57. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak apirilaren 18an emandako 1009/2006 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko geografo lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, apirilaren 18ko 1009/2006 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko geografo izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

1._Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea geografo lanpostu bat betetzea da, oposizio bidez. Lanpostua funtzionarioen araubidekoa da, A mailakoa, 6871 zenbakia dauka plantillan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxikia dago eta Iruñean du destinoa.

1.2. Lanpostuak A mailarako oro har ezarrita dauden lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honetako 9. arauan xedaturikoarekin bat.

2._Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, gorakoak izanik, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Geografiako lizentziatura edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako hiritartasuna ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Betebehar horiek izendatua izateko proposatzen den hautagaiak egiaztatu beharko ditu, deialdiaren 7.2 arauan ezarritako epean eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2005eko 33. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 18an) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala beterik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 25 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Azterketa eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) Ehuneko 33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lan-igoera, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela interesatuaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpenaren eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela internet bidez, arestian emandako helbidean.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesatuak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: José Antonio Marcén Zunzarren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendaria.

_Ordezkoa: Luis Antonio Gómara Granada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Azterketa eta Lurralde Plangintzarako Ataleko burua.

_Mahaikidea: Manuel Ferrer Regales, Nafarroako Unibertsitateko Geografiako eta Lurraldearen Antolamenduko Saileko irakasle emeritua.

_Ordezkoa: Juan José Pons Izquierdo, Nafarroako Unibertsitateko Geografiako eta Lurraldearen Antolamenduko Saileko irakasle albokoa.

_Mahaikidea: Antonio Sola Alayeto, geografiako doktorea, Lizarrako "Tierra Estella" Bigarren Hezkuntzako Institutuko Geografia eta Historia Saileko katedraduna.

_Ordezkoa: Javier Pejenaute Goñi, geografia eta historiako doktorea, Iruñeko "Basoko" Bigarren Hezkuntzako Institutuko bigarren hezkuntzako irakaslea.

_Mahaikidea: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Ordezkoa: Administrazio Erroko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

_Mahaikide idazkaria: María José Alvarez Los Arcos, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

_Ordezkoa: Jon Ander Pérez-Ilzarbe Saragüeta, Hirigintza eta Etxebizitzako Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden egoerak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak jakinaraziko ditu gainerako probak egiteko iragarkiak, erregelamenduz.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbizikoa: Zotz eginda gai zerrendako hirugarren zatitik aukeratuko diren hiru gai idatziz azaltzea. Ariketa hau egiteko bost ordu izanen dituzte oposiziogileek.

Bigarrena: Zotz eginda gai zerrendako laugarren zatitik aukeratuko diren bi gai idatziz azaltzea. Ariketa hau egiteko lau ordu izanen dituzte oposiziogileek.

Hirugarrena: bi zatitan banatzen da:

_Lehena: Oposiziogileek gai zerrendako lehenengo zatitik zozketa bidez aukeratuko den gai bat azaldu beharko dute idatziz laurogeita hamar minutuan.

_Bigarrena: Zotz eginda gai zerrendako bigarren zatitik aukeratuko diren bi gai idatziz azaltzea. Ariketa hori egiteko, oposiziogileek hiru ordu izanen dituzte.

Laugarrena: Gai zerrendako hirugarren eta laugarren zatietan dauden gaiei buruzko kasu praktiko bat ebatzi beharko da, bost orduan gehienez.

Ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehenbizikoa: gehienez 30 puntu. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko balorazioa ematen ahal da.

Bigarrena: gehienez 20 puntu. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko balorazioa ematen ahal da.

Hirugarrena: gehienez 25 puntu. Lehenengo zatiko gaia 0tik 5 puntu bitarte baloratuko da eta bigarren zatiko gai bakoitza 0tik 10era bitarte.

Laugarrena: gehienez 25 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak kanporagarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Halaber, bazterturik geldituko da gai edo kasuetako edozeinetan 0 puntuko kalifikazioa ematen zaiona.

