84. ALDIZKARIA - 2006ko uztailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

125/2006 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden garraiolari elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, takografo digitalen simulagailuak erosteko.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko martxoaren 15ean emandako 561/2006 Erregelamenduak, errepideko garraioaren sektorean zenbait xedapen harmonizatzeari buruzkoak, indarra hartu zuen, eta, horren ondorioz takografo digitala ezarri beharko denez, enpresek eta gidari autonomo nahiz soldatapekoek teknologia berri horretara egokitzeko beharrezko prestakuntza izan beharko dute.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden garraiolari elkarteei takografo digitalen simulagailuak erosteko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. 9.000 euroko gastua onestea, 2006. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraioa berregituratzeko eta modernizatzeko laguntzak" izeneko 630001/62310/7709/441100 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2006ko ekainaren 7an._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden garraiolari elkarteei takografo digitalen simulagailuak erosteko dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko martxoaren 15ean emandako 561/2006 Erregelamenduak, errepideko garraioaren sektorean zenbait xedapen harmonizatzeari buruzkoak, eta Kontseiluaren 3821/85 (EEE) eta 135/98 (EE) Erregelamenduak aldatu dituenak, takografo digitala ezarri beharra ekarri die 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatutako 9 plaza baino gehiago dituzten bidaiarien garraiorako ibilgailu guztiei eta 3,5 tona baino gehiagoko GMBa duten merkantzien garraiorako ibilgailuei. Halaber, enpresa eta gidariei txartel magnetiko bat izan beharra ezarri die, gidaldiei, kilometroei, atsedenei, eta abarrei buruzko datuak jasoko dituena.

Kontrol sisteman izandako aldaketa horiek direla-eta, enpresek eta gidari autonomo nahiz soldatapekoek teknologia berri horretara egokitzeko beharrezko prestakuntza jaso beharko dute. Garraiolarien elkarteek dute eskari horri erantzuteko beharrezko esperientzia prestakuntzan, eta prestakuntza horretarako bitartekorik egokiena "takografo digitalen simulagailua" da.

Horregatik, honakoa da deialdiaren helburua: garraiolari elkarteei takografo digitalen simulagailuak erosteko dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak ezartzea, elkarteko kideek ezagupenak eguneratu ditzaten eta azkar egokitu daitezen takografo digital berriaren erabilerara.

Bigarrena._Laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2006. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraioa berregituratzeko eta modernizatzeko laguntzak" izeneko 630001/62310/7709/441100 kontusailaren kargura finantzatuko dira. Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko diruaren arabera.

Takografo digitalen simulagailuak erosteko dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa egindako gastuaren %100era iristen ahalko da, baina gehienez ere 4.500 euro emanen dira simulagailu bakoitzeko, eta garraiolarien bi elkarteri emanen zaie.

Dirulaguntza jasotzeko gastuetan da materialaren kostua izanen da. Takografo digitalaren simulagailua instalatzea, martxan jartzea eta mantentzea elkarte onuradunen kontura izanen da.

Hirugarrena._Onuradunak.

Legearen arabera eratutako eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratutako garraiolari elkarteek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan departamentuko Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribaturik badaude.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako debekuren bat betetzen duten elkarteei. Debekuetatik bat ere ez dutela frogatzeko, eskatzaileak aitorpena egin beharko du, deusetan galarazi gabe Administrazioak aurkezten diren aitorpenak ikertzeko duen ahalmena.

Laugarrena._Eskaerak aurkezteko epea eta eskatzen den dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak, II. eranskinean ageri den ereduarekin bat, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako erregistro edo bulegoetan.

2. Eskaerekin batera honako agiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez:

a) Elkartearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horren kopia bat baldin badu, agiria aurkeztu beharrean erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, bertan adieraziz agiria aurkeztu zenetik aldaketarik ez dela izan.

b) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

c) Elkarteak prestakuntza arloan egin dituen jardueren zerrenda. Bertan zehaztu beharko da ikastaroak, jardunaldiak edo bestelako jarduerak diren, iraupena eta azken urtean parte hartu dutenen kopurua.

d) Elkarteak prestakuntza emateko dituen langile eta baliabideen zerrenda.

3. Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan departamentuko Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribatua dagoela adierazten duen ziurtagiria, elkartea eratzeko akta eta aipatu erregistroan inskribatutako estatutuak eta identifikazio fiskaleko txartela bilduko ditu. Beraz, eskatzaileek ez dituzte agiri horiek aurkeztu behar, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku egon edo administrazio horrek egiaztatu beharrekoak baitira.

4. Eskabide hau aurkezteak berekin dakar Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematea, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko behebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

5. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Bosgarrena._Dirulaguntzak lehenesteko irizpide objektiboak.

Dirulaguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da. Baloraziorik handiena jaso duten bi eskaerei dirulaguntza esleitzeko honakoak hartuko dira kontuan: aurrekontuko diru kopurua, elkarteak Nafarroan errepideko garraioaren sektorean duen ordezkaritza eta sektorean prestakuntza eskaintzeko dituen bitartekoak (lokalak, irakasleak eta gainontzeko bitartekoak). Honela banatuko dira puntuazioak:

a) Elkarteak Nafarroako garraioen sektorean duen ordezkaritza (gehienez 20 puntu).

20 puntu jasoko ditu errepide garraioaren sektorean ahal den ordezkaritzarik handiena betetzen duela egiaztatzen duen elkarteak. Horretarako, honakoak hartuko dira kontuan: elkarteko kideek Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuta duten garraio baimenen kopurua. Gainontzeko elkarteek 0tik 20ra bitarteko puntuazioa jasoko dute, proportzionalki.

b) Elkarteak sektoreko enpresa eta langileei prestakuntza eskaintzeko dituen langile eta bitarteko materialak (gehienez 10 puntu).

c) Elkarteak duen esperientzia sektorean prestakuntza eskaintzen (gehienez 10 puntu).

Seigarrena._Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskurantza, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraio zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko da elkarte onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela, bai, halaber, lehenesteko irizpideen ponderazioa, balorazio handiena lortu duten bi elkarteen izena eta bakoitzari eman beharreko diru kopurua.

2. Garraio zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zazpigarrena._Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

2. Dirulaguntza jasotzen duten elkarteek dirulaguntzaren objektu den takografo digitalaren simulagailua ezarritako helbururako erabili beharko dute, gutxienez bi urtez.

3. Takografo digitalaren simulagailuarekin lotutako prestakuntza jardueren publizitatean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren dirulaguntza jaso duela adierazi beharko da.

4. Elkarte onuradunek jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako dirulaguntzarik jasotzen badute, haren berri eman behar diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari.

Zortzigarrena._Dirulaguntzen frogantza eta ordainketa.

Emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea lortzeko, elkarte onuradunak takografo digitalaren simulagailua erosi duela egiaztatu beharko du Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuan. Horretarako, ordainketaren behin betiko faktura eta ordainagiria aurkeztu beharko ditu; gastua gutxienez dirulaguntza adinakoa izanen da.

Takografo digitalaren simulagailua erosteak 12.000 euro baino gehiagoko gastua ekartzen badu, dirulaguntzaren onuradunak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, eta bertan adierazi hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den dirulaguntza ordainduko da.

Bederatzigarrena._Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamargarrena._Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak ez dira bateragarri Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hamaikagarrena._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzak eta onuradunen zerrenda Garraio eta Telekomunikazio Zuzendari Nagusiaren web orrian argitaratuko dira.

Hamabigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, eta bere oinarrien eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo aurkatu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ...................................., NAN/IFZa: ................., bizitokia: ................................, kalea: ..........................................., udalerria: ............................, telefonoa: ......................, bere izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ..................... NAN/IFZa: ............, bizitokia: ..............................., kalea: ..............................., udalerria: ............................, telefonoa: ...................... aurkezten du takografo digitalen simulagailuak erosteko Nafarroan kokatuta dauden garraiolari elkarteentzako dirulaguntzen deialdirako eskabidea, Garraio zuzendari nagusiak emandako .............aren ......(e)ko ..../2006. Ebazpenak onetsitako oinarrien arabera (2006ko ........aren .....(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ...zk.).

Eta, oinarri horietan aurreikusitakoarekin bat:

1) Aditzera ematen du ez dagoela sarturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

2) Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematen dio laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

3) Eskabide honen xedeari dagokionez, aitortzen du Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, ente publiko edo pribatu edo partikularren dirulaguntza bat ere ez duela lortu.

Iruñean, 2006ko .........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0609989