127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

224/2007 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2007an garapenerako lankidetzarako urte batzuetako programak egiteko dirulaguntzetarako dei egiten duena.

Nafarroako erakundeek Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa, herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko, mila urte honetako garapenerako helburuak lortzeko asmoz.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, haren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileak xedatzen duenez, lankidetza hori hobetuko da haren modalitateak eta jarduketarako tresnak dibertsifikatuz. Izan ere, epe ertainerako jarduketak garapenerako lankidetzarako urte batzuetako programak izeneko tresna baten bidez finantzatzen ahalko dira.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako lankidetzarako urte batzuetako programak egiteko dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena._2007an garapenerako lankidetzarako urte batzuetako programak egiteko dirulaguntzetarako deialdiko arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena._10.200.000 euroko gastua erabiltzea, honelaxe banaturik: 3.200.000 euro 2007ko ekitaldirako, gastu aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900000 91200 4819 143102 kontusailetik; 3.500.000 euro 2008ko ekitaldirako eta 3.500.000 euro 2009ko ekitaldirako.

Hirugarrena._Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko irailaren 21ean._Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

Lehenengoa._Xedea eta helburua.

1. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak dirulaguntzetarako dei egin du 2007rako, 2008rako eta 2009rako. Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera finantzatuko dira, garatzen ari diren herrialdeetako herritarren oinarrizko beharrak zuzenean asetzeko urte batzuetako programetan diharduten horiekin, hain zuzen ere. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten programa horiek herrialde horietako bazkideekin batera burutuko dira eta haien helburua pobreziaren kontra borrokatzea eta bertako herritarren bizimodua eta barrutiko garapenerako gaitasuna hobetzea izanen da.

2. Garapenerako lankidetzarako programatzat joko da ekintza integrala edo jardun beharreko eremuan edo eskualdean eragin handia duena, iraupen eta iraunkortasun handia lortu nahi duena eta urtebetetik gora dirauena.

3. Garabideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira Lankidetza Ekonomikorako eta Garapenerako Erakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena._Aurrekontua.

Horretarako 2007an 3.200.000 euro erabiliko dira, 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko kontusailean. 2008an 3.500.000 euro erabiliko dira gehienez eta 2009an 3.500.000 euro.

Hirugarrena._Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea, legez osatu eta inskribatuak, Espainako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Gainera, bi GGKE edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

b) Egoitza edo bulego iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Arau honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori. Egoitza hori ezin izanen da partikular baten helbidea izan.

c) Elkartearen helburuak lortzeko aski den egitura eta antolamendua izatea.

d) Bost urte honetan Nafarroako Gobernutik gutxienez ere 800.000 euro hartuak izatea lankidetza funtsetan eta aurreko bost urtetan gutxienez 1.000.000 euro kudeatuak izatea, dirulaguntza publikoetan eta funts pribatuetan. Nafarroako bulegoen kasuan, ulertuko da horiexek hartu eta kudeatu dituztela funts horiek.

Aurreko lerroaldean ezarritakoari begira, GGKEek kreditatu behar duten antzinatasuna errespetatuko da, bakar-bakarrik, elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoa baizik ez badute aldatzen, betiere hori kreditatzen bada entitate juridiko berriaren estatutuetan.

e) Azken urteko kontuak auditatuak izatea.

f) Autonomia erkidegoetako, Espainiako eta nazioarteko bi sare edo plataformatan aritzea.

g) Proiektua egin behar den herrialdean tokian tokiko bazkide edo erakunde bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkide horrek deialdi honetako laugarren arauan ezartzen diren betebeharrak bete beharko ditu.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

i) GGKE elkarteak izanez gero, elkartea osatzen duen erakunde bakoitzak betebehar guztiak bete beharko ditu, d) betebeharra izan ezik, hori bakarrik haietariko bi eskatuko baitzaie, bidezko bada.

Laugarrena._Herrialdeetako bazkideen betebeharrak.

