11. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

AKORDIOA, 2007ko urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek CC OO eta CSI-CSIF sindikatuekin sinatua, onetsi eta hitzarmenari norbanakoak atxikitzeko prozedura ezartzen duena.

2005eko urriaren 14an hasitako negoziazio prozesua bukatu ondoren, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorraren barnean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ordezkariek eta CC OO eta AFAPNA sindikatuek 2006. eta 2007. urteetarako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruzko Akordioa onetsi dute 2006ko uztailaren 21ean.

Horrekin batera, beste negoziazio prozesu bat burutu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako enpresaz gaindiko lan hitzarmenaren Negoziazio Batzordean, zeina 2005eko urriaren 24an eratu baitzen. Negoziazio prozesua amaituta, lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboaren testua erredaktatu da, 2006. eta 2007. urteetarako. Bertan sartu dira, alde batetik, funtzionarioen eta estatutupekoen Akordioko eduki berberak, bi hitzarmenetan aplika daitezkeenak, eta bestetik, lan-kontratudunen talde berariazkoei dagozkien hainbat prebisio.

2005eko abenduaren 22an testu hori bozkatu zen Negoziazio Batzordean, eta aldeko botoa eman dute Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen ordezkariek eta CC OO eta CSI-CSIF sindikatuetakoek. Ikusirik Negoziazio Batzordean ez dela lan-kontratudunen ordezkaritza sindikalaren gehiengoa lortu, ezin da hitzarmena lan administrazioko agintaritzan tramitatu eraginkortasun orokorreko hitzarmen gisa; beraz, ezin zaie aplikazio eremuan sartzen diren langile guztiei derrigorrez aplikatu.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak Akordioa hartu behar du. Horren bidez, alde batetik, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen 2006. eta 2007. urteetarako hitzarmen kolektiboa onetsi eta argitaratzen da, eta beste aldetik, arauak eta prozedura ematen dira hitzarmenari atxikitzeko aukera izan dezaten hala nahi duten lan-kontratudunek.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako enpresaz gaindiko lan hitzarmena onestea, 2006. eta 2007. urteetarako. Hitzarmena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ordezkariek eta CC OO eta CSI-CSIF sindikatuen ordezkariek sinatu dute. Hitzarmenaren testua Akordio honen I. eranskinean azaltzen da.

2. Hitzarmen hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudun finkoei edo aldi baterakoei aplikatuko zaie, baina horretarako hogei egun naturaleko epean, Akordioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, hitzarmenaren aplikazio eremuan sartu nahi dutela adierazi beharko dute espresuki, idatziz, Akordioaren II. eranskinean jarritako ereduan. Idazkia Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa bete behar dute, halaber, 2006. urtean zehar kontratatuak izanik, Akordio hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den unean kontratua iraungita duten lan-kontratudun finkoek edo aldi baterakoek.

3. Akordio hau argitaratzen denetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek kontratatzen dituzten lan-kontratudun finkoei nahiz aldi baterakoei hitzarmen kolektibo hau aplikatuko zaie, baldin eta lan-kontratua sinatzerakoan horrela adierazten badute espresuki.

4. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari gomendatzen zaio ezen, atxikitzeko epea agorturik eta haren emaitzaren arabera, ordainsariak egoki ditzala 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, bai hitzarmenari atxiki zaizkien enplegatuen kasuan eta bai atxikitzeko borondatea adierazi ez dutenen kasuan.

5. Akordio hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara bitez, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 15ean._Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

I. ERANSKINA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LAN-KONTRATUDUNENTZAKO ENPRESAZ GAINDIKO LAN HITZARMENAREN TESTUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua

a) Pertsonala eta funtzionala._Hitzarmen kolektibo honek Nafarroako Foru Komunitatearen eta gaur egun diren eta etorkizunean sor daitezkeen haren menpeko erakunde autonomoen zerbitzura, harreman juridiko eta lanekoaren bidez, lan egiten duten langileen lan baldintzak arautzen ditu. Hitzarmen honetan, hemendik aurrera aipatu Foru Administrazioa eta erakunde autonomoak "Administrazioak" izen generikoaz agertuko dira.

b) Lurralde eremua._Hitzarmen honek eragina izanen du Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztietan, bai eta gaur egun diren eta etorkizunean sor daitezkeen haren menpeko erakunde autonomo guztietan ere.

c) Iraunaldia._Hitzarmen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorio ekonomikoak 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu.

Hitzarmenaren indarraldia 2007ko abenduaren 31 arte luzatuko da. Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den momentutik iragartzen da.

Hitzarmen berria sinatzeko negoziazioak 2007ko urriaren lehenbiziko egunetan hasiko dira.

2. artikulua. Alderdiak

Hitzarmena hauek sinatu dute: alde batetik Nafarroako Gobernuak eta Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde autonomoetako gobernu organoek, eta bestetik CC OO eta CSI-CSIF sindikatuek.

3. artikulua. Batzorde paritarioa

a) Eraketa: batzorde paritarioa eratuko da, Administrazioko ordezkariek eta sinatu duten sindikatuetakoek osatua, erdi eta erdi. Ordezkarien kopurua, batzordea eratzeko orduan zehaztuko da. Sindikatuetako ordezkariek boto ponderatua izanen dute, sindikatu bakoitzeko ordezkari kopuruaren arabera.

b) Eginkizunak, akordioen izaera, lantaldeak:

1. Batzorde honi esleitzen zaizkio hitzarmenaren interpretazioa, jarraipena, ikuskatzailetza eta edukiaren garapena, sortzen diren gatazkei buruzko aldez aurreko azterketa eta erabakia, arazoei irtenbidea emateko prozeduretan, eta, premiazkoa denean, hitzarmenaren edukia osatzea, hitzarmenean bertan ezarritakoari jarraikiz.

2. Hitzarmen honetan xedatutakoaren interpretazioaz edo aplikazioaz edozein gatazka kolektibo agertu aitzin, hala aurretiazko erreklamaziokoa edozein administraziori edo lan administrazioko agintaritza eskudunari, nola organo jurisdikzional eskudunari zuzendua, auzia batzorde paritarioaren esku jarriko da.

3. Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua) III. tituluan aurreikusitakoaren arabera, aipatu batzordeak hitzarmenaren gaietan hartzen dituen akordioak hitzarmenari erantsiko zaizkio eta izaera juridiko berbera izanen dute, behin erregistratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren. Azken tramite horiek akordio batzuetan bakarrik beteko dira, batzordearen iritziz beharrezkoak direnetan.

Batzordeak mota horietako akordioen testuaren prestaketa lantalde paritarioei esleitzen ahal zaie. Lantaldeok administrazioek eta hitzarmena sinatu duten sindikatuek izendatuko dituzte, gaiaren arabera espezialisten irizpideak kontuan hartuta. Lantalde paritarioen funtzionamendu arauak batzorde paritarioaren funtzionamendua arautzen dutenak izanen dira. Taldeak adosten dituen akordioek balioa izan dezaten, batzorde paritarioan akordioak hartzeko bete beharreko arau berberak bete beharko dira eta aipatu batzorde paritarioaren esku egonen da haiek berrestea edo ez.

4. Batzorde paritarioak hartzen dituen gainerako akordioek, indarra duen legeriari jarraikiz, batzordeak erabakitzen duen izaera izanen dute eta akordioak hartzeko arauak eta argitaratzeko baldintzak beteko dira.

5. Batzorde paritarioan hartutako akordioen testua Enpresa Batzordeei eta administrazioetako langileen delegatuei igorriko zaie.

c) Erregelamendua, funtzionamendua:

1. Batzorde paritarioak bere funtzionamenduaren erregelamendua prestatu eta onetsi dezake. Erregelamenduaren arau horiek eratzen ahal diren lantaldeetan ere aplikatuko dira.

2. Batzorde paritarioaren eraketak balioa izan dezan, beharrezkoa izanen da batzordea osatzen duten bi ordezkaritzetako bakoitzaren _enpresarena eta sindikatuena_ bi herenak gutxienez bertaratzea.

3. Batzorde paritarioa, alde bakoitzaren erdiak gutxienez eskatuta, deialdia egin eta hamabost egun baliaduneko epe luzaezinean bilduko da.

4. Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren erdiaren aldeko botoa beharko da.

II. TITULUA

Lanaren antolaketa, atxikipen eremuak, lanbide sailkapena, enpresan sartzea, kontratazioa, sustapena eta mugigarritasuna, prestakuntza, kategoria desberdinetako lanak, plantillak eta langileen zerrenda

I. KAPITULUA

Lanaren antolaketa, atxikipen eremuak, lanbide sailkapena

4. artikulua. Lanaren antolaketa

1. Administrazioen zuzendaritzako organo eta zentro eskudunei dagokie lana antolatzeko eta zuzentzeko ahalmena. Horretarako, lanaren balorazioa, arrazionalizazioa, metodoen hobekuntza, prozesuak eta sinplifikazioa lortzeko sistemak ezartzen ahal dira, eta orobat, zerbitzuak ematerakoan kopuruaren eta kalitatearen aldetik maila hobea lortzeko behar diren plantillak eta langile zerrendak.

2. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, sindikatuek eskubidea dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenen arabera, eta laneko araudiak enpresa batzordeei eta langileen delegatuei gai honetan aitortzen dizkien eskumenak errespetatuz.

5. artikulua. Langileriaren atxikipen eremuak

Langileak eremu jakin bati atxikiko zaizkio, eta eremu horretan beteko dituzte euren taldeari dagozkion eginkizunak.

Langileriaren atxikipen eremuak Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko arauen bidez zehaztuko dira, hain zuzen ere zuzendaritza nagusietako eta erakunde autonomoetakoak eta, kasu berezietan, maila apalagoetakoak, zuzendaritza nagusi batean taldekatuak ez daudenean.

6. artikulua. Lanbide sailkapena

1. Administrazioen zerbitzuko langileak, enpresan sartzeko eskatzen zaien titulazioaren eta euren eginkizunen arabera, ondorengo taldeetan sartuko dira:

A taldea: talde horretako langileen eginkizunak zuzendaritzakoak edo profesionalak izanen dira eta horretarako doktore, lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulu unibertsitarioak beharko dituzte.

B taldea: talde honetako langileak, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako tituluen jabe izanen direnak, A taldeko eginkizunetan laguntza eta sostengu lanetan arituko dira, bai eta euren titulazioari dagozkien lan profesionaletan ere.

C taldea: talde honetako langileak exekuzio lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

D taldea: talde honetako langileak laguntza lanetan edo antzekoetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

E taldea: talde honetako langileak menpeko laguntza lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Ziurtagiria edo baliokidea.

2. Plantilla organikoan lanpostuak zein talderi atxikitzen zaizkion zehaztuko da.

3. Langileak taldekatzeko orduan gaur egun dauden taldeei eutsiko zaie, oro har, Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduak, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak onetsi zuen hark, taldeen eranskinean ezarritakoen antzeko irizpideei jarraikiz.

III. KAPITULUA

Lan-kontratudunen lanean sartzea eta aldi baterako kontratazioa

7. artikulua. Lan-kontratudun finkoak hautatzea.

1. Administrazioen zerbitzuko langile finkoak hautatzerakoan abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Hala ere, probetan onartua izateko baldintza bat, adinez nagusi izan beharra, alegia, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duenak, 6. artikuluan ezarritakoaz ordeztuko da.

8. artikulua. Langile ezinduak

Administrazioek Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzea arautzen duen araudian ezarritako lan-kontratudunen postu finkoen portzentajea gordeko dute, %33ko ezintasuna edo handiagoa duten langileentzat, hautapen probak gainditzen badituzte, betiere, eta duten ezintasun maila behar denean egiaztatzen badute, eta ezintasun hori bere lan eta eginkizunekin bateragarria bada.

9. artikulua. Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzea

1. a) Administrazioa eta gainerako erakundeak: lan-kontratua mugagabea ez duten lan-kontratudunak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta haren xedapen osagarrietan, bereziki ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan, ezarritakoaren arabera hautatuko dituzte.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua: kontratua mugagabeko iraupenekoa ez duten lan-kontratudunak berariazko araudiari jarraikiz hautatuko dituzte. Arau horiek gaur egun azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 37. artikuluan eta hurrengoetan biltzen dira.

2. Langileen ordezkarien parte hartzea: Aldi baterako lan-kontratudunak hautatzeko prozeduretan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduak, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak onetsitako hark, 42.2 artikuluko c) atalean aurreikusi bezala, Enpresa Batzordeek edo Langileen delegatuek parte hartzen ahal dute, hala behar izanez gero, aipatu Erregelamenduaren 37. artikuluan lan-kontratudun finkoak hautatzeko aurreikusitako moduan; dena den, parte hartze horregatik ez da prozedura geldiaraziko edo atzeratuko.

Sartzeko Erregelamenduaren 42.2 artikulu horretako a), b) eta c) ataletan aurreikusitako kasuetan, langileen ordezkariei bi prozedura horien babesean eginiko kontratazioen berri emanen zaie, kontratuak egin ondoren.

3. Aldi baterako lan-kontratazioen faseak Administrazioak berak kudeatuko ditu, eta ordezkari sindikalei horien berri emanen zaie mahai sektorial guztietan.

10. artikulua. Kontratazio mota

1. Kontratuak idatziz eginen dira kasu guztietan. Indarra duen legeriak lan-kontratu modalitate jakin batzuetarako inposatzen dituen berariazko aipamenez gainera, kontratuan beste hauek azalduko dira:

_Administrazio publiko kontratatzailea.

_Taldea.

_Lanpostua.

_Probaldiaren iraupena.

_Ordainsarien egitura eta zenbatekoa. Horretarako kontuan hartuko dira hitzarmen honen edukia eta gainerako xedapenak, adibidez plantilla organikoa eta beste.

2. Administrazioek erabiltzen dituzten kontratuen eredu idatzien arloan langileen ordezkariei zor zaien informazioaz indarra duten xedapenetan agindutakoa betetzearren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan Nagusiak erregistro orokorra eratuko du, zeinetan agerraraziko baitira sinatutako kontratu guztiak eta erabilitako ereduak. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak izanen du informazio horiek langileen legezko ordezkariei eta batzorde paritarioari emateko ardura, hori guztia langileen erregistro hori arautzen duten xedapenetan ezarritakoari hertsiki lotuz, izan ere hori betetzea ezinbesteko baldintza da kontratuak gauzatzeko, betiere administrazio bakoitzak gain honetaz dituen eskumenak galarazi gabe.

3. Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren menpeko erakunde autonomoek kontratazioaren arloan langileen ordezkariek informazioa izateko duten eskubideei buruz Langileen Estatutuaren 8. artikuluko 3. atalean aurreikusitako betebeharrak beteko dituzte.

11. artikulua. Probaldia.

1. Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileen probaldia honako hau izanen da:

_A taldeko langileak: sei hilabete.

_B taldeko langileak: sei hilabete.

_C taldeko langileak: bi hilabete.

_D taldeko langileak: bi hilabete.

_E taldeko langileak: hamabost lanegun.

2. Artikulu honetan arautzen den probaldia ez da aplikatuko lekualdaketa edo birkokapen prozeduren bidez beste lanposturen bat betetzen den kasuetan. Hala eta guztiz ere, oposizio edo oposizio-lehiaketa ireki baten bidez igoera txandako lanpostu baterako aurkezten denak probaldia egin beharko du. Administrazio batean sartzeko behar diren probak gainditu eta lanpostu finkoa eskuratzen duten aldi baterako lan-kontratudunak ez dira probalditik libratuko, non ez duten aldi baterako lan-kontratudunak zireneko lanpostu bera lan-kontratudun finko gisa betetzen.

3. Administrazio batek uste badu langileak ez duela probaldia gainditu, bere erabakia jakinaraziko die langileen ordezkariei.

