11. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2583/2006 EBAZPENA, urriaren 31koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Cortesko (Nafarroa) ureztaketa lurrak berritzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena; proiektu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu du.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da xedapen horretako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik. Zehazki, hemen tramitatzen ari den jarduera 3C eranskineko D.1 epigrafean sailkatuta dago.

Ingurumen eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera emateko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2005eko maiatzaren 25ean, aipatutako proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zuen.

Ingurumen zuzendari nagusiak 2005eko ekainaren 20an egin zuen idazkiaren bitartez, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, aipatutako 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoa alegia. Kontsulta egin zitzaien hamalau erakunderi eta haietatik hiruk erantzun zuten. 1. eranskinean daude kontsultatuen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena.

2005eko irailaren 7an Ingurumen zuzendari nagusiak aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zizkion, Ingurumen Eraginaren Azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Halaber, Ingurumen Eraginaren Azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zizkion, honakoak:

_Inguruetan zenbait naturgune babestu daudela, hala nola, Soto de la Mora lekune naturala (EN-26), Soto de la Mejana de Santa Isabel lekune naturala (EN-12), eta "Ebro ibaia" izeneko BIL (BIL-ES2200040) 2000ko maiatzaren 15eko Erabakiaren arabera Nafarroako BILen zerrendan dagoena.

_Ebro ibaiaren bazterretako ekosistemetan segida ekologikoari eustea kontuan hartu behar dela.

_Eskualdean Batasunaren intereseko zenbait habitat eta fauna mehatxatua eta autonomia erkidegoan eta Europan indarra duten legerietan babestutakoa badirela kontuan hartu behar dela.

_Agregakinak ateratzeko eremuak eta lanek dirauten bitartean beharrezkoak diren zabortegiak seinalizaturik egon behar direla.

Eraginaren adierazpen honen 2. eranskinean laburturik ageri dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta 3. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlaneko alderik aipagarrienak.

Landa Garapenerako zuzendari nagusiak, otsailaren 10eko 144/2006 Ebazpenaren bidez, Cortesko (Nafarroa) ureztaketa lurrak berritzeko proiektua onetsi zuen, Cortes aldeko lurzati berrantolamenduko eta ureztaketa lurrak berritzeko oinarrizko proiektuaren ordez; proiektua, Ingurumen Eraginaren Azterlanarekin eta hura gaurkotzeko adenda batekin batera, departamentu honetara igorri zen 2006ko otsailaren 17an. 2006ko martxoaren 20an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emaniko 101 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Ingurumen Eraginaren Azterlana, oinarrizko proiektuarekin batera. Ebazpena 2006ko maiatzaren 3ko 53. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Epe hori amaituta, Cortesko Udalak bertako Udaleko idazkariaren ziurtagiria aurkeztu du, eta haren bidez frogatu Ingurumen Eraginaren Azterlana hogeita hamar egun baliodunetan izan dela jendaurrean udaletxean, ureztaketa lurrak berritzeko oinarrizko proiektuarekin batera, eta epe horretan ez dela alegaziorik aurkeztu. Horrez gain, udal arkitektoak egindako txostena erantsi du, proiektua, hirigintzaren ikuspuntutik, Cortesen indarra duten arau subsidiarioekin bat datorrela islatzen duena.

