66. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

131/2006 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2006. urtean Nafarroako ehiza-barrutietarako ehizazainak kontratatzeko dirulaguntzak arautzen dituena.

Nafarroako Ehiza eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, 20. artikuluan, ezartzen du ehiza-barrutietako kudeatzaileen eginkizunetako bat ehiza babesteko behar diren zaindariak jartzea dela, Ehiza Antolatzeko Planen arabera.

Era berean, aipatu 17/2005 Foru Legearen 52. artikuluak (ehiza sustatzeko neurriak) ezartzen du Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Horregatik, ikusi da egokia litzatekeela dirulaguntza sail bat ezartzea, 2006. urtean tokietako ehiza-barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrek edo haien kudeaketaren titularrek ehizazainak kontratatzean dituzten gastuak partez finantzatzeko.

Laguntza horien bidez barrutietan ehizazainak izan daitezela sustatu nahi da, Ehiza Antolatzeko Planaren arabera behar duten zaintza izan dezaten, eta, orobat, administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko lotura lana egin dezaten, nekazaritzari eragiten zaizkion kalteak kontrolatu eta haiei aurrea hartzeko eta ehiza-espezieen kontrola eta segimendua egiteko, kudeaketa iraunkorreko irizpideei jarraikiz.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera eta otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa finkatzen duenak, ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Ehiza-barrutietako aprobetxamenduaren titularrek eta haien kudeaketaren ardura duten titularrek 2006. urtean Nafarroako tokiko ehiza-barrutietarako ehizazainak kontratatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Haren arauak foru agindu honetako eranskinean daude.

2. 200.000 euroko gastua onestea 2006ko Gastuen Aurrekontuko "Ehiza-barrutietan zaindariak jartzeko laguntzak" izeneko 330002 31200 4809 456300 kontusailaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

5. Foru agindu hau Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko apirilaren 24an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

ARAUAK

Lehenbizikoa._Xedea.

Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Horregatik, deialdi hau onetsi da. Helburua dirulaguntzak ematea da, lehia sistema batean oinarriturik, Nafarroako tokiko ehiza-barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrek 2006. urtean ehizazainak kontratatzeko gastuak partez finantzatzeko.

Laguntza horien bidez barrutietan ehizazainak izan daitezela sustatu nahi da, Ehiza Antolatzeko Planaren arabera behar duten zaintza izan dezaten, eta, orobat, administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko lotura lana egin dezaten, nekazaritzari eragiten zaizkion kalteak kontrolatu eta haiei aurrea hartzeko eta ehiza-espezieen kontrola eta segimendua egiteko, kudeaketa iraunkorreko irizpideei jarraikiz.

Bigarrena._Beharkizunak.

2.1. Honako hauek eska ditzakete deialdi honetako dirulaguntzak:

_Tokiko ehiztari elkarteek, barrutiko titularra den toki entitateak ehiza guztiaren aprobetxamendua esleitu badie zuzenean.

_Barrutietako titularrak diren toki entitateek, gainerako kasuetan.

2.2. Barrutiko zaintzaz arduratzen den pertsonak Barne Ministerioak ematen duen landazainen gaikuntza izan beharko du, ehizazainen espezialitatekoa, Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legearen arabera.

2.3. Ehizazaintza zerbitzua barruti bakar baterako edo beste batzuekin konpartitua izan daiteke. Gutxienez, zaintza lan hauek egin beharko dira:

_Ehiza Antolatzeko Planaren arabera, espezie nagusiak eperra, erbia edo/eta untxia direnean, gutxieneko zaintza hau egin beharko da: ehizazain bat lanaldi osoan 15.000 hektareako. Ehizazainak urtean bete beharreko orduetan adierazita, eremuaren hektarea kopurua bider 0,12 egin beharko da (120 ordu urtean 1.000 hektareako).

_Gainerako barrutietan, gutxieneko zaintza hau eginen da: ehizazain bat lanaldi osoan 25.000 hektareako. Ehizazainak urtean bete beharreko orduetan adierazita, eremuaren hektarea kopurua bider 0,07 egin beharko da (70 ordu urtean 1.000 hektareako).

2.4. Kontratua urtebeterako izanen da, gutxienez. Zerbitzuak emateko kontratua aurkeztuz gero, iraupena, urtean kontrataturiko ordu kopurua eta kontratazioaren diru-zenbatekoa adierazi beharko dira.

