84. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

BERRIOBEITI

Deialdia, Berriobeitiko Udalaren zerbitzuko liburutegiko arduradun lanpostu bat, Artikako liburutegirako, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek Berriobeitiko Udalaren zerbitzuko liburutegiko arduradun lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez betetzea du helburu, Artikako liburutegirako.

1.2. Izendapenak bitarteko langile bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Izendatzen den izangaiak Funtzio Publikoaren egungo Estatutuko C mailari dagokion urteko ordainsari gordina jasoko du bere zerbitzuen ordainetan.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, Batasuneko herritarren ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea.

c) LH 2 titulua edo Goi Batxilergokoa edo baliokide bat izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Berriobeitiko Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza, 1) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio.

Ezinduek zenbateko minusbaliotasuna duten adierazi beharko dute eskabidean. Halaber, egokitzapena eskatuko dute denbora eta baliabide aldetik, horren beharra duten ariketak egiteko.

3.2. Alegatutako merezimenduen egiaztagiri jatorrizkoak zein kautotuak aurkeztuko dituzte izangaiek baremorako eta eskatzen zaien titulaziorako.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den. Ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu gainerako probak edo ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduak agintzen duen moduan.

5._Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José María Irisarri Ollacarizqueta jauna, Berriobeitiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: José Luis Gil Jiménez, Udaleko alkateordea.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: José Manuel Larumbe Ilundáin, Berriobeitiko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Mirentxu Arraztoa Zubiri, Berriobeitiko Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Alberto Pérez Gil, Artikako Kontzejuko burua.

Ordezkoa: Pablo Bueno Urricelqui, Berriobeitiko Udaleko zinegotzia.

Mahaikide idazkaria: Jesús María Llorens García, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Begoña Olascoaga Echarri, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden egoerak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek epaimahaia lagunduko dute, nork bere espezialitate teknikoan.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

A_Lehiaketaldia.

6.2. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Lehiaketaldiak 30 puntu izanen ditu, gehienez ere.

6.3. Laneko esperientzia: gehienez ere 8 puntu.

a) Liburutegi publikoetan egindako lana: puntu bat urte bakoitzeko; zatiei proportzioko puntuazioa emanen zaie. Gehienez ere 5 puntu.

b) Administrazio publikoetan egindako lana: 0,50 puntu urte bakoitzeko; zatiei proportzioko puntuazioa emanen zaie. Gehienez ere 3 puntu.

6.4. Prestakuntza akademikoa: gehienez ere 22 puntu.

a) Doktore titulua: 3 puntu.

b) Dokumentazioko lizentziatu titulua: 2 puntu.

c) b) atalean aipatutakoez bestelako lizentzuatura bakoitza: gehienez ere 2 puntu.

d) Bibliotekonomiako lizentziatu titulua: 2 puntu.

e) d) atalean aipatutakoez bestelako lizentziatura bakoitza: gehienez ere 2 puntu.

f) Euskarazko gaitasun agiria, Hizkuntza Eskola Ofizialak (H.E.O.) emana, edo EGA titulua: 9 puntu.

g) H.E.O.k emandako gaitasun agiriak, euskara ez den beste hizkuntza batekoak: 2 puntu.

h) Oinarrizko zikloko agiriak, H.E.O.k emanak: puntu bat.

i) Prestakuntza osagarria: gehienez ere 3 puntu (zentro edo erakunde ofizialek emandako agirien bidez ziurtatzen ahal diren merezimenduak baino ezin dira barematu):

_30 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, liburutegien antolaketa eta/edo funtzionamenduari buruz: puntu bat.

_15 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, liburutegien antolaketa eta/edo funtzionamenduari buruz: 0,50 puntu.

_30 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, bulegoen antolaketa eta/edo funtzionamenduari, informatikari, dinamizazioari eta antzekoei buruz: 0,50 puntu.

_15 ordutik goitiko ikastaro bakoitza, bulegoen antolaketa eta/edo funtzionamenduari, informatikari, dinamizazioari eta antzekoei buruz: 0,25 puntu.

