150. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AZAGRA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Azagrako Udalak, 2007ko abuztuaren 7an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batean onestea Eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak arautzen dituen ordenantza. 2007ko 112. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, irailaren 7an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azagran, 2007ko azaroaren 8an.-Alkatea, María Antonia Berisa Sánchez.

ERAIKINAK LEHEN ALDIZ OKUPATU EDO ERABILTZEKO LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira etxe berriak eta, haiekin batera, lehengoak handitu zein egituraz berritzetik sortzen direnak, betiere denak hirigintzako lizentziaren baten babesean eginik.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Altxatutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintza lizentziako baldintzen arabera egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, berriro jarri dituela ziurtatzea.

Lizentziaren eskaera

4. artikulua. 1. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztuko dute, Azagrako Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesdunaren edo, hala bada, ordezkatzen duenaren izen- abizenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da zehatz-mehatz, argi eta garbi.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak burutu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da.

c) Hirilurretako ondasun higiezinen gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Udal tasaren ordainagiria.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateak eta Hirigintza alorreko zinegotzi eskuordeak izanen dute.

Prozedura

6. artikulua. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak edo Hirigintzako arduradunak honela jokatuko dute:

1. Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabortz eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; halaber, ur, gas, elektrizitate eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Ebatzi beharra

7. artikulua. 1. Alkateak edo hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsiko zaizkio, izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

Ustezko egintza

8. artikulua. Ebazteko epea agortzen bada, alkateak edo Hirigintzako arduradunak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedatutakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. artikulua. 1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debekatua dute eraikina okupatzea.

2. Eraikinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei modu frogagarrian adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura besterentzean eskuratu ezean. Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak.

Ura eta argindarra hornitzen dituen enpresaren betebeharrak

10. artikulua. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

2. Obretarako ur-hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoren, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denboran bakarrik.

3. Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei eta interesdunei hamar egun lehenago jakinaraziko.

4. Obretarako eman ur-hornidura ez da bertzelako jardueretan erabiltzen ahal, etxean, batez ere.

5. Enpresa hornitzaileak ez ditu etxerako urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legearen 209. artikuluak eta hurrengoek, Lege beraren 189. artikuluari eta Hirigintzako Diziplinaren 1978ko ekainaren 23ko Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

12. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteagatik zehapena egindako obraren balioaren ehuneko batetik bortzera bitarteko isuna izanen da, eta gehienez ere sei mila euro, egindako jarduera legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

2. Aurreko artikuluan jasotako jarduera legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo haren atalen balioaren ehuneko bortzetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere hirurogei mila euro, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

3. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Erantzuleak

13. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

14. artikulua. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat, betiere hark hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

Zehapen prozedura

15. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Araubide juridikoa

16. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan hona indarra duten aginduak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

Iragarkiaren kodea: L0717268