Herrialdeetako bazkide edo erakundeak herrialde onuraduneko legeriarekin bat pertsona juridikoak izanen dira eta betebehar hauek bete beharko dituzte, diharduteneko herrialdeko GGKEen bulegoak barne:

a) Bost urteko antzinatasuna izatea.

b) Haiek eginiko ekintzen zenbateko osoa eskaturiko programarena adinekoa edo hortik gorakoa izatea.

c) Programa oso-osorik burutzeko behar den egitura eta antolamendua izatea.

d) Herrietako, erregioetako, departamentuetako, estatuko eta nazioarteko bi sare edo plataformatan aritzea.

Bosgarrena._Garapenerako lankidetzarako programen betebeharrak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten programek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiko lehen arauko helburu eta xedeekin; Garapenerako Lankidetzaren aldeko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeko 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin eta Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzailearekin bat etortzea.

b) Plan Zuzentzailean aipatzen diren lehentasunezko eremuetako herrialdeetan burutzea: Bolivian, Kolonbian, Ekuadorren, El Salvadorren, Guatemalan, Nikaraguan, Perun, Aljerian, Marokon, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Tanzanian, palestinar lurraldean eta saharar herrian.

c) Plan zuzentzailean aipatzen diren lehen hiru lehentasun sektorialetariko bi gutxienez biltzea: oinarrizko giza beharrak asetzeko gaitasunak hobetzea; demokratikoki gobernatzea; instituzioak garatu eta indartzea; ekonomia eta ekoizpen arloko gaitasuna hobetzea. Edo horietariko bat, baina kasu horretan eragin sektorial handi-handiko ekintza izanen da.

d) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik _Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta_ edo beste entitate batzuetatik.

e) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

f) Urte bakoitzerako eskatzen den dirua 120.000 eurotik 240.000 eurora bitartekoa izanen da. Zenbateko hori 300.000 euro arte handitzen ahalko da, GGKE elkarte batek aurkeztu badu eskabidea. Salbu eta urte bakoitzerako 120.000 euroko gutxieneko zenbatekoa eskatzen bada, berme gisa bankuaren abala aurkeztu beharko da, dirulaguntza onartu dela jakinarazi ondoren. Aurkeztu ezik, eskabidea bertan behera utzi dela ulertuko da.

g) Identifikatu eta definitzeko fase bat bildu beharko da aurretik, non herritar onuradunen partaidetza adieraziko baita. Fase horretako kostuak programaren aurrekontuan sartuko dira eta Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez finantzatzen ahalko dira, deialdi hau argitaratu baino lehenagoko sei hilabeteetan egonez gero.

h) Egin ondorengo ebaluazioa (kanpokoa edo mistoa) egin beharko exekuzioaren bukaeran.

Seigarrena._Eskaerak aurkeztea.

1. GGKEek 15 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrera igorriko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Zazpigarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 3 multzoetatik bakoitzari dagokion karpeta edo gutun-azal batean):

a) GGKE eskatzailearen agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.

a.1) Espainiako Nazioarteko Lankidetzarako Agentziaren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

a.2) Hirugarren arauko h) atalaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

a.3) GGKE eskatzaileak kudeaturiko dirulaguntzen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoak egina.

a.4) Bost urte honetan kudeaturiko funts pribatuen erantzukizunpeko aitorpena.

a.5) Erantzukizunpeko aitorpena, urte bakoitzerako 120.000 euro baino gehiago eskatuz gero, bankuaren abala edo bestelako bermea aurkezteko konpromisoa hartzen duena.

a.5) Aurreko urteko kontuen kopia. Auditoretza txostena hamahirugarren arauan aipatzen den hitzarmena sinatzearekin batera aurkeztuko da, bidezko bada.

a.6) Entitatearen plan estrategikoa edo antzekoa, haren egitura eta haren barne antolaketa biltzen dituen agiria, salbu eta eskabidearen inprimakiari dagokion atalean aipatzen dena bada.

a.7) Lan sare edo plataformetan aritzen direla frogatzen duen agiria, haien legezko ordezkariek sinatuak.

