137. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

LERIN

Albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak

Leringo Udalak, 2007ko urriaren 1ean egin bilkuran, onetsi zuen albiente izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia, arau hauei jarraikiz

ARAUAK

1. oinarria.-Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Leringo Udaleko albiente izateko lanpostu bat, txanda irekian, oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Leringo Udaleko funtzionario publiko bilakatuko da eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta hartan alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babesean. Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, afiliaturik badago, aukeran izanen du bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.3. Izendatzen diren izangaiek urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuan eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, bereziki aipatu arauaren 13.3 artikuluan aipatu eginkizunak, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

Udal organoek hala uste badute, zerbitzu anitzetako enplegatuari dagozkion eginbeharrak ere egin beharko ditu, baita kasuan kasuan eskatzen zaizkionak ere.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.5. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Leringo udalerrian finkatuko dute helbidea.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen Seigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, nahiko izanen da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non, deialdi honetako 5.2.2 oinarrian aurreikusitako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen arlo ez akademikoan ezta irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan ere.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren III. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera bederen izatea eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

g) Ibilgailuak gidatzeko B.T.P. eta A motako baimenak izatea.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, g) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntza ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezarri bezala.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Leringo Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Administrazio Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Hura Leringo Udaletxean egonen da eskura. Horietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek osasun ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, 1. eranskinean aipatzen diren proba fisikoak egiteko gaitasunik aski badutela frogatzeko, eta erantsi beharko dute NANaren fotokopia eta izen-emate eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren egiaztagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. oinarria.-Oposizioaldiaren nondik norakoa.

5.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, zein datatan eta ordutan hasiko diren. Gainerako probak egiteko iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe jarriko da jendaurrean hurrengoaren berri, baita Udaletxeko iragarki oholean ere, 48 ordu lehenagotik.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:

A.-Altuera egiaztatzea:

Probei hasiera eman aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B.-Lehenbiziko proba.

I. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horretarako, debekatuta egonen dira galarazitako substantzia eta talde farmakologikoei eta kirolean arauz kanpokoak diren doping metodoei buruz Kiroletako Kontseilu Gorenak emandako 1996ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren eranskinean (1996ko otsailaren 8ko 34. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) heldu diren substantziak, talde farmakologikoak, doping metodoak eta manipulazioak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C.-Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko galderak erantzutea.

b) Matematika, Fisika edo Kimikako hamar problema. Horretarako, aski izanen da Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horien pareko ezagupenak izatea.

c) Ortografiako ariketa.

d) Albientearen eginkizunekin ikusteko duen egungo gai baten gainean idaztea.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

D.-Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

Ariketa bakoitza zuzendu ondoan, epaimahaiak Udaleko iragarki oholean jarriko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin batera, eta oposizioko hurrengo ariketa zein egun, ordu eta tokitan izanen den emanen du jakitera.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntzako ikastarora joanen den izangaiaren izena, hautapen aldian puntu gehien lortu duena izanen baita.

Izangai onartuak oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez badu, gainditu duten izangaien artean puntuaziorik handiena duen hurrengoak ordezkatuko du eta harexek ikastaroa eginen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek egiaztatu beharko dute, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamabortz egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta, era berean, oinarri beraren g) baldintza betetzen dutela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

-Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokion Erregistro Zibilak luzatua, edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

-Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Bigarren mailakoa edo baliokideren bat.

-B.T.P. eta A motetako gidatzeko baimenen fotokopia konpultsatuak

-Eginkizun publikoetarako ezgaituak edo gabetuak ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatearena.

Epaimahaiak behar diren neurriak hartuko ditu, aipatu izangaien osasun azterketa egin dadin, haien gaitasuna egiaztatu beharrez III. eranskinean zehazten den bezala.

Bazterturik geldituko dira eskumena duen fakultatiboak egiten duen txostenean "ez gai" agertzen diren izangaiak.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastarora onartutako izangaiaren behin betiko zerrenda. Behin-behinekoz onartutako izangaiak ez badu eskatzen zaion dokumentazioa aurkezten edo osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, bere dokumentazioa bete eta osasun azterketa iragan ondotik.