III. KAPITULUA

Maila igoera, mugigarritasuna, lanbide prestakuntza eta hobekuntza, kategoria handiagoko eta txikiagoko lanak

12. artikulua. Sustapena eta mugigarritasuna.

1. Enplegatuei lekualdatze lehiaketetarako deialdietan eta igoera txandetan parte hartzeko aukera izanen dutela segurtatuko zaie, sartzeko deialdietan, edozein dela ere haien araubide juridikoa: funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak.

Hala ere, lanaldi partzialean diharduten eta lekualdatze lehiaketa bidez lanaldi osoko lanpostu bat eskuratzen duten lan-kontratudunak funtzionario bihurtuko dira.

2. Lan-kontratudun finkoen sustapenak esan nahi du hitzarmen honen 6. artikuluan zehaztutako talde bateko langileak goiko mailetara igotzea, bai eta talde berean gora egitea ere.

3. Talde igoerarako, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluak eta xedapen osagarriek diotenari jarraikiz, hautaprobetan bete gabe gelditzen diren postuak erreserbatuko dira.

4. Talde bakoitzean mailaz igotzeko, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 18., 33. eta 34. artikuluek eta xedapen osagarriek xedatutakoari jarraituko zaio.

5. Langileen borondatezko mugigarritasunerako, merezimenduen bidezko lekualdatze lehiaketaren prozedura honako kasu hauetan erabiliko da:

_Zuzendaritza nagusien edo erakunde autonomoen arteko langileen borondatezko mugigarritasuna, eta salbuespen gisa, horietatik beherako unitateen artekoa, unitateak zuzendaritza nagusi baten barrenean ez daudenean.

_Zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostuen arteko borondatezko mugigarritasuna, lanpostuak herri berean ez badaude.

_Eremu bereko zentroen arteko borondatezko mugigarritasuna, herri berean badaude ere: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko laguntza zentroak, Hezkuntza Departamentuko ikastetxeak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko eskualdeetako bulegoak ea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zentroak.

_Lanaldi arrunta edo lanaldi osoa duten lanpostuen eta lanaldi partzialekoen arteko mugigarritasuna.

6. Merezimendu lehiaketa bidezko lekualdaketatik kanpo geldituko da aurreko atalean adierazitakoak baino maila beheragoko eremuen arteko mugigarritasuna.

7. Goiko 4. atalean adierazitako lekualdaketak, zerbitzu-beharrak direla kausa, nahitaezkoak direnean, organo eskudunaren arrazoi bidezko ebazpena beharko da.

8. E mailako edo taldeko lanpostuen lekualdatze lehiaketetan parte har dezakete, orokorrean, maila edo talde horretako enplegatu guztiek, edozein dela ere lehen zuten lanpostua.

9. Gainerako mailetako lanpostuen lekualdatze lehiaketetan, ahaleginak eginen dira ahalik eta enplegatu gehienek parte har dezaten, lanpostuaren ezaugarriek eta eginkizunek horretarako bide ematen badute.

10. Behar diren mekanismoak ezarriko dira, administrazioak bere burua antolatzeko dituen ahalmenak eta zerbitzuen premiak babestuz, enplegatuen mugigarritasun horizontala errazteko, besteak beste lanpostu guztien taldekako integrazioa, bakoitzaren titulazioan, izendapenean eta garatutako eginkizunetan oinarrituta.

11. Maila eta kategoria desberdinetan sartutako lan bereko lanpostuak dituzten taldeak aztertuko dira mahai sektorialetan, bai eta ordutegi eta lan baldintza bereziak dituzten beste talde batzuk ere, aztertu ondoren berrantolatzeko, bidezkotzat jotzen diren neurriak hartuz.

12. Lanpostu hutsak taldeko igoera murriztuaren bidez beteko dira, horrela egin daitekeen zerbitzuetan.

13. Begirale gerontologiko izendatutako langileek Erizaintzako laguntzaileen lanpostu hutsak betetzeko aukera izaten ahal dute eta baita alderantziz ere, lekualdatze lehiaketetan parte hartuz.

14. Hitzarmen honen indarraldian jarduketa hauek burutuko dira mailaz igotzearen arloan:

_Administrari-laguntzaile, telefonista eta SOS-Nafarroako operatzaileetatik, guztira, 130 langile C mailara igotzea.

Deialdi hori 2005. urteko enplegu eskaintzari dagozkion lanpostuak hartzeko prozeduren ebazpena eman aurretik argitaratuko da.

Mailaz igotzeko prozedura oposizio-lehiaketa sistema izanen da, eta horren oposizioaldian gaur egun egiten diren ezagutza proba guztiak proba bakar batean bilduko dira.

15. Salbuespen gisa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako enplegatuen artean lanpostuen trukeak baimentzen ahal dira, talde berekoak badira eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Bi enplegatuek aski motibazio izatea trukea egiteko.

b) Antolaketa motako eragozpenik ez izatea edo trukatutako lanpostuan aritzeko gaitasun tekniko aski izatea.

c) Ukitutako unitate administratiboen adostasuna.

d) Trukea eskatzen duten enplegatuen artean adinean eta antzinatasunean hamar urteko aldea baino handiagoa ez izatea.

Trukeak baimentzea, kasu bakoitzean, langileen atxikipena aldatzeko eskumena duten Nafarroako Foru Komunitate Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoei dagokie, eskatzaileen unitate organikoen arabera.

13. artikulua. Lanbide hobekuntza eta prestakuntza.

1. Ikasketa akademikoak eta lanbide prestakuntza edo hobekuntza arlokoak egiten ari diren langileek lehentasuna dute oporrak eta lan txandak aukeratzeko, bai eta lanaldi arrunta egokitzeko ere ikastaroetara joan ahal daitezen, laneko premiak eta antolaketak horretarako bide ematen duten neurrian.

2. Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko, hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitateek antolatuak, baimen soldatadunak ematen ahal dira, baina gehienez ere berrogeita hamar ordu urtean, honako irizpide hauei jarraikiz:

A) Zerbitzuko beharrak, kontuan hartuz bereziki alde egin duen langilearen ordez beste bat jarri beharko den ala ez.

B) Prestakuntza ikastaroko edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duen lotura.

C) Nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitateko langileen artean prestakuntza ikastaroak hartzeari dagokionez.

Orokorrean, osorik edo zati batean lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da ordu edo diru konpentsaziorik izanen.

Langileak Administrazioaren aginduz joaten direnean ikastaroa egitera, orduan bakarrik kontatuko zaizkie ordu horiek lanordu gisa, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta, egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen dute.

3. Nafarroako administrazio publikoek euren menpeko langileak zerbitzu berezietan direla deklaratzen ahal dute, langile horiek prestakuntza, hobekuntza edo ikerketa jardunetan aritzen badira, erregelamenduz zehaztutako kasuetan, baldintzetan eta araubidean.

Atal hau garatze aldera, lanbide prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetara joateko zerbitzu berezietako egoera arautuko da, ikastaroen edukiak enplegatuaren lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin zuzeneko lotura duenean, sindikatuekin negoziatu ondoren.

4. Administrazioaren zerbitzuko langile finkoak zerbitzu berezietan daudela deklaratzen ahal da euren prestakuntza eta hobekuntzarako jarduerak, orain artekoak ez bezalakoak eta goragoko talde batekoak, egiteko eskatzen zaienean, lortutako ikasketa titulazioak profesionalki praktikan jarriz, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta hura garatzen duen xedapenetan aurreikusitako prozeduraren, baldintzen eta betebeharren arabera.

14. artikulua. Lanbide sustapena eta lanpostuak betetzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostuak azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan eta haren xedapen osagarrietan xedatutakoaren arabera beteko dira.

2. Barne-igoeraren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak aldi baterako betetzeko zerbitzu eginkizunetan edo jarduneko egoera berezian deklaratu ahal izateko, hautapen proba batzuk gainditu beharko dira, batzorde paritarioak ezartzen dituen baldintzetan.

15. artikulua. Kategoria handiagoko edo txikiagoko lanak

1. Edonola ere, kategoria handiagoko edo txikiagoko lanen arrazoiak salbuespeneko premia larriak izanen dira, eta ezinbesteko denbora baino ez dute iraunen, inola ere ez bost hilabete baino gehiago urtebetean edo zazpi hilabete baino gehiago bi urtetan.

2. Lanpostu berriak ordainsari handiagoa badu, eta hitzarmen honen 12.2 artikuluan ezarritako prozeduraz betetzen ez deino, horixe baita kategoria aldatzeko eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 24. artikuluak aipatzen duen maila igoera bidezko egiteko modu bakarra, langileak eskubidea izanen du benetan betetzen ari den lanpostuari dagokion ordainsaria kobratzeko. Kategoria goragoko lan batean aritze hutsak ez du behin ere finkatuko ez soldata, ezta goragoko kategoria ere.

3. Premia larriak eta aurreikusi ezin direnak direla eta, Administrazio batek langile bati bere kategoria baino beheragokoaren zereginak esleitu beharra izaten badu, gehienez ere hilabetez arituko da horretan, eta mantendu eginen dira haren jatorrizko lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkien ordainsaria eta hortik datozen bestelako eskubideak. Gainera langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

IV. KAPITULUA

Hizkuntza politika, plantilla organikoa, lan eskaintza publikoa eta langileen zerrenda

16. artikulua. Hizkuntza Politika

Euskararen Foru Legea hertsiki bete behar denez, Administrazioko enplegatuen euskalduntzea bultzatzeko jarduketetan irizpide hauei jarraituko zaie:

A) Eremu euskaldunean eta mistoan ezartzea euskaraz jakitea zein lanpostutan izanen den baldintza berariazkoa, horiek bete behar direnean horrela dela egiazta dadin.

B) Enplegatuen hizkuntza gaitasuna orientatzea, sustapen ekintzei lehentasuna emate aldera haien destinoagatik edo lanpostuaren ezaugarriengatik behar handiagoa dagoela antzematen denean.

17. artikulua. Plantilla organikoa, lan eskaintza publikoa eta lanpostuak birmoldatzea

1. Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko plantilla organikoan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Administrazioetako lan-kontratudunen lanpostuak zerrendatuko dira, behar bezala sailkatuak.

Alderdi sinatzaileek azpimarratzen dutenez, hitzarmen honetako helburu orokorretako bat da lan publikoaren kalitatea hobetzea kontratazioen denborazkotasun tasa murriztuz eta lan egonkorra gehituz.

2. Zilegi izanen da Administrazioaren jarduera modernizatu eta arrazionalizatzeko neurriak hartzea, besteak beste: langileen berresleitzea, kudeaketa adierazleak ezartzea administrazio unitateetan, lanpostuak birmoldatzea eta ukitutako langileak birziklatzea beste eginkizun batzuetan aritzeko.

Neurri horietako edozein hartzeko beharrezkoa izanen da aldez aurretik batzorde paritarioan negoziatzea.

3. Lan publiko egonkorra lortzeko eta lanpostuak ahal den neurrian behin betikoz betetzearren, batzorde paritarioak zehaztuko du zein izanen den 2006-2007 urteetarako lan eskaintza publikoan sartuko diren lanpostuen kopurua Administrazio Erroan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Hezkuntza Departamentuan, irizpen hauei jarraikiz:

a) Aldi baterako lan kontratudunekin betetzen ari diren lanpostu hutsak, oro har, lan eskaintza publikoan sartzea.

b) Behin betikoz bete daitezkeen egungo egiturazko lanpostu iraunkorrak plantilla organikoan agertzea eta lan eskaintza publikoan sartzea.

Indarreko legeriaren arabera, funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez betetzen ahal dira. Horrelako kasuetan, esleitzen den destinoa behin-behinekoa izanen da, lanpostu huts batean behin betiko destinoa lortu arte, batzorde paritarioak prestatzen dituen baldintzetan.

Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duen langile bat ordezteko egiten diren kontratuak bukatu eginen dira, horrelako kontratuentzat ezarritako arrazoi orokorrez gain, lanpostu horiek, merezimendu-lehiaketaz edo deialdia baliatuz, behin-behineko destinoa duten lan-kontratudun finkoek eskuratzen dituztenean.

4. Administrazioak behar diren neurriak har ditzake, plantilla edo eman beharreko zerbitzuak berregitearen ondorioz, edukirik gabe gelditu diren lanpostuak birmoldatu eta beste mota bateko lanpostu bihurtzeko. Eginkizunak berresleitzea eta lekualdaketak, talde beraren barnekoak, salbuespen gisa baino ez dira eginen, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak berak zuzenean eginen ditu, sindikatuekin negoziatu ondoren.

Aurreko baimenean sartzen dira lanpostu batean aritzeko enplegatuaren ezintasun fisikoko kasuak.

18. artikulua. Langileen zerrenda.

Administrazioek urtero prestatuko dute euren zerbitzuko lan-kontratudun finko guztien zerrenda, urteroko abenduaren 31n itxiko dena. Zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

III. TITULUA

Lanaldia eta ordutegia

19. artikulua. 1. Hurrengo ataletan ezarritakoa galarazi gabe, urtean benetako 1.592 lanordu izanen dira guztientzat.

2. Gaueko txandako langileek urtean benetako 1.535 lanordu izanen dituzte, bertan egon beharrekoak.

3. Goiz, arratsalde eta gaueko txandetako langileek urtean benetako 1.457 lanordu izanen dituzte, bertan egon beharrekoak.

4. Goizeko eta arratsaldeko txandetan diharduten langileek, igandeak eta jaiegunak barne, urtean benetako 1.554 lanordu izanen dituzte, bertan egon beharrekoak.

5. Normalean lanaldi zatituan diharduten langileek, igandeak eta jaiegunak barne, urtean 1.569 lanordu izanen dituzte.

6. San José Zentroan, zeina Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren menpekoa baita, begirale lanpostuan hiru txandatan, goizez, arratsaldez eta gauez, diharduten langileek, kontuan hartzeke txanda aldaketak noiztik noizera egiten diren, urtean benetako 1.457 lanordu izanen dituzte, bertan egon beharrekoak.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa ez zaie aplikatuko asteburuko begirale lanpostuan ari diren langileei.

7. Erizaintzako eta Osasun Laguntzako Zerbitzuetako zuzendariek, nork bere eginkizunen arloan, txanden lan baldintzen hobekuntza kualitatiboak eta antolaketakoak aztertuko dituzte (urteko txanden errotazioa, hiru txandetan dihardutenek astean hiru gau soilik egitea, ordezpeneko hilaren berrikuspena eta beste). Lau astetik behin, bigarren igandean, txandaka lan egiten duten langileek jai izanen dute.

8. Artikulu honetan aurreikusitako ordu konpentsazio guztiak honela ulertuko dira, hots, benetako lanaldia txanda bakoitzerako ezarritako lanorduez osatuko dela, bertan egon beharrekoez, gehi ordu konpentsazioz, guztira 1.592 lanordu urteko, guztientzat.

9. Aurreko ataletan aipatutako ordu konpentsazioetan, bai eta konpentsazio ekonomikoetan, hitzarmen honen 65., 66. eta 67. artikuluak aplikatzearen ondoriozkoetan, lanpostu guztiei legozkiekeen inguruabar eta berezitasun guztiak biltzen dira, besteak beste, txandakako lana, txanden artean informazioa trukatu beharra, etab.

10. Langileek 20 minutuko atsedenaldia hartu ahalko dute eguneko lanaldian, egiazko lanordutzat hartuko dena. Goizeko ordutegian, orokorrean, 10:00etatik 12:00etara bitartean egin ahalko da atsedenaldia, zerbitzuaren beharren arabera.

Ikastetxeen kasuan, atsedenaldia antolatzean ikasleen segurtasuna eta kontrola bermatuko da.

11. Urteko 1.592 lanorduak, honela banatuko dira:

A) Eguneroko lanaldiaren iraupena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile guztientzat ezarritakoa izanen da.

