66. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

159/2006 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2006rako pentsio planetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren IV. kapituluko 19. artikuluak laguntzak ezartzen ditu ogibide nagusia nekazaritza dutenentzat entitate finantzarioek bultzatutako pentsio planetarako, baldin eta entitate horiek aldez aurretik lankidetza hitzarmena sinatu badute Nafarroako Foru Komunitateako Administrazioarekin. Laguntza horiek egoki kudeatu eta administratzeko, beharrezkoa da tramitazio prozedurako alderdi batzuk garatzea, entitate laguntzaileen parte-hartzea kontuan hartuz eta aurkeztu beharreko agiriak erraztuz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2006rako pentsio planetarako dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 600.000 euroko gastua onestea, 2006ko gastuen aurrekontuetako "Nekazariek eta abeltzainek izenpetzekoak diren erretiro-planetarako laguntzak" izeneko 710000-71210-4700-412102 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 15ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

2006rako pentsio planetarako dirulaguntzak emateko deialdiari buruzko arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Ogibide nagusia nekazaritza dutenek pentsio plananetarako eginiko diru-ekarpenak 2006an finantzatzea, nekazaritza ustiategi baten titularrak badira, erretiratzean sarrera iturri egoki bat ziurtatzeko.

2. 19. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren ezaugarriak betetzen dituzten pentsio planetarako diru-ekarpenak izan daitezke dirulaguntzen xede, abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan ezarririko mugekin.

Bigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak urtero pagatuko dira eta haien zenbatekoaren gehieneko muga hauetarik txikiena izanen da:

a) Pentsio Funtserako diru-ekarpenen zenbatekoa.

b) Azken bost urteetariko hirutan partaideak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan adieraziriko nekazaritzako etekin garbien batez bestekoaren %7,5, behin ere 751,27 euro gainditu gabe.

2. Laguntzak aurrekontuetako mugen araberakoak izanen dira, eta laguntza guztiek osotara aurrekontuan helburu honetarako esleitutako kopurua baino handiagoa egiten badute, dirulaguntza proportzionalki murriztuko da onuradunen artean.

Hirugarrena._Onuradunak.

1. Ogibide nagusia nekazaritza dutenak izaten ahalko dira onuradun, nekazaritza ustitategi baten titularrak badira eta dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean 280/2002 Foru Dekretuko 19. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko betebeharrak betetzen badituzte.

2. Gainera, ustiategia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta izan beharko dute, eta zerga betebeharrak egunean izan, 2006ko urriaren 1a baino lehen.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko arauan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Aurreko ekitaldietan laguntzak hartu dituzten nekazari edo abeltzainek laguntza eskabideak aurkeztuko dituzte, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan dauden datuak erabiltzeko baimenarekin, egiaztatu behar baita norberaren kontura afiliatuta daudela Nekazarien Araubide Berezian edo Langile Autonomoen Araubide Berezian nekazaritzako jardueraren arabera, bai eta ustiategia Erregistro horretan inskribaturik dagoela ere; halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak laguntza jaso dezaketen gehieneko ekarpenak kalkulatzeko ematen dituen datuak. Horrenbestez, ez da aurkeztu beharko PFEZaren azken aitorpenaren fotokopia, ez eta laguntza eskabidearen aurreko hilabeteari dagokion Gizarte Segurantzaren ordainagiriarena ere (abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuan aipatua).

2. Eskabide berriak direnean, aurreko puntuan ezarritako moduan jokatuko da, nahiz eta aipatu foru dekretuan ageri diren agiri hauek aurkeztu beharko dituen eskatzaileak:

_NANaren edo IFZaren fotokopia konpultsatua.

_Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzeko: alta emanda egotea Nekazarien Araubide Berezian norberaren kontura edo Langileen Autonomoen Araubide Berezian nekazaritza jardueraren arabera, Gizarte Segurantzan afiliatuta egotea, kotizazioaldiak zein izan diren eta kotizazioak ordaindu izana.

_Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz dioena: "Nik, ..................., nire izenean (edo .......................ren izenean) baimena ematen diot Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, 2006ko ekitaldiko Nafarroako Pentsio Planetarako laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira, bidezko diren agiriekin batera, 2006ko irailaren 1a baino lehen. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarekin lankidetza hitzarmena izenpeturik daukaten bulego, sukurtsal edo agentzietan aurkeztuko dira.

2. Departamentuak eskatzaile bakoitzaren inguruabarrak aztertu eta entitate finantzarioei jakinaraziko die kasuan-kasuan bidezko den gehieneko zenbatekoa. Horren ondoren, entitate finantzarioek, 2006ko azaroaren 2a baino lehen, euskarri magnetikoa eta laguntzarako eskubidea duten pentsioetarako planean parte hartzen dutenen behin betiko zerrenda igorriko dizkiote Departamentuari. Horretan, gutxienez, partaideen izen-deituren alfabetozko hurrenkera, NAN edo IFZ eta Funtsera ekarririko diruaren zenbatekoa.

3. Eskabidea horretarako ezarririko ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

Seigarrena._Modua, lehentasunak eta dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioko prozeduraren bidez emanen dira.

Zazpigarrena._Ebaluazio organoa.

Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

Zortzigarrena._Deialdia antolatu, instruitu eta bukatutzat ematea.

1. Eskabidea harturik, egiaztatuko da hirugarren eta laugarren arauetan ezarririko betebeharrak betetzen dituela. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozedura bukatutzat emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, planak tramitatzen dituzten entitate finantzarioek diru-ekarpenen zenbatekoa eta dirulaguntzarako eskubidea duen pentsio planeko partaideen behin betiko zerrenda igortzen dituztenetik hasita. Epe horretan espresuki ebazpenik ematen ez bada, ez dela onartu ulertuko da.

Bederatzigarrena._Onuradunaren eta entitate laguntzaileen eginbeharrak.

1. Onuradunak eginbehar hauek izanen ditu:

a) Dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduketa egitea.

b) Pentsio planaren harpidetza eta diru-ekarpenak justifikatzea eta dirulaguntza kobratzeko betebehar eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea.

c) Organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen guztiak onartzea.

d) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko eginbeharrak beteak izatea.

e) Laguntzaren eskaera erregistratzen denetik urte bereko abenduaren 31 bitate pentsio planak ezin zaizkie bestelako entitate finantzarioei eskualdatu.

3. Entitate laguntzaileak eginbehar hauek izanen ditu:

a) Harturiko funtsak dirulaguntzari buruzko arauetan ezarririko irizpideei jarraituz banatzea onuradunen artean.

b) Dirulaguntza emateko baldintza edo inguruabarren betetze-maila eta eragina egiaztatzea.

c) Harturiko funtsak erabili direla justifikatzea.

d) Organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen guztiak onartzea.

e) Aldeei ezarririko baldintza edo betebeharrak bete ezean edo aldatuz gero, banatzeko harturiko funtsak osorik edo hein batean itzultzea.

Hamargarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Partaideak entitate finantzarioaren bidez hartzen ahalko ditu laguntzak, osorik eta batera, abenduaren 31 baino lehen, hirurogeita bost urte bete arte.

2. Erretiroa gertatuz gero, Pentsioetarako Planari antzinatasuna eskatuko zaio, bost urtez egitezko diru-ekarpenak eduki beharko baititu.

Hamaikagarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Ez da berme berezirik ezarri.

Hamabigarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko 19. artikuluko 6. idatz-zatiarekin bat etorriko dira.

Hamahirugarrena._Emakidaren aldaketa ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Ezarririko baldintzak ez betzeagatik emakida aldatzeko aukerarik ez dago. Beraz, bete ezik laguntza ukatu edo, kobratu bada, itzuli beharko da.

Hamalaugarrena._Ezarririko baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, eta litekeena da zehapenak ezartzea.

Diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak dirulaguntzei buruzko Nafarroako arautegiarekin bat etorriko dira.

Hamabosgarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hamaseigarrena._Emaniko dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0608401