Epe horretan berean, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak adierazi zuen, 2006ko ekainaren 1ean igorritako txosten baten bidez, ukitutako eremuan erromatarren garaiko galtzada bat dagoela, Ingurumen Departamentuari aurretiko kontsulten tramitean igorritako txostenean jaso ez zena; horrekin batera zenbait jarraibide igorri zituen, kultur ondareko zati den bide horrek kritikoa litzatekeen zuzeneko eraginik jasan ez dezan bete beharrekoak. Horrez gain, agregakinak ateratzeko eta zabortegiak paratzeko eremuak baimentzeko eskabideetarako baldintzak ezartzen dituzte, kultur ondarearen babesaren ikuspuntutik.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak dioenez, eragin azterlanaren edukia, orokorrean, bat dator araudian aurreikusitakoarekin, eta zuzenketa neurri batzuk proposatzen ditu amaierako eragina gutxitzeko; Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzetan adierazten diren alderdiak neurri horrien osagarri izanen dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen Eraginaren Azterlanaren prozedura osotara bete denez eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez emandako eskurantzak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Cortesko (Nafarroa) ureztaketa lurrak berritzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu du. Ingurumenaren aldetik proiektu hori bideragarria da, baina, Ingurumen Eraginaren Azterlanean aipatutako neurriez gain, beste baldintza hauek ere bete beharko ditu:

_Honakoak behar bezala balizatuko dira, lanek dirauten bitartean zaindurik daudela bermatzeko: kontserbatu beharreko zuhaiztien eremuak eta artemisia belarzuriak eta beira belarrak hartutakoak, "nahitaez kontserbatu beharreko ingurumen balioak" baitira inbentarioaren arabera; amiamoko zurien kolonia babesteko eremua; atalarren habitata babesteko eremua; babestu beharreko idoiak eta hezeguneak; babes integraleko eremuak eta aztarnategi arkeologikoen indusketa eta jarraipenekoak, eta Ebroko ibarbasoak babesteko perimetroa, apoarmatu istilzalea aurkitzeko aukerak dituen eremua barne. Aipatutako guztian kontuan hartu dira 4. planoan proposatutako eremuak: Cortesko ureztaketa lurrak berritzeko proiektuari buruzko Ingurumen Eraginaren Azterlana gaurkotzeko adendan jasotako zuzenketa eta prebentzio neurriak.

_Ingurumen Eraginaren Azterlaneko kartografian adierazten den Ebro ibaia babesteko perimetroan, eremu horietan bizi den faunarentzako aldi kritikoetatik kanpo eginen dira obrak. Zehazki, zenbait espezie babesteko, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), edo ur-hegaztiak, aldi hori apiriletik abuztura bitartekoa izango da.

_Sakan edo/eta erretenak garbitzeko lanak egin behar izanez gero, eta zehazki Ingurumen Eraginaren Azterlanean adierazitako erretenetan (3. eta 5. ataketako erretena, eta Ebro ibaian amaitzen den sakana, Estado de Mora alderdian), Tutera aldeko ingurumen zaindariei jakinaraziko zaie, bertan edo inguruan apoarmatu istilzalerik (Emys orbicularis) ikusi ote den galdetzeko. Espezie horren jarraipena eta zainketa beharrezkotzat jotzen bada, teknikari espezialista batek aztertuko du eremua ezer egin baino lehen. Erreten horietako lanak udan eginen dira; izan ere, espezie hori aktiboagoa egoten da urtaro horretan eta, horrela, errazagoa izanen da handik eramatea bertako aleei kalterik egin gabe.

_Fauna babeste aldera, bi idoi berrietara erori eta bertan ito ez daitezen, honako neurri hauek ezarriko dira:

.Itxiturako sarea paratuko da, idoi bakoitzaren inguruan, 20-30 cm-ko sakoneraino lurperaturik, bermatzeko horrela beheko aldean, lurra ukitzen duenean, tarterik ez dagoela eta ez dela zulorik irekiko; bestela, 20 cm-ko altuera eta zabalera duen hormigoizko uztai bati loturik ezarriko da. Itxiturak goiko aldean ez du txarrantxarik izango, hegaztiak harrapatuta gera ez daitezen.

.Putzuaren hormetan, PVCzko estalduraren gainean, plastikozko sarea jarriko da, jarraitua edo tartekakoa (20 metroko tarteak). Ertzean finkatu eta hondoan ainguratuko da. Animaliaren bat itxitura gainditu eta idoira erortzen bada sare horri helduta irten ahal izango da. Denboraren poderioz itxitura hondatzen bada, konpondu eta lehen bezala utzi beharko da.