GGKE elkarteak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honakoa hauek aurkeztuko dituzte:

a.8) GGKE elkartea osatzeko agiria. elkarteak berezko nortasun juridikorik eduki ezik, osaerako agirian elkarteari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak egiteko adina gaitasun duen ahaldun edo ordezkariaren izenak agertu beharko du espresuki eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoak ere bai.

a.9) Talde edo elkartea osatzen duen GGKE bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu proiektua burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

b) Herrialdeko bazkidearen agiriak:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko osaeraren frogak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko berezko legeen araberakoak.

b.3) Legezko ordezkariaren kredentzialak.

b.4) Entitatearen plan estrategikoa, haren egitura eta haren barne antolaketa biltzen dituen agiria.

b.5) Burutu diren proiektu edo programak finantzatzen dituzten administrazio publikoen ziurtagiriak.

b.6) Kudeaturiko funts pribatuen erantzukizunpeko aitorpena.

b.7) Lan sare edo plataformetan aritzen direla frogatzen duen agiria, haien legezko ordezkariek sinatuak.

c) Programaren agiriak:

c.1) Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

c.2) Programa burutzen deneko toki zehatzeko mapak (herrialdea, erregioa, departamentua, probintzia eta udalerria).

c.3) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurretako peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

c.4) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek programaren zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta programan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira.

c.5) Entitate eskatzaileak eta herrialdeko bazkideak sinaturiko hitzarmena, programa burutzeko bi aldeen lana arautzen duena.

Zortzigarrena._Instrukzioa.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, arau hauen arabera.

2. Eskabidea identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko dirulaguntzarenak, entitate eskatzailearenak edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan aipatzen direnenak, interesdunari eskatuko zaio, lege horretako 71.1 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela eskabidea bertan behera utzi duela, ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori lege horretako 42. artikuluan xedatu bezala eman beharko da.

Bederatzigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa baloratu eta zehaztea.

1. Eskabideak 0 puntutik 1.000 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (%20): entitate eskatzailearen eta kasuan kasuko herrialdeko bazkide edo erakundearen gaitasun finantzario, estrategiko eta operatiboa, haien oinarri soziala eta haien arteko harremanak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

a.1) Entitate eskatzailea: oinarri soziala (15 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (25 puntu), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), gaitasun operatiboa (25 puntu bitarte). GGKE elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarendako baloratuko da eta elkartea bi GGKEk osatzen badute 1,2rekin biderkatuko da eta 1,4rekin gainerako kasuetan.

a.2) Herrialdeko bazkidea: programaren sektoreetan lanean izaniko esperientzia (25 puntu bitarte), gaitasun finantzarioa (20 puntu bitarte), gaitasun estrategikoa (25 puntu bitarte), entitate eskatzailearekiko harremanak (10 puntu bitate), herritar onuradunekiko harremanak (20 puntu bitarte). Herrialdeko bazkidea entitate elkarte bat baldin bada 10 puntu bitarte.

b) Ekintzaren kalitate teknikoa (%45): programa azaltzeko osagai teknikoak baloratuko dira, xede diren sektoreak kontuan hartu gabe. Hona hemen baremoa:

b.1) Ekintzaren barne koherentzia: ekintzaren jatorria (25 puntu bitarte), orotariko helburuaren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (50 puntu), jardueren eta emaitzen arteko harremana (50 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (50 puntu bitarte).

b.2) Aurrekontua: gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (40 puntu bitarte), gastuaren beharra (40 puntu bitarte).

b.3) Bideragarritasuna eta iraunkortasuna: politikoa (35 puntu bitarte), instituzionala (40 puntu bitarte), teknikoa (40 puntu bitarte), soziala (40 puntu bitarte) eta ekonomikoa (40 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko ildo estrategikoekiko egokitasuna (%35): programaren eta plan zuzentzaileko zeharkako ildoen, ildo sektorialen eta lehentasun geografikoko ildoen arteko egokitasuna baloratuko da.

