156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

426/2007 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, "Ubanin (Zabaltza) ur igorlea jarri eta ura arazteko" proiektuarentzako. Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitatea, S.A.k eta Zabaltzako Udalak sustatu dute.

2007ko otsailaren 20an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezartzen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, "Ubanin (Zabaltza) ur igorlea jarri eta ura arazteko" proiektuarentzako. Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitatea, S.A.k eta Zabaltzako Udalak sustatu dute.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean emanen da:

-Kolektorea instalatzeko lanen baimena lortu aurretik araztegiaren jarduera sailkatuaren udal lizentzia lortu beharko da. Horrela, okupazioa edo hodiak aldatzen ahal dituzten proiektuaren edozein aldaketa edo zehaztasunik eza zuzentzeko behar bezala aztertu beharko da.

-Hoditeria jarri eta gero, aurreikusitako kolektorearen trazadurak ukitutako pasabidean lurra lehengoratu egin beharko da, hondeatutako gainazalean landare lurra zabalduta eta, kasua bada, lanak egiteko erabilitako lurrak lehengoratzeko beharrezkoak diren fintze eta lanak aurreikusita.

-Arreta berezia jarriko da kolektorearekin muga egiten duen drainatzearen ibilbidea bilketekin, makineriaren joan-etorriekin eta isurketekin ez ukitzeko, obra hondakinik gabe utzita eta, beharrezkoa bada, lurraren profila lehengoratuta.

-Sobran gelditzen diren kalitate gutxi edo gabeko lurrak eta eraispenaren ondoko hondarrak dagokien hondakindegi batera eramanen dira, eta obrak bukatu ondoren lur eremua garbi eta obra arrastorik gabe utzi beharko da.

-Gaur egun araztegi sistematako erabiltzen den hobi septikoa erabilpenik gabe gelditzen bada, behin obrak bukatuta, eraitsi edo itxi egin beharko da. Horretarako, eraisteko eta ukitutako eremua lehengoratzeko proiektua beharko da.

-Obrak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari ondare arkeologikoaren babesari buruzko txostena eskatuko zaio eta Udalean aurkeztuko da espedientean sartzeko.

-Egin nahi diren jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 600 euroko fiantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Zabaltzako Udalari eta Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitatea, S.A.ri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 21ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0718145