.Idoiaren ertzetik itxituraraino 1 m-ko tartea utziko da gutxienez, barrutira sartzen diren hegaztiek hegan irteteko tokia izan dezaten.

_Kutxetak eta sifoiak egokitu eginen dira, barrura erori eta bertan harrrapatuta gelditzen baitira animaliak; hortaz, egitura hauetako alde batean edo gehiagotan arrapalak prestatuko dira horiek irten ahal izateko. Arrapala horiek, ahal dela, 30 graduko malda izanen dute edo, gehienez ere 45 gradukoa, eta zimurtsuak izan beharko dira, bertatik igo ahal izateko. Neurri hori ezartzerik ez balego, kutxetetan poliespanezko plataformak ezarriko dira, faunak erabil ditzan euskarri, atsedenleku eta ateratzeko bide gisa.

_Ebro ibaiaren inguruan landaretza berritzeko egin beharreko jarduketetarako, 4. planoan xede horrekin adierazitako azaleran segida ekologikoa lortzeko: Ingurumen Eraginaren Azterlana gaurkotzeko adendan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak, lurzati berrantolamenduaren diseinu berriak behar adinako lur-erreserba aurreikusi beharko du El Carrizal eta La Mejana Baja alderdietan. Jarduketa horiek landaretza berritzeko proiektu bati jarraikiz bete beharko dira. Proiektu hori Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura igorri beharko da, gainbegira dezan.

_Era berean, lurzati berrantolamendurako prozesuan behar adinako lur-erreserba aurreikusi beharko da, landare geruza hobetuko duten landaketak egiteko Ubide Inperialean eta Lodosakoan, Las Lechas sakanetan eta Estado de la Mora alderdian, Huecha ibaian eta aldatu gabe dauden ataketan.

_Bide ertzeetan egin beharreko landaketei dagokienez, beste helburu hau ere bete beharko dute, paisaia hobetu eta biodibertsitatea gehitzeaz gain: aisialdirako proposamen bat eskaintzea, zuhaitzen arteko ibilbideak sortzen saiatuz, Cortesko bizilagunak beren herriko interesguneetara hurbilarazteko. Ildo horretan, hauexek izanen dira jarduketen xede: Cunchillosko bidea (Gurutzearen Gaineko bidea) eta Mora, La Barca, Las Hoyasko bideak eta Buñueldik Novillasera doana, Ebro ibaira joateko balizko "bide berdea" izateko.

_Ondare Arkeologikoaren Zerbitzuak 2005eko uztailaren 4ko eta 2006ko maiatzaren 26ko txostenetan emandako jarraibideei eutsiko zaie. Zehazkiago, eta erromatarren garaiko galtzada paisaiaren eta kulturaren ikuspuntuetatik zaindu eta hobetzeari dagokionez, interesgarria da txosten horietan proposatutako landaketak, ilara itxurakoak, Erdiko bidean ere egitea, La Atalaya alderditik aurrera, bi bide horiei "bide berde" izaera emateko, erromatarren garaiko galtzada eta Cortesko herria lotuz. Horretarako, lur erreserba bat eginen da bi bideen ertzeetan, ilara itxurako landaketak egin eta atsedenlekuak sortzeko.

_Landaketa-zerrendetan honako zuhaitz espezie hauek erabiliko dira: Elaeagnus angustifolia, Populus alba, Populus nigra, Picus carica, Prunus dulcis, Fraxinus angustifolia eta Morus alba. Landareei bi urteko biziraupen tratamendua eginen zaie, eta horretarako ureztatzeko eta hutsarteak betetzeko plan bat ezarriko da.

_Punpaketa ekipoei energia hornitzeko proiektaturik dauden goi tentsioko linea elektrikoek proiektuaren Ingurumen eraginaren azterlanaren adendan hegaztien babeserako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

_Lehengo bideak urratzetik ateratzen diren zahorrak bide sare berria egiteko erabiliko dira. Sobrante gelditzen diren materialak baimendutako hondakindegiren batera eramanen dira. Hondakinak jarduketa eremuaren barruan botatzeko ingurumen baimena beharko da.

