak kolektoreak tarte horretan duen hustuketa sekzioaren tamainakoa izan beharko du gutxienez (Ø 1000 mm.ko diametroa).

-Ur-emariaren igotze puntualen eta bidearen banaketaren ondorioz Ebro ibaiaren Iraganbide Nagusian edo sakanan edo altxonbideko beheko aldeko ezpondan kalteak eraginez gero, egoera zuzentzeko dagozkion neurriak hartuko dira.

-Halaber, gerora gertatu daitekeen egoera hau aurreikusi egin beharko da kolektoreari hiri garapen berriak gehitzen zaizkion kasurako.

.Ingurumen ukipenetarako azterlanean aurreikusitako prebentzio eta lehengoratze neurriak hartuko dira. Azterlana eranskin gisa gehitu zitzaion proiektuari 2007ko uztailean.

.Arreta berezia jarriko da sasitza kendu eta landare-lurra biltzerakoan, zanga bete ondoren ukitutako gainazalean lurra zabaltzerakoan eta landalurreko ereintza proiektuan aurreikusitako nahasketarekin egiterakoan.

.Proiektuan ezarritakoaren arabera, eraispenetako lurrak eta material soberakinak hondakindegi baimendu batera eramanen dira, lur eremuan zabaldu edo utzi gabe.

.Materialak biltzeko gunea eta makineria ibiltzeko gunea zehaztu beharko dira jarduketa eremuan. Obrak bukatutakoan ukitutako lurrari trinkotasuna kenduko zaio eta materialen eta obra hondarren garbiketa eginen da eta zabortegira eramanen dira.

.Obrak hasi aurretik Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak emandako txostena beharko da, ondare arkeologikoaren babesari buruzkoa. Kopia bat Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura igorriko da espedientean sartzeko.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Ingurumen Zaintzara eta Castejongo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 23an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0718172