60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

824/2006 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "Vicuña II" legar-hobiaren Lehengoratze Planari eta Irekitze Proiektuari buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Aridos y Excavaciones Vicuña, S.L. da sustatzailea.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak, eta hura betearazteko Erregelamenduak (irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak onetsia) ezartzen dutenaren arabera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin behar da, xedapen horietako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko prozedurari hasiera eman nahian, Aridos y Excavaciones Vicuña, S.L.k 2005eko azaroaren 9an Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana aurkeztu zuen, goian adierazitako proiektuari buruzko Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko prozedura hasteko.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanen azalpena Eraginaren Deklarazioaren I. eranskinean jaso dira. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean (II. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarmenenak aztertzen dira, bai eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

2006ko otsailaren 6ko 16. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz espedientea jendaurrean agertu zen, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren erregelamendua onetsi zuen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoa betez. Aldi horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Azaroaren 25ean emandako aginduaren bidez muga egiten duten ustiategien ustiapen eta berritze planak berrikusteko eskatu zitzaion sustatzaileari, hondeaketako azken fronteen lehengoratzea ustiategi horien artean bateratuta ezartzeko. Gainera, ustiategiaren gaur egungo eta azken egoeraren zeharkako eta luzetarako profilen planoak eskatu ziren, baita Vianako Printzea Erakundearen txosten arkeologikoa ere.

2006ko urtarrilaren 2an Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren eranskin berri bat jaso zen. Eranskin horretan, eskatutako alderdiak eta Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txostena bildu ziren; hortaz, espedientea osatuta geratu zen.

Horrenbestez, espedientean agertzen diren txostenak aztertuta, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko Eraginaren deklarazio hau egitea Aridos y Excavaciones Vicuña, S.L.k sustatutako "Vicuña II" legar-hobiaren Lehengoratze Planari eta Irekitze Proiektuari buruz. Aurkeztutako proposamena bideragarria da ingurumenaren aldetik, eta baldintza hauek bete behar ditu:

A) Legarrak ateratzea eta horri lotutako jarduera guztiak egitea proiektuan proposatutako lurzatira mugatuko da: Andosillako 2. poligonoko 392.era. Hala ere, ustiatu beharreko aldearen kanpoko mugak, UTM koordenadetan, honako hauek dira:

1&degree. (586.595,2-4.694.046,1); 2&degree. (586.535,9-4.694.007,6);

3&degree. (586.547,5-4.693.989,3); 4&degree. (586.488,2-4.693.934,0);

5&degree. (586.578,5-4.693.867,0); 6&degree. (586.605,6-4.693.903,8);

7&degree. (586.556,7-4.693.926,5); 8&degree. (586.594,7-4.693.956,7);

9&degree. (586.573,9-4.693.989,1); 10&degree. (586.606.,7-4.694.009.9).

Nolanahi ere, honako distantzia hauek mantendu beharko dira:

a) Hegoaldean, muga Andosillako 2. poligonoko 391., 395. eta 396. lurzatietan ezartzen da. Lurzati horietatik 2 metroko babes-zerrenda mantendu beharko da.

b) Mendebaldean 3 metroko distantzia mantenduko da Andosillako 2. poligonoko 380. lurzatiraino, N-122tik ustiategia ezkutatzen duen ezponda babesteko helburuz.

c) Iparraldean, muga Andosillako 2. poligonoko 382. - 386. eta 390. lurzatietan ezartzen da.

d) Ekialdean, 3 metroko distantzia errespetatuko da Planillos alderdiko bidearekiko mugatik.

B) Lurzoruan bertan mugarri finkoen bitartez markatuko da ustiatzeko proposatutako azken perimetroa. Inola ere ez da jarriko 330 kotatik beherago, hori izanen baita harrobiko zabalgunearen kota. Azkeneko banku altuera 13,43 metro izanen da, 2H/1V maldarekin.

C) Erreserbatu behar den 3 metro zabaleko lurzoru-zerrendan, bide publikoaren ondoan landare-lurra 2 metroko metetan pilatuko da. Ustiatzen amaitzean, azalera horretatik ustiaketan sortutako material guztiak kendu beharko dira. Lurra legar-hobia lehengoratzeko ondoz ondoko faseetan erabiliko da.