_Bide sarea egiteko behar diren agregakinak ateratzeko legar-hobiek ingurumen aldeko baimena izan beharko dute, materiala ateratzen hasi baino lehen.

_Obrak amaitutakoan ingurua ongi garbituko da eta obrako instalazioak erabat deuseztatuko dira. Proiektuaren eraginpeko eremuan obraren aztarna guztiak ezabatuko dira. Bereziki, azalera atera diren harriak hondakindegi kontrolatura eramango dira edo lekuan bertan lurperatuko dira.

_Obrak bukatutakoan, Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen eraginen balorazioa. Txosten horrek, Ingurumen Eraginaren Azterlaneko Ingurumena Zaintzeko Programako kapituluan jasotako zehaztapen guztiez gain, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren iradokizuna ere aintzat hartu beharko du, alegia beharrezkoa dela uren kalitateari buruzko aldizkako kontrolak ezartzea. Jarraipena eta analisiak Ebro ibaian egin beharko dira, Novillasko herrian, eta horrela osatu eginen dira Tuterako eta Gallurko kontrol guneek Ebroko ingurumen aldagaiei buruz ematen dituzten datuak.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 40. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Cortesko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko urriaren 31n._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

1. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza. Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena

Cortesko Udala.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua

Vianako Printzea Erakundea X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua X

Ebroko Ur Konfederazioa X

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

UGT

LAB

Nafarroako Unibertsitatea

ELA

UAGN

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

CCOO

E.H.N.E

GOROSTI

GURELUR

Ekologistak martxan

BIOLUR NAVARRA

Hona hemen erantzunen edukia, ingurumenari dagokionez:

_Ondare Historikoaren Zerbitzua. Zerbitzu honek dioenez, 13 aztarnategi arkeologiko daude eremuan, eta nabarmenena Burdin Aroko herrixka da; Gurutzearen Gainean dago eta kultur intereseko ondasunaren deklarazioa du 1997ko urriaren 31z geroztik. Beraz, ondare arkeologikoan ukipenik izan ez dadin, eragin arkeologikoari buruzko azterlana eskatzen da eta azterlan horretan nahitaez aurreikusi beharko diren babes eta zuzenketa neurriei dagozkien zenbait alderdi aipatu ere.

_Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzua. Zerbitzu honek hizpide dugun proiektuari eragin ahal dioten bide eta trenbide azpiegituretako etorkizuneko proiektuen berri eman du. Zehazki, hauxe adierazi du:

.Bide azpiegiturak: Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean aurreikusirik dago Castejón-Tutera-Cortes N-232 errepidea bikoiztea eta elkargune guztiak maila desberdineko lotune bihurtzea. 3. tartea, Buñuel-Cortes, artean jendaurrean jarri gabe zegoen kontsulta egin zenean. Plan horretan aurreikusirik dago halaber NA-5200 errepidea zabaldu eta hobetzea Ribaforadatik Cortesera bitarte.

.Trenbide azpiegiturak: Sustapen Ministerioak, 2003ko 101. Estatuko Aldizkari Ofizialean, apirilaren 28koan, jendaurrean jarri zuen Zaragoza-Castejón tarterako abiadura handiko trenbide berriari buruzko azterlan informatiboa, eta kontsulta egin zenean Ingurumen Ministerioak egin gabe zuen horren gaineko Ingurumen eraginaren adierazpena. Proiektu horrek eragina du jarduketaren eremuan, egungo trenbideaz ahal den gehien baliatzen bada ere.

