151. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

241/2007 FORU DEKRETUA, azaroaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseilua sortu zuen urriaren 3ko 213/1984 Foru Dekretua aldatzen duena.

Urriaren 3ko 213/1984 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseilua sortu zen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 29.1 artikuluak ezartzen du kide anitzeko organo bat sortzeko arauak zehazten duela organoaren osaera, eta 33. artikuluak ezartzen du idazkari lanetan nor arituko den. Hortaz, artikulu horiekin bat aipatutako foru dekretuaren aldaketa proposatu da.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritza Kontseilua sortu zuen urriaren 3ko 213/1984 Foru Dekretua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"3. artikulua.

3.1. Nekazaritza Kontseilua honako hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria. Lehendakaria izanen da.

b) Landa Garapeneko Nekazaritza zuzendari nagusia eta Abeltzaintza zuzendari nagusia.

c) Nafarroako Nekazaritza Ganberako Osoko Bilkuran ordezkaritza duen erakunde bakoitzeko bi kide. Horretan dauden nekazaritzako erakunde profesional bakoitzak izendatuko ditu.

d) Nekazari eta abeltzainen kooperatibaren bi ordezkari, erakundeak berak izendatuak.

e) Nafarroako nekazaritzako elikagaien elkarteetako hiru ordezkari. Nafarroan kokatuta dauden Barazkien Kontserba Erakundeek izendatuko diuzte horietako bi, eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak hirugarrena.

f) Nafarroako Nekazaritza Ganberako lehendakaria.

g) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren ordezkari batek ere parte hartzen ahalko du Nekazaritza Kontseiluan. Aipatutako Ministerioak izendatuko du.

3.2. Landa Garapeneko Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuko idazkari tekniko nagusia arituko da Nekazaritza Kontseiluko idazkari lanetan, baina ez da kidetzat hartuko."

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko azaroaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0718015