60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

2/2006 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, maiatzaren 2koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateari dagozkion balio erantsiaren gaineko zerga ordainarazteko, unean- unean Estatuko lurraldean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatuko ditu Nafarroak. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena egin eta dirua pagatzeko ereduak onetsi ahal izanen ditu. Eredu horiek, gutxienez ere, araubide arrunteko lurraldeko datu berak edukiko dituzte eta likidazioaldi bakoitzerako pagatzeko epeak adieraziko dituzte, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetik sobera bereiziko ez direnak.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54. artikuluko 1. idatz-zatian xedatzen du, Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, araubide arrunteko lurraldeko tributu araubidearen aldaketa batek unean-unean Estatuan indarra duten eta funts eta formaz berdinak diren arauak Foru Komunitatean ezartzera behartzen duenean, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru legeen mailako arauak eman ahal izanen dituela.

5/1998 Foru Dekretuak, urtarrilaren 19koak, aldaketak egin zituen, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 48., 50. eta 52. artikuluetan. Aldaketa horien ondorioz, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera, zerga honen zerga-oinarriaren osagai ez ziren dirulaguntzak eskuratzeak kenkari eskubidea mugatzen zien enpresaburu edo profesionalei. Europar Batasuneko Auzitegiak, 2005eko urriaren 6ko Epaian, C-204/03 aferan _Batzordea Espainiako Erreinuaren aurka_ emandakoan, erabaki du Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 102., 104. eta 106. artikuluetan, 66/1997 Legeak aldatutako bertsioan zehazki, jasotako ezarpenak ez zetozela bat Seigarren Zuzentarauarekin, eta horrek ekarri du 37/1992 Legea aldatu beharra, eta halaxe egin da martxoaren 29ko 3/2006 Legearen bidez. Nafarroako Foru Komunitateak, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoaren arabera, aldatu egin behar ditu Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean horri buruzko aginduak, foru lege horren 48., 50. eta 52. artikuluak alegia. Epaian adierazten denez, eragiketen prezioari lotuak ez diren dirulaguntzak hainbanakoaren izendatzailean sartu ahal izateko, halakoak jasotzen dituzten enpresaburu edo profesionalek kenkarirako eskubidea sortzen duten eragiketan eta eskubide hori sortzen ez duten beste eragiketa batzuetan aplikatzera beharturik egon behar dute. Hori da, Seigarren Zuzentarauaren 19. artikuluaren arabera, betiere Justizia Auzitegiak interpretatzen duenez, kide diren Estatuek duten ahalmena.

Goikoa gorabehera, ez da arrazoizkotzat hartzen murrizketa horri formulatu den bezalaxe eustea. Aitzitik, hobetzat jotzen da eragiketen prezioari loturik ez dauden dirulaguntzak eskuratu izanaren ondoriozko kenkari eskubidearen murrizketa guztiak ezeztatzea, horrela saihesten baita kenkari eskubidea murrizten duten eragiketak gauzatzeak ondoriotzat ekartzea eskubide horren murrizketa gehiegizkoa, dirulaguntza horiek hainbanakoaren izendatzailean sartzean, horrelako eragiketarik ez denean halakorik sartzerik ez baldin badago.

Aldaketa horiek gauzatzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 48., 50. eta 52. artikuluak aldatzen dira. Halaber, eta foru lege horren beste agindu batzuei koherentzia emateko, foru lege honen 17.2 eta 58.2 artikuluak aldatzen dira.

Bestalde, martxoaren 29ko 4/2006 Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 130. artikulua aldatzen du. Bertan arautzen dira oroharreko zenbatekoz konpentsatzeko portzentajeak, zeinak eskuratzeko eskubidea baitute Balio Erantsiaren gaineko Zergako nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia aplikatzen ahal zaien ustiategien jabe diren enpresaburuek. Horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateak, Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 75. artikulua aldatzera doa.

Azkenik, apirilaren 24ko 6/2006 Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen du, minusbaliotasunak dituzten pertsonak garraiatzeko ibilgailuaren kontzeptua argitzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasa oso gutxitua aplikatuko baitzaio. Horrenbestez, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateak aldatu beharra dauka Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37. artikulua, zergaren tasa gutxituei buruzkoa, ezgaitasunak dituzten pertsonak garraiatzeko ibilgailuen kontzeptuari sarrera emateko, tasa oso gutxitua aplikatuko baitzaio.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 10eko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen artikulu hauek aldatu dira, eta honela geldituko dira idatzirik hemendik aurrera:

Bat._17.2. artikulua.

