127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

222/2007 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2007an eta 2008an laguntza, prestakuntza eta ikerketa modalitateetako garapenerako lankidetza teknikorako proiektuak egiteko dirulaguntzetarako dei egiten duena.

Nafarroako erakundeek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa, herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko, garapenerako mila urte honetako helburuak lortzeko asmoz.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, haren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileak lankidetza horren kalitatea hobetzea aurreikusten du, modalitateak eta jarduteko tresnak dibertsifikatuz. Berariaz, aurreikusten du lankidetza teknikoa abian jartzea, laguntza tekniko, prestakuntza eta ikerketa modalitateetan. Haien helburu nagusia Nafarroako Lankidetzarekin elkarlanean ari diren herrialdeen berezko garapenean zuzenean edo zeharka diharduten pertsonen eta erakundeen gaitasunak sendotzea da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da lankidetza teknikorako proiektuak egiteko dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena._2007an eta 2008an laguntza, prestakuntza eta ikerketa modalitateetako garapenerako lankidetza teknikorako proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena._637.600,71 euroko gastua erabiltzea, honelaxe banaturik: 318.600,71 euro 2007ko ekitaldirako, gastu aurrekontuko "Bekak, prestakuntza, ikerketa eta laguntza teknikoa" izeneko 900000 - 91200 - 4819 - 143106 kontusailetik; eta 319.000 euro 2008ko ekitaldirako.

Hirugarrena._Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko irailaren 21ean._Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

Lehenengoa._Xedea eta helburua.

1. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak 2007rako eta 2008rako dirulaguntzetarako dei egin du. Horien bidez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin, unibertsitateekin, prestakuntza eta ikerketa zentro espezializatuekin, sindikatuekin eta enpresaburuen erakundeekin batera garapenerako mila urte honetako helburuak lortzeko behar den gaitasuna sendotzeko proiektuak finantzatuko dira, arau honen 3. atalean aipatzen diren herrialdeen berezko garapenean zuzenean edo zeharka diharduten pertsona edo erakundeenak.

2. Gaitasuna sendotzea prozesu bat da. Horren bidez, gizabanakoek eta erakundeek jarduera ekonomikoak, ekoizpena, transferentzia teknologikoa, teknikak, prestakuntza, ikerketa edo sistematizazioa arrakastaz kudeatzeko behar den gaitasuna sortu, handitu, egokitu eta luzaz mantentzen dute, diharduteneko eremuetako giza garapen iraunkorra sustatzeko. Nafarroako entitateek prozesu horretan parte hartzen ahal dute aholkularitzaren, prestakuntzaren, gaikuntzaren eta ikerketa aplikatuaren bidez.

3. Lankidetza Ekonomikorako eta Garapenerako Erakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordeak aintzakotzat hartu dituenak izanen dira proiektuak eta garabideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldeak.

4. Proiektuak edo Nafarroan edo aurreko puntuan aipatzen diren herrialdeetan egin beharko dira.

Bigarrena._Aurrekontua.

Horretarako 2007an 318.600,71 euro erabiliko dira, 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Bekak, prestakuntza, ikerketa eta laguntza teknikoa" izeneko kontusailean. 2008an 319.000,00 euro erabiliko dira gehienez.

Hirugarrena._Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntzak hartu hal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek, unibertsitateek, prestakuntza eta ikerketa espezializatuko zentroek, sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, beren izaera juridikoarekin bat legez osatuak. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

Gainera, bi entitate edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

b) Entitatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean izatea.

c) Elkartearen helburuak lortzeko aski den egitura, eskarmentua eta antolamendua izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

e) Elkarteak izanez gero, entitate bakoitzak bete beharko ditu lehen aipatu diren betebeharrak.

Laugarrena._Lankidetza teknikorako proiektuen betebeharrak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten proiektuek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiko lehen arauko helburu eta xedeekin, Garapenaren Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeko 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin eta Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzailearekin bat etortzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik _Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta_ edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Urte bakoitzerako eskatzen den dirua gehienez ere 60.000 euro izanen da proiektua bakarrik Nafarroan egiten bada edo 100.000 euro garabidean dagoen herrialdean egiten bada.

e) Proiektuak honako xede-taldeak izaten ahalko ditu:

e.1) Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoak:

_Pobrezia errotik erauztea.

_Sexuen arteko berdintasuna sustatzea.

_Ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea.

_Giza eskubideak babestea, demokratizazioa eta nortasun kulturala errespetatzea.

_Gizartea antolatzeko gaitasuna sortzea.

e.2) Oinarrizko giza beharrak asetzeko gaitasuna hobetzea:

_Edateko ura eta oinarrizko saneamendua.

_Elikagaien eta nutrizioaren segurtasuna.

_Oinarrizko osasuna, sexu eta ugalketa osasuna eta GIB/HIESaren, malariaren eta garabideko herrialdeetan prebalentzia berezia duten beste gaixotasun batzuen kontrako borroka.

_Helduen oinarrizko hezkuntza, lanbide heziketa eta alfabetatzea.

_Haurren aldeko jarduketak (elikadurari, osasunari eta hezkuntzari dagokienez).

_Herri indigeneak (autogarapenari, antolamenduari eta kulturari dagokienez).

_Egoera ahulean dauden emakumeak (hezkuntzari, lanari eta jabekuntzari dagokienez).

_Iheslariak eta mugiaraziak.

e.3) Demokratikoki gobernatzea, instituzioak garatzea eta gizarte zibila sendotzea:

_Demokratikoki gobernatzea, "gobernu ona" sustatzeko asmoz.

_Gizarte zibilaren egiturak sendotzea.

_Giza Eskubideak eta Bakearen Kultura.

_Lan eta sindikatu arloko eskubideak.

e.4) Ekonomia eta ekoizpen arloko gaitasuna hobetzea:

_Herrietan edo hirietako eremu baztertuetan pobrezia errotik erauzteko ekimenak sustatzen dituzten ekoizleak gaitzea.

_Enpresa txiki eta ertainen bilbea sendotzea, bereziki elkartasunerako ekonomia sustatzen duten enpresena.

_Nekazariek lurra edukitzea.

_Banatzen eta merkaturatzen laguntzzea, herrietako, herrialdeetako eta nazioarteko merkatu sareetara sarbidea emanez, bereziki nazioarteko bidezko merkataritzaren bideetara.

_Lanerako prestatzea, mikroenpresak, kooperatibak eta lan sozietateak sortzea.

_Nafarroako sektore pribatuaren eta elkarlanean ari direneko herrialdeetako enpresa txiki eta ertainen arteko aliantzak.

_Mikrokredituak eta txandakako funtsak, bereziki berme etiko eta elkartasunezkoen barruan daudenak.

e.5) Garapenerako hezkuntza.

Bosgarrena._Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. Entitateek 15 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrera igorriko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Seigarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten entitateek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 2 multzoetatik bakoitzari dagokion karpeta edo gutun-azal batean):

a) Entitate eskatzailearen agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.

a.1) Entitatea GGKE bat baldin bada, Espainiako Nazioarteko Lankidetzarako Agentziaren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Gainerako kasuetan, kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko da, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

a.2) Hirugarren arauko d) atalaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

a.3) Aurreko urteko kontuen kopia.

a.4) Entitatearen plan estrategikoa edo antzekoa, haren egitura eta haren barne antolaketa biltzen dituen agiria, salbu eta eskabidearen inprimakiari dagokion atalean aipatzen dena bada.

a.5) Erantzukizunpeko aitorpena, aurkezturiko proiektuaren antzeko jarduketen gainekoa, azken bost urteetan egin badira. Jarduketa horiek funts publikoekin burutu badira, kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, dirulaguntzaren edo kudeaturiko kontratuaren zenbatekoa adieraziko duena, salbu eta administrazio hori Nafarroako Gobernuko Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentua baldin bada.

Entitate elkarteak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honakoa hauek aurkeztuko dituzte:

a.6) Elkartearen eraketa-agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik eduki ezik, osaerako agirian elkarteari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak egiteko adina gaitasun duen ahaldun edo ordezkariaren izenak agertu beharko du espresuki eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoak ere bai.

a.7) Talde edo elkartea osatzen duen entitate bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu proiektua burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

b) Proiektuko agiriak:

b.1) Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

b.2) Proiektua garabidean dagoen herrialdean burutzen ari bada, lankidetza teknikoa hartzen duen erakundearen eskaera espresua aurkeztuko da. Hura herrialdeko bazkide edo erakundetzat joko da. Eskaera horretan adieraziko dira proiektuaren xede den gaitasuna berariaz indartu beharra, burutu nahi den moduaren zehaztasuna, laguntza hartzen ahal duten pertsona eta erakundeen ezaugarriak eta lankidetza teknikoa eskatzeko zergatikoa. Eskaerarekin batera entitate eskatzaileak eta herrialdeko bazkideak izenpetuko duten hitzarmen edo kontratuaren eredua aurkeztuko da. Agiriak jatorrizkoak izanen dira, herrialdeko bazkidearen legezko ordezkariak sinatuak.