Nafarroako Segurtasun Eskolaren funtzionamendurako Erregelamenduak arautuko du oinarrizko prestakuntza ikastaroa (100/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 12koa; 2003ko 70. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 4koa). Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaia Leringo Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen da, erregelamenduz dagozkion lansariak jasoko ditu eta praktiketako funtzionario gisa dagozkion gainerako eskubideak izanen.

Prestakuntza ikastaroa amaiturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak izangaiaren kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da, 1. eranskinean ezarritako gutxienekoak gainditu edo ez.

6.2. Edozein ariketatan "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Proba gainditzeko, ariketa bakoitzean 12,5 puntu atera beharko dute, gutxienez.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta Oinarrizko Prestakuntza Ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaketa, eraketa eta jarduera.

7.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

1. Mahaiburua: Marcelino Azcoiti Alonso, Leringo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María-Amaya Chocarro Velasco, Leringo Udaleko lehen alkateordea.

2. Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen duen teknikaria.

3. Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatu beharreko teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Segurtasun Eskolak izendatu beharreko teknikaria.

4. Mahaikidea: Leringo Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Leringo Udaleko langileak ordezkatzen dituzten organoek proposaturiko ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Miguel Angel Escribano Magaña, Leringo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Angeles Iriarte Ayucar, Alloko Udaleko idazkaria.

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu dei honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituen izangaiaren izena eta hura izendatzeko proposamena eginen du.

8.2. Izendapen proposamena banan-banan jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barnean, zerrenda horretako izangaiak zin egin beharko du, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8.3. Aipatu epean eta behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko arrazoiak salbu zin egiten edo hitz ematen ez badu, ezin izanen dute izendatu.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Alkatetzak Leringo funtzionario eta albiente izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposameneko izangaiak, baldin eta 8.2 oinarrian xedatutakoa betetzen badute, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapenaren jakinarazpenetik hasita. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbertzeko kasuetan salbu.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1. Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez bertze baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Kalifikazioa: egindako denborak kontuan hartuz.

Gizonezkoak: 55" baino gehiago. Emakumezkoa: 58" baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 55" edo gutxiago. Emakumezkoa: 58" edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

2. Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Testaren xedea da magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den kontuan harturik. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

Gizonezkoak: 10 baino gutxiago. Emakumezkoak: 8 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 10 edo gehiago. Emakumezkoak: 8 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

3. Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: helburua da hasierako posizioari eustea eskatutako denboran, gutxienez. Kronometroa martxan jarriko da izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster. Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak flexionatzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren eta ondoko eskalaren arabera:

Gizonezkoak: 40" baino gutxiago. Emakumezkoak: 25" baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 40" edo gehiago. Emakumezkoak: 25" edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da ehunenak kontuan hartu gabe.

4. Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barnean. Izangaiak besoak mugi ditzake eta enbor-belaunak tolestu ere bai, baina oinak mugitzerik ez du, ezta lurretik osorik nahiz apur bat bereizterik ere, jauzia egin aitzin.

Nola egin: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barruan, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinez bertzeko edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak egin arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

Gizonezkoak: 0"57 baino gutxiago. Emakumezkoak: 0"47 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 0"57 edo gehiago. Emakumezkoak: 0"47 edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

Denbora neurtuko da milarenak kontuan hartu gabe. Kalifikazioa, betiere, plataformak neurtutako denboraren arabera emanen da. Izangaiek jakin dezaten, baliokidetze teorikoen taula hau eransten da, jauzia lortutako altueraren arabera neurtuta:

Gizonezkoak: 0,39 m baino gutxiago. Emakumezkoak: 0,27 m baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 0,39 m edo gehiago. Emakumezkoak: 0,27 m edo gehiago. Kalifikazioa: gai.

5. Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bortz zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta borzgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Zirkuitua zoru lerragaitz baten gainean ezarriko da (porlan zimurtsua, asfaltoa, ez lerratzeko tratamendua duen parketa, etab.). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Zirkuituaren eskema:

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) egindako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bururatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

Gizonezkoak: 25"8 baino gehiago. Emakumezkoak: 27"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai.

Gizonezkoak: 25"8 edo gutxiago. Emakumezkoak: 27"8 edo gutxiago. Kalifikazioa: gai.

II. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: Bermeak. Konstituzio Auzitegia. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3.-1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5.-Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Comptos Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.