_Ebroko Ur Konfederazioa / Ingurumen Ministerioa. Arroko erakundeak jarduketa eremuko ingurumen balioen berri eman du, ingurune fisikoaren deskribapen laburra eginez: klima, erliebea, hidrologia, lur azaleko eta lur azpiko uren kalitatea, zehazki Ebro ibaiaren uren kalitateari eta haien eutrofizazio mailari buruzko datuak (A3 kalitatea, maila horia); horrez gain, landaretza, estepako fauna eta inguruetako naturgune babestuak aztertzen ditu (lekune naturalak: Soto de la Mejana de Santa Isabel eta Soto de la Mora eta "Ebro ibaia" izeneko BIL). Beste atal batean zenbait jarraibide eta iradokizun azaltzen ditu, Ingurumen eraginaren azterlana egiteko baliagarri izan behar direnak, bi gai nagusiri zuzenduak: bata, kaltea jasan dezaketen eremuek ukipenik ez izatea instalazio osagarriak paratuz edo lurrak metatuz okupatzearen ondorioz, irizpide orokorra baita jabari publiko hidraulikotik eta haren zortasun eremutik kanpo ezarri behar direla horiek; bestea, lanek ukitutako lekuak lehengoratzea ureztaketa lurren ustiapenerako edo mantentze-lanetarako beharrezkoak ez direnean. Horrez gain, Ingurumena Zaintzeko Planak aldizkako kontrolak egin beharko ditu lur azaleko uren kalitateaz eta itulerako uren nitrato kopuruaz.

2. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Cortesko ureztaketa lurrak berritzeak ukitzen duen azalera 2.876 hektareakoa da, horietatik 1.133 hektarea erreten bidez ureztatzen direnak eta 1.743 hektarea presio bidez. Proiektuan aurreikusitako azaleraren %39 Cortesko herrilurrak dira, eta ukitutako partikularrak 822. Berritzeko prozesuaren ondorioz, lurzatien kopurua 4.116 izatetik 1.500 pasatuko da, eta jabe bakoitzeko lurzati kopurua 5etik 1,8ra.

Ureztatzeko ura Ubide Inperialetik eta Lodosako Ubidetik heldu da. Ureztatzeko bi eremu sortu dira, bata grabitatearen bidezkoa eta bestea presio bidezkoa, lehen esan dugun bezala.

Hona hemen eremu horietako bakoitzean egin beharreko lanak:

1. Grabitate bidezko ureztatze eremua.

1.1. Bideak eta hustubideak. Bideen sarea ia berria izanen da; 80 kilometro eginen ditu, eta okupazio zerrendak 7 metrotik 12 metrora bitartekoak izanen dira, zabalera, berriz 4tik 6 metrora bitartekoa. Bideak baimendutako harrobietatik ateratako zagorrekin eginen dira. Hondakinak baimendutako hondakindegiren batera eramanen dira.

Dauden kolektoreak garbitzea eta berriren bat eraikitzea aurreikusten da, guztira 17 kilometroko sarea osatzeko.

Lanak eginen dira bi sakanetan, urak ibilgu egokia izan dezan eta irteera Ebro ibaira.

1.2. Erretenen banaketa sarea. Erretenak Lodosako Ubidetik eta Ubide Inperialetik abiatuko dira eta, gehienbat, bideen trazadura bera izanen dute. Erretenak tokian bertan eraikiko dira, hormigoairekin. Eraikiko diren erretenen luzera 59 kilometrokoa izanen da guztira.

1.3. Lurren sistematizazioa. Lurzati berriak nibelatu beharko dira, landare-lurraren geruza kendu, lurra mugitu, 45 cm-ko sakonerako ildoak egin, paretak eratu eta lurra finduz, amaitzeko.

2. Presio bidez ureztatzeko eremua.

Presio bidez ureztatzeko bi eremu aurreikusi dira, batean Lodosako Ubideko urak hartuko dira eta bestean Ubide Inperialekoak. Lodosako Ubidetik ureztatuko den eremua 1.463 hektareakoa da, eta bi zatitan bereizita dagoenez, behekoa eta goikoa, bide ematen du punpaketa independenteak izanen dituzten bi banaketa sare proiektatzeko. Ubide Inperialetik presioz ureztatuko den eremuak 563 hektarea dauzka.

