66. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

165/2006 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2006rako Nafarroako nekazaritzako traktoreak berritzeko laguntzen deialdia onetsi eta deialdi horri buruzko arauak ematen dituena.

Nafarroako nekazaritzako traktoreen parkeak unitateen aniztasuna eta tresnarik berrienen maila teknologiko handia ditu ezaugarri. Hala ere, traktorerik zaharrenek sobera portzentaje garrantzitsu bat osatzen dute eta horrek eragozten du nekazaritza berriaren eraginkortasun eta segurtasun maila egokia lortzea.

Traktore zahar eta zaharkituek ez dute behar den babes egiturarik, irauliz gero. Gelditzeko eta seinaleak emateko sistemak gaizki egoten dira. Gainera, haien motorrek ez dute behar bezala energia aprobetxatzen eta kutsadura handia sortzen dute. Azkenik, tresna berrietara ezin dira egokitu, ez eta gidatzeko eserlekuen gutxieneko ergonomia mailetara ere.

Horrek denak behartzen du traktore zahar horiek, eskasia larriak dituztenak, kendu eta horien ordez traktore berriak ekartzera. Traktore berriak teknologia berriez hornituak daude, garatzen direneko lan eta segurtasun baldintzak hobetzen dituzte, eraginkortasun energetiko handiagoa dute eta ingurumenean eragin txikiagoa sortzen.

Europar Batzordeak, N 79/05 laguntzen espedientean, Espainiako traktoreen parkea berritzeko laguntza araubide bat onetsi zuen salbuespen gisa, 2005eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez.

Foru agindu honek laguntza araubide bat ezartzen du 2006rako Nafarroako nekazaritzako taktoreen parkea berritzeko. Haren xedea da traktore zaharkituak txatar bihurtzea, traktore berriak erosteko, teknologia berriak dituztenak eta askoz eragingarriagoak, malguagoak eta seguragoak direnak.

Laguntza hauek koordinatuak daude Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzei buruzko apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuko laguntzekin, bertako mugak aurreikusi eta hartan ezarririko betebeharrak betetzen badituzte, onuradunaren kualifikazioari, nekazaritzako ustiategiaren bideragarritasunari eta ezaugarriei eta inbertsioaren erabilerari dagokienez.

Foru agindu honetan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzekoa da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2006rako Nafarroako nekazaritzako traktoreen parkea berritzeko laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 80.000 euroko gastua onestea, 2006ko aurrekontu orokorretako "Traktoreen segurtasunerako laguntzak" izeneko 721002-72230-7701-412100 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 15ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

ERANSKINA

2006rako Nafarroako nekazaritzako traktoreen parkea berritzeko laguntzen deialdiko arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Laguntza hauen xedea Nafarroako nekazaritzako traktoreen parkea berritzea da, energiaren eraginkortasuna eta laneko segurtasuna hobetu eta ingurumenean eragin gutxiago izateko.

2. Traktore berri bat erosteko inbertsioa izan daiteke dirulaguntzaren xede, baldin eta traktore zaharra txatar bihurtzen bada eta biek arau hauetan zehazten diren betebeharrak betetzen badituzte.

Bigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren oinarrizko zenbatekoa 30 euro izanen da txatar bihurturiko traktorearen potentzia homologatuaren zaldi-potentziako (ZPko). Laguntzaren oinarrizko zenbatekoa onuradunaren eta haren ustiategiaren baldintzak kontuan hartuz zenbateko hauetan handituko da:

a) 20 euroan ZPko, onuraduna, laguntza eskatzean, ogibide nagusia nekazaritza duenean edo lehentasunezko ustiategi baten titularra denean, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroak ematen duen kalifikazioaren arabera.

b) 25 euroan ZPko, onuraduna nekazari gaztea denean, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuaren arabera, bere gain hastearekin batera edo hasi eta bost urtera traktore berria erosiz gero.

c) 20 euroan ZPko, ustiategia eremu behartsuan denean, Europako Kontseiluaren 1257/1999 EE Erregelamenduko V. kapituluan xedaturikoarekin bat.

d) 20 euroan ZPko, onuraduna Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribaturiko nekazari kooperatiba bat denean.

2. Aurreko idatz-zatietan xedaturikoarekin bat bidezko den gehieneko laguntzak, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren zenbatekoaren portzentajeetan emanak, hauexek dira:

_Eremu behartsuetan, %50.

_Beste eremuetan, %40.

Apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuaren araberako nekazari gazteen kasuan, traktore berria nekazari lanetan hastearekin batera edo hurrengo bost urteetan erosiz gero, portzentaje horiei hamar puntu gehituko zaizkie.

