150. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ORKOIEN

Saramago pasealekuko 1etik 17ra bitarteko etxebizitza kolektiboen blokeendako ordenantza. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2007ko urriaren 31n egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

1.-Behin betikoz onestea Saramago pasealekuko 1etik 17ra bitarteko etxebizitza kolektiboen blokeendako ordenantza

2.-Erabaki hau arau onetsiekin batera Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3.-Ale bat igortzea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura.

Egintza honen aurka, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean hura jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bertzenaz,

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Orkoienen, 2005eko urriaren 13an.-Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.

JOSE SARAMAGO PASEALEKUKO 1ETIK 17RA BITARTEKO ETXEBIZITZA KOLEKTIBOEN BLOKEENDAKO ORDENANTZA

1. Helburua eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da parametro estetiko orokorrak ezartzea Orkoiengo Saramago pasealekuko 1etik 17ra bitarteko etxebizitza kolektiboen blokeendako, denendako irizpide homegeneoak edukitzeko.

Ordenantza honek atzera eragina izanen du eta aipatu blokeetako etxebizitzetan bizi diren guztiek bete beharko dute.

2. Ordenantzaren indarraldia eta bertze xedapen batzuk.

Ordenantza hau behin betikoz onesten denez geroztik izanen da aplikatzekoa, eta dokumentuak epe mugagabean izanen du indarra.

Ordenantza honek izaera formal eta praktikoa duten parametro saila ezarri du eta funtzionamenduari eta bizikidetzari on eginen dioten irizpide orokor batzuk ezartzeko idatzi da. Orkoiengo Udalak komenigarri iritzi dio jarraibide horiek ezartzeari eta obrak egiteko edo elementuak paratzeko sustatzaileak eska ditzakeen bertze baimen batzuetatik aparte idatzi da dokumentu hau.

3. Definizioak.

Eraikuntzaren 4. ordenantza orokorrean jasota daudenek balio dute.

4. Bertzelako determinazioak.

Ordenantza honek arautzen ez duen orotan ordenantza orokorrean ezarritako xedapenei jarraituko zaie.

5. Balkoiak ixtea.

Proposamen unitarioa aurkeztuko da, atarietako buru guztiek sinatua, bakoitza bere bizilagun elkarteen izenean; haietan bloke osoko balkoien itxituren irizpide estetiko eta eraikuntzako ezaugarriak ezarriko dira.

Horretarako, dokumentazio grafiko eta idatzizko aski ekarriko da, teknikari eskudunak sinatua eta haren lanbiden elkargoak ikus-onetsia.

Dokumentazio horrek, gainera, itxitura eredu bakoitzerako zenbatetsi den aurrekontua izanen du barnean.

Dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zerbitzura igorriko da, balora dezan proposamena aski eta bideragarria ote den.

Itxitura mota bat onetsitakoan, egiten diren guztiek eredu horrekin bat egin beharko dute; aitzinetik, behar den obra lizentzia eskatu beharko da.

6. Instalazioak.

Debeku da eraikinen fatxada nagusietan instalazioetako edozein elementu paratzea, hala nola antenak, galdarak, aire girotuko aparatuak etab.

7. Olanak.

Zilegi da olanak paratzea lehen solairutik goiti eta behe solairuan kokaturik dauden leihoen hutsuneetan, terraza pribatuaren gainean paratzen badira.

Eremu publikoaren gainean ateratzen denean: gutxieneko luzera metro batekoa izanen da, fatxadatik ez da inola ere metro bat baino gehiago aterako.

Olan guztiak hare kolorekoak izanen dira eta oihal mota "Siroco" izanen da. Estekagailua aluminio lakatukoa izanen da, gris kolorean.

Iragarkiaren kodea: L0717612