144. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

TUTERA

"Sefaradeko bideak" Espainiako Judutegien Sarearen estatutuetan aldaketa egiteko erabakia

Tuterako Udalak, 2007ko urriaren 26an egin osoko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen, Tuterako Udaleko alkate udalburuak proposatuta:

"Orok dakigu Tuterak baduela ondare historiko aberats eta berezi bat, hiri horretan bizi izan diren judu komunitateek utzitakoa, eta izaera hori aitortzen zaio Espainiako bertze hiri batzuekin batera: garai batean garrantzi handia izan zuen judutegia, gaur egun kokapen eta kultura berezkoak atxikitzen dituena, modu berezi eta definituan atxiki ere.

Hori dela eta, 1994. urte hasieratik hona Udal honek gogotik hartu du parte Cáceres, Córdoba, Girona, Hervás, Ribadavia, Segovia eta Toledorekin batera judutegi horien bideak zaindu eta sustatzeko gauzatu diren ekimen eta jardueretan.

Espainiako Judutegien Sarea delakoko bertze hiri horiekin batera, Tuterako Udalak, 1994ko abenduaren 30eko Gobernu Batzordean, lankidetza hitzarmena sinatu zuen horietako bakoitzean juduek utzitako ondarea batera sustatzeko.

Ikusi zen egokiagoa zela, ekimen horren hasieran zehazturiko helburuak lortzeari begira, judutegien sare horri izaera juridiko berezkoa ematea, elkartze formula egokiaren bidez eta indarra duten legeei jarraikiz.

Horretarako, "Sefaradeko bidea" Espainiako Judutegien Sareen Estatutuetarako proiektua prestatu zen, izaera juridiko osoa eta publikoa zuen elkartea sortzeko, Cáceres, Córdoba, Girona, Hervás, Ribadavia, Segovia, Toledo eta Tuterako Udalerriek osatua.

Estatutuen proiektu hori aipatu udalerrien ordezkariek onetsi zuten, 1996ko ekainaren 13an, Segovian egin bilkuran.

Udalak, berriz, 1996ko uztailaren 20ko osoko bilkuran onetsi zituen "Sefaradeko bidea" Espainiako Judutegien Sareen Estatutuak, izaera juridiko osoa eta publikoa zuen elkartea sortzeko, Cáceres, Córdoba, Girona, Hervás, Ribadavia, Segovia, Toledo eta Tuterako Udalerriek osatua.

Hiri gehiago kidetu direnez, Judutegien Sarearen batzar bereziak, joan den martxoaren 17an egin bilkuran, onetsi zuen bere estatutuetan aldaketa egitea.

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen borzgarren xedapen gehigarriak ezartzen duela toki entitateek estatu edo autonomia mailako elkarteak osatzeko aukera dutela, interes komunak zaindu eta sustatzeko, era berean, ezartzen duelarik elkarte horiek horretarako onesten diren estatutuen bidez arautuko direla.

Kontuan harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 71. artikuluak ere aukera hori jasotzen duela eta zehazten dituela elkarte mota horiek arautuko dituzten estatutuek ezinbertzez bildu beharreko alderdiak.

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 47.2.g) artikuluan xedatzen dela toki korporazioko kideen legezko gehiengo osoaren aldeko botoa behar dela mankomunitateak edo bertzelako elkartze moduak sortu, aldatu edo desegiteko, bai eta haiekin bat egiteko eta haien estatutuak onetsi eta aldatzeko.

Horiek horrela, erabaki da:

Lehenbizikoa.-Aldaketa onestea "Sefaradeko bideak" Espainiako Judutegien Sarearen estatutuetan, Judutegien Sarearen batzar bereziak joan den martxoaren 17an Jaenen onetsitako agiriarekin bat.

Bigarrena.-Erabaki hau Espainiako Judutegien Sarearen Lehendakaritzari igortzea, Jaengo Herriko Etxean baitago, baita Castel Ruiz Kultur Etxeari, Kontu Hartzailetzari eta Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuari ere, eta behar den iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan".

Tuteran, 2007ko urriaren 29an.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

Iragarkiaren kodea: L0716914