"2. Subjektu pasiboak bere esku du aurreko zenbakiko 10., 11. eta 12. idatz-zatiei buruzko salbuespenei uko egitea, erregelamenduz ezartzen den moduan eta beharkizunak betez betiere, baldin eta eskuratzailea bere enpresa edo lanbide jardueretan diharduen subjektu pasiboa bada eta, haien xede ohikoaren arabera, eskurapen horiengatik jasandako zergaren kenkari osoa izateko eskubidea badu.

"Erosleak kenkari osoa egiteko eskubidea duela ulertuko da Zerga jasan behar den urtean behin-behinekoz aplikatu beharreko kenkarien portzentajeak kenkari oso-osoa egiteko aukera ematen duenean, are enpresa edo lanbide jarduerei dagozkien ondasun-emate edo zerbitzu-emateak egin aurretik jasandako kuoten kasuan ere".

Bi._37. artikulua.Bi, 1. 4garrena eta 2.

"4garrena. Mugikortasuna murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen I. eranskineko 20. zenbakiak aipatzen dituenak, abenduaren 23ko 2822/1998 Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen 2822/1998 Errege Dekretuak II. eranskinean emandako idazketaren arabera, eta minusbaliotasunen bat duten pertsonentzako baizik ez diren aulki gurpildunak.

Aulki gurpildunean minusbaliatuak garraiatzeko autotaxi edo autoturismo gisa erabiltzekoak diren ibilgailuak, dela zuzenean, dela aldez aurretik egokiturik edo gabe, hala nola ibilgailu motordunak, aldez aurretik egokiturik edo gabe, mugigarritasun murriztua duten edo aulki gurpildunean ibili beharra duten minusbaliatuak garraiatzen ibiltzeko direnak, kontuan izan gabe haien gidaria nor den.

Aurreko lerroaldean sartzen diren ibilgailuei zerga-tasa gutxitua aplikatzez gero, eroslearen eskubidea aldez aurretik onartua izan behar da, eta ibilgailua zertarako den frogatu beharko du.

Foru lege honen ondorioetarako, %33 edo gehiagoko ezintasuneko minusbaliotasuna dutenak hartuko dira pertsona minusbaliatutzat. Minusbaliotasun maila frogatzeko, Foru Komunitateko gizarte ongizateko zerbitzuek luzatutako ziurtagiri edo ebazpena beharko da, edo bestela Migrazio eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo erkidego autonomoetako organo eskudunek luzatutakoak."

"2. Bigarren idatz-zati honetako 1.4garrena zenbakiko lehen lerroaldean sartutako ibilgailuen eta aulki gurpildunen konponketa-zerbitzuak eta minusbaliatuentzako autotaxi eta autoturismoak eta agindu horrexen bigarren lerroaldeak aipatzen dituen ibilgailuak egokitzeko zerbitzuak, haien gidaria nor den kontuan hartu gabe."

Hiru._48.1 artikulua.

"1. Subjektu pasiboak bere enpresa edo lanbide jardunean kenkari eskubidea sortzen duten ondasun edo zerbitzu emateez gain kenkari eskubiderik sortzen ez duten antzeko eragiketak egiten dituenean izanen da aplikagarri hainbanaketa-araua."

Lau._50. artikulua 2.2garrena.

"2garrena. Izendatzailean, subjektu pasiboak bere enpresa edo lanbide jardunean egindako ondasun edo zerbitzu emateen guztizko zenbatekoa, epe bererako finkatua, edo, hala bada, dagokion sektore bereizian egindakoak, kenkari eskubiderik sorrarazten ez dutenak barne.

Dibisa-lagatzeen, banku-billeteen eta txanponen bidez egindako eragiketetan, zerga odaintzetik salbuetsitako legezko ordainbideak direnean, izendatzailean jartzeko zenbatekoa ordainbide horien birsalmentaren kontraprestazioarena izanen da, eta hari gehituko zaio, halakorik bada, jasotako komisioena eta kenduko zaio haien eskurapen-prezioari dagokiona edo, zehazterik baldin bada, data berean eskuratuako dibisen, billeteen edo izaera bereko txanponena.

Ordaindukoen eta finantza-entitateen karteran sartuak ez diren baloreen eragiketetan, izendatzailean jartzeko zenbatekoa efektu horien birsalmentaren kontraprestazioarena izanen da, eta gehituko zaio, halakorik bada, interes eta komisio eskagarriena eta kenduko zaio haien erosketa-prezioarena.