7._Oposizioa nola eginen den.

7.1.1. Izangaiek bi proba eginen dituzte oposizioan.

A._Lehenbiziko proba praktikoa izanen da, honako lan hauez osatua:

1. 5 obraren katalogazioa (epaimahaikoek proposatuta), "Reglas de catalogación y monografías y publicaciones seriadas" baliatuta. Madril. Liburuaren eta Liburutegien Zuzendaritza Nagusia. Oposiziogileek arau horien ale bat erabiltzen ahalko dute.

2. a) 5 obra kalifikatzea (epaimahaikoek proposatuta), Sailkapen Hamartar Orokorraren (S.H.O.) arabera. Oposiziogileek horren taulak erabiltzen ahalko dituzte.

b) Haien gaiaren goiburuak idaztea, taulak baliatuta. Horretarako, dagozkien zerrendak erabiltzen ahal dira.

Ariketa honen puntuazioa 0-30 puntukoa izanen da, honela banatuta: 0-15 puntu, probako zati bakoitza.

B._Bigarren proba, teorikoa; II eta III. eranskinetatik bi gai zozketaz atera eta haiei buruz idatzi beharko da, bi orduz gehienez ere.

Ariketa honen puntuazioa 0-30 puntukoa izanen da, era honetan banatuta:

_II. eranskina: 0tik 20 puntura bitarte.

_III. eranskina: 0tik 10 puntura bitarte.

7.1.2. Epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du, eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa zati horren puntuazioa.

7.1.3. Oposizioko bi probak baztertzaileak dira; hau da, puntuazioaren erdira iristen ez diren oposiziogileak baztertuta geldituko dira. Hau da, 15 puntu lehen proban eta 15 puntu bigarrenean; orobat, ariketa guztietan, edozein gai edo kasutan 0 puntuko kalifikazioa eskuratzen duen izangaia baztertu eginen da.

7.1.4. Ariketa bukaturik, 10 eguneko epean, lehen ariketa gainditzen duten izangaien zerrenda eginen da haien kalifikazioekin eta agerian jarriko da probak egiten diren lokaletan eta Udalaren iragarki oholean. Haien azpian, bigarren proba egiteko tokia, eguna eta ordua adieraziko dira 48 ordu lehenagotik bederen.

7.1.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta hartara izangaiek N.A.N. aldean daramatela joan beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak oposiziotik bazterturik geldituko dira.

7.1.6. Hautaprobak egiterakoan, eskaera egin duten minusbaliatuentzat, denbora eta baliabide aldetik jartzen ahal diren egokitzapenak paratuko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, emanen du argitara Udaletxeko iragarki oholean eta azken proba egin den tokian. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutakoak batuko ditu. Gero, puntuaziorik handieneko izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko du Udalera, baita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera ere, bertan argitaratzeko.

8.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

a) NANaren fotokopia.

b) Tituluaren fotokopia eta jatorrizkoa, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

d) Eskualdeko osasun etxeko ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

8.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak deuseztaturik geratuko dira, eskabidearen faltsukeriagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

8.4. Arestiko lerroaldean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 atalak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

9._Kontratazioa.

9.1. Udalak aurreko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia kontratatzeko agindua emanen du.

9.2. Izangaiaren bitarteko gisako izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai hautatuak kontratua sinatuko du Udalak horretarako adierazten dion egunean. Egun horretan agertzen ez bada, ezinbesteko kasuak salbu, Udaleko lan-kontratudun izateko eskubide guztiak galduko ditu.

9.4. Izendatuak urtebeko probaldia izanen du. Epe hori iragaten bada udal kontratatzaileak aurkako arrazoirik agertu gabe, bitarteko lan-kontratudun bilakatuko da ondorio guztietarako.

10._Errekurtsoak.