2.1. Bideak, hustubideak eta lurraren egokitzapena.

Bide sarea berria izanen da, lurzati berrantolamenduaren prozesu berriaren ondorioz sortua. 30 kilometroko luzera izanen du, 8tik 10 metrora bitarteko okupazio zerrendak eta galtzadaren zabalera 5etik 6 metrora bitartekoa. Lurzatietan desnibelik baldin badago horiek berdintzea aurreikusi da.

2.2. Ura hartzeko lanak eta erregulazio idoiak.

Bi idoi proiektatu dira; Lodosako Ubidean hartuko du ura horietako batek, eta 50.000 m³-ko edukiera izanen du, eta besteak, berriz, Ubide Inperialean hartuko du, eta 17.000 m³-ko edukiera. Idoiak eraikitzean, hondeatutako lurrak lubeta bat eratuz berdintzeko ahalegina eginen da. Idoiak polietilenozko 1,5 mm-ko xafla batekin estaliko dira.

Punpaketarako bi plataforma eraikiko dira, zein bere goi tentsioko instalazioekin. Lodosako Ubideko punpaketa gunerako hartunea 250 m-tan dagoen euskarri batean kokaturik dago. Ubide Inperialetik energia hornidura egiteko linea berria beharko da, 1.910 metrokoa, ubidearen mendebaldean dagoen linea elektriko batetik abiatuta. Transformazio zentroak punpaketa guneetan bertan kokatuko dira.

2.3. Banaketaren sare orokorra.

265 hidrante paratuko dira, horietatik 209 Lodosako Ubideari dagozkio (88 goiko eremuan eta 121 beheko eremuan) eta 56 Ubide Inperialari. Hodi guztiak lur azpitik joanen dira, zanga batean, gutxienez 1,05 metroko sakoneran.

Lurzatian paratzea Cortesko Udalaren erabakia izan da, baina aurreikusirik dago aspertsio bidez ureztatzea. Ureztatze unitateak 8 hektareakoak izanen dira gutxienez herrilurretan eta 5 hektareakoak partikularren lurretan.

3. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

1. Ingurune fisikoaren azterketa.

Azterlanaren xede den eremua Ebro ibaiaren eskuinaldeko bazterra da, eta jarduketa eremutik kanpo daude bazter horretako ibarbasoak.

Aipatzen ari garen zatian, Ebro ibaiko uren eutrofizazioa handia da, eta solido esekiak ere ugari dira.

Azterlanaren xede den azalera, ibar eta ureztaketa lurren serie edafohigrofilo mediterraniarrekoa bada ere, Lodosako Ubideko eta Aragoiko Ubide Inperialeko urekin ureztatzen diren ureztaketa alorrez estalirik dago. Zuhaitz isolatu asko daude, edo unada natural edo landatu txikiak (sahatsak, milazkak, zumarrak, pinuak eta makalak). Bide ertzeetan edo finken mugetan ageri den komunitate nitrofiloa artemisia belarzuriek eta beira belarrek osatzen dute. Lurraren sakonuneetan lezkak (Phragmites australis), kainaberak (Arundo donax) eta ihiak (Scirpus holoschoenus) ageri dira. Ingurumen aldetik balorazio handiena duen landaretza unitatea jarduketa eremutik kanpo gelditu den ur-bazterreko landaretza da.

Faunari dagokionez, azterlanaren xede den eremua ez dago estepako faunaren ikuspuntutik interesa duen eremuan. Hegazti espezien artean hauexek dira nabarmendu beharrekoak: koartzatxo itzaina (Bubulcus ibis), koartza hauskara (Ardea cinerea), uhalde enara (Riparia riparia), atalarra (Burhinus oedicnemus) eta amiamoko zurien kolonia bat (Ciconia ciconia).

Anfibioen artean, berriz, aipagarriak dira apo ezproiduna (Pelobates cultipres) eta zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea). Eta narrastien artean, apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis) da espezie nagusia.

