116. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ORKOIEN

Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2007ko apirilaren 25ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 72. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Orkoienen, 2007ko irailaren 3an._Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.

ETXEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Zakurrak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeek lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

Zakurren inskripzioa

3. artikulua. Nahitaezkoa da zakur guztiak udal erroldan inskribatzea. Horretarako aski izanen da mikro txip bat ezartzea eta sarrera ematea Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuan.

Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

4. artikulua. Sarrera ematean, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak txertoa jartzea eta osasun azterketa egitea. Ondoren, zerbitzu horrek agiriak emanen ditu, eta zakurra identifikatzeko txapa ere bai.

5. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

6. artikulua. Erregelamenduz ezartzen den epean jarri beharko zaie txertoa zakur guztiei. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.

Txertoa jarritakoan, txertoaren ziurtagiria emanen zaie jabeei.

7. artikulua. Amorruaren kontrako txertoa nahitaez jarri behar denez, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, bai eta dagozkion tasak ere.

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek azterketa orokorra eginen diete animaliei, eta halaber, bizkarroirik duten edo ez begiratuko ere. Zakurren jabeen erantzukizuna izanen da albaitariek agindutako tratamendua betetzea.

8. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

9. artikulua. Debeku dira ordenantza honetako 10etik 16ra bitarteko artikuluetan azaldutako jokabideak, bai eta arau-hauste arin, larri eta oso larrien zerrendan ezarritakoak ere (24. artikulua).

10. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo identifikazio eta urteko txertaketa txaparik gabe ibiltzea.

Zakurrak lotu gabe ibiltzea debeku da Orkoiengo hirigune guztian eta ibilgailuak pasatzen diren errepideetan edo karriketan.

Alde horietan, zakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko du.

11. artikulua. Orkoiengo udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurra ibili ahal izanen da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.

Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aurreko artikuluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

12. artikulua. Udalerriko alde guztietan, aurreko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Foru Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.

13. artikulua. Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

14. artikulua. Debeku da zakurren edo bertze edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan, edo erabilera publikoko bertze edozein alderditan, Orkoiengo hirigunean.

Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak, eta bereziki zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.

15. artikulua. Debeku da zakurrak, edo bertze edozein animalia saltoki edo garraiobide publiko guztietan sartzea (ikuskizun publikoak, kirol eta kultur arlokoak, erabilera publikoko igerilekuak), katea edo muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoa ere. Debeku honen barrenean sartzen da etxeetan igogailuak ezin erabiltzea. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espresuki baimendu beharko dira.

16. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egon ahal, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erantzukizunak

17. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

18. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, ardura izanen du animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea

19. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Orkoiengo Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatuak biltzea.

b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

20. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo eta zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko ematen ahalko da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

21. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako beharkizunak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

22. artikulua. Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauei jarraituz jokatuko du.

23. artikulua. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeko sortutako gastuak.

Arau-hausteak

24. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/94 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) 7/94 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

d) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

re) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/94 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

f) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

g) Animaliekin sartzea ikastetxeetan, osasun etxeetan, igerilekuetan, taberna-jatetxeetan eta lokal publikoetan oro har.

h) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.

i) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

j) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

k) Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

l) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

m) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

3. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/94 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea.

g) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.

h) Zakurrek basafaunari kalte egitea, bereziki ugalketa sasoian.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/94 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

f) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Zehapenak

25. artikulua. Arau-hauste arinek 60,01etik 150,25 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 150,26tik 601,01 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601,02tik 3005,06 eurora bitartekoak.

26. artikulua. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.

27. artikulua. 1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

2. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:

a) Alkateari edo zinegotzi eskuordeari, arau-hauste arinak badira.

b) Udalaren osoko bilkurari, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.

Erantzukizun zibila

28. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Animalien babesa

29. artikulua. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Aplikazio osagarria

Ordenantza honetan aurreikusi ez direnetan, honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea, Jarduera Sailkatuei buruzko Erregelamendua, Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua.

Iragarkiaren kodea: L0713573