6.-Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7.-Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8.-Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketari eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Administrazio prozedura erkidearen faseak. Prozedura bereziak.

11.-Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

III. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Ikuspegia. Begien sistema.

-Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

4/10 bi begietan, edo 3/10 begi txarrenean eta 5/10 hoberenean, edo -2/10 begi txarrenean eta 6/10 hoberenean.

-Ikuseremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

-Diplopia.

-Diskromatopsia larriak.

-Estereopsi falta.

-Keratotomia erradiala.

2.-Entzumena. Entzuteko sistema

-500tik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

-Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.-Hizkuntza.

-Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.-Giharren eta eskeletoaren aparatua.

-Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

-Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

-Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

-Zifosiak, 30º baino handiagoak.

-Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

-Espondilitis ankilosantea.

-Paget-en eritasuna.

-Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

-Fibromialgia.

-Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.-Digestio aparatua.

-Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

-B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

-Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Zirrosi hepatikoa.

-Behazun-zirrosi primarioa.

-Pankreatitis kronikoa.

-Fibrosi kistikoa.

-Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Kakari eutsi ezina.

6.-Bihotz-hodietako sistema.

-Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

-Arritmia eta blokeoak: Aurre eszitazioko sindromeak eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako AB blokeoa, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

-Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

-Balbulopatiak.

-Miokardiopatiak.

-Perikardiopatia kronikoak.

-Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

-Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

-Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

-Hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

-Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.-Arnas aparatua.

-Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

-Pleurako isuri berrituak.

-Berezko pneumotorax berrituak.

-Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

-Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.-Nerbio-sistema.

-Epilepsia.

-Esklerosi anizkoitza eta bertzelako eritasun desmielinizanteak.

-Neurona motorearen eritasunak.

-Ataxiak.

-Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

-Parkinson-en eritasuna eta bertzelako alterazio estrapiramidalak.

-Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

-Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bertzelako arazoak.

-Bertigoak.

-Siringomielia.

-Hidrozefalia.

-Miopatiak.

-Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

-Nerbio-sistema periferikoaren lesioaren ondoriozko paralisia, funtzioetan duen eraginaren arabera.

-Neke kronikoaren sindromea.

-Anosmia.

-Beste alterazio motore batzuk (tikak, estereotipia motoreak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.-Alterazio psikiatrikoak.

-Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

-Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

-Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

-Gogo-aldartearen alterazioak (jokabide bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi handia, alterazio distimikoak).

-Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

-Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.-Sexu eta gernu-aparatua.

-Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

-Pixari eutsi ezina.

-Giltzurruneko polikistosia.

11.-Sistema endokrinologikoa.

-Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

-Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Addison, Cushing, Feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bertzelako alterazioak.

-Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

-Mellitus diabetesa.

-Adenomatosi endokrino anizkoitza.

-Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.-Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

-Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.-Odola eta organo hematopoietikoak.

-Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, ß-talasemia anemiadunak.

-Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

-Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

-Inmunoeskasiak.

-Esplenektomia.

-Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.-Bertzelakoak.

-GIB birusaren antigorputzen eramailea.

-Amiloidosia.

-Kolagenosia.

-Lupus eritematoso sistemikoa.

-Artritis erreumatoidea.

-Esklerodermia.

-Sjögren-en sindromea.

-Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

-Loditasuna (GMI > 25).

15.-Ohar orokorrak.

-Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

-Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

-Funtzioetan eragina duten gorputzeko bertzelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua

Leringo Udalari, izena: ....................., adinez nagusia. NAN zenbakia: ........, bizilekua: ........................, karrika: ......................., zenbakia: ......, solairua: .........................., telefonoa: ...................

Honako hau azaltzen dut:

Lodosako albiente izateko 2 lanpostu betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide honi eransten dizkiodala bai osasun ziurtagiri ofiziala, non frogatzen baita gauza naizela deialdian adierazitako proba fisikoak egiteko, bai izena emateko eskubideei dagokien diruaren ordainagiria ere.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskabide hau epearen barrenean eta behar bezala aurkeztutzat harturik, onartua izatea Leringo Udaleko albiente izateko lanpostu bat betetzeko oposizioan.

............(e)n, 2007ko .........aren ............(e)an.

(Sinadura)

Lerinen, 2006ko otsailaren 14an.-Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0716167