6.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gida-baimena eraman beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketa izanez gero, laugarren ariketan puntuazio altuagoa erdiesten dutenen alde jokatuko da. Hori eginda, berdinketak oraindik badirau, bigarren eta hirugarren ariketetan lorturiko puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenkera horrexetan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak agiri hauek aurkeztu behar ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian, berariaz prestatu diren inprimakiak hantxe jaso ondoren:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren hiritartasuna eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Izangaia deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa bada, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa bada:

a) Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira proposaturiko izangaia ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1. atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8._Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Nafarroako Foru Komunitatearen funtzionario izendatuko du aurreko arauetan xedatutakoa betetzen duen izangaia, geografo lanpostuan aritzeko, eta ebazpen bidez esleituko dio dagokion lanpostu hutsa.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatua Nafarroako administrazio publikoen edozein bahituretxetako eskubide pasiboen araubidekoa bada, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bahituretxean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizileku finkoa. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia lanpostuaz jabetzen ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangaia funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

9.2. Epaimahaiaren espedientea jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

Deialdiko 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, sartzeko prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan egoten dela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan ukatu gabe, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

9.3. Sartzeko prozeduraren eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen zerrendan ez daudenen zerrenda.

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10._Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen kontra, arauen kontra eta haien aplikazio egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2006ko apirilaren 18an._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena: ............................ adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala: ......................... (edo balio bereko beste agiriren bat). Sorteguna: ....................... Sorterria: ...................... (....................). Nazionalitatea: .................. Helbidea: ...................... (kalea, zenbakia), ............. herria, ............. probintzia, ............... posta kodea, eta ........ telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko ........................ izateko ................. lanpostu .................... bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, behean aipatzen den txandan (deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...............(e)an).

f Txanda irekia

f Igoera txanda *

f Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautaprobak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, honako esparruetako batean:

f Administrazio-erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua*

f Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua*

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke)

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan, eta, era berean, ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, behar dituen egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*

f Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen dudala (*).

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

LEHEN ZATIA

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

2. gaia._Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Lege dekretuak. Legegintzako foru dekretuak. Nazioarteko Itunak.

3. gaia._Administrazio Zuzenbidearen iturburuak: erregelamendua eta erregelamenduzko ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamenduzko ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

4. gaia._Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta osagaiak.

5. gaia._Administrazio egintza (II): baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia._Administrazio prozedura erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera.

7 gaia._Administrazio prozedura erkidea (II): Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

8. gaia._Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: eraketa, antolakuntza eta eginkizunak.

9. gaia. _Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko Foru Legea.

10. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea.

11. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

12. gaia_Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

13. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Lansariak.

14. gaia._Nafarroako Ogasun Publikoaren Araubidea. Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebeharrak. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa; betearaztea eta likidazioa.

15. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak: araubide juridikoa. Administrazio kontratu ohikoenak: kontzeptua eta motak. Kontratuak esleitu, hobetu, izenpetu, bete, aldatu eta iraungitzeko arau orokorrak.

16. gaia._Datu pertsonalen babesa Europan eta Espainian. Printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuen babesari buruzko agentzia. Datuen nazioarteko mugimenduak.

17. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

18. gaia._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua. Egitura eta eginkizunak.

19. gaia._Nafarroako Toki Administrazioa. Toki araubidearen gaineko legeria. Toki entitate motak. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta eskumenak.

20. gaia._Europar Batasuneko Zuzenbidea: Kontzeptua eta ezaugarriak. Iturburuak: jatorrizko zuzenbidea eta eratorria, itunak, erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak eta bestelako iturriak.

21. gaia._Europar Batasuna. Antolaketa. Erakundeak. Lurraldearen eta ingurumenaren arloko politikari buruz dauden estrategia eta zuzentarau nagusiak.

22. gaia._Lurraldearen eta ingurumenaren arloan Europan dauden estrategia eta zuzentarau nagusiak.

23. gaia._Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea. Edukiaren egitura eta azterketa.

BIGARREN ZATIA

1. gaia._Europako Lurralde Estrategia. Sarrera. Helburuak eta prestatzeko prozesua. