62. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

798/2006 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Osasun zuzendari nagusiak emana, profesionalei osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko 2006ko deialdia onesten duena.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitu, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatu eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren bidez onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Dirulaguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien arauak ezarri beharko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratzen ahalko dituzte.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek laguntza hauen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazi dute, hurrenez hurren.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Osasun arloko profesionalei osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko 2006ko deialdiko arauak onestea.

2. Gehienez 186.955,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, Nafarroako 2006ko aurrekontu orokorretako "Ikasketak sakontzeko bekak" izeneko 512001 51310 4809 311200 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari eta Irakaskuntza Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 10ean._Osasun Departamentuko zuzendari nagusia, Francisco Javier Sada Goñi.

ERANSKINA

Arauak

Osasun arloko profesionalei osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko 2006ko deialdiko arauak.

1._Xedea, motak eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei 2006. urtean osasun zientzietako prestakuntza jarraiturako laguntzak emateko araubide bat finkatzea. Dirulaguntzaren xede izanen dira, bai 2005eko deialdia itxi ondoren egindako prestakuntza iraunkorreko jarduerak, bai 2006. urtean egiten direnak.

1.2. Modalitateak.

Deialdi honen xedeko jarduerak modalitate hauetako baterako izanen dira:

1.2.1. Hobekuntzarako laguntzak.

Laguntza hauek osorik edo partez berdindu nahi dituzte ondoko modalitateetakoren batean sartzen diren jarduerek sortzen dituzten gastuak:

A modalitatea._Hilabeteko edo hortik gorako egonaldiak, izen handiko erakunde edo entitate nazional nahiz atzerrikoetan teknologia berrietan trebatzeko, Nafarroan kokaturiko zentro edo erakundeen proiektuen antzeko ikerketa-ildoetan elkarlanean aritzeko edo BAME-Barruko mediku egoiliar gisako aldian osasun prestakuntza espezializatuaren programa osatzeko.

B modalitatea._Eskatzaileak duen lanarekin lotura duten gaietan eguneratzeko ikastaroak eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat baliagarritzat jotzen direnak egitea; prestakuntzaldia gutxienez hilabetekoa izanen da. Ez da laguntzarik emanen entitate publikoek edo pribatuek luzatzen dituzten graduondoko titulu edo ziurtagiriak lortzeko, baldin eta espezializazio ikastaroei badagozkie (master, aditu edo gisakoak) edo haien bidez lanbidean aritzeko gaitasun ofiziala lortzen ahal bada.

C modalitatea._Osasun Departamentuko zentro edo unitateetan hilabetetik sei hilabete bitarteko egonaldiak hizkuntza gaztelania duten edo garapen bidean diren herrialdeetako osasungintzako profesionalentzat, ezagupenak trukatu eta eguneratzeko.

1.2.2. Bidaia poltsak.

Osorik edo partez berdindu nahi dituzte ondoko modalitateetakoren batean sartutako jarduerek sortutako gastuak:

D modalitatea._Hilabeteko egonaldiak, jardunbide nagusiari dagokionez eskatzaileak lan egiten duen zentro edo erakundeko jardunbidearekin bat datozen erakundeetan, BAME-Barruko mediku egoiliar gisako aldian osasun prestakuntza espezializatuaren programa betetzeak sortzen dituenak barne.

E Modalitatea._Hilabetetik beherako ikastaroak, eskatzaileak egiten duen lanarekin zerikusia dutenak eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat interesgarritzat jotzen direnak.

F modalitatea._Eskatzaileak ekarpen zientifikoen bidez parte hartuko duen biltzar eta bilera zientifikoetara agertzea.

1.2.3. Hizkera teknikoak ikasteko laguntzak.

G modalitatea._Ikastegi baimenduetan hizkera teknikoak (ingelesa, frantsesa eta alemana) menperatzeko ikastaroak egiteak sortzen dituen gastuak osorik edo partez ordaintzeko dira, ikasitakoa gero Osasun Zientzietan aplikatzeko. Laguntza ebazpen honetako 8.1. atalean aipatutako mailetako bakar bati dagokio.

1.3. Onuradunak.

Deialdi honek aipatzen dituen laguntzak Foru Komunitatean kokaturiko zentro edo erakundeetan, publiko nahiz pribatuetan, bere zerbitzuak ematen dituzten pertsonek eskatzen ahal dituzte; pribatuetakoei, hala ere, eskatuko zaie zentro horiek Osasun Departamentuarekin edo haren erakunde autonomoekin itunak edo lankidetza hitzarmenak sinatuak izatea.

Bidaia poltsetarako laguntzak eskatzen ahal dituzte, orobat, Osasun Departamentuak sustatutako ikerketa proiektuetan aritzen diren bekadunek edo kontratu iraunkorreko profesionalek, eta Osasun Zientzietako Ikertzaileak Sustatzeko Laguntzetarako (APICS) programan sarturiko ikerketarako bekadunek, betiere diharduten proiektuekin zerikusia duten jardueretarako.

