60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERGOIENA

Etxebizitzak zaharberritzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

Ergoiengo Udalak, 2006ko martxoaren 30eko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Etxebizitzak zaharberritzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Iragarki oholean eta 2005eko 118. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urriaren 3an, argitaratzearekin batera jendaurreko epe bat ireki zen. Aldi hori iraganik, ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko, osorik argitaratzen da haren testua.

ERGOIENGO UDALERRIKO ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ergoiengo udalerrian etxebizitzen zaharberritzea bultzatzea du xede ordenantza honek, Udalaren zerga batzuetarako dirulaguntzak emanez.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio esparrua Ergoiengo udal mugapea osatzen duten hiru kontzejuak dira.

3. artikulua. Dirulaguntzak har ditzaketen etxebizitzak

Ordenantza honen ondorioetarako, etxeetako bizigarritasuna egokitzeko teknikari aditu baten esku hartzea behar duen obrari esaten zaio zaharberritzea, urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuan eta Ergoiengo udal planeko hirigintza arauetako 2.1 artikuluan zehaztu bezala. Aipatu foru dekretuan martxoaren 22ko 5/20004 Foru Dekretua aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena, alegia.

4. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

a) Zein etxetarako eskatzen den dirulaguntza, hura eskatzailearen ohiko bizitokia izatea edo helburu hori izatea.

b) Eskatzailea udal mugapeko beste etxebizitza baten titularra ez izatea.

c) Familia unitateko kide guztiek (6. artikuluan zehazten baitira) Udalarekin inolako zorrik ez izatea, zergei dagokienez.

d) Familia unitateko kide guztiak udalerrian erroldatuak izatea, edo etxebizitzaren altarekin batera bertan erroldatzea.

e) Zein etxe zaharberritu egin gogo den, eskatzailea haren titularra izatea.

5. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen zenbatekoak etxebizitza motaren araberakoak izanen dira:

a) Etxebizitzarako eraikina zaharberritzea: E.I.O.Z.ren % 50.

b) Hamar urte baino gehiago hutsik egin duen eraikina zaharberritzea, hura etxebizitzarako bada: E.I.O.Z.ren % 75.

6. artikulua. Familia unitatearen kontzeptua.

Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean daudenak.

7. artikulua. Eskabideen tramitazioa eta laguntzen kobrantza.

Eskatzaileak bere eskabidea egin beharko du eta proiektu teknikoarekin batera aurkeztu, teknikari eskudun batek sinatu eta ikus-onetsita. Ondotik obra lizentzia emanen zaio, betiere Udal Planari egokitua bada.

8. artikulua. Dirulaguntza behin-behinekoz onartzeko baldintzak.

Dirulaguntza behin-behinekoz onartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.

b) Legeak ezartzen duenetan, higiezina lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskuratu beharko da.

c) Gainerakoetan, idatziz jakinaraziko da obren bukaera. Jakinarazpena hartuta, Udalaren zerbitzu teknikoek ikustaldia eginen dute obrak egiaztatzeko eta txosten bat eginen da, obrak lizentziarekin bat datozela eta ordenantza honetako 3. artikuluan ezarritako ildotik diruz lagundu daitekeen hirigintzako jarduketa dela dioena, hala baldin bada.

9. artikulua. Dirulaguntzaren behin-behineko onarpena.

Aurreko baldintzak beteta, dirulaguntzarako eskubidea eta haren zenbatekoa onartuko dira, alkatearen ebazpen arrazoituaren bidez, 5. artikuluan ezarritako ildotik. Onarpen hori behin-behinekoa izanen da. Behin betiko onarpena eta dirulaguntzen ordainketa urtebetea igaro ondoren etorriko dira, hartan aipatzen diren baldintzak betetakoan.

10. artikulua. Epea.

Dirulaguntzak ordaintzeko epea urtebete izanen da eta honela kontatuko da:

Eskaerak onartzeko lehen erabileraren lizentzia behar bada, hura ematen denetik.

Gainerakoetan, hau da, lehen erabileraren lizentziaren ordez 8. artikuluan aipatzen den bezalako txostena behar baldin bada, epea txosten hori ematen denetik hasiko da kontatzen.

11. artikulua. Agirien aurkezpena.

Dirulaguntza kobratzeko eskubidea izateko, ordenantzaren 10. artikuluak aipatzen duen urtebeteko epea igarota, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Familia unitateko kide guztien erroldako ziurtagiria, dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu denetik Udal Erroldan etenaldirik gabe egon direla erakusten duena.

Dirulaguntzaren xedeko higiezinaren titularra dela erakusten duen agiria.

Udalaren ziurtagiria, udal mugapean beste etxebizitza baten titularra ez dela erakusten duena.

12. artikulua. Inguruabarren aldaketa.

Dirulaguntza kobratzeko epean familia unitateko kide kopuruan gorabeherarik baldin bada edo beste edozein aldaketa ordenantza honetako 4. artikuluan aipatu diren inguruabarretan, onuradunak haien berri eman beharko du.

13. artikulua. Dirulaguntza bat baino gehiago eskuratzeko debekua.

Titularra ezin izanen da, ordenantza honen ondorioz, dirulaguntzako espediente bat baino gehiagoren onuradun izan, ez titular gisa ez familia unitateko kide gisa.

14. artikulua. Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Ordenantza honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste foru dekretu batzuek arautzen dituztenekin eta, zehazki, etxebizitzak zaharberritzeko laguntzei buruzkoekin.

15. artikulua. Eskualdatzea debekaturik.

Dirulaguntzaren onuradunak etxebizitza eskualdatzen badu dirulaguntza kobratzeko epean, hura gabe geldituko da.

16. artikulua. Egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmena.

Dirulaguntza behin betikoz ordaindu arte, laguntzaren onuradun den familia unitateak momentu horretan 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen ote dituen aztertuko du Udalak, edota 11. artikuluan eskatutako agirien balioa urteak iragan ahala bere horretan dagoen. Horrela ez bada, ez da ordainduko kobratzeko dagoen dirulaguntza.

17. artikulua. Behin betiko onarpena.

Ekarritako agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak behin betiko onartuko du dirulaguntza, eta hura ordaintzeko erabakia hartuko osoko bilkuran.

18. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

20..... (e)ko .......... aren ... (e)tik aitzina tramitatutako hirigintzako espedienteen titularrak baliatzen ahal dira ordenantza honetako dirulaguntzez, betiere onartuak izateko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

AZKEN XEDAPENA

1. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

2. Ordenantza honen indarraldiak ez du mugarik.

Ergoienen, 2006ko martxoaren 30ean._Alkate udalburua, Fernando Etxauri Gallardón.

Iragarkiaren kodea: L0606372