73. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

106/2006 FORU AGINDUA, maiatzaren 22koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, unibertsitate-tituludunak prestatzeko hiru beka emateko deialdia egiten duena, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuan unibertsitate-tituludunentzako hiru beka sortu eta haietarako deialdia egiteko proposamena egin du, tituludun gazteen prestakuntza modu eragingarrian sustatzeko lagungarria izan daitekeelakoan.

a) Soziologian lizentziadunentzako beka bat.

b) Komunikazioan lizentziadunentzako beka bat.

c) Gizarte laneko diplomadunentzako beka bat.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko hiru prestakuntza bekatarako deialdiaren oinarriak onestea.

2. 29.340 euroko gastua baimentzea deialdiaren ebazpenerako. Ebazpena honela eginen da:

10.595 euro 2006ko gastuen aurrekontuko "Beketarako, ikerketa proiektuetarako eta argitalpenetarako transferentziak" izeneko 910001- 91100-4809-231000 kontusailetik.

18.745 euro 2007. urterako aurrekontuko kontusailetik.

3. Deialdiaren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru Agindu honen berri ematea Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko Afera Ekonomikoen Atalean eta Plangintza, Kalitatearen Ebaluazio eta Ikuskapen Zerbitzuan, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 22an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ERANSKINA

Prestakuntzarako hiru beka sortzeko deialdiaren oinarriak

1. oinarria._Xedea.

Deialdi honen xedea da unibertsitate-tituludunak prestatzeko hiru beka ematea, lehia irekian, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian aritzeko.

a) Soziologian lizentziadunentzako beka bat.

b) Komunikazioan lizentziadunentzako beka bat.

c) Gizarte laneko diplomadunentzako beka bat.

Deialdiaren xedea unibertsitate-tituludunen prestakuntza bultzatzea da, departamentuan gauzatzen diren gizarte politikak zuzenean ezagutu ditzaten.

2. oinarria._Aurrekontua.

Deialdi honetarako 29.340 euro aurreikusi dira. Horietarik 10.595 euro 2006ko gastuen aurrekontuko "Beketarako, ikerketa proiektuetarako eta argitalpenetarako transferentziak" izeneko 910001-91100-4809-231000 kontusailetik finantzatuko dira eta beste 18.745 euro 2007ko gastuen aurrekontuko kasuan kasuko kontusailetik.

3. oinarria._Iraupena.

Bekak urtebeterako izanen dira, eta beste 12 hilabetetarako luzatzen ahalko dira. Beka luzatu ahal izateko tutoreek aldez aurretik eskatu beharko dute.

4. oinarria._Zenbatekoa eta bekaren ordainketa.

Beka bakoitza 9.780 eurokoa izanen da. Diru hori hilabetero ordainduko da, 815 euro aldian, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada.

5. oinarria._Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste Administrazio Publiko batzuen bekekin.

6. oinarria._Eskatzaileen betebeharrak.

Ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte bekak soil-soilik:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduko 13.2. artikuluarekin bat.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urteetan lortu izana.

f) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

7. oinarria._Balorazio baremoa.

Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Ikasketa espedientea: gehienez 4 puntu.

b) Informatika jakitea: gehienez 1,5 puntu.

c) Ingelesez jakitea: gehienez 1,5 puntu.

d) Gizarte zerbitzuekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez 1,5 puntu.

e) Arau honetan eskatzen den tituluari loturiko bestelako ikasketa-tituluak edo prestakuntza ikastaroak: gehienez 1,5 puntu.

Honako hau izanen da merezimenduak baloratzeko baremoa: a) Espediente akademikoa.

Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 4 puntuz baloratuko da.

Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, beren kalifikazioa zehazten ez denean, "gainditu" gisa baloratuko dira.

Ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

b) Informatika.

0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 1,5 puntu egin arte.

c) Ingelesez jakitea.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarengatik edo ofizialki baliokidea den tituluagatik, 1,5 puntu.

d) Gizarte zerbitzuekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuengatik, gehienez 15 puntu.

e) Oinarri honetan eskatzen den tituluari loturiko bestelako ikasketa-tituluak edo prestakuntza ikastaroak, gehienez 1,5 puntu.

20 ordukoak baino laburragoak diren ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

8. oinarria._Eskabideak.

8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesatuek eskabidea aurkeztu beharko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Erregistroan, Iruñeko Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Prestakuntza bekaren eskaria inprimaki normalizatua erabiliz aurkeztuko da, eta inprimakia lortu ahalko da Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27 behea), edo http://www.cfnavarra.es/BienestarSocial orrian.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak bai eta dagozkien frogagiriak ere.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

d) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Nafarroako erroldan ageri dela frogatzen duen agiria.

g) Alegatutako gainerako merezimenduak (ziurtagiri originala edo fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dira).

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko deklarazioa, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.

8.4. Prestakuntza bekak jasotzeko eskabidea aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren arauak onartzea.

9. oinarria._Bekak emateko prozedura.

9.1 Prozedura ofizioz hasiko da interesatuaren eskabidea jasotakoan.

9.2 Plangintza, Kalitatearen Ebaluazio eta Ikuskapen Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak ofizioz, deialdian ezarritako irizpideen arabera.

Hori baino lehen, organo instruktoreak eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskariak ez dira baloratuko.

9.3 Organo instruktoreak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera dagokien izangaiei bekak emateko proposamena eginen du eta haien zerrenda jendaurrean jarriko.

9.4 Bekak Gizarte Ongizatearen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez banatuko dira, organo instruktoreak proposamena egin ondotik. Ebazpena Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Yanguas y Miranda 27, behea), organo instruktoreak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenean aipatu beharrekoa da beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta espresuki agerraraziko da, halakorik baldin bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Banaketaren gaineko ebazpena puntuaziorik altuena lortu eta beka jasoko duten interesatuei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 2. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.

10. oinarria._Tutoretzak.

10.1 Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du bekadunen jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.

10.2 Tutoreak egin beharreko lanak agindu eta ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.

11. oinarria._Esleitzeko prozedura eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabetean, onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du.

Tutoreak adostasuna eman beharko dio memoriari, eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.

12. oinarria._Onuradunen betebeharrak.

a) Beka emateak ezartzen duen prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari erakustea betakizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

f) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekadun direla adieraztea.

h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

13. oinarria._Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka organo instruktoreak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte bete beharreko baldintzak.

14. oinarria._Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan ariko dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

15. oinarria._Jabetza intelektuala.

Jabetza intelektualerako bekadunek dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratu direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arau estataletan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira, eta Administrazio Publikoak ez ditu bazter utziko legozkiekeen agiriak, azterlanak, ikerlanak, lanak, eskubideak, emaitza zientifikoak eta izan litezkeen asmakuntzak.

16. oinarria._Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremana, administratiboa edo estatutupekoa sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria._Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari direneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria._Ez-betetzeak.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio. Zehazki, honakoak izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoi:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Azken memoria ez aurkeztea edota tutorearen adostasuna ez jasotzea.

c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta aldi berean jasotzea horrekin ezin bateratu den beste beka edo dirulaguntzarik.

19. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendu beharko zaio.

Bi kasuetan jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza jakinarazi edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontaturik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0608812