b.3) Aholkularitza, prestakuntza edo ikerketa taldeko kide bakoitzaren curriculum zehatza (prestakuntza akademikoa, lan arloko esperientzia eta argitalpenak).

b.4) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

b.5) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek proiektuaren zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira.

Zazpigarrena._Instrukzioa.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, arau hauen arabera.

2. Eskabidea identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko dirulaguntzarenak, entitate eskatzailearenak edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan aipatzen direnenak, interesdunari eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19,3 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela eskabidea bertan behera utzi duela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa baloratu eta zehaztea.

1. Eskabideak 0 puntutik 1.000 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (300 puntu bitarte): entitate eskatzailearen gaitasun finantzarioa, estrategikoa eta operatiboa baloratuko da eta ekintza egiten duen langile taldearen esperientzia eta gaitasuna ere bai. Hona hemen baremoa:

a.1) Gaitasun finantzarioa (40 puntu bitarte).

a.2) Gaitasun estrategikoa (60 puntu bitarte).

a.3) Gaitasun operatiboa (100 puntu bitarte).

a.4) Talde teknikoaren gaitasun operatiboa (100 puntu bitarte).

Entitate elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarendako baloratuko da eta elkartea bi entitatek osatzen badute 1,2rekin biderkatuko da eta 1,4rekin gainerako kasuetan (300 puntu egin arte).

b) Ekintzaren kalitatea (500 puntu bitarte): proiektuaren osagai teknikoak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

b.1) Ekintzaren barne koherentzia (200 puntu bitarte): eskariaren jatorria (80 puntu bitarte), orotariko helburuaren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (40 puntu bitarte), jardueren eta emaitzen arteko harremana (40 puntu bitarte), adierazleen egokitasuna (40 puntu bitarte).

b.2) Aurrekontua (80 puntu bitarte): gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (40 puntu bitarte), gastuaren beharra (40 puntu bitarte).

b.3) Metodologia (220 puntu bitarte): gaitasunak atzematea (50 puntu bitarte), proiektua burutzeko metodologia (90 puntu bitarte), xede-populazioa (40 puntu bitarte) eta partaidetza (40 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildo estragikoekiko eta lehentasun geografikoekiko egokitasuna (200 puntu bitarte): egiaztatuko da edukiak zeharkako ildo bakoitzaren behar adinako osagaiak biltzen dituela, gaitasuna sortzekoa izan ezik. Izan ere, ekintza mota horren ezaugarriak bat datoz harekin. Plan Zuzentzaileko lehentasunezko eremu geografikoetako helburu estrategikoekiko egokitasuna ere egiaztatuko da. Hona hemen baremoa:

c.1) Pobrezia errotik erauztea (40 puntu bitarte).

c.2) Genero ikuspegia (40 puntu bitarte).

c.3) Ingurumen ikuspegia (40 puntu bitarte).

c.4) Giza eskubideen eta eremuko nortasun kulturalekiko begirunearen ikuspegia (40 puntu bitarte).

c.5) Nafarroako Lankidetzarako Plan Zuzentzaileko lehentasunezko eremu geografikoetako helburu estrategikoekiko egokitasuna (40 puntu bitarte).

2. Dirulaguntzaren eskaera aintzakotzat har dadin, proiektuak guztira 500 puntu beharko ditu batera. Horietariko 80 puntu gutxienez plan zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei egokituko zaizkie. Gainera, ezin izanen dituzte 15 puntu baino gutxiago izan proiektuaren eta zeharkako ildo bakoitzaren arteko egokitasuna baloratzeko irizpide bakoitzean.

3. Dirulaguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.

4. Positiboki baloraturiko proiektuei dagozkien zenbateko eskatu guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Bederatzigarrena._Alegazioen izapidea.

Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesdunei entzuteko izapidea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Hamargarrena._Ebazpena emateko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena._Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

Hamargarrena._Hitzarmenak.

Aurreko arauan aipatzen den ebazpenaren ondoren, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du entitate onuradun bakoitzarekin, onetsiriko proiektu bakoitzerako, bidezko bada. Lankidetza hitzarmen honen gutxieneko edukia hauxe izanen da: sinatzen deneko eguna eta tokia, xedea, finantzatzeko onetsiriko aurrekontua, proiektua bukatzeko eguna, entitate bakoitzaren legezko ordezkariak eta aldeek eginbeharrekoak.

Hamahirugarrena._Dirulaguntzaren aurrerakinak.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimena emanez gero, lehen urteko dirulaguntzaren aurrerakin bat emanen da, ordainketa bakar batean, entitate onuradunak eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak hitzarmena izenpetu ondoren. Dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, aldez aurretik bankuaren abala edo legerian aurreikusten den beste berme bat aurkeztu beharko da, aurreratu beharreko zenbateko osoa adinakoa.

2. Urte bakoitzeko dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, organo emaileak erabakitzen ahalko du 60.000 euroko edo hortik goitiko zenbatekoak aurreraturik pagatzea, Horrela, dirulaguntzaren onuradunak ez du behin ere izanen 60.000 eurotik gorako aurrerakinik bermerik aurkeztu gabe. Bigarren aurrerakina aurreko aldian eginiko gastuen %70 justifikatu arte ez da pagatuko, bai Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez, bai bestelako diru-ekarpenen bidez, exekuzioaren hein bateko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkezturik.

3. Hurrengo urteko dirulaguntza pagatzeko, aurreko urteko dirulaguntza eta Nafarroako Gobernuaren ez besteren diru-ekarpena, urte horretakoa, osorik justifikatu beharko dira, kasuan kasuko hitzarmenean ezartzen diren baldintzetan. Gainera, aurreko arauei jarraituko zaie urte bakoitzean aurreraturik pagatzeko. Azken aurrerakina, dirulaguntza osoaren %10ekoa, gordeko da eta hitzarmenaren azken urtean eginiko %70aren justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu ondoren gauzatuko da.

Hamalaugarrena._Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Proiektua bukatu ondoren, entitate onuradunak hiru hilabeteko epean txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko du proiektuaren betetze mailaz, ereduaren araberako inprimakian eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean.

2. Urte bakoitzeko txostenek eta azken txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Osagai hauek bilduko dituzte:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Txosten teknikoa proiektuaren betetze-mailaz, eredu ofizialaren araberakoa, gutxienez helburuak, lorturiko emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.

c) Proiektuko dirusarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantziazioaren iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriko testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko laburpen zehatza aurkeztuko da.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Gastuen zerrendekin batera, agiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak eta, halakorik ezean, banku-laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Gastuak Espainian gertatuz gero, egiaztagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, herrialdeko bazkide edo erakundeak behar bezala kreditatuak. Egiaztagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

Hamabosgarrena._Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak.

1. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontusail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2) Ekipoak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.

a.5) Gastu finantzarioak, notarioenak, erregistrokoak eta bankuaren bermearenak.

b) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunak Nafarroan dituen gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak) eta proiektuaren jarraipenaren ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne.

Gastuak frogatzeko hamalaugarren arauan ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

Hamaseigarrena._Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena._Eginbeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Proiektua dirulaguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2007ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da.

b) Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatzea eta hartik lortzea dirulaguntzaren xede den ekintzan aldaketak sartu ahal izateko, hori burutzen ari den bitartean, herrialdean garapena eragotzi edo zailtzen duten goraberak gertatzen direnean. Funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik. Ekintza burutzen ari den bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak kasuan kasuko hein bateko edo azkeneko txostenean jakinaraziko dira.

c) Entitate onuradunak dirua bakar-bakarrik onetsiriko hitzarmen bakoitzerako irekirik egonen den bankuko kontu batean sartu beharko du.

d) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Organo emailearen aurrean frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera burutu eta dirulaguntza emateko helburua lortu dela, deialdi honetako hamalaugarren arauan aipatzen diren hein bateko eta azkeneko txostenen bidez.

f) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

g) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan dirulaguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

i) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

j) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hemezortzigarren arauan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

l) Ondasun inbentariagarriak erosiz gero, onuradunek dirulaguntzaren xederako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hiru urtez.

Hemezortzigarrena._Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, dirulaguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

_Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

_Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemeretzigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F0714818