3. Kasu batean ere ezin izanen ditu gainditu dirulaguntzaren xede den inbertsioak apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan ezarririko mugak.

4. Laguntza osoak aurreko idatz-zatietan aipatzen diren portzentajeak gainditu ezik, eskatzaileak traktore erabili bat baino gehiago bihurtzen ahalko ditu txatar traktore berri bat erosteko.

Hirugarrena._Onuradunak eta baldintzak.

1. Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistro Ofizialean erregistraturiko nekazaritza ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak eta Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribaturiko nekazaritza kooperatibak izan daitezke laguntzen onuradun, elkarrekin erabiltzeko traktore berri bat erosten badute, kooperatibaren beraren edo haren kideen traktore bat edo gehiago txatar bihurtu direla frogatzen dutenean.

Betiere, enpresek enpresa txiki eta ertainen beharkizunak bete behar dituzte, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Europar Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

2. Laguntza hori kobratu ahal izateko betebahar hauek bete beharko dira:

a) Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzea, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat.

b) Traktorea merkatuan irtenbide normalik ez daukaten ekoizpenak handitzeko ez erabiltzea, apirilaren 17 162/2000 Foru Dekretuan ezarririko muga sektorialekin bat.

c) Lanbide-gaitasun nahikoa izatea, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat.

d) Ingurumenaren eta abereen higiene eta ongizatearen arloetako gutxieneko arauak betetzea, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat.

e) Txatar bihurturiko traktoreen eta erosiriko traktore berrien titularra izatea.

3. Ibilgailuen betebeharrak.

Traktore berria lehenbizikoz erosi beharko da eta Nafarroako Nekazaritzako Makinen Erregistroan inskribaturik egon beharko du.

Txatar bihurtzen den traktoreak betebehar hauek bete beharko ditu:

a) Hogei urte baino gehiago izatea, Nekazaritzako Makinen Erregistro Ofizialean lehenbiziz inskribatu zen dataren bidez frogatuko dena. Data horrek 1986ko ekainaren 1a baino lehenago izan beharko du.

b) Hiru urte honetan Nafarroako Nekazaritzako Makinen Erregistroan laguntzaren eskatzailea titularra dela inskribaturik egotea, salbu eta ustiategia aurreko titularra hil edo erretiratu delako edo nekazaritza utzi duelako eskualdatu bada.

c) Ibilgailuen ikuskapen teknikoa behar bezala egina izatea.

d) Tratamendurako zentro batera edo harrerarako instalazio batera eramatea. Zentro eta instalazio horiek bizitza erabilgarriaren bukaeran dauden ibilgailuen kudeaketari buruzko abenduaren 20ko 1383/2002 Errege Dekretuan eta suntsituak izateko bizitza erabilgarriaren bukaeran dauden ibilgailu deskutsatuen behin betiko baja arautzen duen otsalaren 5eko INT/249/2004 Aginduan arautzen dira.

e) Behin betikoz Nafarroako Nekazaritzako Makinen Erregistrotik kendua izatea. Ohar batean txatar bihurtu dela adieraziko da.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko arauan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzen duen memoria, non haren kokagunea, eremua eta aprobetxamendu nagusiak adieraziko baitira.

2. Traktorea merkatuan irtenbide normalik ez daukaten ekoizpenak handitzeko ez erabiltzeko konpromisoa, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan ezarririko muga sektorialekin bat.

3. Lanbide-gaitasun nahikoa frogatzea, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat.

4. Ustiategiak ingurumenaren eta abereen higiene eta ongizatearen arloetako gutxieneko arauak betetzen dituela frogatzen duen agiria.

5. Erosi beharreko traktore berriaren pro-forma faktura, markari, ereduari eta potentzia homologatuari buruzko argibideak barne.

6. Txatar bihurtu asmo den traktorearen titularraren gaur egungo izen-deiturak, helbidea eta NAN eta traktorearen marka, eredua, potentzia homologatua eta matrikula adierazten dituen agiria.

7. Ikuskapena behar bezala egina dagoela eta txatar bihurtu beharreko traktorearen azken nahitaezko ikuskapenean ibilgailuen ikuskapen teknikoa gainditu dela frogatzen duten agiriak.

8. Nekazari kooperatibak izanez gero, estatutuen fotokopia edo Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duen agiria eta dirulaguntzaren xede den entitateko organo eskudunaren erabakia azaltzen duen agiria.

9. Hamabosgarren arauan aipatzen diren hiru eskaintzak eta diru aldetik zuhurrena hautatu ez bazen, horretarako arrazoiak.

10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen ardurapeko adierazpena.

11. Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz dioena: "Nik, ..............., nire izenean (edo .......................(r)en izenean) baimena ematen diot Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, 2006rako Nafarroako nekazaritzako traktoreen parkea berritzeko laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskabideak laguntzen diren inbertsioak egin aitzin aurkeztu beharko dira.

2. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira. Departamentu horretako Erregistroan eta haren menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako moduan aurkezten ahal dira eskabideak.

3. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

4. Eskabidea horretarako ezarririko ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

5. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Seigarrena._Modua, lehentasunak eta dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntza hauek banakako lehia garbiaren bidez emanen dira.

2. Eskabideak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

_Ustiategia eremu behartsuan egoteagatik: 4 puntu.

_Nekazari gaztea izateagatik: 3 puntu.

_Ogibide nagusia nekazaritza izateagatik edo lehentasunezko ustiategiaren titularra izateagatik: 2 puntu.

_Kooperatiba izateagatik: 2 puntu.

Eremu behartsuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emandako foru aginduan aipatzen direnak dira, bertan ezartzen baitira Nafarroako mendialdea eta eremu behartsuak.

Eskabide batzuek puntu berak badituzte, aurkeztu ahala lehenetsiko dira.

Zazpigarrena._Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

Zortzigarrena._Deialdia antolatu, instruitu eta bukatutzat ematea.

1. Eskabidea harturik, egiaztatuko da hirugarren eta hark laugarren arauetan ezarririko betebeharrak betetzen dituela. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamabost eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Landa Garapenerako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du dirulaguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko ditu ezetsi diren eskabideak.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Bederatzigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

1. Eskuarki, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

2. Pertsona juridikoak izanez gero, harturiko dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean erregistratzea.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

2006ko azaroaren 30a baino lehen, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1. Traktore berria erosteko faktura. Prezio garbia (BEZik eta deskonturik gabe) eta ordainagiria adieraziko dira. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak onuradunari itzultzen zaizkionean.

2. Txatar bihurturiko traktorea tratamendurako zentro baimendun batera edo harrera instalazio batera igorri dela frogatzen duen agiriak, abenduaren 20ko 1383/2002 Errege Dekretuan xedaturikoarekin bat.

Hamaikagarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak agiri guztiak miatuko ditu eta onetsiko ditu aurkezturiko gastuak, frogagirien balioa eta beste agirien askitasuna. Gainera, zerbitzu horrek txatar bihurturiko traktorea Makinen Erregistrotik kendu dela frogatzen duten agiriak eta beste frogagiri batzuk eskatzen ahalko ditu, komenigarritzat jotzen badu, aurkezturikoa zehaztu, argitu edo osatzeko.

2. Zehazki, laguntza horiek kudeatzen dituen unitateak ekintza beretarako finantzaketa bikotzik ez dagoela egiaztatuko du nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzei buruzko apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan eta Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko "Elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak" izeneko 17. artikuluan ezarri bezala.

3. Laguntzak bi hilabeteko epean pagatuko dira, egoki diren egiaztapenak egiteko behar diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori bertan behera geldituko da onuradunak eskatzen zaizkion agiri osagarriak aurkeztu bitarte.

Hamabigarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Dirulaguntzen onuradunek ezin izanen dute traktore berria saldu bost urtez.

Hamahirugarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak bateraezinak dira nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzei buruzko apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuan eta Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko "Elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak" izeneko 17. artikuluan ezarri ziren laguntzekin.

Legez ezarririko beste edozein laguntzarekin bateratzen ahalko dira, betiere, guztira, bigarren arauan aipatzen diren mugak gainditzen ez badituzte.

Hamalaugarrena._Onuradunaren betebeharrak publizitate arloan.

Laguntzen onuradunek finantzaketaren publizitatea egin beharko dute, enpresan panelak edo ibilgailuan bereizgarriak paratuz, gidatzeko segurtasunari kalterik egiten dioten toki ikusgarrietan.

Hamabosgarrena._Hornitzaileak kontratatzeko eraginkortasuna eta ekonomia frogatzeko modua.

Dirulaguntzaren xede den gastua 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, hiru eskaintza eskatu dituela frogatzen duten agiriak aurkeztuz. Hala ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintza aurkeztea frogatzen denean hornitzailea irizpide teknikoei jarraituz hautatu dela.

Hamaseigarrena._Emakidaren aldaketa, ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Inbertsioa aurkezturiko eskabidearen arabera ez burutzea izanen da laguntza emateko ebazpena aldatzeko arrazoia.

Hamazazpigarrena._Ezarririko baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Arau hauetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, eta litekeena da zehapenak ezartzea.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamazortzigarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hemeretzigarrena._Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0608448