2.5. Kontratuan, langileek izanen dituzten eginkizunen artean, ondoko hauek zehaztuko dira:

a) Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.

b) Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko harremanak bideratzea.

c) Kalteak kudeatzea (kontrolatu eta aurrea hartzea).

d) Ehiza espezieetako populazioen kontrola eta segimendua egitea.

e) Harrapakariak kontrolatzea.

f) Habitatak kudeatzea.

g) Usategien mantentze-lanak egitea (garbiketa, kokalekuaren kontrola, egoera ...).

h) Administrazioari laguntzea, ehizaren kudeaketa errazteko eskatzen zaionean.

i) Nafarroako Administrazio Publikoak ehiza espezialitateko landazainentzat antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara joatea.

2.6. Ehizazainak dago(z)kion barrutian edo barrutietan banatu beharko ditu lanak urtean zehar. Horretarako, zaintza-orduak urteko hamabi hilabeteetan egin beharko dira. Orduen %25 barrutietako espezieak harrapatzen ez diren ehizaldietatik kanpo egin beharko dira.

2.7. Hori gorabehera, onuradunek ondoko beharkizunak izanen dituzte:

a) Ehiza-barrutiak Ehiza Antolatzeko Plan bat onetsia izatea, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeari egokitua.

b) Ehiza aprobetxamenduaren titularrak funtzionamendu zuzenaren froga aurkeztea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

c) Ehiza arloko zehapen espediente irekirik ez izatea eta azken hiru urteetan espediente administratibo baten bidez zehatua ez izatea.

d) Ehiza-barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

Barruti batzuk ehiza espezialitateko landazain bat kontratatzeko elkartuz gero, baldintza horiek bildutako ehiza-barruti bakoitzak bete beharko ditu.

Hirugarrena._Eskaerak aurkezteko epea.

Nafarroako ehiza-barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrek, dirulaguntza hauek jaso nahi badituzte, eskaera aurkeztu beharko dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erregistroan (Armada etorbidea, 2; Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 60 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskaerak.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Eskaera egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera-orria, eranskineko ereduaren arabera. Tokiko ehiztari elkarte eta/edo toki entitate batzuek ehizazaina konpartitzeko eskaeretan, onuradun bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du.

b) Zenbait ehiztari elkartek eta/edo toki entitatek ehizazaina konpartitzeko batera egindako eskaeretan, ordezkari bat izendatzeko idazkia, deialdiko betebeharrak frogatzeko eta dirulaguntza jasotzeko ardura izanen duena.

c) Justizia eta Barne Ministerioak emandako ehiza espezialitateko landazainen gaikuntzaren fotokopia konpultsatua, Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legearekin bat.

d) Kontratuaren fotokopia konpultsatua, INEMek ikus-onetsia, 2. arauko 2.4 eta 2.5 puntuetan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

e) Lan kontratua denean, nominaren edo beste agiri ofizial baten fotokopia konpultsatua, kontratatzen den zaindariaren urteko soldata gordina agertzen duena.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, eredu ofizialean, onuradunaren IFZ zein den adieraziz. IFZren fotokopia erantsiko da. Baldintza hori nahitaez bete beharko dute dokumentazioa aldatu duten barrutiek, edo 2005ean halako laguntzarik jaso ez dutenek.

g) Eskatzaileek eskaera hobeki azaltzeko nahi adina agiri aurkezten ahal dituzte.

Dokumentazioak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Ehiza eta Arrantza Atalak errekerimendua eginen dio interesatuari gehienez jota 10 egun balioduneko epean konpon dezan. Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, edo aurkeztuta ere osorik ez edo akatsekin aurkezten bada, espedientea behin betikoz deuseztatuko da eta, beraz, eskabidea ezesitzat joko.

Bosgarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdi honen bidez, ehizazainak 2006. urtean egiten duen lan ordaintzeko dirulaguntza bat emanen da, honenbestekoa:

_Ehizazain bakoitzaren urteko soldata gordinaren %40ko dirulaguntza, gehienez 8.000 euro ehizazain bakoitzeko.

_Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada eta urteko lan orduak finkatuak baditu, kontratuan agertzen den diru-kopuruaren %40ko dirulaguntza emanen da; gehienez 6,40 euro ordu bakoitzeko eta 8.000 euro urtean.

5.2. Nolanahi ere, onuradunentzako dirulaguntzen banaketa aurrekontuetan behar adina diru izatearen baldintzapean izanen da eta eskaeraren gaineko administrazio ebazpena ematen den unean Administrazioak dituen baliabide ekonomikoen arabera. Hortaz, dirulaguntza jasotzeko modukoak diren eskaera guztiei erantzuteko behar adina aurrekontu-krediturik ez badago, urteko soldata gordinari edo zerbitzuak emateko kontratuan agertzen den kopuruari aplikatu beharreko portzentajea, gehieneko dirulaguntza finkatzen duena, gutxituko da hainbanaketa eginez.