c.1) Zeharkako ildoekiko egokitasuna. Egiaztatuko da programak haietariko bakoitzaren adinako osagarriak dituela. Horregatik, gutxienez 15 puntu lortu beharko ditu bakoitzean eta guztira 100 puntu gutxienez: pobrezia errotik erauztea (40 puntu bitarte), sexuen arteko berdintasuna bultzatzea (40 puntu bitarte), ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea (40 puntu bitarte), giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta nortasun kulturala errespetatzea (40 puntu bitarte) eta gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea (40 puntu bitarte).

c.2) Ildo sektorialekiko egokitasuna. Haien egokitasuna eta kalitatea baloratuko da plan zuzentzaileko sektoreari eta azpisektoreari dagokionez (80 puntu bitarte). Batzuen osagaiak edukiz gero, elkarrengandik bereizirik baloratuko dira eta puntuen batez besteko aritmetikoa eginen da. Integraltasuna (30 puntu bitarte).

c.3) Lehentasun geografikoekiko egokitasuna. Plan zuzentzailean aipatzen diren lehentasunezko herrialdeen hiru elkarteen helburu estrategikoekiko egokitasuna baloratuko da (35 puntu bitarte), eta herrialde bakoitzaren barruan, berariazko eskualdea (25 puntu bitarte).

2. Dirulaguntzaren eskaera aintzakotzat har dadin, programak guztira 500 puntu beharko ditu batera. Horietariko 100 puntu gutxienez plan zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei egokituko zaizkie. Gainera, ezin izanen dituzte 15 puntu baino gutxiago izan programaren eta zeharkako ildo bakoitzaren arteko egokitasuna baloratzeko irizpide bakoitzean.

3. Dirulaguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.

4. Positiboki baloraturiko programei dagozkien zenbateko eskatu guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Hamargarrena._Alegazioen izapidea.

Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesdunei entzuteko izapidea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Hamaikagarrena._Ebazpena emateko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamabigarrena._Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

Hamahirugarrena._Hitzarmenak.

Aurreko arauan aipatzen den ebazpenaren ondoren, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du entitate onuradun bakoitzarekin, onetsiriko programa bakoitzerako, bidezko bada. Lankidetza hitzarmen honen gutxieneko edukia hauxe izanen da: sinatzen deneko eguna eta tokia, xedea, finantzatzeko onetsiriko aurrekontua, programa hasteko eguna, entitate bakoitzaren legezko ordezkariak eta aldeek eginbeharrekoak.

Hamalaugarrena._Dirulaguntzaren aurrerakinak.

1. Lehen urteko dirulaguntza aurreraturik pagatuko da, entitate onuradunak eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak hitzarmena sinatu ondoren, bankuaren abala edo legeek onartzen duten beste berme bat aurkezturik. Horrek aurreratu beharreko zenbateko osoaren adinekoa izan beharko du. Aldez aurretik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espreski baimena eman beharko du horretarako.

2. Urte bakoitzeko dirulaguntza 120.000 eurokoa bada, organo emaileak erabakitzen ahalko du 60.000 euroko edo hortik goitiko zenbatekoak aurreraturik pagatzea, Horrela, dirulaguntzaren onuradunak ez du behin ere izanen 60.000 eurotik gorako aurrerakinik bermerik aurkeztu gabe. Bigarren aurrerakina aurreko aldian eginiko gastuen %70 justifikatu arte ez da pagatuko, bai Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez, bai bestelako diru-ekarpenen bidez, exekuzioaren hein bateko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkezturik.

3. Hurrengo urteko dirulaguntza pagatzeko, aurreko urteko dirulaguntza eta Nafarroako Gobernuaren ez besteren diru-ekarpena, urte horretakoa, osorik justifikatu beharko dira, kasuan kasuko hitzarmenean ezartzen diren baldintzetan. Gainera, aurreko arauei jarraituko zaie urte bakoitzean aurreraturik pagatzeko. Azken aurrerakina, dirulaguntza osoaren %10ekoa, gordeko da eta hitzarmenaren azken urtean eginiko %70aren justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu ondoren gauzatuko da.

