137. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

KINTOKO MANKOMUNITATEA

Kintoko Mankomunitateko bide eta finketako sarbideen sarearen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Kintoko Mankomunitateko Batzarrak, 2007ko urriaren 8an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kintoko Mankomunitateko bide eta finketako sarbideen sarearen erabilera arautzen duen udal ordenantza (2007ko 72. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, ekainaren 11n).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, delako ordenantza behin betikoz onetsi da eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erron, 2007ko urriaren 17an.-Mankomunitateko burua, Enrique Garralda Erro.

KINTOKO MANKOMUNITATEKO BIDE ETA FINKETAKO SARBIDEEN SAREAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Kintoko Mankomunitatearen lurraldean dauden bideen erabilera arautzen du ordenantza honek.

Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute arauketa; izan ere, Mankomunitatearen betebeharra da haien zaintza.

2. artikulua. Bideak erabil daitezke Kintoko Mankomunitatearen lurraldean kokaturik dauden jarduera guztietan, nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo industriari emanak badira eta betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

3. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, bidearen egoera eta izaera kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

4. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak noiz arte erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta hondatu. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, Mankomunitateko arduradunaren edo arduradunen oharrei jarraituko zaie.

5. artikulua. Ibilgailu motordunek debeku dute ibiltzea bide eta pistetatik kanpo Mankomunitatearen lur guztietan barna, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueretarako ibilgailuak badira, eta betiere inguruetako fauna eta flora errespetatuz.

6. artikulua. Debeku dira ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Mankomunitateko organo eskudunek baimena ematen badute.

7. artikulua. Ez dute baimenik behar erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek, beren eginkizunetan ari badira.

8. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Mankomunitateari. Halaber, baimena eskatu beharko dio bere jardunean bidearen erabilera intentsibo edo berezia egin behar duenak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Mankomunitateko Batzarrak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

9. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta banaz bertzekoak, eta zenbat denborarako den.

10. artikulua. Eskabideak ikusita, Mankomunitateko Batzarrak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo esleitutako lanak edo aprobetxanduak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat pausatzea ekarriko dute; Mankomunitateko Batzarrak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren ariora kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota bat ere ezartzen ahal du Mankomunitateko Batzarrak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Erran gabe ere, oihan aprobetxamenduen esleipen hartzaileen eta Mankomunitateko Batzarreko lanen kontratisten kasuan baimena emantzat hartuko da, nahiz eta horrek ez dituen salbuesten bideak erabiltzeko eman diren arauak begiratzetik.

11. artikulua. Mankomunitateak bidea eginik ez duen alderdiren batera iritsi nahi duten ibilgailuen jabeek hurbilen dagoen bide edo pisten eskuin ertzean utzi beharko dute, betiere pasatzeko lekua uzten badie bide edo pista horietan barna dabiltzan bertze ibilgailuei. Artikulu honetan ezartzen denaren kontra ibilgailurik aparkatzeak ordenantza honen araberako zehapena ekarriko du berekin.

12. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura moteldu beharko da tartean oinezkoak, azienda, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, zeinek daraman karga gehien.

13. artikulua. Mankomunitateko Batzarrak urtero aztertuko ditu bideak. Bertzetik, inguruabarrek hartara bultzatzen dutelako, haiek konpondu eta egokituko ditu, bere ahalen neurrian.

14. artikulua. Ordenantza honetako arau-hausteak Mankomunitateak urtero ezartzen duen zenbateko isunarekin zehatuko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, deusetan ukatu gabe egileen betebeharra egin dituen kalte-galerak ordaintzeko. Zenbateko hori 300 euro da eta, bertzerik erabakitzen ez den bitartean, urtero goitituko da IPKren ariora."

Iragarkiaren kodea: L0716170