D) Harriak eta bestelako materialak erauzketa eremuko mugaren barruan pilatuko dira.

E) Eragindako lurrak lehengoratzeari dagokionez, proiektuko Eranskinaren II. Kapituluan (Lehengoratze-programa) biltzen diren neurri guztiak aplikatu beharko dira, bertan proposatutako baldintzetan.

F) Nolanahi ere, burutzapena baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

G) Lehengoratze lanei dagokienez, forma zuzenak saihestuko dira malda uniformea duen ezponda sortuz, eta ertz zorrotzak baztertuz. Horretarako, ezpondako goiburuak biribilduko dira. Legar-hobiaren oinarriko azken hondeaketa-gainazala aurretik kendu eta pilatutako landare-lurraz estaliko da, ondoren nekazaritzarako erabiltzen ahal izateko.

H) Zaintze Plana. Ondoko neurri hauek ezarriko dira. Horiek, sustatzaileak bete beharko ditu eta aurrekontuan aintzat hartu beharko dira egiten direla bermatzeko. Honako agindu hauek ezartzen dira:

a) Garbiketa kanpainak betetzea, bereziki txatarra eta olioak jasotzeari dagokionez.

b) Fase bakoitzaren lehengoratze plana betetzea, horietako bakoitzean egindako obrak deskribatuta.

c) Zuloaren bilakaera topografikoaren deskribapena, proiektuan proposatutako profilak bermatzeko.

I) Urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua aplikatuz, lehengoratze plana bermatzeko sustatzaileak abala solidarioa aurkeztu beharko du, bidezkoa den guztian uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari lotuta, edo bestela eskudirutako fidantza jarri, Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuan, zenbatekoa gutxi gorabehera 8.115,16 euro dela. Gertakari hori udalean justifikatu beharko da, hark irekitze-lizentzia eman baino lehen. Jarritako bermea bost urtean behin eguneratu beharko da Kontsumorako Prezioen Indizeak izaten duen bilakaeraren eta egiten diren lehengoratze obren arabera.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Andosillako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko apirilaren 4an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Planillos alderdiko legar-ustiategia Andosillako 2. poligonoko 392. lurzatian dago, udalerri horretako ipar-mendebaldeko muturrean. Ekialdean muga egiten du Planillos alderdiko bidearekin, eta gainontzeko aldeetan nekazaritzako lurzatiekin. Hurbilen dagoen herria Andosilla da, 1.200 metrora, Carcar 1.436 metrora dagoela. Sarbidea N-122 errepidean du, 34. kilometroaren parean.

Eskatutako lurzatitik oso hurbil sustatzaile beraren eta gainontzeko sustatzaile baten beste legar-hobi batzuk daude. Horren ondorioz, eremu horretan erauzketa jarduera nagusi da, eta horrek behartuta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ustiategi hori lehendik daudenekin harmonizatu beharko du.

Okupatu beharreko azalera 9.453 metro karratu izanen da, eta 3 urteko aldian 62.960 metro kubiko legar erauziko direla kalkulatzen da. Hortaz, urtean 24.984 metro kubiko erauziko dira. Lehengoratzea eta ustiapena aldi berean egitea planteatzen da.

Ustiapen-metodoan materiala bide publikotik hego-mendebalderantz erauztea proposatzen da, 4 fase dituen prozesu batean. Hondeaketa 5 metroko beheranzko bankuetan eginen da, eta lanen bilakaeraren arabera horiek banatzen ahal izanen dira. Erauzketa lanak egiten hasi baino lehen, landare-lurreko geruza kenduko da, eta ondoren bankuz banku jaitsiko da 343 kotatik 330 kotaraino, hori azkena baita.

Ustiatu beharreko terrazako legarra ez da aurretiaz harrobian sailkatu behar, %100 aprobetxatuko baita; hortaz, ez da hondakindegirik sortuko.

Legar-hobiaren azken egoera diseinatzean, koten arteko aldea leuntzeko 2H/1V baino apur bat gehiagoko ezponda eginen da perimetro guztian (planoen arabera), gehieneko malda 13,45 metrokoa dela. Azken fasean lehengoratzea eta ondoko lurzatietan dagoen legar-hobia harmonizatzen saiatuko da.