Horri dagokionez, 2006. urtean astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, guztientzat, 7 ordu eta 21 minutukoa izanen da. Nahitaezkoa izanen da 8:00etatik 15:00ak bitarte aritzea, eta gainerako 21 minutuak betetzeko aukera malgua utziko da, enplegatuaren esku, 7:45etik 8:00etara bitarte eta 15:00etatik 15:21era bitarte.

B) Aurreko atalean adierazitako lanorduen banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzu beharrengatik lanaldi bereziren bat duten enplegatuei, ez ordu konpentsazioren bat dutenei (txandako lana, gauekoa, etab.), ezta ikastetxeetako edo osasuneko langileei ere, izan ere horiek lan egutegi berariazkoa dute. Egutegi horrek guztientzat ezarritako urteko lanorduak errespetatuko ditu eta hitzarmen honetan aurreikusitako batzorde paritarioa osatzen duten sindikatuekin negoziatuko da aldez aurretik. Ondoren lantoki bakoitzean ageriko leku batean paratuko da, Langileen Estatutuaren 36.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lanaldi jarraitua gehienez ere 12 ordukoa izanen da, guztientzat, non ez duten bestelako lanaldi bat ituntzen Administrazioak eta batzorde paritarioak.

C) Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan artikulu honetan aipatu lan ordutegia ez bezalakoa baimen dezake, aurreko atalean adierazitako sindikatuekin negoziatu ondoren eta, betiere, urteko lanordu kopurua errespetatuz.

12. Adostasuna dago, besteak beste gai hauek jorratzeko:

_93/104/EEE Zuzentaraua betez, lan denbora berrantolatzeko neurriak aztertzea, osasun zerbitzuetako estatutupeko langileen estatutu markoa arautzen duen abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoarekin bat.

20. artikulua. Aldizkako langile finkoentzako deialdia

A eta B taldeetako aldizkako langile finkoak, Nafarroako Zerga Ogasuneko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainari atxikiak, gutxienez zortzi hilabeterako kontratatuko dituzte urteko deialdi bakoitzean.

Artikulu honetan aipatzen den aldizkako langile finkoen deialdiak lehentasun hurrenkera hau izanen du: aurrena unitateburu direnei deituko zaie eta ondoren gainerakoei, espezialitate bakoitzeko langileen antzinatasunari jarraikiz.

21. artikulua. Osasun zerbitzuen modernizazioa.

Osasun zerbitzu publikoak, kalitatearen eta eraginkortasunaren aldetik, herritarren eskakizunetara egokitzeko helburu bateratua dute Administrazioak eta sindikatuek, eta beharrezkotzat jotzen dute zerbitzu horien modernizazio prozesuan aurrera egitea. Horretarako, funtsezko elementua da profesionalen lan baldintzak hobetzea.

Osasun zerbitzu publikoak hobetu eta modernizatzeko, Administrazioaren eta sindikatuen iritziz beharrezkoa da herritarrentzako zerbitzuen eskaintza eta instalazioen erabilera 20:00ak arte luzatzea egunero, lanaldiaren araubidea aldatu gabe. Horretarako, kudeaketa zentro bakoitzean lan kargak aztertuko dira, lanaldia antolatu ahal izateko zentro bakoitzaren berezitasunera egokituz (larrialdien presioa, laguntza kirurgiko edo diagnostikoaren atzerapena, plantillen egitura, etab.), eta segurtatuko da, laguntza zerbitzu edo atal bakoitzak astean batez beste bi arratsaldez bederen lan eginen duela.

Langileak lan mota berri honi atxikitzea lortzeko, irizpide hauek erabiliko dira: lehenengoa, profesionalen borondatea; bigarrena, langileei %45etik gorako osagarri berariazkoa ordaintzea eta azkena, antzinatasun handiena dutenek lehentasuna izatea lan mota berrira atxikitzeko.

Urteko lanaldia aski ez bada ordu gehikuntza horri erantzuteko, lanaldi osagarriak ezarriko dira beharrezkoa den tokietan. Lanaldi osagarri horien berri emanen zaio Negoziazio Mahai Orokorraren batzorde paritarioari.

Lan antolaketa horren ondorioz, zentro bakoitzean egiten diren guardiak ere berrantolatuko dira. Horren arabera, departamentuburu eta zerbitzuburuekin kontsultatu ondoren, zentro bakoitzeko zuzendaritzak erabakiko du zein lanpostutan eta ordutan eginen diren guardiak egunero, bertan egon beharrekoak nahiz lokalizatuak. Erabaki hori hartzerakoan irizpide murriztailea izanen da herritarrentzako sorospena eta fakultatiboen lan baldintzen kalitatea bermatzea, irizpide hauek kontuan hartuz: zerbitzuen arteko ardaztasuna, herriko beste osasun zentroekiko koordinazioa eta prestatzen ari diren mediku egoiliarren eginkizunen aprobetxamendu hoberena.

22. artikulua. Jaiegunen egutegia.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak urtero finkatuko du hitzarmen honen eraginpeko langileen jaiegunen egutegia eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

IV. TITULUA

Oporrak, baimenak eta lizentziak, eszedentziak

23. artikulua. Oporrak.

1. Hitzarmen honen eraginpeko langileek opor ordainduak izateko eskubidea dute, 27 lanegunekoak, jarduneko zerbitzuko urte osoan, edo proportzioan legozkiekeen egunak, zerbitzuko denbora motzagoa izanez gero.

2. Ikastetxeetan lan egiten dutenek opor ordainduak ikastetxearen jardun gabeko denboran hartuko dituzte, non ez den zerbitzu beharrengatik besterik erabakitzen.

3. Urteko bigarren hilabetea bukatu aitzin, urteko oporren plan orokorra finkatuko da.

4. Orokorrean, langile guztiek eskubidea izanen dute gutxienez arauzko opor egunen erdiak udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte, alegia. Gainerakoa urtean zehar hartuko da, zerbitzuaren beharrekin bat etorriz.

5. Langile bat oporretan dela eri jartzen bada, ez dira oporrak etenen, salbu eta lau egun baino gehiagoko ospitaleratzea ekartzen duten istripu edo eritasunen kasuan, edo txosten mediko batez eritasuna larri edo oso larritzat (ospitaleratu beharrarekin nahiz gabe) jotzen denean; azken hori, betiere, ziurtagiri medikoaren bidez egiaztatu beharko da.

Halakoetan, oporren eteteak indarra izanen du ospitalizazioa edo eritatasuna hasten den lehenbiziko egunetik.

24. artikulua. Baimenak eta lizentziak.

Langileek, aldez aurretik abisatu eta justifikatuta, kasua bada, baimena dute lanera ez agertzeko, ondorengo artikuluetan aurreikusitako denboretan eta kasuetan.

25. artikulua. Ordaindutako lizentziak eman ahal izanen dira ikastetxe ofizialetako amaierako azterketak eta gaitasun eta ebaluazioko behin betiko probak egiteko.

Aurreko atalak aipatzen dituen lizentziak hartzen dituzten langileek euren departamentuko organo eskudunari azterketa edo proba horiek egin izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote.

26. artikulua. Ezkontzeagatik, langileek eskubidea dute hamabost egun naturaleko lizentzia baimendua izateko. Egun horiek opor arruntekin batera daitezke.

Ezkontza egin dela justifikatzeko, departamentuko organo eskudunari familia-liburua edo Erregistro Zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko zaio.

27. artikulua. 1. Hitzarmen honen eraginpeko langileei, erditze eta adopzio kasuetan, bai eta adoptatu aurreko harrera-fasean nahiz era iraunkorrean 6 urte arteko adingabekoak familian hartzen direnean, gai horri buruz gizarte legeriak ezarritakoa aplikatuko zaie. Arau horien bidez arautuko da, halaber, langile horiei eskubidez dagokien sorospenaren zenbatekoa, 97. artikuluan, aldi baterako ezintasunari buruzkoan, xedatutakoaren arabera osatuko dena.

Alabaina, kontratuaren etenaldia, Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan aurreikusten dena, astebeteko lizentzia ordainduarekin osatuko da, baldin eta etenaldi horren amaieran kontratua indarrean badago. Lizentzia hori kontratuaren etenaldia bukatu ondotik hartuko da, dena jarraian.

2. Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerroaldeko kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da. Halaber, kasu horietan bi hilabete bitarteko baimenaz gozatzeko eskubidea izanen da, epe horretan oinarrizko soldata eta antzinatasun osagarria bakarrik jasoz, betiere.

3. Bestalde, Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan aurreikusten denez, haur jaio berria ospitaleratu beharra izanez gero, amatasunagatiko kontratuaren etenaldia geldiarazten da, eta era berean, haurra jaio eta sei asteko epean ospitaleratu beharra denean.

4. Amatasunagatiko kontratu etenaldiak, artikulu honetan aipatzen direnak, lanaldi osoko nahiz denbora partzialeko araubidean hartzen ahal dira, bigarren kasu horretan urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuaren 7. bis artikuluan ezarritako arauei jarraikiz.

27. bis artikulua. 1. Emakumezko langileek lanetik ateratzeko eskubidea dute ernalketa lagunduaren teknikak jasotzeko, beharrezkoa den denborarako eta lan orduetan egin beharra aldez aurretik frogatuta.

2. Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidearekin, jaioaurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik Administrazio Publikoko organo eskudunari abisatu behar zaio, eta horiek guztiak lanaldian egin beharra justifikatu.

3. Ezgaitasun psikiko, fisiko edo sentsorialeko seme-alabak dituzten langileek baimena dute lanera ez agertzeko, beharrezkoa duten denborarako, seme-alabek tratamentua hartzen duten hezkuntza bereziko zentroan koordinazioko bileretan parte hartzeko edo haiei laguntzeko, osasun arloan laguntza gehigarria hartu behar baldin badute.

28. artikulua. 1. Norberaren kontuetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahal zaizkie langileei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urte naturalez behin bost hilabete.

2. Era berean, aipatu baimena ematen ahal zaie langile finkoei Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko eta funtzio publikoan sartzeko hautapen prozeduretan sartzen diren oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joateko. Baimen hauek ez dira kontuan hartuko aurreko lerroaldean ezarritako denbora mugaren ondorioetarako eta eskaera ikasturtea hasi aurretik eginez emanen dira, oinarrizko prestakuntza ikastaro horiek egiteko behar den denboran.

29. artikulua. Aurreko artikuluan jasotako lizentziak emateko, ondoko arauak bete beharko dira:

a) Eskaera zertarako egiten den adierazi beharko da.

b) Ez da nahitaezkoa aldez aurretik oporrez baliatu izatea, lizentzia hori eskatzeko.

c) Lizentzia ematea, betiere, zerbitzuaren betebeharren mende egonen da, salbu eta eskatzailea jada ordezkaturik badago lizentziaz baliatzen hastean.

d) Administrazio eskudunak lizentzia ukatuz gero, horretarako arrazoiak azalduko ditu.

e) Ordaindu gabeko lizentziaren aldiak ez du oporretarako eskubiderik sortuko, ez eta, beraz, kontuan hartuko ere egin beharreko ordainsarien deskontuan, salbu eta oporrez jada baliatu bada.

30. artikulua. 1. Seme edo alaba baten jaiotza, etxean hartzea edo adopzioa dela-eta, aitarentzako baimen ordaindua hamar egunekoa izanen da. Baina erditze multiplea izanez gero, bi egun gehiago ume bakoitzeko bigarrenetik aurrera.

2. Haurraren jaiotzaren egun beretik edo osasun zentroan amari alta ematen zaion egunetik hasita goza daiteke aurreko lerroaldean ezarritako baimenaz, harreraren erabaki administratibo edo judizialaren unetik aurrera nahiz adopzioa egiteko ebazpen judizialetik aurrera, betiere zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.

31. artikulua. 1. Ezkontidearen, bizikidearen eta odol bereko lehenengo graduko ahaideen heriotzagatik lau eguneko baimen ordaindua emanen da, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egunekoa Nafarroatik kanpora izanez gero.

2. Ezkontza bidezko lehen graduko ahaideen eta anai-arreben heriotzagatik hiru eguneko baimen ordaindua emanen da, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egunekoa Nafarroatik kanpora izanez gero.

32. artikulua. 1. Ezkontidea edo bizikidea eta odol bereko lehen graduko ahaideak ospitaleratzeagatik, bost egun baino gehiago luzatzen bada, edo irizpen medikoa eritasun larriarena edo oso larriarena baldin bada (ospitaleratzearekin edo gabe) lau eguneko baimen ordaindua emanen da Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egunekoa Nafarroatik kanpora izanez gero.

2. Ezkontza bidezko lehen graduko ahaideak eta anai-arrebak ospitaleratzeagatik, bost egun baino gehiago luzatzen bada, edo irizpen medikoa eritasun larriarena edo oso larriarena baldin bada (ospitaleratzearekin edo gabe), hiru eguneko baimen ordaindua emanen da Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egunekoa Nafarroatik kanpo izanez gero.

3. Iraupen laburragoko ospitalizazioen kasuan, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena baldin bada, ordaindutako baimena egun batekoa izanen da, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bi egunekoa Nafarroatik kanpo gertatuz gero.

4. Aurreko ataletan aurreikusitako eritasun edo ospitalizazioaren kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, ospitalizazioa edo eritasuna gertatu zen eguna kontuan hartuta edo, langilearentzat laneguna ez bada, haren ondoko egun naturaletik hasita, gertakariak irauten duen denbora guztian erabili ahal izanen dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada

33. artikulua. 1. 31., 32.1 eta 32.2 artikuluetan ezarritako arrazoi berengatik, artikulu horietan aurreikusi gabeko odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaideen kasuan, egun bateko baimen ordaindua emanen da Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bi egunekoa Nafarroatik kanpora gertatuz gero.

2. Aurreko atalean araututako baimena izateko, 32. artikuluaren laugarren atalean ezarritako arau berak bete beharko dira.

34. artikulua. Hitzarmen honen 32. eta 33. artikuluetan ezarritako baimen ordainduetako bat ez da ematen ahal harik eta hilabete, gutxienez, iragan arte subjektu eragile beragatik eta arrazoi beragatik lehenago emandako beste baimena bukatzen denetik.

35. artikulua. 1. Bi eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero.

2. Ondorio horietarako, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira, aplikatzen den anestesia kontuan hartu gabe, ebakuntza egin eta ebakuntzaren egun berean, eriak etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak.

36. artikulua. Egun bateko baimen ordaindua emanen da bizilekuz aldatzeko.

37. artikulua. 1. Bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur baten guraso diren langileak egunean ordubetez atera ahal izanen dira lanetik. Denbora horren ordez, hiru ordu laurdeneko bi aldi hartu ahal izanen dituzte edo, bestela, lanaldia ordu erdiz murriztu ahal izanen dute. Aukera hori aparteko egoeretan eta arrazoiak emanda baizik ezin izanen zaio ukatu langileari, hain zuzen ere zerbitzuaren funtzionamenduan kalte handia sor dezakeenean.

2. Aurreko lerroaldeko baimenaz ezin izanen da baliatu:

_Edozein langile, haren ezkontideak xede bererako baimena lortu badu.

_Gizonezko langilea, baldin eta haren ezkontidea bere kontura nahiz besteren kontura lan jarduerarik ez badu, salbu ama eri egonik, seme-alaba zaintzea ezinezkoa bazaio.

38. artikulua. Baimen ordainduak ematen ahal dira saihestezineko eginbehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar-beharrezkoa den denborarako, bai eta eginkizun sindikaletarako, prestakuntza sindikalerako edo langileen ordezkari lanetarako, hitzarmen honen XI. tituluan ezarritakoa galarazi gabe.

39. artikulua. Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarreko kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratu ahal izanen dira hauteskunde kanpainak irauten duen guztian, behar den baimen ordainduaren bitartez; betiere, interesatuak eskaria egin beharko du.