Hamabosgarrena._Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Programa bukatu ondoren, entitate onuradunak lau hilabeteko epean txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko du proiektuaren betetze mailaz, ereduaren araberako inprimakian eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean.

2. Urte bakoitzeko txostenek eta azken txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Osagai hauek bilduko dituzte:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Funtsak herrialdeko bazkideari igorri zaizkiola eta aplikatutako truke tasak frogatzen dituen jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua.

c) herrialdeko bazkidearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, dirulaguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

d) Programaren betetze mailari buruzko txosten teknikoa, gutxienez kontu hauek bilduko dituena: lorturiko helburuen zehaztapena, eginiko jarduerak, kudeaketa prozesuaren deskripzio zehatza eta ekintzen transferentzia, egin ondoren.

e) Proiektuko dirusarreren eta gastuen balantzea.

f) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantziazioaren iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriko testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko laburpen zehatza aurkeztuko da.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Aurkezten diren gastu guztien egiaztagiriak entitate onuradunaren egoitzan edo bulegoan gorderik egonen dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez aztertzen ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak eta, halakorik ezean, banku-laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Gastuak Espainian gertatuz gero, egiaztagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, herrialdeko bazkide edo erakundeak behar bezala kreditatuak. Egiaztagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

Hamaseigarrenak._Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak.

1. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontusail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Lurrak eta ondasun higiezinak erosi edo alokatzea.

a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, laneskua, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak barne.

a.3) Ekipo materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, dirulaguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola, makinak, altzariak, ekipo informatikoak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipoak igortzeko gastuak.

a.4) Langileen gastuak, honako hauek barne: lansariak, gizarte aseguruak, ekintzari atxikiriko langileen entitatearen kontu, eta beste edozein aseguru, langileen edo haien lehen mailako senitartekoen izenean izenpetua. Hiru kategoria bereiziko dira:

a.4.1) Herrialdeko langileak. Dirulaguntzaren xede den ekintza burutzen den eta haien lanean ari diren herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira.

a.4.2) Egoitzako langileak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta Nafarroan lanean ari direnak, kontuan hartu gabe bere eginkizunengatik ekintza burutzen deneko herrialdea noizean behin edo maiz joan behar duten. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira. Kasu guztietan, egozpena osoa edo hein batekoa izaten ahalko da, aurkezten den programan diharduten denboraren arabera. Haien eginkizunak ez dira begiratzekoak, gastu horiek zeharkakotzat joko dira eta.

a.4.3) Langile erbesteratuak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta ekintza burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak. Haien eginkizunak zuzenean ekintzari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izanen da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

a.5) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak. Langileen eta programaren onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, ekintza burutzeko behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, ekintza zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentzea, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatua hartzea.

a.6) Kreditu osagarri bat duten ekintzen kasuan, txandakako funtsak ezin izanen du finantzaturiko zuzeneko gastuen %10 gainditu.

a.7) Jarduna. Ekintzaren eremuko ohiko gastuak (argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lanak eta segurtasuna, besteak beste), dirulaguntzaren xede den zenbateko osoaren %2 bitarte gehienez.

a.8) Identifikazioa eta ebaluazioa. Bakarrik eta zuzenean identifikazioaren ondoriozkoak direnak izaten ahalko dira dirulaguntzen xede. Kasu horretan, gehienez deialdi hau argitaratu baino lehenagoko sei hilabeetan eginiko gastuak aplikatzen ahalko dira. Gainera, hamargarren arauaren ñ) atalean ezartzen diren baldintzen ebaluazioaren ondoriozko gastuak ere izanen dira dirulaguntzen xede.

b) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunak Nafarroan dituen gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak) eta programaren jarraipenaren ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne.