Aurkeztutako dokumentazioan "Vicuña II" legar-hobiaren Irekitze Proiektua, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana eta Departamentu honek eskatuta entregatutako Eranskina biltzen dira.

II. ERANSKINA

Eraginari buruzko Azterlanaren laburpena

Proiektuaren Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Azterlanak lehenengoz ustiategiaren deskribapena biltzen du: kokalekua, ustiatu beharreko baliabidea, ustiatzeko aldia, bilakaera eta metodoa, erauzteko kostua eta proposatutako segurtasun neurriak. Gero, ingurune fisikoaren deskribapena agertzen da, baita eraginen balorazioa eta azterketa ere; halaber, Lehengoratze Programako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak planteatzen dira. Ingurumena Zaintzeko Programarik ez da ezarri.

Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Azterlanak ingurune fisikoaren elementu nagusietan sortzen diren eraginak identifikatzen ditu; hain zuzen ere, aintzat hartzen da atmosferan, gainazaleko uretan, zoruan, landaredian, faunan, prozesu geofisikoetan eta paisaian sortutako eragina.

Ingurumenaren gaineko eraginaren zehaztapenaren emaitzetatik ondokoa ondorioztatzen da:

a) Atmosferaren gaineko eragina, gas eta zaraten sorrera eta hauts-harrotzea baloratuta, bateragarritzat jotzen da, baina litekeena da eragin hori gertatzea.

b) Gainazaleko uren gaineko eragina, gainazaleko uraren zirkulazioko sistema aldatzeari eta material solido esekiak garraiatzeari dagokionez, garrantzi gutxikotzat jotzen da, eta horregatik, bateragarria da.

c) Zoruaren gaineko eragina, eta alde batetik aldaketa fisiografikoen ondorioz, zoruaren erabilerari dagokio, gainera ezaugarri edafikoen galera baloratzen da. Kasu honetan eragin larritzat jotzen da, gertatzeko aukera ugari dagoela; hortaz, neurri zuzentzaile egokiak hartuko dira.

d) Landarediaren gaineko eragina, ingurumenaren aldetik balio urria duen landaredia dagoenez, larri-bateragarritzat jotzen da, gertatzeko aukera ugari dagoela. Kasu honetan ere neurri zuzentzaileak hartuko dira.

e) Faunaren gaineko eragina txartzat jotzen da, baina ez da neurri zuzentzailerik hartu behar, eremu horretan gizakiaren eragina oso handia izan delako.

f) Prozesu geofisikoen gaineko eragina, eta kasu honetan, sortutako ezponden egonkortasun falta dela-eta, moderatutzat jotzen da; horrenbestez, neurri zuzentzaileak nahitaez hartu beharko dira.

g) Paisaiaren gainean, eragina moderatutzat jotzen da; horregatik, neurri zuzentzaile egokiak hartu beharko dira.

h) Ingurune sozio-ekonomikoa deskribatuta dago, baina horri buruzko azterketan ez da baloratzen jarduerak horren gainean izanen duen eragina.

i) Ondare historiko eta kulturalaren gaineko eragina kontuan hartzen da eskaera egin eta gero aurkeztutako Eranskinean. Eranskin horretan Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txosten egokia aurkezten da.

j) Ustiapenak ez dauka eraginik inolako elementu edo naturgune babestuen gainean (datu hori ez da agertzen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean).

Prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak "Lehengoratze-Programa" izeneko kapituluan biltzen dira. Bertan, nekazaritzako zorua lehengoratzeko eta hondeaketako azken ezpondak egonkortzeko nahiz bertako paisaia lehengoratzeko asmoa agertzen da. Helburu horrekin, ondoko jarduera hauek aurreikusi dira proiektuan: Lurzoruaren gainazala atontzea, horretarako landare-lurra kendu eta gehienez 2 metroko altuera izanen duten metetan pilatu beharko dela; hondeaketako azken ezpondak egin beharko dira 2H/1V maldan (ustiatzeko metodoaren azalpenean 2H/1V azken malda azaltzen da; Lehengoratze Programan, berriz, azken malda 45º-tan ezartzen da, 1H/1V, alegia), gerora landare-lurra hedatu beharko da, eta azken ezpondetan hidroereintza egin.

Iragarkiaren kodea: F0605987