Finantza-entitateen karteran sartuak diren baloreen kasuan hainbanakoaren izendatzailean dagokien epeko interes eskagarria jarriko da eta balore horien eskualdakenten kasuan, eskuratutako plusbalioena.

Aurreko irizpideak aplikatzeak ematen duen kenkari-hainbanakoa goiko unitatera biribilduko da."

Bost._52.1. artikulua.

"1. Kenkari eskubidea hainbanako berezian gauzatzeko, honako arau hauei men egin beharko zaie:

1. Kenkari eskubidea sortzen duten eragiketetan soilik erabilitako ondasun edo zerbitzuen eskurapen edo inportazioan jasandako zerga-kuotetan kenkari osoa egin ahal izanen da.

2. Kenkari eskubidea sortzen ez duten eragiketetan soilik erabilitako ondasun edo zerbitzuen eskurapen edo inportazioan jasandako zerga-kuotetan ezin da kenkaririk egin.

3. Kenkari eskubidea sortzen duten eragiketetan hein batez bakarrik erabilitako ondasun edo zerbitzuen eskurapen edo inportazioan jasandako zerga-kuotetan hein bateko kenkaria egin ahal izanen da. Horretarako 50. artikuluko 2. zenbakian eta hurrengoetan aipatzen den protzentajea aplikatuko zaio guztizko zenbatekoari, eta proportzio horretakoa izanen da kenkaria.

Portzentaje hori aplikatzeko, foru lege honetako 51. artikuluan ezarritako prozedura-arauei atxikiko zaie."

Sei._58.2 artikulua.

"2. Aurreko zenbakian aipatzen den behin betiko portzentajea foru lege honen 50. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuko da, eta horretarako zenbaki horrek aipatzen duen epean egindako eragiketak batera hartuko dira."

Zazpi._61. artikulua, 1 zenbakia eta 3. zenbakiko lehen lerroaldea.

"1. Foru lege honen 45. artikuluan ezarritako prozeduraren araberako likidazio-epealdian sortutako kenkariak (haien kopuruak etengabe gainditzen dituztelako sorrarazitako kuotak) egiterik izan ez duten subjektu pasiboek izanen dute beren alde urte bakoitzaren abenduaren 31n dagoen saldoaren itzulketa eskatzeko eskubidea, urte bakoitzaren azken likidazio epeari dagokion aitorpen-likidazioan."

"3. Artikulu honetan eta hurrengoan aipatzen diren kasuetan, Administrazioak behin-behineko likidazioa egin beharko du zerga itzul dadila eskatzen den aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatu eta sei hilabeteko epean. Hala ere, aitorpen-likidazio hori epez kanpo aurkeztu bada, sei hilabeteak aurkezpen datatik aurrera kontatuko dira."

Zortzi._75.5. artikulua.

"5. Artikulu honen 3. zenbakiak aipatzen duen oroharreko zenbatekoz egiteko konpentsazioa zein den erabakitzeko, zenbaki horretan adierazten diren produktu edo zerbitzuen salmenta-prezioari behean adierazten diren portzentajeak aplikatuko zaizkio:

1.a. Abeltegietatik edo oihangintzako ustiategietatik ateratako gai naturalen eta ustiategi horietako zerbitzu osagarrien emateetan, %9.

2.a. Abeltegi edo arrantzako ustiategietatik ateratako gai naturalen eta ustiategi horietako zerbitzu osagarrien emateetan, %7,5.

Prezio horiek zehazterakoan ez dira kontuan hartuko eragiketa horien zeharreko tributuak, ez eta erosleari kargatutako gastu erantsi edo osagarriak ere, hala nola komisioak, enbalajeak, porteak, garraioak, aseguruak, finantza-gastuak eta abar.

Diruzko kontraprestaziorik gabe egindako eragiketetan, emandako ondasun edo zerbitzuen merkatu-balioari aplikatuko zaizkio portzentaje horiek.

Eragiketei aplikatuko zaien portzentajea, betiere, konpentsazioa eskuratzeko eskubidea sortzen den unean indarrean dena izanen da."

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Aurreko lerroaldean hori ezarri bada ere:

a) Lehen, Hirugarren, Laugarren, Bosgarren eta Seigarren atalek 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra.

b) Bigarren atalean xedatutakoak 2006ko apirilaren 26tik aurrera izanen ditu ondorioak.

c) Zortzigarren idatz-zatian xedatutakoa 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera ordaintzen diren konpentsazioei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 2an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0607435