150. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

MARTZILLA

Deialdia, Martzillako Udalaren zerbitzuko albientea izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren urriaren 31ko 352/2007 ebazpenaren bidez onetsia.

ARAUAK

1. oinarria.-Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Martzillako Udaleko albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiak Martzillako Udaleko funtzionario publiko bilakatuko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko C mailan sartuko dira, eta Udalaren plantilla organikoan ezarritako lansariak jasoko dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta hartan alta emanen zaie, araubide horren babespean.

1.3. Izendatzen diren izangaiek Martzillako Udalak beren gain utzitako egitekoak, berez albienteari dagozkionak, izanen ditu; besteak beste, honako hauek: Udalaren dokumentazioa, ebazpenak eta jakinarazpenak banatu eta ematea, txostenak eta komunikazio idazkiak prestatzea, atezaintzako egitekoak (halakorik ematen bazaio), jabari nahiz erabilera publikoko eta Udalaren jabetzako ondasunak eta instalazioak kontrolatzea, udal bulegoari laguntzea, bai eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoak; bereziki lege horretako 20.3 artikuluan aipatzen diren egitekoak.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalaren organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

1.5. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Martzillako udalerrian finkatuko dute helbidea.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte edukitzea, gehienez ere.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, aski izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moldez non Nafarroako Segurtasun Eskolan eman beharreko prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide heziketakoa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, poliziaren kidegoan C mailako udaltzain edo funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik edo aitorpenik izanen maila horretako lanpostuetarako jotzeko, ez arlo akademikoan ezta irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan edota Administrazioaren bestelako arloan ere.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera bederen izatea eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, g) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezarri bezala.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Martzillako Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan eranskin gisa argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Hura Martzilla Herriko Etxean egonen da eskura. Horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batean, izangaiak 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatuko duen osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztuko dute, baita NANaren fotokopia konpultsatua ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkatetzak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria.-Oposizioaldiaren nondik norakoa.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein datatan eta ordutan hasiko diren. Aurreko proba non egin den, hantxe jarriko da jendaurrean hurrengo probaren iragarkia, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:

A.-Lehen proba.

Lehen proba egin aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira debekatutako substantzia eta gai farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko ebazpenaren eranskinean (1996ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean, otsailaren 8an, argitaratua) heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

B.-Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren gaiei buruzko galderak erantzutea.

b) Matematikako hamar problema ebaztea.

c) Ortografiako ariketa.

d) Albientearen eginkizunekin ikusteko duen egungo gai baten gainean idaztea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

C.-Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gaindituta ikastarora behin-behinekoz onartutako izangaiaren izena, lortutako puntuazioaren arabera antolatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiak frogatu beharko du, izangai onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabost egun naturaleko epean, 2.1 oinarriaren a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta, era berean, oinarri beraren g) baldintza betetzen duela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

-Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion erregistro zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

-Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea edo Eskola-graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketarena edo baliokideren bat.

-A eta B.T.P. motetako gidabaimenen fotokopia konpultsatua.

-Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Epaimahaiak izangaiaren osasun azterketa egiteko behar diren neurriak xedatuko ditu, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, bere gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko da eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ez gai" agertzen den izangaia.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaiaren behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangaiak ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik. Izangaiak behar den ziurtagiriaren bidez frogatzen badio epaimahaiari oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditu duela, epaimahaiak eskatzen ahalko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari oinarrizko prestakuntza ikastaroa baliokidetzeko, Martzillako Udalaren zerbitzuko funtzionario sar dadin, albiente lanposturako.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolako antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamenduan xedatutakoak zuzenduko du (irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan). Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaia Martzillako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen da, erregelamenduz dagozkion lansariak jasoko ditu eta praktiketako funtzionario gisa dagozkion gainerako eskubideak izanen.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, 1. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta Oinarrizko Prestakuntza Ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute.

1.-Mahaiburua: José M.ª Abárzuza Goñi, Martzillako Udaleko alkatea. Ordezkoa: Román Peláez Forné, Martzillako Udaleko lehen alkateordea.

2.-Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria. Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria.

3.-Mahaikidea: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria. Ordezkoa: Segurtasun Eskolak izendatzen duen teknikaria.

4.-Mahaikidea: langileen ordezkaritzak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkaritzak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Edurne Chasco Garralda, Martzillako Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Flor Laparte Rodríguez, Andosillako Udaleko idazkaria.

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, epaimahaiak onetsitako izangaiaren izena eman du.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbestekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena ez da izendatuko.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkatetzak Martzillako funtzionario eta albiente izendatuko du aurreko atalean aipatu proposameneko izangaia, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa bete badu, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean karguaz jabetu beharko dute izangai izendatuek. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aurrera.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Martzillan, 2007ko urriaren 31n.-Alkatea, José María Abárzuza Goñi.

I. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1.-Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Gizonezkoak: 55" baino gehiago. Emakumezkoak: 58" baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 55" edo gutxiago. Emakumezkoak: 58" edo gutxiago. Kalifikazioa: Gai

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2.-Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

Gizonezkoak: 10 baino gutxiago. Emakumezkoak: 8 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 10 edo gehiago. Emakumezkoak: 8 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: izangai bakoitzaren proba bukatu arte igarotako denbora hartzen da kontuan, ondoko eskalaren arabera:

Gizonezkoak: 40" baino gutxiago. Emakumezkoak: 25" baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 40" edo gehiago. Emakumezkoak: 25" edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: Bermeak. Konstituzio Auzitegia. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

2.-Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Comptos Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.

3.-Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

4.-Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

5.-Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketari eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

6.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

7.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Administrazio prozedura erkidearen faseak. Prozedura bereziak.

8.-Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Ikusmena. Begien sistema.

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

-4/10 bi begietan, edo

-3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

-2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

-Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

2.-Entzumena. Entzuteko sistema.

-Belarri zolitasunari dagokionez, 500tik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera belarri batean.

-Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.-Hizkuntza.

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.-Giharren eta eskeletoaren aparatua.

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

-Zifosiak, 30º baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.-Digestio aparatua.

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Zirrosi hepatikoa.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

6.-Bihotz-hodietako sistema.

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: Aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.-Arnas aparatua.

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berritua.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.-Nerbio-sistema.

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorearen eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak eta malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.-Alterazio psikiatrikoak.

-Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotopikoak.

-Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

-Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.-Sexu eta gernu-aparatua.

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Pixari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

11.-Sistema endokrinologikoa.

-Ardatz hipotalamo-hipofisiarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioak eta sekundarioak.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.-Odola eta organo hematopoietikoak.

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.-Bestelakoak.

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Loditasuna (GMI > 25).

15.-Ohar orokorrak.

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................... N.A.N.: .............. Bizilekua: ....................... Karrika: ................... Zenbakia: .................. Etxebizitza: ......... Telefonoa: ...............

Honako hau azaltzen dut:

Martzillako Udalaren zerbitzuko albiente izateko lanpostu bat betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala (Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko deialdiaren zenbakia: ..... eta data: ..........)

Eskabide honi eransten dizkiodala bai osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzeko gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, bai Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua ere.

Eskatzen dut:

Eskabide hau tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, onartua izatea Martzillako Udaleko albiente izateko lanpostu bat betetzeko oposizioan.

.......(e)n, 200...ko ............aren ......(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0717815