40. artikulua. 1. Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute bere kontuetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoez bestelakoak. Egun horiek ezin izanen zaizkie inoiz ere erantsi urteko opor ordainduei. Egun horietaz baliatzeko baimena emanen da zerbitzuaren betebeharrek horretarako bide ematen badute.

41. artikulua. Lanaldia murriztea

1. Lanaldi murrizketaren arloan, hitzarmen honen eraginpeko langileei apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuak eta hori ordezten duen arauak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuen lanaldiaren murrizketari buruz ezarritakoa aplikatuko zaie.

2. Halaber, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioentzat araututako baldintza beretan aplikatuko zaie hitzarmen honen aplikazio eremuko langileei enplegatuaren interes partikularragatiko lanaldi murrizketa, horrek kostua gehitzen ez badu eta zerbitzuen funtzionamendurako oztoporik ez badakar.

42. artikulua. Artikulu hauetan aipatzen diren oporrak, lizentziak eta baimenak interesatuak eskatu ondoren emanen dituzte Administrazio Publiko bakoitzaren organo eskudunek, eta, nolanahi ere zerbitzuaren beharrak babestuz eta hitzarmen honen 23. artikuluko 3. eta 4. ataletan ezarritakoa galarazi gabe.

43. artikulua. 1. Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena dutenak:

a) Foru Komunitateko Administrazioan: zuzendari nagusia edo, zuzendaritza nagusi baten barnean ez dauden zerbitzu bateko zuzendaritza maila duten unitate organikoetan, eskatzailea atxikita dagoen kasuan kasuko unitate organikoko arduraduna.

b) Foru Komunitateko Administrazioak dituen erakunde publikoetan: berariazko araudia ezartzen duen organoa.

44. artikulua. Zerbitzu bereziak, eszedentziak eta etenaldiak.

Ondorengo artikuluetan adierazten da langile finkoak zein kasutan eta zein ondoriorekin egonen diren zerbitzu berezietan, eszedentzian eta kontratu etenaldian.

45. artikulua. Zerbitzu bereziak

1. Langile finkoak zerbitzu berezietan egonen dira ondorengo kasuetan:

a) Diputatu, senatari, Europako Parlamentuko diputatu edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarreko kide izatera iristen direnean.

b) Foru parlamentari izatera iristen direnean, egoera horren aldeko aukera egiten badute. Lerroalde honetan xedatutakoak ez du galarazten foru parlamentarien bateraezintasunen gaineko araudia.

c) Estatuko Gobernuko kide, Nafarroako Gobernuko nahiz beste autonomia erkidegoen gobernu organoetako kide izatera iristen direnean.

d) Toki entitateetan kargu hautetsiak _ordainduak eta dedikazio esklusibokoak_ betetzen dituztenean.

e) Izendapen libreko kargu politikoak betetzen dituztenean, Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren, autonomia erkidegoetako baten edo edozein entitate, udalbatza edo instituzio publikoren zerbitzura.

f) Behin-behineko langile gisa, kargudun politikoei laguntza edo aholkularitza emateko eginkizunetan ari direnean.

g) Edozein kargu publikotarako izendatzen dituztenean, horren ondorioz ezinezkoa bada funtzio publikoan aritzea.

h) Nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen zerbitzuko funtzionario egiten direnean.

i) Baimena ematen zaienean eginkizunen bat betetzeko nazioarteko erakundeetan, atzerriko gobernu edo entitate publikoetan, nazioarteko lankidetza programetan edo irabazteko asmorik gabeko gobernuz kanpoko garapenerako legez onartutako erakunde baten zerbitzura, norbere Administrazioak beste batzuekin finantzatutako proiektu edo programa batean.

j) Organo konstituzionaletako, Nafarroako Parlamentuko edo Comptos Ganberako zerbitzuei atxikitzen zaizkienean.

k) Nafarroako Administrazio Publikoaren menpekoak diren nortasun juridiko berekiko entitateei atxikitzen zaizkienean edo haietan zerbitzu ematen hasten direnean. Ondorio horietarako, nortasun juridiko berekiko entitateak dira enpresa batzuk zeinen kapitalean Administrazio Publikoaren parte hartze zuzenekoa nahiz zeharkakoa %50etik gorakoa baita.

2. Zerbitzu berezietan diharduten langile finkoei egoera horretan dirauten denbora antzinatasunerako kontatuko zaie, eskubidea izanen dute lehen zeukaten lanpostua eta destinoa gordetzeko, mailaz igotzeko eta lanpostuak betetzeko prozeduretan parte hartzeko, hitzarmen honen II. tituluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere den, artikulu honen 4. eta 5. zenbakietan ezarritakoa galarazi gabe, betetzen duten lanpostu edo karguko ordainsariak kobratuko dituzte eta ez lan-kontratudun gisa legozkiekeenak.

Salbuespen gisa, langileari aitortzen zaion antzinatasun saria ezin badu tokatzen diren aurrekontuen kargura kobratu, jarduneko zerbitzuan ari zenean zein administraziotakoa zen, harexek ordaindu beharko du kontzeptu hori. Gizarte Segurantzaren kuoten kasuan ere, langilearen jatorrizko administrazioak ordaindu beharko ditu.

3. Administrazio Publiko bakoitzean kargu politiko edo behin-behinekoetara iristen diren langileek aukera egin beharko dute, hau da, zein kargutarako hautatu edo izendatu dituzten, haren ordainsariak kobratzea ala bestela hautatu edo izendatu baino lehen langile soil gisa kobratzen zituztenak. Zein kargutarako hautatu edo izendatu dituzten, hari dagozkion ordainsariak aukeratuz gero, horrez gainera, jardunean izanda legokiekeen antzinatasuna kobratuko dute. Hala eta guztiz ere, aukeratutako ordainsariaz gainera, euren karguan edo eginkizunetan egindako gastuak ere ordainduko zaizkie, bai eta dietak ere.

Foru parlamentari izatera iristen diren langileek jarduneko egoeran segitzea erabakitzen badute, langile gisa tokatzen zaizkien ordainsariak baizik ez dituzte kobratuko, eta ezin izanen dira parlamentari gisa egokitzen ahal zaizkienekin bateratu.

4. Zerbitzu berezietan diren langile finkoak jarduneko zerbitzura itzuliko dira, euren jatorrizko lanpostura, hautatu edo izendatu zituzteneko kargua utzi edo atxiki izan zireneko zerbitzuetatik alde egin eta ondorengo hogeita hamar eguneko epean.

Diputatuak, senatariak, Europako Parlamentuko diputatuak, Foru parlamentariak eta autonomia erkidegotako legebiltzarretako kideek euren kargua utzi beharra badute norbere ganbera desegin delako edo agintaldia bukatu delako, zerbitzu berezietan segitzen ahal dute harik eta ganbera horiek berriro eratu arte.

46. artikulua. Borondatezko eszedentzia

1. Borondatezko eszedentzia deklaratzea, langile finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:

a) Beste administrazio publiko batera edo berea ez den administrazio baten menpekoa izan eta nortasun juridiko berekia duen entitate batera aldatzeagatik, eta orobat, kontratazioa egitean eta zerbitzua ematen hasten denean beste Administrazio Publiko batean zerbitzua ematen aritzeagatik.

Gainera, aurreko lanpostuan borondatezko eszedentzia eman dakieke Administrazio Publiko berean, talde berean edo beste batean, beste lanpostu batera aldatutako langile finkoei, unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak salbuetsita.

b) Alderdi politikoetan, sindikatuetan edo erakunde profesionaletan zuzendaritza karguak betetzeagatik, baldin eta funtzio publikoan aritzearekin edo norbere Administrazioaren zerbitzuko lan-kontratudun finko gisa aritzearekin bateraezina bada.

c) Langilearen interes partikularrengatik, jatorrizko lanpostua hemezortzi hilabetez gordeta, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta interesatuak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela.

2. Borondatezko eszedentzia emanen da, betiere, mugarik gabeko aldi baterako.

3. Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urte bat bete arte. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egiten ez bada, langileak galdu eginen du langile izaera.

4. Borondatezko eszedentzian dauden langileek lortutako taldea eta antzinatasuna gordeko dituzte, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko eta ez zaie kontatuko, inongo ondorioetarako, egoera horretan eman duten denbora.

47. artikulua. Eszedentzia berezia

1. Langileak eskatuta, eszedentzia berezia onartzen ahal da, kasuan-kasuan ezartzen den eperako, honelako kausa hauek egiaztatuz gero:

a) Hiru urterako, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak zein adoptatuak, eta adoptatu aurreko harrera-fasean nahiz era iraunkorrean daudenak. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

b) Hiru urterako, gehienez, langilearen kargura dagoen odol bereko edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaintzeko, bigarren gradu artekoa _hori barne_, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lansari erregularrik jasotzen ez badu.

2. Eszedentzia berezi bakarra hartu ahal izanen da subjektu eragile bakoitzeko. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia berezi baterako bide ematen badu, azkenengo eszedentziak aurrekoaren bukaera ekarriko du.

3. Eszedentzia mota hau langileen banakako eskubidea da. Subjektu eragile berak bi langilerentzako eskubidea ahalbidetzen baldin badu, kasuan kasuko administrazio publikoak eskubidea izanen du aldi berean erabili behar duten eszedentzialdia mugatzeko, zerbitzuaren beharrekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

4. Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, langileak deklaratu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik eginen.

5. Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko. Dena den, antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie. Eskubide pasiboen ondorioetarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

6. Eszedentzia berezia duten langileek eszedentzialdia bukatu eta hurrengo egunean hasi beharko dute lanean jatorrizko lanpostuan.

7. Eszedentzia bereziko aldia bukatu gabe ere, interesatuek noiznahi eskatzen ahal dute jardunean hastea, baina kausa berean oinarritutako beste eszedentziarik ezin izanen dute eskatu. Itzulera onartu ondoren, aurreko artikuluaren 3. atalean xedatutakoari jarraituko zaio.

48. artikulua. Nahitaezko eszedentzia.

1. Nahitaezko eszedentzia egoeran ezarriko dituzte ondorengo hauek:

a) Langile finkoak, zerbitzu bereziak utzi ondoren, jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzura itzultzen ez badira, 45.4 artikuluan adierazitako epean.

b) Langile finkoak, bateraezina dela deklaratutako jarduera batean aritzen direnak eta, Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren bateraezintasunak arautzen dituen araudiak dioen bezala, jarduera horri uko egiten ez diotenak.

2. Nahitaezko eszedentzian dauden langileei 46.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

49. artikulua. Jarduneko zerbitzura itzultzea

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek, borondatezko eszedentzian badaude, jarduneko zerbitzura itzultzeko eskaera egin dezakete, baina nahitaez Administrazio horretako funtzionario gisa, lanpostu hutsik izanez gero eta eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte, eta eszedentzia hartu baino lehen aplikatzen zitzaien gizarte segurantza eta prebisio sistemarekin segituko dute. Funtzionario gisa itzuli ahal izateko behar diren baldintzak betetzen ez badituzte, itzultzea eskatu beharko dute baina lehengo araubide juridikoan eta hartarako ezarritako baldintzetan.

2. Lanpostua gorderik ez duten langileak jarduneko zerbitzura itzultzeko, lanpostua hutsik gelditu beharko da eta ondorengo lehentasun hurrenkerari segituko zaio:

1. Borondatezko eszedentzia hartu dutenak, 46. artikuluko 1. atalaren b) lerroaldean aipatu karguak betetzeagatik.

2. 46. artikuluko 1. atalaren a) eta c) lerroaldeetan aipatzen den borondatezko eszedentzia hartu dutenak, eta 48. artikuluko 1. atalaren a) lerroaldean aipatzen den nahitaezko eszedentzia hartu dutenak.

3. 48. artikuluko 1. atalaren b) lerroaldean aipatzen den nahitaezko eszedentzia hartu dutenak.

50. artikulua. Kontratuak etetea

1. Langile batek bere Administrazioko beste lanpostu bat eskuratzen duenean, deialdi publiko batean txanda irekian nahiz murriztuan, hautapen probak gainditu ondoren, lanpostu berrirako ezarritako probaldia gainditzen ez badu lehen zeukan lanpostura itzuli beharko du.

2. Urritu fisikoak nahiz psikikoak euren kargura dituzten langileek eskubidea izanen dute urrituak adingabeak diren bitartean edo beste kasu berezietan behar duten denborarako kontratu etenaldia izateko. Etenaldia ez da kontuan hartuko ez antzinatasunerako ezta beste edozein ondoriotarako ere. Etenaldia amaituta, jatorrizko Administraziora itzultzeko eskubidea izanen dute hitzarmen honetako 47. artikuluan ezarritako baldintza beretan. Hitzarmenak berak arautuko ditu atal honek aipatzen ez dituen egoerak.

V. TITULUA

Ordainsariak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

51. artikulua. Ordainsari bakarrak

Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek ezin izanen dute edozein zerbitzuren ordainetan Administrazioek sorraraz ditzaketen edozein motatako tributu, ordainarazpen edo bestelako dirusarrerarik kobratu, eta hitzarmen honetan ezarritako ordainsariak besterik ez dute kobratuko.

52. artikulua. Ordainsarien aldaketa

1. Hitzarmenaren indarraldiko lehenbiziko urtean, soldatak hitzarmen honen artikuluetan finkatzen direnak izanen dira; beraz, 2006. urterako %2 igoko dira. Dagozkion zenbatekoak behin betikoz eguneratuko dira, funtzionarioen eta estatutupekoen ordainsarietan aplikatzen diren irizpideei jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru lege bakoitzean ezarritakoarekin bat.

2. 2007. urtean, funtzionarioen eta estatutupekoen ordainsarientzat ekitaldi horretarako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean ezarritako igoera aplikatuko da.

3. Hitzarmen honen indarraldian, ordainsari aldagarrien sistemak ezarri ahalko dira pixkana-pixkana, betiere administrazio unitateen errendimenduari lotuta eta enplegatu publiko bakoitzaren lanaren arabera.

53. artikulua. Ordainsariak lanaldi murriztuan

1. Guztientzako lanaldia baino txikiagoa duten langileei, ezarrita dagoen lanaldi orokor hura murrizten den hein berean jaitsiko zaizkie ordainsariak.

2. Lanaldi murriztuan ari diren langileek ez dituzte dedikazio esklusiboko eta bateraezintasuneko osagarriak kobratuko, aipatu soldata kontzeptuak arautzen dituzten artikuluetan ezarritako baldintzetan.

Ordainsarien murrizketa horrek ez du eraginik hitzarmen honen 41.1 artikuluak aipatzen duen legezko guardagatiko lanaldi murrizketa duten langileengan.

54. artikulua. Aldi baterako kontratuak

1. Administrazioek aldi baterako kontratazioen legezko edozein modalitateren barnean egiten dituzten kontratuak titulu honetan ezarritako lansarien araubideari lotuko zaizkio hertsiki, ondorengo ataletan adierazten diren kasuetan izan ezik.

2. Praktikaldiko eta prestakuntzako kontratuen ordainsariak %25 murriztuko dira titulu honetan ezarritakoei dagokienez, salbu eta graduatuondokoen prestakuntza programetarako kontratatzen diren tituludunen ordainsariak, horiek artikulu honetako 3. atalean ezarri baitira.

II. KAPITULUA

Langileriaren ordainsariak, orokorrean

55. artikulua. Ordainsarien egitura

Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen ordainsariek ondorengo egitura izanen dute, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileenak izan ezik, horienak titulu honetako hirugarren kapituluan xedatutakoak arautuko baititu:

_Oinarrizko soldata.

_Soldata osagarriak.

56. artikulua. Oinarrizko soldata.