Gastuak frogatzeko hamabosgarren arauan ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den programarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko diru-ekarpen gisa balorazioak onartuko dira, aski kreditatuak eta burutu beharreko ekintzari berez lotuak badaude, modu esklusiboan edo proportzionalki. Balorazioak beste diru-ekarpenak bezala kontrolatu beharko dira.

5. Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Dirulaguntzaren xede diren gastuak obrak burutzeko badira eta 30.000 eurotik gorakoak badira, GGKE onuradunak, herrialdeko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta dirulaguntzaren xede diren gastuen edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonik ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozeduraz eta irizpideez.

Hamazazpigarrena._Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo hango bazkideak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemezortzigarrena._Eginbeharrak.

Programa baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Programa dirulaguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2007ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da.

b) Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatzea eta hartik lortzea dirulaguntzaren xede den ekintzan aldaketak sartu ahal izateko, hori burutzen ari den bitartean, herrialdean garapena eragotzi edo zailtzen duten goraberak gertatzen direnean. Funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa, kokagunea eta herrialdeko bazkidea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik. Ekintza burutzen ari den bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak kasuan kasuko hein bateko edo azkeneko txostenean jakinaraziko dira.

c) Entitate onuradunak dirua bakar-bakarrik onetsiriko hitzarmen bakoitzerako irekirik egonen den bankuko kontu batean sartu beharko du.

d) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren bidez erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak ekintza burutzen den herrialdean eta bertako produktuen bidez erosiko dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, izkribu baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.

e) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

f) Bestetik herrialdeko bazkide edo erakundeari dirulaguntzaren iturriaren berri zehatza ematea.

g) Organo emailearen aurrean frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera burutu eta dirulaguntza emateko helburua lortu dela, deialdi honetako hamabosgarren arauan aipatzen diren hein bateko eta azkeneko txostenen bidez.

h) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

i) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

j) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan, eta Garapenerako Nafarroako Lankidetzarenaren logotipoa, dirulaguntzen onuradun direnen logotipoarekin batean, hiruak tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

k) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren arauko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia hautsi dela.

l) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hemeretzigarren arauan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

n) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hamabost urterako, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero edo hiru urterako bestelako ondasunak izanez gero.

ñ) Bukatu ondoren, ebaluazio bat egitea nahitaezkoa izanen da, kanpokoa edo mistoa. Ebaluazioaren kostua proportzionala izanen da programaren zuzeneko kostuekiko eta gehienez ere 10.000 euroko aurrekontua izanen du. Horretan, ekintzaren emaitza eta helburuen betetze-maila baloratuko da Lankidetza Ekonomikorako eta Garapenerako Erakundeko Garapenerako Laguntzarako Batzordearen irizpideen arabera. Eraginkortasuna, eragimena, eragina, bideragarritasuna, egokitasuna, bestelako irizpideak eta marko logikoa osatzen duten bestelako metodologiak galarazi gabe (partaidetzaren ebaluazioa, genero ikuspegiaren araberako ebaluazioa, ebaluazio ekonomikoa eta abar). Ebaluazio prozesua bukatzean, erakundeak parte harturiko entitateak sozializatzeko tresnak bildu beharko ditu. Txosten bat prestatuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean Lankidetza Zerbitzura igorri beharko dena. Ebaluazio ekipoak eta bereziki parte harturiko kanpoko entitateak abalatu beharko dute txosten hori. GGKE onuradunak hautatuko ditu ebaluazioa eginen duten entitateak, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak eragozpenik ez badu, eta betiere ebaluazioak egiteko gaitasuna duen Espainiako edo nazioarteko entitate batek egin beharko du. Entitate horrek ezin izanen du lankidetza publikoko funtsik hartu eta ez da herrialdean edo Nafarroan proiektua burutzen duen entitatearen bazkidea izanen.

o) Dirulaguntzen aurrerakinak herrialdera berehala ezin igorri badira, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende utzi eta inbertsioak bakarrik onartuko dira funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.

Hemeretzigarrena._Ez-betetzeak

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, dirulaguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

_Programaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

_Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F0714816