Seigarrena._Organo eskudunak.

6.1. Aurkeztutako eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko batzorde tekniko batek aztertuko ditu. Hona kideak:

_Batzordeburua: Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

_Mahaikideak: Ehiza eta Arrantza Ataleko bi teknikari.

6.2. Dirulaguntzak Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira. Alabaina, eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

6.3. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6.4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak onuradunen eta emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

Zazpigarrena._Ordaintzea.

7.1. Ordainketa Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, dena batera, 2006ko abenduaren 31 baino lehen.

7.2. Ordainketa deialdiko bederatzigarren arauari jarraikiz egin eta justifikatzen diren gastuen araberakoa izanen da, baina ordaintzen dena ez da inoiz ere hasieran finkatutako dirulaguntza baino handiagoa izanen.

Zortzigarrena._Betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak datuak eta jarduerak ikuskatzeko egiten duen lana eta organo eskudunaren egiaztapenak onartzea noiznahi.

b) Laguntzak emateko aintzat hartutako baldintzak aldatuz gero, horren berri ematea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

c) Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

d) Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzen edo laguntzen berri ematea organo emaileari.

f) 2007ko martxoaren 31 baino lehen, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan zaindariak dago(z)kion barrutian edo barrutietan egindako lanaren memoria aurkeztea.

Bederatzigarrena._Lanak bukatzeko epea eta gastuen justifikazioa.

9.1. Dirulaguntzaren xedea ehizazainak 2006. urtean egiten duen lana izanen da. 2006ko abenduaren 10a baino lehen, onuradunek gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko erregistroan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

Gastuen justifikazioa bide hauen bitartez egin daiteke:

_Ehizazainak lan kontratu baten bidez kontratatu bada, 2006. urtean egindako nomina guztien edo soldata gordinaren zenbatekoa adierazten duten beste agiri ofizial batzuen fotokopia konpultsatuaren bidez.

_Ehizazaina zerbitzuak emateko kontratu baten bidez kontratatu bada, 2006ko faktura jatorrizkoen edo horien fotokopia konpultsatuen bidez. Egindako gastua benetan ordaindu dela egiaztatzeko, fakturekin batera bankuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, transferentzia bidez ordaindu bada, edo ordainagiria, fakturaren igorleak sinatua, ordainketa esku-dirutan egin bada.

Hamabigarrena._Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Laguntza hauek bateragarriak dira era guztietako gainerako dirulaguntzekin. Baina, programa eta/edo jarduera baterako bi dirulaguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu Ehiza eta Arrantza Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluko d) idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

Hamahirugarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzen diren eta aurreikusitako inbertsioak egoki egiten diren begiratuko du. Hori helburu, bidezko ikuskapen eta egiaztapenak egin ditzake, eta laguntzen onuradunei jarduerari buruzko informazio eta egiaztagiriak aurkeztea eska diezaieke, baita haren aurrean agertzeko ere.

Hamalaugarrena._Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintza guztiak edo bakarren bat betetzen ez badira edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoa urratzen bada, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko da, baita, bidezkoa denean, berandutza korrituak ere, dirulaguntza ordaindu zenetik diru-itzulketa agintzen den egunera arte dagozkionak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

Hamabosgarrena._Errekurtsoak.

Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

ERANSKINA

2006. urtean ehizainak kontratatzeko dirulaguntza eskaera

Izena ....................., NANa ...................., helbidea (kalea, zenbakia eta solairua) ....................., herria ................, telefonoa ...................., ehiza-arrutia/toki entitatea (izena jarri) ordezkatuz, IFZ ............................, NA-............ ehiza-barrutiaren titularra edo hango ehiza aprobetxamenduaren titularra baita,

AZALTZEN DU:

2006ko ...........aren .....(e)ko Foru Aginduaren bidez 2006. urtean ehizazainak kontratatzeko dirulaguntzak emateko onetsitako deialdiari dagokionez, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela eta deialdiko arau guztiak onartzen dituela. Beraz, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dirulaguntza bat eskatzen dio.

Era berean, hauxe aitortzen du:

_Ez dela beste dirulaguntzarik jasotzen ari jarduera bererako edo, jasoz gero, behar bezala justifikatzen duela, deialdiko hamabigarren arauarekin bat.

_Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela.

_Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari baimena ematen diola Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikuskatzeko, horrela egiazta dezan dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

2006ko .......aren .............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0607024