Oinarrizko soldata izanen da langileak denbora unitate bakoitzeko kobratzen duena, esleitzen zaizkion osagarriak kenduta, talde bakoitzarentzako ondoren adierazten den hileko zenbatekoan:

TALDEA ZENBATEKOA

A 1.816,66 euro

B 1.498,74 euro

C 1.226,25 euro

D 1.044,58 euro

E 908,33 euro

57. artikulua. Soldata osagarriak

1. Honako hauek dira soldata osagarriak:

a) Antzinatasun osagarria.

b) Dedikazio esklusiboko osagarria.

c) Bateraezintasun osagarria.

d) Konpentsazioko osagarria.

e) Lanpostuko osagarria.

f) Arrisku bereziko osagarria.

g) Txandakako lanaren osagarria.

h) Gaueko lanaren osagarria.

i) Jaieguneko lanaren osagarria.

j) Ordainsarien homologazioko osagarria, hitzarmen honen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusia.

k) Aparteko orduengatiko osagarria.

l) Aparteko pagak, hilero ez, baizik tarte handiagoan kobratzeagatik.

m) C, D eta E taldeetako osagarria.

2. Unibertsitatekoak ez diren irakasleek aurreko ataleko b), c), e), f) eta j) letretan adierazitako osagarrien ordez ondorengoak baino ez dute kobratuko:

a) Irakaskuntzako berariazko osagarria.

b) Irakaskuntzako zuzendaritza lanpostuko osagarria.

c) Maisu-maistren kidegoko langileriaren osagarri berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostuei behin betikoz edo behin-behinekoz atxikita daudenean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz.

58. artikulua. Finkatzen ez diren osagarriak.

Aurreko artikuluan aipatutako osagarri guztiak, antzinatasun eta konpentsazioko osagarriak salbu (hitzarmen honetako 62. artikuluan adierazi bezala), izaera funtzionalekoak dira, eta horien kobrantza esleitutako lanpostuko jarduera profesionalari lotuko zaio soilik, eta hortaz, ez dira finkatuko.

59. artikulua. Antzinatasun osagarria

1. Langileek antzinatasun osagarri pertsonala jasoko dute Administrazio bakoitzean lanean emandako denboragatik. Osagarri hori, jarduneko zerbitzuan emandako hirurteko bakoitzerako, ondoren adierazten den zenbatekoa izanen da:

TALDEA ZENBATEKOA

A 63,09 euro

B 52,04 euro

C 42,60 euro

D 36,28 euro

E 31,56 euro

Antzinatasun osagarria sorraraziko da benetako zerbitzuan hiru urte edo hiru urteren multiploa bete eta hurrengo hileko lehenengo egunetik aurrera, eta gainerako ordainsarien portzentaje berean eguneratuko da.

Administrazio bakoitzean sartuz geroztik egindako zerbitzuen arabera kontatuko da antzinatasuna.

Antzinatasunaren ondorioetarako, transferitutako langileei zerbitzu emandako denbora kontatuko zaie, transferitu dituen Administrazioak aitortutakoa, ondorengo atalean aurreikusi bezala.

2. Aurreko atalak dioen denboraz gainera, lan-kontratudun finkoen antzinatasun denbora gisa kontatuko da hitzarmen honetako 47. artikuluak aipatzen duen eszedentzia berezian izandakoa, Administrazioan sartu aurretik lan egindako denbora, hitzarmen honen eraginpeko beste edozein administraziotan lan egindakoa, Administrazio Zentralean, Autonomikoan, Tokikoan, Instituzionalean, Justiziakoan, Gizarte Segurantzakoan, bai eta profesionalki eta jabetzapean Indar Armatuetan edo Estatuko Segurtasun Kidegoetan edo Autonomietako nahiz Tokiko Polizietan emandakoa. Era berean, M.I.R., P.I.R., F.I.R., Q.I.R. edo B.I.R. eta antzekoen espezialista programa garatzen lan egindako denbora ere aintzat hartuko da, baldin eta horien bukaeran dagokion espezialista titulua lortu bada aipatu programa Insalud erakundeak edo beste prestakuntza erakunde edo batzorde batek behar bezala egiaztaturik dagoelako, prestakuntza egin deneko zentroa publikoa izan edo ez kontuan hartu gabe.

Alde horretatik, lan-kontratudun gisa eta administrazio kontratupean edozein modalitatetan lan egindako denbora ere kontatuko da, dagokion agintaritzak luzatutako ziurtagiri bidez egiaztatzen badira, betiere.

Atal honetan araututako antzinatasunaren aitorpenak ondorioak izanen ditu eskabidea bete eta ziurtagiria aurkeztu ondorengo hileko lehenengo egunetik aurrera.

60. artikulua. Dedikazio esklusiboko osagarria

1. Nafarroako Gobernuak, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, dedikazio esklusiboko osagarria esleituko die plantilla organikoan hori behar duten lanpostuei, dagozkien eginkizunak zein diren kontuan hartuta.

2. Lanpostu horietan diharduten langileek euren taldeko oinarrizko soldataren %55eko osagarria jasoko dute eta euren zerbitzuak prestasun osoko araubidean emanen dituzte eta erabateko eta osoko dedikazioan, eta ezin izanen dira irabazpideko bestelako lanetan aritu, ez sektore publikoan ezta pribatuan ere, salbu eta irakaskuntza lanak unibertsitateetan eta administrazio lanak ondare pertsonalean edo familiakoan.

3. Erabateko dedikazioko osagarria kobratzen duten langileek ezin izanen dituzte inola ere aparteko orduak eta gaueko laneko osagarria sorrarazi.

61. artikulua. Bateraezintasuneko osagarria

1. Nafarroako Gobernuak, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, bateraezintasuneko osagarria emanen die plantilla organikoan hori behar duten lanpostuei, dagozkien eginkizunak zein diren kontuan hartuta.

2. Bateraezintasuneko osagarria A eta B taldeko lanpostuei bakarrik emanen zaie.

3. Lanpostu horietan diharduten langileek euren taldeko oinarrizko soldataren %35eko osagarria jasoko dute.

4. Lanpostu horietan diharduten langileek debekatua dute euren lanpostuari dagokion tituluaz baliatu beharreko lanetan aritzea.

5. Behar den titulurik gabe gaur egun A eta B taldeetan diharduten langileak bateraezintasun osagarria esleitua duen lanpostu batean ari badira, debekatua dute euren lanpostuari dagokion jardueran aritzea.

6. Euren titulazioari ez dagozkion eginkizunetan diharduten A eta B taldeko langileak bateraezintasun osagarria esleitua duen lanpostu batean ari badira, debekatua dute euren lanpostuari dagokion tituluaz baliatu beharreko lanetan aritzea eta, orobat, betetzen ari diren lanpostuari dagozkion lanetan ere.

7. Erabateko dedikazioko osagarria kobratzen duten langileek ez dute bateraezintasunekoa kobratuko.

62. artikulua. Konpentsazioko osagarria

1. Hitzarmen honek indarra hartu aurretik aplikatzen zitzaien ordainsarien araubideari jarraikiz, Hitzarmen Kolektibo hau aplikatuz, urteko kopuru orokorrean, dagokiena baino ordainsari handiagoa jasotzen duten langileek ordainsari horien arteko aldearen pareko konpentsatzioa kobratuko dute, eta hori ez da ez irensgarri ez konpentsagarri izanen, artikulu honetako 4. eta 5. ataletan ezarritakoa izan ezik.

2. Aurreko atalean aipatu den konpentsazioa kalkulatzeko, aurreko ordainsarien barnean ez dira konputagarri izanen erantzukizun bereziagatiko osagarriak ezta, orokorrean, kategoria handiagoko lanpostu bat betetzeagatik jasotako diru kopuruak ere, ez eta modu aldakorrean, behin-behinekoz, aldi baterako edo atzera botatzeko aukerarekin esleitzen den beste edozein kopuru ere.

3. Konpentsazio hori urtero eguneratuko da, hitzarmen honetako gainerako ordainsarien portzentaje berean.

4. Langilea osagarri hori sortu zuen ordainsaria baino handiagoa duen lanpostu batera iristen denean kobratuko dituen ordainsariek irentsiko dute osagarri hori.

5. Era berean, osagarri hori irentsi eginen da langileen ordainsari osagarrietan igoera izaten den guztietan, horretatik salbuetsiz Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeek orokorrean ezartzen dituzten urteko ordainsari igoerak.

63. artikulua. Lanpostuko osagarria

1. Nafarroako Gobernuak, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, lanpostuko osagarria esleituko die plantilla organikoan hori behar duten lanpostuei, dagozkien eginkizunak zein diren kontuan hartuta.

2. Osagarri horren zenbatekoa lanpostuz lanpostu zehaztuko da. Zenbateko hori bakoitzaren taldeko oinarrizko soldataren portzentaje bat izanen da, baina inoiz ere ez %75etik gorakoa.

3. Osagarri horren bidez zailtasun bereziko lanak edo erantzukizunekoak sarituko dira, bai eta plantilla organikoan zehaztu bezala, lanpostuan aritzeko eskatzen den prestakuntza tekniko berezia edo burutza ere.

64. artikulua. Arrisku bereziko osagarria

1. Nafarroako Gobernuak, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, arrisku bereziko osagarria esleituko die plantilla organikoan hori behar duten lanpostuei, dagozkien eginkizunak zein diren kontuan hartuta.

2. Osagarri horren zenbatekoa lanpostuz lanpostu zehaztuko da. Zenbateko hori bakoitzaren taldeko oinarrizko soldataren portzentaje bat izanen da, baina inoiz ere ez %10etik gorakoa.

3. Osagarri horren bidez toxikotasun, nekagarritasun edo arrisku bereziko lanak sarituko dira, plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako zehaztu bezala.

65. artikulua. Txandakako laneko osagarria

Txandaka aritzen diren langileek, hau da, hiruhileko baten lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenek, euren taldeko hasierako soldataren %6ko diru konpentsazioa izanen dute.

66. artikulua. Gaueko lanaren osagarria

1. Lana gauez egiten duten langileek, lanegunean edo jaiegunean izan, ondoko diru konpentsazioa izanen dute, taldearen arabera:

TALDEA GAUEKO ORDU BAKOITZ. ZENBAT.

A 3,51 euro

B 3,51 euro

C 2,87 euro

D 2,50 euro

E 2,50 euro

2. Gaueko lantzat jotzen da, konpentsazio hori ordaintzeari begira, 22:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak arte egiten dena; horretatik kanpo daude guztientzat ezarritako lanaldia egiten duten langileak, ez baitute halako konpentsaziorik jasoko, bai eta berez gauez egin behar den lana ere, halakoa baita gaueko txanda finkoa.

3. Bertan edo lokalizaturik egin beharreko guardiak ez dira inolaz ere kontabilizatuko gaueko lanari dagokion osagarria jasotzeko ondorioetarako.

4. Artikulu honetan xedatutakoaren eraginpeko langileek eskubidea izanen dute gauez lan egiteagatik aurreko urtean hartutakoaren batez bestekoa jasotzeko, urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiko lansariak direla eta.

67. artikulua. Jaiegunen osagarria

1. Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileek lana jaiegunean egiten badute, ondoko diru konpentsazioa izanen dute, taldearen arabera, zerbitzu ordu bakoitzeko:

TALDEA ORDU BAKOITZEKO ZENBATEKOA

A 8,04 euro

B 8,04 euro

C 7,39 euro

D 6,70 euro

E 6,70 euro

Ondorio horietarako, jaiegunetako lantzat joko da, bakarrik, igandeetan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat urtero onesten den lan egutegian jaiegun direnetan egindakoa.

2. Jaieguneko lanari dagokion diru konpentsazioa %50 gehituko da urte bakoitzean lanean aritutako 33. jaiegunetik aurrera.

Atal honetan aipatzen den lanean egindako jaiegunen konputuari dagokionez, kontuan hartuko dira, bakarrik, gutxienez lanaldiaren erdia jaiegunean dutenak.

3. Konpentsazio hori gaueko lanaren konpentsazioari gehituko zaio bi egoera horiek batera izaten direnean.

4. Bertan edo lokalizaturik egin beharreko guardiak ez dira inolaz ere kontabilizatuko gaueko lanari dagokion osagarria jasotzeko ondorioetarako.

5. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ukitzen dituen langileek eskubidea izanen dute jaiegunetan lan egiteagatik aurreko urtean hartutakoaren batez bestekoa jasotzeko, urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiko lansariak direla eta.

68. artikulua. 65. artikulutik 67.era bitartekoetan ezarritako diru konpentsazioetan, baita erregelamendu bidez ordutan hartzen direnetan ere, bilduak daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandakako lanaldiak, txanden artean informazioa ematea, etab.

Diru konpentsazio horiek aplikatuko zaizkio, bakarrik, ohiko lanaldian egindako lanari, arauz ezarritako urteko lanorduen kopuruaren barnean.

69. artikulua. Aparteko orduengatiko osagarria

1. Aparteko orduak egiten ahalko dira, salbuespenez, kasu hauetakoren bat izaten denean bakarrik:

a) Ezinbesteko kasua, hau da, hondamenei edo beste kalte ez ohiko eta presako batzuei aurrea hartu behar zaienean edo konpondu behar direnean.

b) Aurrez behar den denboraz ikusi ezin diren arrazoiak direla medio ezinbestekoa bada lanaldi arrunta luzatzea Administrazioaren ohiko jarduera segurtatzeko. Frogatu beharko da, nolanahi ere, ezin dela lan soberakina langile berrien bidez burutu, honako arrazoietako batengatik:

1. Lanaldiaren laburrak berak eragozten duelako kontratazio berria egitea.

2. Berez ezin denean kontratazio berririk egin, behar den denboran.

3. Enplegu zerbitzu publikoen laguntza eskatuta, Administrazioari kasuko lanposturako behar den kualifikazioa duten langileak bidali ez dizkiotelako.

2. Aparteko orduak egiteko administrazio organo eskudunak ebazpen bidez eman behar du baimena, presako kasuetan izan ezik.

3. Aipatu diren salbuespeneko egoeretan egiten diren aparteko orduak atseden denborarekin konpentsatuko dira; hau da, ordu bat eta berrogeita bost minutuko atsedena lanegunean egindako aparteko ordu bakoitzeko, eta bi orduko atsedena jaiegunean egindako ordu bakoitzeko. Konpentsazio hori aparteko orduak egin ondoko bi hilabeteen barrenean hartuko da.

4. Ezinbesteko kasuetan baizik ez da emanen diru konpentsaziorik, eta bai ere atseden konpentsazioa ezinezkoa den kasuetan, artikulu honetako 1.b) atalaren hirugarren puntuko inguruabarrak gertatzen direnean.

Halakoetan, urteko lanaldiaren gehienekoaren gainetik egiten den lan ordu bakoitza ondoko kopuruekin ordainduko da, taldearen arabera, lanegunean edo jaiegunean egiten den kontuan hartuta:

TALDEA LANEGUNA JAIEGUNA

A 19,98 euro 24,98 euro

B 16,48 euro 20,60 euro

C 13,48 euro 16,85 euro

D 11,49 euro 14,36 euro

E 9,99 euro 12,49 euro

Nafarroako errepideetan elurra eta izotza kentzen zuzenean aritzen diren langileen aparteko ordu bakoitzarengatik %45 gehituko zaio artikulu honetako aurreko atalean ezarritako ordainari.

Aparteko ordu horiek jaiegunean egiten badira, %25 gehituko zaio aurreko lerroaldean ezarritakoari.

5. Dedikazio esklusiboko osagarria jasotzen dutenek ez dute inolako ordainik jasoko kontzeptu hau dela eta.

6. Hiru hilean behin, egin diren aparteko orduei buruzko izenik gabeko informazioa emanen zaie langileen ordezkaritza organoei.

70. artikulua. Aparteko pagak

1. Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileek aparteko bi paga izanen dituzte urtean; horietako bakoitza hileko soldata oso baten parekoa izanen da kontzeptu hauek direla eta:

_Oinarrizko soldata.

