137. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IGUZKITZA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Iguzkitzako Kontzejuak, 2006ko maiatzaren 18ko Kontzeju Batzarrean, hasiera batean onetsi zuen Iguzkitzako Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta bertako zerbitzuak hartzeko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 83. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 6an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iguzkitzan, 2007ko irailaren 13an.-Kontzejuko burua, Alfredo García Foronda.

IGUZKITZAKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA BERTAKO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Kontzejuko hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Iguzkitzako Kontzejuaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakarzkiote Iguzkitzako Kontzejuari:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuburuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Kontzejuko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Kontzejuari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein mementotan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera on-onean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaileak manatu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berri bat ezarri beharko da dagoena ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak hartzeko Kontzejuaren tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko eperako, gehiagorik ordaindu gabe. Dena den, leku guti izan eta gehiagoren beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak. Bestalde, ehorzteko kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izanen du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Hilobietan gurutzeak edo zutikako hilarriak baizik ez dira paratzen ahalko, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

-Diseinu mota: librea.

-Gehieneko garaiera: 45 zentimetro.

-Lodiera: 8 zentimetro.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik paratzea.

14. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Kontzejuaren kontura izanen dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak Iguzkitzako hilerrian zerbitzuak hartzeagatik

17. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:

a) Ehorzketak.

b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak eman ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izanen dira.

21. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo Kontzejuko bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die Kontzejuko bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1. Ehorzketak:

a) Iguzkitzako Kontzejuan erroldatuak, bost urteko antzinatasuna baino handiagoa dutenak erroldan: salbuetsita. Arauak indarra hartzen duen mementoan erroldatuta dauden guztiek behar besteko antzinatasuna dutela kontsideratuko da tasa kobratzerakoan.

b) Iguzkitzako Kontzejuan erroldatu gabeak: 3.000,00 euro. Zenbateko honi urteko KPIa aplikatuko zaio.

Bigarren atal honetan, salbuetsirik geldituko dira herritarrak, badin eta eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan, eta berdin erlijiosoak. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira eta ez dute deus ordaindu beharko.

Iragarkiaren kodea: L0715860