Deialdiaren eta bere oinarrien aurka, eta horietatik edo hautapen organoen jarduketetatik datozen egintza administratibo ororen kontra, honako errekurtsoren bat jarri ahalko da:

a) Administrazioarekiko errekurtsoa, legeria orokorrean ezarritakoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua; errekurtso arrunta ere jartzen ahalko da, Udalbatzari zuzendua, epaimahaikoen ebazpen eta egintzen aurka.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian. Aipatu Auzitegi horren esanbidezko edo ustezko ebazpenek amaiera emanen diote foru bide administratiboari eta haien aurka jo ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunetan, legeria orokorrari jarraikiz.

Berriobeitin, 2006ko maiatzaren 30ean._Alkatea, José María Irisarri Ollacarizqueta.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ....................., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia ........, sorteguna ........, sorlekua ................., bizilekua ............., karrika ................, posta kodea ......., telefonoa .........

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen duela Berriobeitiko Udalaren liburutegiko arduradun lanpostua, lan araubidean eta bitarteko gisa, betetzeko deialdian, Artikako liburutegirako.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Inongo administrazio publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez baztertua izan ez naizela eta eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez nagoela.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, beraz, ni, lan araubidean eta bitarteko gisa, Berriobeitiko Udalaren liburutegiko arduradun izateko lanpostu bat, Artikan, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onar nazazula.

II. ERANSKINA

Liburua eta liburutegia

1._Liburutegien historia laburra.

2._Antzinateko eta Erdi Aroko liburua, idazteari lotutako materialak.

3._Inprentaren sorrera eta zabalkundea. Inprenta Nafarroan, XV. eta XVI. mendeetan bereziki.

4._Bibliografia. Bilduma bibliografikoak. Nafarroako bibliografia.

5._Espainiako legeria liburuari, liburutegiei eta liburutegiko langileei buruz.

6._Liburutegi motak. Liburutegi nazionalak. Liburutegi publikoak. Liburutegi unibertsalak. Liburutegi bereziak eta espezializatuak.

7._Liburutegi publikoa: kontzeptua eta eginkizunak. UNESCO eta liburutegi publikoak. Nafarroako liburutegi publikoen sarea.

8._Funts bibliografikoen sarrera. Hautatzea, erostea, trukatzea.

9._Funts bibliografikoen antolamendua. Erregistroa, katalogazioa eta sailkapena.

10._Funts bibliografikoen biltegiratze eta kontserbazioa.

11._Liburutegiko zerbitzu publikoak, irakurketa, mailegua, informazio bibliografikoa, ikus-entzunekoak, erreprodukzioak.

12._Irakurketaren sustapena. Irakurleei egokitzeko kanpainak. Haurra eta liburutegia.

13._Ordenagailua liburutegian. Liburutegiko zerbitzuen mekanizatzea.

14._Katalogatzeko sareak (ISBD).

15._Sailkapen hamartar unibertsala.

III. ERANSKINA

Foru erakundeei eta administrazio prozedurari buruzko gaiak

1._Nafarroa Gaztelako erresuman sartzea: Historia, izaera eta ondorioak. Nafarroako Erresumaren eraentza konstituzionala: Nafarroako Gorteak. Erregeordea. Errege Kontseilua. Erresumako Diputazioa.

2._1941eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

3._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

4._Nafarroako Foru Erakundeak. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Osaera eta eginkizunak. Haren Erregelamendua. Funtzionamendua: osoko bilkura eta batzordeak. Comptos Ganbera.

5._Nafarroako Foru Diputazioa edo Gobernua. Eginkizunak. Osaketa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haren hautapena. Nafarroako Parlamentuaren aitzinean duen erantzukizuna.

6._Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea: edukiaren egitura eta azterketa.

7._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Legea. edukiaren egitura eta azterketa.

8._Nafarroako toki entitateak. Antolemndua. Eskumenak.

9._Administrazio prozedura, 1992ko azaroaren 26a. Oinarriak eta ezarpen eremua. Administrazio prozedura orokorraren faseak. Prozedura bereziak.

10._Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak.

Iragarkiaren kodea: L0610559