_Antzinatasuneko osagarria.

_Konpentsazioko osagarria.

_Lanpostuko osagarria.

_C, D eta E taldeetako osagarria.

_Dedikazio esklusiboko osagarria.

_Bateraezintasuneko osagarria.

_Txandakako laneko osagarria.

_Irakaskuntzako berariazko osagarria.

_Lansarien homologazioko osagarria, hitzarmen honen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusia.

_Irakaskuntzako zuzendaritza lanpostuko osagarria.

_Maisu-maistren kidegoko langileen osagarri berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostuei behin betikoz edo behin-behinekoz atxikita daudenean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz.

Paga horiek ekaineko eta abenduko ordainsariekin batera jasoko dira.

2. Seihilekoaren barrenean ordainsari berberak jaso ez dituen langilea bada, seihileko horretako ordainsarien batez bestekoa jasoko du aparteko paga gisa.

3. Seihilekoaren barrenean lanean hasi edo lana uzten duten langileen kasuan, denbora horretan lanean aritutako egunen araberako aparteko paga izanen dute.

71. artikulua. C, D eta E taldeetako osagarria.

1. C, D eta E taldeetako osagarria dagokie C, D eta E taldeetako langileei, hitzarmen honen aplikazio eremukoak badira; horretatik kanpo daude Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoko langileak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikita ez dauden osasun arloko langileak.

2. C, D eta E taldeetako osagarriaren hileko zenbatekoa aterako da talde bakoitzaren oinarrizko soldatari honako portzentaje hauek aplikatuta:

TALDEA PORTZENTAJEA

C %12

D %12

E %15

72. artikulua. Irakaskuntzako berariazko osagarria

1. Nafarroako Gobernuak, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako berariazko osagarria esleituko die plantilla organikoan hori behar duten lanpostuei, dagozkien eginkizunak zein diren kontuan hartuta.

2. Lanpostu horiek betetzen dituzten langileak Legean ezarritako bateraezintasunen araubide orokorraren mende egonen dira.

73. artikulua. Irakaskuntzako zuzendaritza postuko osagarria

1. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako lan-kontratudunek, baldin eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 105. artikuluan aipatutako lanpostuak badituzte, osagarri bat jasoko dute, lanpostu horietan aritzen diren denboran bakarrik; osagarri horren zenbatekoa aterako da oinarrizko soldatari langile horien pareko funtzionarioentzat ezartzen den portzentaje bera aplikatuta.

2. Lanpostuko osagarri hori jasotzen duten irakaskuntzako langileek gutxienez hogeita hamabost ordu egon beharko dute ikastetxean; horrek ez ditu galarazten ikasleekin zuzenean egiten duten irakasle laneko ordutegian dagozkien murrizketak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikasturte bakoitzerako arautzen dituenak.

Aldi batekoak direnez, eta ikastetxean egon beharreko orduak gehiago izateak hein batean konpentsatzen dituenez, ikasleekin zuzenean egiten duten irakasle lanaren ordutegiko murrizketak, zuzendaritza karguko osagarria duten postuetan aritzen direnentzat, kargu horietan dauden bitartean bakarrik ezarriko dira, eta ez dira inolaz ere finkatuko.

74. artikulua. Oporretako ordainsariak

Langileek arauzko oporretan jasoko duten ordainsaria kontzeptu hauengatik jasotzen duten bera izanen da:

_Oinarrizko soldata.

_Antzinatasuneko osagarria.

_Konpentsazioko osagarria.

_Lanpostuko osagarria.

_C, D eta E taldeetako osagarria.

_Dedikazio esklusiboko osagarria.

_Bateraezintasuneko osagarria.

_Txandakako laneko osagarria.

_Irakaskuntzako berariazko osagarria.

_Lansarien homologazioko osagarria, hitzarmen honen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusia.

_Irakaskuntzako zuzendaritza lanpostuko osagarria.

_Maisu-maistren kidegoko langileen osagarri berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostuei behin betikoz edo behin-behinekoz atxikita daudenean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz.

75. artikulua. Soldataz kanpoko ordainsariak

1. Soldataz kanpoko ordainsariak honako hauek izanen dira:

a) Zerbitzuagatik egiten diren gastuen ordainak.

b) Bidaiak egitearen ondoriozko gastuen ordainak.

c) Beste lantoki batera nahitaez joan beharrak bizileku-aldaketa baldin dakar, aldaketa horren gastuen ordaina.

d) Langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik ematen diren diru konpentsazio eta ordainak.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Eskoletan prestakuntza ikastaroak emateagatik izaten diren diru konpentsazio eta ordainak.

2. Nafarroako Gobernuak funtzionarioentzat urtero ezartzen dituenak izanen dira ordain horien zenbatekoak eta jasotzeko baldintzak.

3. Lan-kontratudun finkoek familia-laguntza ere jasoko dute, eta horren zenbatekoa eta baldintzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioentzat ezartzen diren berberak izanen dira.

III. KAPITULUA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordainsariak

76. artikulua. Ordainsarien egitura

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordainsariak, SDHko langileenak eta barneko langile egoiliarrenak edo horien parekoenak izan ezik, honela egituratuko dira:

a) Oinarrizko ordainsari pertsonalak.

b) Ordainsari osagarriak.

c) Kalte-ordainak eta beste ordainsari berezi batzuk.

2. Honako hauek dira norberaren oinarrizko ordainsariak:

a) Talde bakoitzeko oinarrizko soldata.

b) Antzinatasun saria.

3. Ordainsari osagarriak hauek dira:

a) Destinoko osagarria.

b) Berariazko osagarria.

c) Aparteko produktibitateko osagarria.

d) Gaueko lanaren osagarria.

e) Jaiegunetako laneko osagarria.

f) Lantokian bertan edo lokalizaturik egiten diren guardien osagarria.

g) Kapitazio osagarria.

h) Karrera profesionaleko osagarria.

Ordainsari horien bidez esleitua duten lanpostuan aritzea ordaintzen da eta, beraz, lan hori uzten denean jasotzeari ere utziko zaio.

4. Kalte-ordainak eta beste ordainsari berezi batzuk.

a) Dispertsio geografikoko plusa.

b) Konpentsazioko osagarria.

c) Zerbitzuagatik, bidaiak egiteagatik edo nahitaez lantokiz eta bizilekuz aldatu behar izateagatik izaten diren gastuen ordainak.

d) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik ematen diren konpentsazioak.

e) Irakasle lana egiteagatik edo prestakuntza ikastaroak emateagatik izaten diren konpentsazioak.

f) Aparteko orduengatiko konpentsazioa.

g) Familia-laguntza, lan-kontratudun finkoek soilik jasoko dutena.

77. artikulua. Oinarrizko soldata.

Talde batzuen eta besteen oinarrizko soldata izanen da hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen dena.

78. artikulua. Antzinatasun saria.

Taldeen antzinatasun saria izanen da hitzarmen honetan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen dena, langile horiei aplikatu beharreko baldintzetan.

79. artikulua. Destinoko osagarria.

1. Nafarroako Gobernuak, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, destinoko osagarria esleituko die plantilla organikoan hori behar duten lanpostuei, honako egoera eta irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Lanpostu batzuen zailtasun edo erantzukizun berezia, bai eta lanpostu horiei dagokien prestakuntza teknikoa edo burutza organikoa ere.

b) Toxikotasun, nekagarritasun edo arrisku kontzeptuak, lanpostu bakoitzean berariazko moduan agertzen direnean, izen bereko beste lanpostu batzuetatik bereizita, gaueko lanaren osagarria izan ezik.

2. Osagarri horren zenbatekoa lanpostu bakoitzerako zehaztuko da, indize bat esleituta. Hileko zenbatekoa:

INDIZEA ZENBATEKOA (euroak) INDIZEA ZENBATEKOA (euroak)

1 30,64 16 524,54

2 69,60 17 562,02

3 104,47 18 599,48

4 122,65 19 636,97

5 153,28 20 726,67

6 183,95 21 817,50

7 224,80 22 908,33

8 245,27 23 1.046,73

9 275,91 24 1.146,96

10 299,73 25 1.247,41

11 338,97 26 1.338,26

12 374,69 27 1.429,08

13 412,15 28 1.519,92

14 449,62 29 1.610,71

15 487,06 30 1.701,55

3. Destinoko osagarri bakar bat esleitzen ahal zaio lanpostu bakoitzari.

80. artikulua. Berariazko osagarria

1. Berariazko osagarria arau bidez esleituko zaie, batzorde paritarioak esan beharrekoa entzun ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuei, dagozkien eginkizunak nolakoak diren eta zein prestasun eskatzen zaien kontuan hartuta.

2. Berariazko osagarria langileari dagokion taldeko hasierako soldataren gaineko portzentaje bat izanen da, baina inoiz ere ez %75 baino handiagoa.

3. Berariazko osagarria %45 edo handiagoa duten langileek dedikazio esklusiboa izanen dute, hau da, prestasun osoz eta erabateko dedikazioz arituko dira.

Langile horiek ezin izanen dute irabazizko beste inolako jarduerarik egin ez sektore publikoan ez pribatuan, honako hauek izan ezik:

a) Unibertsitateko zentroetan irakasle lana.

b) Norberaren edo familiaren ondarearen administrazioa.

c) Lan zientifiko eta teknikoak edo literatur eta arte lanak ekoitzi eta sortzea, hala nola horien ondoriozko argitalpenak egitea, baldin eta enplegu edo zerbitzu-emate baten ondorioz sortu ez badira.

d) Hedabideetako eztabaida eta programetan noizean behin parte hartzea.

e) Biltzar, mintegi, hitzaldi edo lanbide ikastaroetan noizean behin laguntzea eta parte hartzea.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jardunaldi osagarriak egitea eskatzen ahal die.

4. a) Aurreko 3. zenbakiko lehen lerroaldean orokorrean ezarritakoa alde batera utzi gabe, A taldekoak diren fakultatibo espezialistek eta oinarrizko osasun laguntzako taldeetako medikuek aukeran izanen dute sektore publikoan dedikazio esklusiboz edo esklusiboa ez den dedikazioaz aritzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako fakultatibo espezialistentzat eta oinarrizko osasun laguntzako taldeetako medikuentzat orokorrean ezarritako prozedurari jarraikiz.

b) Aurreko letran ezarritakotik kanpo daude Zerbitzuko buru, Ataleko buru, Buru Kliniko, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako zuzendari eta Adimen Osasuneko Taldeko zuzendari lanetan ari diren fakultatibo espezialistak, dedikazio esklusiboz aritu beharko baitute.

c) Nolanahi ere, sektore publikoan esklusiboa ez den dedikazioarekin aritzea hautatzen badute fakultatibo espezialistek, oinarrizko osasun laguntzako taldeetako medikuek, bai eta Zerbitzuko buru, Ataleko buru, Buru Kliniko, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako zuzendari eta Adimen Osasuneko Taldeko zuzendari lanetan ari diren fakultatibo espezialistek ere, ezin izanen dute 100eko 30eko berariazko osagarria edo handiagoa jaso.

5. %45eko edo hortik gorako berariazko osagarria jasotzen duten langileek txandaka, gauez edo jaiegunetan eginiko lanaren konpentsazioak hartzen ahalko dituzte, baina bakarrik hori ohiko lanaldiaren barruan gertatzen denean; horretatik kanpo gelditzen dira lantokian bertan egin beharreko guardialdiak edo guardialdi lokalizatuak.

Langile horiek ez dute behin ere izanen aparteko orduengatik kobratzeko eskubiderik.

6. Berariazko osagarria %30ekoa edo handiagoa duten langileek debekatua izanen dute lanean aritzea, zentrotik edo destinoko unitatetik kanpo, euren lanpostua lortzeko eskatutako tituluaz baliaturik.

7. Txandaka aritzen diren langileei, hau da, hiruhileko bateko lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenei, berariazko osagarria 6 puntu igoko zaie.

81. artikulua. Aparteko produktibitateko osagarria

1. Produktibitateko osagarria apartekoa izanen da eta honako hauek ordainduko ditu: errendimendu berezia, aparteko programa edo jarduketetan parte hartzea, jardunaldi osagarriak egitea, ekarpen zientifikoen aparteko balio edo interesa eta, oro har, artatzen diren herritarrei zerbitzu hobea emateko izanen diren edo egin beharreko lanaren kantitate eta kalitate handiagoa ekarriko duten jarduketa guztiak.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzak, irizpide horiekin bat, aparteko produktibitateko osagarria esleituko du, aurrekontuetako kontsignazioek jartzen dituzten mugen barnean.

3. Epe jakin batean aparteko produktibitateko osagarriagatik jasotzen diren kopuruek ez dute eskubide eskuraturik sortuko eta ez dute ondoriorik izanen hurrengo denboraldietako balorazio edo apreziazioei dagokienez.

82. artikulua. Gaueko lanaren osagarria

1. Gaueko lantzat jotzen dira, artikulu honen ondorioetarako, 22:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak bitarte egiten diren lan txandak, berez gauekoak diren lanak izan ezik. Ez dira gaueko lantzat joko ordu muga horien arteko beste txanda batzuetako ordu zatiak.

Txandakako lanik egiten ez duten langileei ordutegi horretan eginiko ordu bakoitzaren konpentsazioa ordainduko zaie, ohiko lanaldia egiten duten langileei izan ezik, horiek ez baitute behin ere konpentsazio hori jasoko.

2. Gaueko lanaren osagarria izanen da hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen dena, eta baldintzak eta zenbatekoak ere hartan ageri direnak izanen dira.

83. artikulua. Jaiegunetako laneko osagarria

1. Jaiegunetako lantzat joko da, bakarrik, igandeetan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat urtero onesten den lan egutegian jaiegun direnetan egindakoa.

2. Jaiegunetako laneko osagarria izanen da hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen dena, eta baldintzak eta zenbatekoak ere hartan ageri direnak izanen dira.

84. artikulua. Lantokian bertan edo lokalizaturik egiten diren guardien osagarria.

1. Lantokian bertan edo lokalizaturik egiten guardiak eginkizun beharrezkoak dira, osasun zerbitzuek ematen duten laguntza etengabea eta iraunkorra izan beharraren ondorio baitira. Osasun laguntzari atxikitako ezaugarria da osasun laguntza garrantzi handiko zerbitzu publikotzat hartzea.

2. Guardiak lantokian bertan egiten dituzten langileek, bakoitzari dagokion taldearen arabera, ondoko diru kopuru hauek jasoko dituzte guardian lanean aritutako ordu bakoitzeko, horretatik kanpo utziz beste edozein ordainsari osagarri:

TALDEA LANEAN EGINDAKO ORDU BAKOITZEKO

A (Ospitalekoa) 20,34 euro

A (OOLT) 18,30 euro

B 12,20 euro

C 9,75 euro

D 7,80 euro

E 7,80 euro

3. Bestalde, guardia lokalizatuak egiten dituzten langileek aurreko atalean aipatutako diru kopuruak %50 murriztuta jasoko dituzte, horretatik kanpo utziz beste edozein ordainsari osagarri.

85. artikulua. Kapitazio osagarria

1. Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun arloko langileek kapitazioko osagarri bat jasoko dute, euren jarduketa eremuen denborazko hedaduraren eta hedadura pertsonalaren arabera.

2. Osagarri horren zenbatekoa eta esleitzeko sistematika Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako funtzionarioentzat eta estatutupeko langileentzat orokorrean ezarritakoak izanen dira (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean xedatutakoa garatuz ezarri dira).

86. artikulua. Karrera profesionaleko osagarria

Karrera profesionaleko osagarria apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeak eta lege hori garatzen duten xedapenek orokorrean ezarritako baldintza eta betebeharren arabera jasoko dute langileek.