C modalitatean, nahitaezkoa da eskatzaileak hizkuntza gaztelania duten edo garapen bidean diren herrialdeetako osasun zentro edo erakunderen batean lanean edo prestakuntzaldian aritzea eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak horretarako ezarritako beharkizunak betetzea. Eskatzaileek titulua homologatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak luzatua, edo hori ezean, homologazioa eskatu izanaren frogagiria.

2._Eskaeren aurkezpena.

2.1. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Interesatuek prestatu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute. Eredua Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan (Nafarroako Ospitaleko Irakaskuntza Pabilioia) eta erakunde horren webgunean (www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion) jaso dezakete.

Eskaerak ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 2006ko irailaren 1era bitarte aurkeztu beharko dira.

Eskaerak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro edo bulegoetan.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Eskaera igortzen duen egun berean, interesatuak igorpenaren berri eman beharko dio Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuari, telefax bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. Interesatuak berak sinatutako eskaera.

2. Eskatutako prestakuntza jardueraren nondik-norakoak eta helburuak.

3. Erakundeko edo zentroko zuzendariaren ziurtagiria, eskatzaileak hantxe duen egoera administratiboa azaltzen duena, bai eta lanpostuan duen antzinatasuna eta joan-etorria egiteko berariazko baimena, beharrezkoa denean.

4. G modalitatean izan ezik, zentroko Irakaskuntza Batzordeak edo, horrelakorik ez badago, Zuzendaritzak prestatutako idazkia, non adieraziko baita prestakuntza jarduera hori lanpostuarentzat egokia dela eta zentroarentzat interesgarria.

5. Aurrekontu xehekatua.

6. Eskatzailearen NANaren fotokopia.

Gainera, modalitateen arabera, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

A, C eta D modalitateak:

_Curriculum vitae laburtua, eskatzen den egonaldirako alderdi interesgarrienak jasoko dituena.

_Egonaldian egin beharreko jardueren programa xehea.

_Zentro hartzaile hori eta ez antzekoren bat hautatzeko izan diren arrazoiak.

_Egonaldia eginen den entitate hartzailearen adostasun-agiria.

_Osasun prestakuntza espezializatuaren programetako egonaldien kasuan, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren baimenaren kopia.

B, E eta G modalitateak:

_Ikastaroaren programa.

F Modalitatea:

_Jardueraren programa ofiziala.

_Ekarpen zientifikoaren laburpen idatzia.

_Ekarpen zientifikoaren onarpen espresua.

2.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Eskaerak betebeharrak bete ezik edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, organo instruktoreak eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

3._Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari esleitu zaizkio. Organo instruktoreak eginiko ebazpena laugarren arauan aipatu den Ebaluazio Batzordearen irizpenarekin bat etorriko da. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da Irakaskuntza Atalaz ari garela.

Dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Osasun zuzendari nagusiari dagokio.

4._Eskaerak ebaluatzeko organo kolegiatua.

Osasun zuzendari nagusiak Ebaluazio Batzorde bat izendatuko du aurkezturiko eskaerak baloratu eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko.

Ebaluazio Batzordean zazpi kide izanen dira: hiru, laguntzak kudeatzeko gaietan adituak, eta lau, Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeetako kideak.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

5._Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak.

5.1. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat. Horretarako, modalitate bakoitzeko eskaerak balorazio irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkeran ordenatuko dira:

_Prestakuntza jardueraren egokitasuna eskatzailearen lanbidearentzat eta lanpostuarentzat.

_Prestakuntza jardueraren kalitatea.

_Eskatzaileak hartuko duen edo jarduera antolatuko duen entitatearen egokitasuna.

_Irizpide horiek aski ez badira, lanpostua jabetzan izatea eta eskatzaileak lanpostuan duen antzinatasuna lehenetsiko dira.

_Gainera, proposamenean Nafarroako Osasun Sistemako ahalik eta profesional, zentro, erakunde eta zerbitzu gehienetara iristea bilatuko da.

6._Ebazpena.

Osasun zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, organo instruktoreak ematen duen proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpena, eman edo ukatzeko arrazoiak bilduko dituena, onuradunei jakinaraziko zaie eta dirulaguntza onartu eta, hala bada, ukatu zaien eskatzaileen zerrenda adieraziko du. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa gorabehera, ebazpena Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko iragarki-oholean eta www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion webgunean ere argitaratuko da. Ebazpenean honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntza zein programari dagokion eta zein aurrekontu-kreditutatik ordainduko den, onuradunak, emandako dirua eta dirulaguntzaren helburuak.

7._Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarduera bera garatzeko jasotzen diren bestelako dirulaguntzekin batzen ahal dira.

Hala ere, dirulaguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek proiektu edo programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

8._Dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta dirulaguntzaren frogagiriak.

