156. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

425/2007 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena eguzki-parke fotovoltaiko baten eremua 3,76 hektarea handitzeko Mendaviako 1. poligonoko 1.172 lurzatian, aurkeztutako Ingurumen ukipenei buruzko azterlanari jarraikiz. 10 kW-ko 75 jarraitzaile gehiago jarriko dira eta, handitu ondoren, eguzki-parkearen eremua 13,76 hektareakoa izanen da guztira. Proiektuaren sustatzailea Ingeniería Medioambiental Helios, S.L. da.

Jaduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota, eta horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

2006ko ekainaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Uztailaren 31ko 259/2007 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zuten Mendaviako 1. poligonoko 1.172. lurzatiko eguzki-parke fotovoltaikoa handitzeko espedientea, Ingeniería Medioambiental Helios, S.L.k sustatua. Ebazpen hori 2007ko 108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 31n.

Jendaurreko aldian, "GURELUR, Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural" elkarteak aurkeztutako alegazio bat jaso da. Bertan adierazten da Ingurumen ukipenen azterlanean ez direla batere zehaztu animalia eta landare espezie berezien gaineko alderdiak, ez eta itxiturak animalien mugimenduan zer eragin izanen duen ere.

Alegazioei erantzuteko, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du 13,76 hektareako eguzki-parke fotovoltaikoa hartuko duen lurzatia (Mendaviako 1. poligonoko 1.172. lurzatia) erauzketa-lanetarako erabili dela orain arte, eta bertan dauden landare bakarrak belar espezie batzuk direla, azken honetan legarra atera ez den eremuetan sortu direnak. Horrez gainera, adierazi du alde hori ez dela bereziki sentibera, Kontseiluaren apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauan, basa hegaztiak zaintzeari buruzkoan, edo Kontseiluaren maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan, natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzkoan, ezarritakoaren arabera, eta orobat ez dagoela Ramsarko Ituneko zerrendan dauden hezeguneetan sartuta. Hortaz, ez dira haietan aipatutako baldintzak betetzen. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du landare eta animaliei buruzko behar bezalako azterketa egin dela, eta egiaztatu dela jarduketa eremuan ez dagoela ez mehatxatutako landare bereziei ez habiak egiteko guneei kalte egiteko arriskurik. Gainera, itxiturako sareak neurri ertain eta txikiko animaliak pasatzeko moduko begiak izanen ditu.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea eguzki-parke fotovoltaiko baten eremua 3,76 hektarea handitzeko Mendaviako 1. poligonoko 1.172 lurzatian, aurkeztutako Ingurumen ukipenei buruzko azterlanari jarraikiz. 10 kW-ko 75 jarraitzaile gehiago jarriko dira eta, handitu ondoren, eguzki-parkearen eremua 13,76 hektareakoa izanen da guztira. Proiektuaren sustatzailea Ingeniería Medioambiental Helios, S.L. da.

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Obra bukatutakoan landare tratamendu egokia eginen da, lurzoruaren higadura murrizteko. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarria izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako hazi nahasketa erabiliz: ezkaia (Thymus vulgaris) eta kamamila horia (Helychrisum stoechas). Birlandatze lanak hasi aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalari jakinarazi beharko zaio, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakiak: 848 42 14 86 / 848 42 49 05).

-Inguruko hesia ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (15 zentimetro inguru).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), honako baldintzekin:

-Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du, inguruan dituen bide publiko guztiekin.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

4. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 25.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Mendaviako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 21ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0718146