87. artikulua. Dispertsio geografikoko osagarria

1. Oinarrizko osasun laguntzako taldeetan lan egiten duten osasun arloko langileek dispertsio geografikoko plus bat jasoko dute, lanerako dagokien herriak zein mailatako dispertsio geografikoa duen kontuan hartuta, eta zenbatekoak eta gainerako baldintzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako funtzionarioentzat eta estatutupeko langileentzat ezarritakoak izanen dira (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean xedatutakoa garatuz ezarri dira).

2. Langilea herritarrei etxez etxeko osasun laguntza emateko joan-etorrian ibili behar izatea konpentsatuko da plus horren bidez.

3. Plus horrek legezko izaera du zerbitzuagatik egin beharreko joan-etorrien gastuak konpentsatzeko ondorio guztietarako, eta bateraezina da kasu horretarako ezarritako kalte-ordain orokorrekin.

88. artikulua. Aparteko pagak

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek aparteko bi paga izanen dituzte urtean; horietako bakoitza hileko soldata oso baten parekoa izanen da kontzeptu hauek direla eta, beste edozein alde batera utzita:

_Oinarrizko soldata.

_Antzinatasun saria.

_Destinoko osagarria.

_Berariazko osagarria.

_Konpentsazioko osagarria.

_Karrera profesionaleko osagarria.

2. Paga horiek ekaineko eta abenduko ordainsariekin batera jasoko dira.

3. Seihilekoaren barrenean ordainsari berberak jaso ez dituen langilea bada, seihileko horretako ordainsarien batez bestekoa jasoko du aparteko paga gisa.

4. Seihilekoaren barrenean lanean hasi edo lana uzten duten langileen kasuan, denbora horretan lanean aritutako egunen araberako aparteko paga izanen dute.

89. artikulua. Oporretako ordainsariak

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek ondoko kontzeptuetako ordainsariak jasoko dituzte arauzko oporraldietan, beste edozein alde batera utzita:

_Oinarrizko soldata.

_Antzinatasun saria.

_Destinoko osagarria.

_Berariazko osagarria.

_Kapitazioko osagarria.

_Konpentsazioko osagarria.

_Karrera profesionaleko osagarria.

2. Aurreko kopuru horiei, urte bakoitzaren bukaeran, honako hauez osatutako kopurua gehituko zaie:

_Aurreko urtean gaueko lanaren osagarri gisa jasotakoaren batez bestekoa.

_Aurreko urtean jaiegunetako lanaren osagarri gisa jasotakoaren batez bestekoa.

_Aurreko urtean lantokian bertan edo lokalizaturik egindako guardiengatik jasotakoaren batez bestekoa.

90. artikulua. Konpentsazioko osagarria

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek, aplikatzen zitzaien aurreko ordainsarien araubideari jarraikiz, hitzarmen hau aplikatuz dagokiena baino ordainsari handiagoa jasotzen bazuten urteko kopuru orokorrean, ordainsari horien arteko aldearen pareko konpentsatzioa hartuko dute, eta hori ez da ez irensgarri ez konpentsagarri izanen, artikulu honetako 4. eta 5. ataletan ezarritakoa izan ezik.

2. Aurreko atalean aipatu den konpentsazioa kalkulatzeko, aurreko ordainsarien barnean ez dira konputagarri izanen kategoria handiagoko lanpostu bat betetzeagatik jasotako diru kopuruak, ez eta modu aldakorrean, behin-behinekoz, aldi baterako edo atzera botatzeko aukerarekin esleitzen den beste edozein kopuru ere.

3. Konpentsazio hori urtero eguneratuko da, hitzarmen honetako gainerako ordainsarien portzentaje berean.

4. Langileak goragoko talde bateko kategorietara iritsitakoan izaten ahal dituen ordainsariek osagarri hori irentsiko dute, eta horixe bera gertatuko da langilea osagarri hori sortu zuen ordainsaria baino handiagoa duen lanpostu batera iristen denean.

5. Era berean, osagarri hori irentsi eginen da langileen ordainsari osagarrietan igoera izaten den guztietan, horretatik salbuetsiz Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeek orokorrean ezartzen dituzten urteko ordainsari igoerak.

91. artikulua. Zerbitzuagatik egiten diren gastuen ordainak

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen den kalte-ordainen araubidea izanen dute ondoko kasuetan: zerbitzuagatik egiten diren gastuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuan egiten diren bidaietan edo nahitaez lantokiz eta bizilekuz aldatu behar dutenean.

92. artikulua. Langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik ematen diren konpentsazioak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek eskubidea izanen dute hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen diren diru konpentsazioak jasotzeko, langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzen dutenean.

Karrera profesionaleko sisteman aurreikusitako Ebaluazio Batzordeetan parte hartzen duten langileek langileak hautatzeko epaimahaietako kideentzat aurreikusitako konpentsazioa jasoko dute, baldin eta euren ohiko lanalditik kanpo aritzen badira.

93. artikulua. Irakasle lana egiteagatik edo prestakuntza ikastaroak emateagatik izaten diren konpentsazioak

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek konpentsazioa izanen dute sektore publikoan irakasle lana egiteagatik edo prestakuntza ikastaroak emateagatik, eta zenbatekoak eta gainerako baldintzak hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat orokorrean ezarritakoak izanen dira; hori guztia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak diren espezialitateak alde batera utzi gabe.

94. artikulua. Aparteko orduengatiko konpentsazioa

1. Aparteko orduengatiko osagarria izanen da hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileentzat oro har ezartzen dena, eta baldintzak eta zenbatekoak ere hartan ageri direnak izanen dira.

2. %45eko berariazko osagarria edo handiagoa jasotzen duten langileek ez dute inolaz ere aparteko orduengatiko osagarria jasoko.

95. artikulua. Familia-laguntza

Lan-kontratudun finkoek familia-laguntza jasoko dute, eta horren zenbatekoa eta baldintzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioentzat orokorrean ezartzen diren berberak izanen dira.

96. artikulua. Ordainsari osagarri guztietarako arauak

Ordainsari osagarri guztiak eginkizunen araberakoak izanen dira, eta jasotzeko baldintza bakarrak izanen dira esleitutako lanpostuan egiten den lana edo langileak izaten dituen egoera pertsonalak; beraz, ez dira finkatuko.

VI. TITULUA

Onura sozialak

97. artikulua. Aldi baterako ezintasunaren eta amatasunaren egoeran jaso beharrekoa

1. Aldi baterako ezintasunaren eta amatasunaren egoeran dauden lan-kontratudunei osagarri bat emanen zaie Gizarte Segurantzako prestazioen gainean, egoera horretan daudela baja eta alta parteekin eta berrespen ofizialekin egiaztatzen duten denborari dagokionez.

2. Osagarri hori izanen da aldi baterako ezintasunari eta amatasunari dagokien sorospenaren zenbatekoaren eta ondoko kontzeptuengatiko (beste edozein alde batera utzita) ordainsari osoaren artean dagoen aldea:

_Oinarrizko soldata.

_Antzinatasuneko osagarria.

_Konpentsazioko osagarria.

_Lanpostuko osagarria.

_Destinoko osagarria.

_Txandakako laneko osagarria.

_Berariazko osagarria.

_Kapitazioko osagarria.

_Dedikazio esklusiboko osagarria.

_Bateraezintasuneko osagarria.

_Lansarien homologazioko osagarria, hitzarmen honen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusia.

_Irakaskuntzako berariazko osagarria.

_C, D eta E taldeetako osagarria.

_Irakaskuntzako zuzendaritza lanpostuko osagarria.

_Maisu-maistren kidegoko langileen osagarri berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostuei behin betikoz edo behin-behinekoz atxikita daudenean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz.

_Karrera profesionaleko osagarria.

3. Ordainsari kontzeptu horiek arau hauei jarraikiz konputatuko dira:

a) Langilearen aldi baterako ezintasuna eritasun arrunt baten edo lanetik kanpoko istripu baten ondorio baldin bada, ezintasun egoera hasi zenean esleiturik zituen hileroko ordainsari kontzeptuak konputatuko dira, eta, orobat, txandakako lanari dagozkionak, horrelakorik baldin bada. Kontzeptu horiei dagozkien kopuruak batuko dira.

b) Aldi baterako ezintasuna lan istripu baten edo laneko eritasun baten ondorioz etorri baldin bada, aurreko arauan ezarritakoaren arabera kalkulaturiko kopuruari beste hau erantsiko zaio: aldi baterako ezintasun egoerara zein lanpostutatik iristen den, hartantxe gaueko txandan, jaiegunetan eta/edo guardietan lan egiteagatik zituen ordainsari ez-aldizkakoak konputatuta ateratzen dena. Horretarako, arau honen ondorioz gaineratu beharreko kopurua aldi baterako ezintasuna hasi aurreko hamabi hilabeteetan izanen zituzkeen ordainsari kontzeptu guztien batez bestekoa izanen da.

Edozein gorabehera dela eta, aldi baterako ezindu zenean langileak zuen lanpostuan aurreko hamabi hilabeteetan egiazki aritu ez bada, batez bestekoa ateratzeko, lanpostu horretan egiazki lanean aritu den hilabeteei dagozkien lansari ez-aldizkakoak kontuan hartuko dira, aurreko lerroaldean aipatzen direnak, hain zuzen.

4. Ordainsari osagarri hori Gizarte Segurantzako prestazioen borondatezko hobekuntza izanen da.

98. artikulua. Aseguruak

1. Aurrekontuetan onura sozialetarako (aseguruak, etab.) jartzen diren kontusailak eguneratu eginen dira Nafarroako KPI errealaren igoera aplikatuta.

2. Heriotza eta baliaezintasuneko polizan sartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko guztiak, administrazioarekin mugagabeko lan harremana duten bitartean, aldizkako langile finkoen geldialdiak barne.

3. Administrazioak sinatutako istripuen aseguru polizak aldi baterako lan-kontratudunak ere hartuko ditu bere aplikazio eremuan, aurreko atalean aipatutako langileez gainera.

4. Administrazioek konpromisoa hartzen dute Minusbaliatu Psikikoen aldeko Aurreikuspen Sozialeko Mutualitateari edo antzeko elkarteari beharrezkoak diren kuotak ordaintzeko, horrela urritu psikikoek, euren guraso edo tutoreak hiltzen direnean, pentsioa izan dezaten.

99. artikulua. Aurrerakinak eta maileguak

Aurrerakin eta maileguei dagokienez, hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileei funtzionarioentzat orokorrean ezarritakoa aplikatuko zaie.

100. artikulua. Beste onura batzuk

Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko guztiak ere salbuetsita egonen dira Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan tasak eta tarifak ordaintzetik, Hezkuntza eta Zientzia Ministeriotik transferitutako irakasleen baldintza berberetan.

101. artikulua. Osasun laguntza

Administrazioak konpromisoa hartzen du odontologiari, lenteei eta ortopediako aparatuei dagozkien prestazioen estaldura langile finko guztiei zabaltzeko, gaur egun "Erabilera Berezia" izeneko osasun laguntzaren sisteman dauden funtzionarioak, sindikatuekin negoziatu ondoren, osasun sistema publikora pasatzen direnean, Gizarte Segurantzari lotutako gainerako langileen moduan.

VII. TITULUA

Enplegu politika

102. artikulua. Erretiroak

1. Enplegua sustatzeko politikaren barnean, erretiroa nahitaezkoa izanen da langileak hirurogeita bost urte betetakoan, nahiz eta zilegi izanen den jardunean 70 urte egin arte segitzea, nahi izanez gero, horretatik salbuetsiz lanpostuen ezaugarriengatik hori bidezkoa ez duten kolektiboak.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa ez zaie aplikatuko hitzarmen honi lotutako irakaskuntzako langileei.

2. Aurreko atalean erretiratzeko adina ezarri bada ere, langile guztiek gabezia aldia osatzen ahalko dute Gizarte Segurantzako erretiro pentsiorako eskubidea izateko.

3. Langileek hirurogeita lau urte betetakoan erretiroa hartzen ahalko dute nahi izanez gero, uztailaren 17ko 1194/1985 Errege Dekretuan ezarritako moduan eta baldintzetan.

4. Unean-unean legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langileek erretiro partzialeko kontratua sinatzen ahalko dute, uztailaren 9ko 12/2001 Legearen araberako Langileen Estatutuaren 12.6 artikuluan eta estatutua garatzen duten arauzko xedapenetan aurreikusitako moduan. Langile bakoitzari dagokion Administrazioak hori onartu beharko du, zeinak errelebo kontratua sinatuko baitu enplegu eskatzaile gisa inskribatutako langileekin (hitzarmen honen 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz hautatuekin), erretiro partzial hori gauzatu ahal izateko.

VIII. TITULUA

Lan osasuna

103. artikulua. Segurtasuna eta osasuna

Laneko arriskuak galarazteko araudia zinez aplikatzea bultzatuko da, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:

A) Arriskuen ebaluazioa.

Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera.

Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, jarduera prebentiboaren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku egoeren aurrean, Administrazio bakoitzeko arduradunek euren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.

Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Administrazioak behar diren giza baliabideak eta materialak jarri eta diru baliabideak esleituko ditu.

B) Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak:

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:

_Kontratak eta azpikontratak.

_Ondasunak eskuratu edo erostea.

_Osasuna zaintzea.

_Laneko istripuak eta lanbide eritasunak.

_Larrialdietarako neurriak eta planak.

_Prestakuntza eta informazioa.

C) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea.

Langileei aldian behin mediku azterketa eginen zaie, lanpostu bakoitzean izaten ahal diren arriskuen arabera.

Zein maiztasunez eginen den eta, hala behar denean, nahitaezkoa noiz den, aldez aurretik erabakiko da Segurtasun eta Osasun Batzorde bakoitzean.

D) Euren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileei, euren atxikipenaren arabera, lanpostuan jarduteko ezintasuna badute birkokatzeko prozedura aplikatuko zaie, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioentzat eta estatutupeko langileentzat ezarritako prozedura.

Hori hala izanik ere, Administrazioek konpromisoa hartzen dute baliaezintasun iraunkorra ezintasun iraunkor osoaren graduan onartua duten langileak euren hondar-gaitasunarekin bateragarriak diren lanpostuetan birkokatzeko.

E) Larrialdietarako planak edo neurriak.

Administrazioko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulakroak eginen dira aldian-aldian.

F) Langileentzako prestakuntza eta informazioa.

Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, euren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz prestakuntza teoriko eta praktikoa, nahikoa eta egokia, lor dezaten.

Prestakuntza NAPIren bidez emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.

G) Segurtasun eta Osasun Batzordeak.

Segurtasun eta Osasun Batzordeen funtzionamendua eta osaera berrikusiko dira, eta arreta prebentzioko delegatuak lantokiei atxikitzearen gainean jarriko da bereziki.

104. artikulua. Pantailekin lan egitea

Batez ere pantailekin lan egiten duten langileek ordu muga bat izanen dute pantailarekin aritzeko; hain zuzen ere, bost minutuko tartea utziko da orduan behin edo ordu erdikoa bi orduan behin. Tarte horietan lanpostuen ezaugarriekin bat datozen beste lan batzuk eginen dira.

IX. TITULUA

Absentismoa

105. artikulua. Absentismoa

Hitzarmen hau sinatu dutenek konpromisoa hartu dute lan absentismoa kontrolatu eta, behar bada, murrizteko neurriak bultzatzeko, horretarako neurri hauek hartuz, besteak beste:

_Eritasun bajen gaineko kontrol handiagoa.

_Lan absentismoa neurtzeko sistemak hobetzea eta absentismoaren jarraipena egitea kasuan kasuko Mahai Sektorialen bitartez, arrazoiei buruz beharrezkoak diren azterketak eginez eta, behar denean, absentismoa murrizteko neurriak hartuz.

_Lanera berandu iristea eta ez joatea justifikatzen ez denean, lanik egin gabeko denborari dagozkion ordainsariak automatikoki deskontatzea.

X. TITULUA

Diziplina araubidea

106. artikulua. Hutsegiteak

1. Langileei laneko eginbeharrak ez betetzeagatik zehapena jarriko zaie, baina ez betetze hori diziplinazko hutsegitea denean bakarrik, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko IX. kapituluan eta xedapen osagarrietan ezarritako hutsegite eta zehapenen mailaketari eta prozedurari jarraikiz. Arau horiek osorik aplikatzen ahal zaizkie hitzarmen honen menpeko langileei, artikulu honen 2. atalean ezarritako zehaztapenarekin, eta hitzarmen honen 107. eta 108. artikuluetan hutsegiteen zehapenei eta preskripzioari buruz ematen diren arauak salbuetsita.

2. Berariaz aurreikusi ez denaren gainean Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategineko 54. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio; tipifikazio horren barnean sartzen dira aurreko atalean aipatu araudian zehaztutako hutsegiteak.

107. artikulua. Zehapenak

Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:

a) Hutsegite arinak:

_Idatzizko kargu-hartzea.

_Egun batetik lau egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Hutsegite larriak:

_Bost egunetik hogeita hamarrera bitartean lana eta soldata etetea.

_Behartutako lekualdatzea, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

c) Hutsegite oso larriak:

_Egun batetik hiru hilabetera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

_Lanetik bidaltzea.

108. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa

1. Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatzen dira; larriak hogei egunen buruan; eta oso larriak hirurogeiren buruan, Administrazioa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

2. Preskripzioa eten eginen da prozedurari hasiera ematea erabakitzen den unetik, eta horretarako hartzen den erabakiak behar bezala erregistratua behar du izan. Espedientearen tramitazioa, langileari egoztekoa ez den kausagatik hilabete baino gehiagoz eteten bada, preskripzio epea ez-etentzat hartuko da.

XI. TITULUA

Eskubide sindikalak

109. artikulua. Langileen ordezkariak

1. Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileek eskubidea dute euren lan baldintzen zehaztapenean parte hartzeko, legeak ezarritako moduan, ordezkaritza organo hauen bitartez:

a) Enpresa batzordea.

b) Langileen delegatuak.

2. Langileen ordezkaritza Enpresa Batzordeko kideei eta Langileen delegatuei dagokie, eta sindikatuen atalei euren afiliatuen ordezkaritza.

3. Enpresa Batzordeak eratzeari begira, Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko organo, zerbitzu eta zentro guztiek lantoki bakar bat osatzen dute.

Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde autonomo bakoitzak, bere aldetik, lantoki bakar bat osatuko du.

4. Hurrengo artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek eta sindikatuen ataletako ordezkariek eskubide, betebehar eta berme arautuak izanen dituzte, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan eta hurrengoetan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren IV. tituluan ezarritakoaren bidez, hurrenez hurren.

5. Administrazioak konpromisoa hartu du jarduera sindikala egiaz eta murriztapenik gabe ahalbideratzeko; horretarako behar diren baliabide materialak sindikatuen esku jarriko ditu, aurrekontuko diru kopurua aski den neurrian.

110. artikulua. Ordu kreditua

Ordu kredituaren arloan, ondokoei jarraituko zaie: Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginean guztientzat ezarritakoari, ematen diren berariazko xedapenei eta Administrazioaren eta Sindikatuen artean hartzen ahal diren akordioei; eta, bereziki, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoei, hauteskunde prozedurari, negoziazio kolektiboari eta eskubide sindikalei buruzko Akordioan ezarritakoari (1994ko urriaren 18an sinatua), bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2000 eta 2001erako lan baldintzei buruzko 2000ko apirilaren 4ko Akordioan ezarritakoari ere (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako eskubide sindikalei dagokienean).

111. artikulua. Biltzeko eskubidea

1. Langileek batzarrak egiteko eskubidea izanen dute honako baldintzak betez:

a) Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.

b) Batzarrerako deialdia departamentu bateko langileentzat izanez gero, departamentu horretako zuzendari nagusiaren baimena beharko da aldez aurretik. Erakunde autonomo bateko langileentzat izanez gero, erakunde horretako zuzendariaren baimena beharko da aldez aurretik. Gainerako kasuetan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak baimenduko ditu batzarrak.

c) Nahitaez emanen da baimena, aipatu diren baldintzak betetzen badira. Salbuespenezko kasuetan izan ezik, batzarra egiteko baimena gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago eskatu beharko da. Kontrako ebazpenik ematen ez bada baimena emantzat joko da; batzarra egin baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez jakinarazi beharko da ebazpena.

d) Batzarra Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen areto batean egin nahi izanez gero, eskaera aurkeztuko da, aurreko atalean adierazitako moduan.

e) Langileek hilean lau ordu izanen dituzte gehienez sindikatuek edo, kasuan kasuko ordezkaritza eremuan, ordezkaritza bateratuko organoek deitutako batzarretara joateko. Batzar horietara joatearen berri kasu bakoitzeko Administrazio Publikoko organo eskudunari eman beharko zaio.

Irakasleak lanaldiaren barrenean joaten ahalko dira batzarretara, baina ikasleekin zuzenean aritzen diren orduetatik kanpo.

2. Hitzarmen honen aplikazio eremukoak eta sindikatuen atal batekoak diren langileek aurreko atalean aipatu diren hileko orduak izanen dituzte sindikatuen ataleko bilerak egiteko.

112. artikulua. Joan-etorrietako dietak eta gastuak.

1. Kontusail bat gaituko da ordezkaritza sindikaleko karguak dituzten langileen joan-etorrietako gastuak eta, hala denean, dietak ordaintzeko.

Administrazioak aurrekontuko diru hori sindikatuen artean banatuko du zenbat ordezkari dituzten kontuan izanda; zati bat ordezkaritza bateratuko organoen funtzionamendurako utziko da (Langileen Batzordea eta Enpresa Batzordea).

2. Nafarroako Foru Komunitatean eta haren erakunde autonomoetan sindikatuek jarduteko diren aurrekontu sailak, hitzarmen honek indarrean dirauen urte bakoitzean eguneratuko dira aurreko urteko Nafarroako KPI erreala gehituz.

XII. TITULUA

Konpentsazioa, irenspena eta ordezkotasuna

113. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena

1. Akordio honetan itundutako baldintza guztiek multzo organiko bat osatzen dute, eta indarra hartu aurretik zeuden guztiak ordeztu, konpentsatu eta irentsiko dituzte urteko kopuruan eta, oro har, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.

2. Zehazki, ordainketen edozein kontzeptu dela bide, legezko xedapenen bitartez ezartzen diren igoerak hitzarmen honetan ezarritakoarekin konpentsatzen ahalko dira urteko kopuruan.

3. Halaber, eta urteko kopuruan, hitzarmen honetan ezarritako ordainsariek hark indarra hartzen duenean zeudenak irentsi eta konpentsatzen dituzte, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Ordainsarien aldaketak

Hitzarmen hau aplikatuz, ordainsarien aldaketa hauek eginen dira:

a) Lanpostu guztiei dagozkien ordainsarien osagarrietan (lanpostuaren osagarria, berariazko osagarria eta berariazkoa eta irakaskuntzako berariazko osagarria), Foruzaingoko langileak salbuetsita, ondoren adierazten diren portzentajeak igotzea, eragina 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta portzentaje bera gehituz 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera.

_A mailako lanpostuak: %0,58

_B mailako lanpostuak: %0,58

_C mailako lanpostuak: %0,58

_D mailako lanpostuak: %0,68

_E mailako lanpostuak: %0,78

b) Soldata osagarriak egokitzea: funts ekonomiko baten eraketa eta dotazioa egitea adostu da hitzarmenaren indarraldiko bi urteetan, langileen soldata osagarriak egokitze aldera. Akordioaren indarraldiko bi urteetako bakoitzean, funts horren dotazio ekonomikoa honakoa izanen da: ekitaldi honi dagozkion ordainsari finkatu guztien gainean Nafarroako KPI errealaren eta hitzarmen kolektibo honen 52. artikuluan xedatutakoaren arabera aplikatutako ordainsarien igoera orokorraren arteko diferentzia aplikatzearen emaitza.

Soldata osagarrien egokitzapenak, aldez aurretik batzorde paritarioan negozioatu ondoren, ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izanen ditu.

Bigarrena._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetako gainerakoen izen eta eginkizun berekoek, unitate organikoetako burutzak eta zuzendaritzak izan ezik, zenbateko bereko soldata-osagarriak izanen dituzte.

Hirugarrena._Administrazioak Boluntarioen Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 12. artikulua garatzeko konpromisoa hartu du.

Laugarrena._Erlijio irakasleak

1. Espainiako Estatuak eta Vatikanoak Irakaskuntzari eta Kultur Gaiei buruz 1979ko urtarrilaren 3an onartutako Akordioaren III. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, unibertsitatez kanpoko hezkuntza maila guztietan, ikasturte bakoitzean, erlijioa eman behar dutenak agintaritza akademikoak hautatuko ditu, Elizbarrutiko Ordinarioak aldez aurretik, behar den denboraz, proposatzen dituenen artetik.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hirugarren xedapen gehigarrian xedatzen duenez, erlijio irakasgaiak ikastetxe publikoetan ematen duten irakasleek, funtzionario irakasleen kidegoetakoak ez direnek, irakaskuntza hori administrazio eskudunen lan-kontratatu gisa emanen dutela, Langileen Estatutuaren arabera. Horien lan araubidea irakasleen ordezkarien partaidetzarekin arautuko da eta destinoa lortzeko kontuan hartuko dira berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak. Irakasle horiek bitarteko irakasleen mailari dagozkion ordainsariak kobratuko dituzte. Nolanahi ere den, irakaskuntza horietarako proposamena entitate erlijiosoek eginen dute eta urtetik urtera berrituko da, besterik gabe. Kontratua lanaldi osorako ala partzialerako izanen den, ikastetxeen beharrak ikusita, administrazio eskudunek erabakiko dute. Lanpostutik kentzeko, kasua bada, zuzenbideari lotuko zaio.

Horregatik guztiarengatik, Hezkuntza Departamentuak konpromisoa hartu du Artzapezkutzarekin hitz egiteko, zertarako eta 2007-2008 ikasturtean erlijio irakasgaia emanen duten irakasleak aldi baterako kontratazioan gainerako irakasgaietarako ezarritako prozedura bete dadin, zerrendak kudeatzeko arauei dagokienez. Elkarrizketa horietan sor daitezkeen proposamenak hitzarmen kolektibo honetarako aurreikusitako batzorde paritarioan negoziatuko dira.

3. Horrenbestez, erlijio irakasleek ere aldi bateko kontratazioa duten Hezkuntza Departamentuko unibertsitatez kanpoko irakasleentzat hitzarmen honetan ageri diren ordainsariak jasoko dituzte.

4. Aurreko ataletan aurreikusitakoaz gainera, hitzarmen honen indarraldian estatu osorako arauak ematen badira, eta arau horiek erlijio irakasleen enplegu baldintzak hein batean ukitzen badituzte, baldintza horiek hitzarmen kolektiboan sartuko dira, batzorde paritarioan ados jarrita.

Bosgarrena._Barneko langile egoiliarrak

Osasun Zientzien arloko prestakuntzarako egoiliar gisako lan harreman berezian kontratatutako langileei urriaren 6ko 1146/2006 Errege Dekretuan, lan-harreman mota hori arautzen duen hartan, xedatutakoa aplikatuko zaie oso-osorik.

Horien ordainsariei dagokienez, aipatu errege dekretuan bildutako prebisioak aplikatzeaz gainera, lanpostuan bete beharreko guardiak egiteagatik gaur egun kobratzen duten osagarria igoko zaie, 7. artikuluko 1.b) atalean ezarritako portzentajeetan, prestakuntzako ikasturte bakoitzeko. Haren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren ondorioz, 2006., 2007. eta 2008. urteetako zenbateko hauek izanen dira:

2006. URTEA 2007. URTEA 2008. URTEA

Lehenengo ikasturteko egoiliarrak 7,24 7,24 7,24

Bigarren ikasturteko egoiliarrak 7,83 7,98 8,28

Hirugarren ikasturteko egoiliarrak 8,50 8,86 9,59

Laugarren ikasturteko egoiliarrak 8,70 9,27 10,41

Bosgarren ikasturteko egoiliarrak 8,90 9,67 11,22

Aurreko taulan 2007. eta 2008. urteetarako aipatzen diren kopuruak ordainsariak orokorrean igotzen diren portzentaje beretan igoko dira.

Seigarrena._Batzorde paritarioa

Hitzarmen kolektibo honen indarraldian, 3. artikuluan aurreikusi den batzorde paritariok gai hauek aztertu eta analizatuko ditu, bidezko bada etorkizuneko hitzarmen kolektiboen negoziazioan sartzeko.

1. Basozainen egoera, azaroaren 3ko 132/2005 Foru Dekretuan aurreikusitako araubidean sartzeko helburuarekin.

2. Lanaldi partzialeko kontratua duten liburutegietako langileen dedikazioa, bai eta Nafarroako Zerga Ogasuneko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainari atxikitako A eta B taldeetako aldizkako langile finkoen dedikazioa ere.

3. Langileak birsailkatzea.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko langile finko guztiei aplikatzekoa den lanbide eta administrazio-karrerarako proposamena aztertzea eta prestatzea.

Batzorde paritarioaren lanak 2006ko urrian hasiko dira eta bi alderdiek hitz eman dute 2007ko ekainaren 30erako bukatuko dituztela.

Lanbide eta administrazio-karrerarako proposamena aztertzean irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Gaur egun indarrean den ordainsarien egitura berrikusi eta bateratuko da eta, nolanahi ere, hori ezartzen den momentuan enplegatu bakoitzak finkatuak dituen lansariak bermatuko zaizkio.

b) Lanbide eta administrazio-karreraren sistemak (ezartzen diren mailen arteko igoerari dagokionez) batez ere aktibitate eta errendimendu helburuak betetzearekin loturiko elementuak hartuko ditu kontuan, indibidualak ez ezik baita bakoitzaren unitatekoak ere eta, orobat, enplegatuak zinez ematen dituen zerbitzuei buruzko irizpideak.

Batzorde paritarioaren baitan akordiorik lortzen bada, adosten den proposamen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen enplegu baldintzak 2008. urterako eta ondorengoetarako negoziatzeko prozesuan sartuko da, kasua bada, onetsia izan dadin aipatu negoziazio prozesuaren esparru ekonomikoan eta akordioan zehazten den egunetik aurrerako eraginarekin.

Zazpigarrena._Aukera Berdintasunaren Batzordea

Aukera Berdintasunaren Batzordea eratuko da Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuan. Paritarioa izanen da eta eratzeko unean adostasunez zehaztuko diren antolakuntza eta eginkizunak izanen ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Hitzarmen honek, indarra hartzen duenetik, gai hauek beste modu batean arautu dituzten aurreko xedapenak ordezten ditu, bereziki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa, 2004ko abenduaren 14koa (2004ko urriaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua).

Iruñean, 2006ko abenduaren 22an.

II. ERANSKINA

............................................................. jaunak/andreak (NANa: ................., Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratuduna (1) ...................... ............(a)ri atxikia) (2)

Espresuki adierazten du ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lan-kontratudunentzako enpresaz gaindiko 2006 eta 2007. urteetarako lan hitzarmenaren aplikazio eremuan sartu nahi duela. Hitzarmena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ordezkariek eta CC OO eta CSI-CSIF sindikatuen ordezkariek 2006ko abenduaren 22an sinatu zuten eta 2007ko urtarrilaren 24ko 11. zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da.

Iruñean, 200...(e)ko .....................aren .......(e)an.

Stua:

(1) Langile finkoa edo aldi baterakoa

(2) Departamentua edo erakunde autonomoa

Iragarkiaren kodea: F0700794