Inguruetan bi lekune natural daude: Soto de la Mejana de Santa Isabel (EN-12), Ebro ibaiaren ezkerraldean, eta Soto de la Mora (EN-26), eskuinaldean. Aztertu den eremuan, lurzati berrantolamenduaren eremutik kanpo, "Ebro ibaia" BIL dago (ES2200040).

Paisaiaren aldetik 4 landaretza unitate definitu dira: ur-bazterreko landaretza, alorrak, muinoak eta hegalak eta herrigunea eta azpiegiturak.

Hamahiru aztarnategi arkeologiko katalogatu dira, horietan garrantzitsuena "Gurutzearen Gaina" izenekoan dagoena, Nafarroako Gobernuakkultur intereseko ondasun deklaratua.

2. Aurreikus daitezkeen eraginen azterketa

Atal honetan eraiki beharreko instalazioek ingurune fisikoan izan ditzaketen ukipenak aztertzen dira. Eragin handiena positibotzat jotzen da, nekazaritzaren etekin sozioekonomikoa hobetzen duelako, ureztatzeko uraren erabilera eragingarria delako eta ureztatzeetako itzulerako ur kopurua gutxitzen delako eta, horrekin batera, nitratoen galerak eta Ebro ibaiaren kutsadura ere. Halere, honakoak ere identifikatu eta baloratzen ditu: produktibitate edafikoa gutxitzea, landaretza aldatu eta kentzea lurzatiak nibelatzeko lanetan, morfologia eta paisaia aldatzea materialak ateratzeko tokietan eta hondakindegietan, zaratak, dardarek eta hautsak eragindako ukipena. Faunaren gaineko eragina ere jaso da, zehazki atalarrean eta apoarmatu istilzalean, eta azkenik ondare arkeologikoaren gainekoa.

3. Prebentzio eta zuzenketa neurriak.

Prebentzio neurrien artean, nabarmenenak dira BILek hartzen dituen Ebroko ibarbasoak eta lekune naturalak jarduketa eremutik kanpo uztea, eta ondare arkeologikoa babesteari dagozkionak.

Lanek dirauten bitartean apoarmatu istilzaleen jarraipena egitea proposatzen da, eta autobidearen ondoko eremua, berezko landaretza duena, jarduketatik kanpo uztea, bertan atalarrak daudela antzeman baita.

Obrak dauden bitartean lurzati berrantolamendutik kanpo dauden eremuak seinalizatuko dira, landare lurra behar bezala bereizi eta gordetzen dela zainduko da eta bideak aldizka ureztatzen direla.

Zuzenketa neurriei dagokienez, materialak ateratzeko tokiak, zabortegiak eta ezponda berriak lehengoratzea proposatzen da, eskualdeko bertako espezieak erein eta aldatuz. Horrez gain, bide ertzeetan landaketak egitea proposatzen da.

Ebro ibaian segida ekologikoa lortzeko, ibaiaren inguruari garrantzia emanen zaio eta egoera txarrean dauden eremuak lehengoratuko dira. Lan horietan, lurzati berrantolamenduaren diseinu berriak lur erreserba bat aurreikusiko du, berez lehengora dadin edo landaketak egiteko bertan.

Ureztaketa lurrak ustiatzean, nekazariei aholku teknikoak emanen zaizkie ureztaketaren gaian.

4. Ingurumena zaintzeko plana.

Prebentzio eta zuzenketa neurrien eragingarritasuna eta Ingurumen eraginaren azterlanean antzeman ez diren balizko eraginak Ingurumen Zaintzaren arduradun teknikoak egin eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko dituen txostenetan aztertuko dira. Bereziki kontrolatuko dira lur mugimenduak, aztarna arkeologikoen zainketa eta erreten zaharretan egiten diren jarduketak, apoarmatu istilzaleren bat aurkitzeari begira.

Iragarkiaren kodea: F0700328