8.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Izen-emate edo matrikulazioak, joan-etorriak, ostatu eta mantenuak sortutako gastuak osorik edo partez berdintzeko da dirulaguntza eta Ebaluazio Batzordeak, erabiltzeko daukan dirua kontuan hartuz, ezartzen dituen irizpide ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

Hizkera teknikoak ikasteko laguntzen kasuan (G modalitatea), irakaskuntza-tarifa osorik edo partez ordaintzeko izanen dira. Ez dira 600,00 euro baino gehiago emanen.

Emandako dirulaguntza onuradunak jaso dezakeen diru-kopururik handiena izanen da.

Deialdi honetako dirulaguntzetarako, muga hauek ezarri dira:

a) Bilkura, biltzar eta gisakoetan ekarpen zientifikoa egiten duen pertsonari baizik ez zaio emanen F modalitateko bidaia poltsa, edo, argi ez badago, lanaren lehen sinatzaileari, zuzenean parte hartu duela frogatzen badu.

b) Hizkera teknikoetako ikastaroetarako laguntzak (G modalitatea) Oinarrizko maila, Bitartekoa edo Aurreratua egiteko izanen dira, eta kanpo geratzen dira Hasberrien eta Trebakuntza mailak.

c) Egonaldia Nafarroatik kanpo egiten denean baizik ez dira emanen Osasun prestakuntza espezializatuaren programatik sortutako egonaldietarako laguntzak.

8.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Hobekuntzarako laguntza gisa (A, B eta C modalitateak) ematen den diru guztia batera ordainduko da, jardueraren hasieraren behin betiko datak berretsi ondoren.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, hobekuntzarako laguntzen onuradunak (A, B eta C modalitateak) behartuak dira, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Irakaskuntza Atalera txosten-laburpen bat bidaltzera, gehienez ere 10 orrikoa, eta jarduera burutu dela frogatzen duen agiria, bai eta gastuen justifikazioa eta laguntzari aplikatzeko moduko gastuen zerrenda xehekatua ere, eurotan.

A eta C modalitateetako dirulaguntzetan, onuradun bakoitzari onartutako laguntzak bi atal hartzen ditu: benetan egindako joan-etorriari dagokion zatia joan-etorri guztietarako ezarritako irizpide orokorrei jarraikiz likidatuko da; egonaldiari dagokion laguntza, berriz, egonaldiaren iraupena justifikatu ondoren ordainduko da, gastuen frogagiririk aurkeztu beharrik ez dagoela, izan ere, gehieneko laguntza berdina da onuradun guztientzat, eta ezarrita dauden irizpide ekonomikoak baino ez dira aplikatuko.

Bidaia poltsetarako laguntzen kasuan (D, E eta F modalitateak), ordainketa egin aurretik, Irakaskuntza Atalean jarduera egin izanaren frogagiria aurkeztu beharko da, hala nola gastuen justifikazioa eta laguntzaren bizkar egindako gastuen zerrenda xehekatua, eurotan emana.

Hizkera teknikoetarako laguntzen kasuan (G modalitatea), ordainketa egin aurretik ikastaroaren matrikulazio agiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko hizkuntza ikastetxeak emana, ikastaroaren kostua ordaindu dela frogatzeko. Likidazioaren ondorioetarako, ikastaroa bukatu eta hilabete bateko epean, ikastaroaren aprobetxamenduari buruzko egiaztagiria aurkeztu beharko da, ikastetxeak emana, ikasleak matrikulatu deneko maila gainditu duela frogatzeko.

Kasu guztietan, matrikulazio edo izen-emateari, ostatuari, mantenuari eta joan-etorriei dagozkien gastuak fakturen bidez edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, salbu eta ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrietako gastuak; izan ere, kasu horretan onuradunak adierazpen bat sinatu behar du eta bertan jaso joan-etorrian erabilitako ibilgailuaren matrikula, egindako kilometroak Nafarroako Gobernuak ezarriak dituen arauei jarraikiz ordaintzeko.

Ordainketa Irakaskuntza Atalak proposaturik eginen da, ezarritako baldintzak bete ondoren.

Dena dela, frogagiriak Irakaskuntza Atalean aurkezteko epea, beranduenik, 2006ko abenduaren 15ean itxiko da.

9._Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek honakook bete beharko dituzte:

a) Jarduera entitateak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala burutzea.

b) Arau hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Entitate onuradunak laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartu beharko ditu.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusiriko kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

f) Laguntzen onuradunei Zentroko Zuzendaritzak eskatzen ahal die beren ezagupenak beste profesional batzuei azaltzeko.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

10._Baldintzak aldatzea.

Onuradunek dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzen aldaketa guztiak jakinarazi beharko dizkiote Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko Irakaskuntza Atalak aldaketak onartuko ditu baldin eta dirulaguntza onartzeko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

11._Itzulketa.

Jarduera burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusiriko kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez da berandutza korritua eskatuko baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta organo instruktoreak onartzen baditu.

Dirua itzultzeko prozedura goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

12._Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko V. Tituluan xedaturikoari jarraikiz.

13._Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak aplikatuko dira.

14._Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, arauen eta garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F0608023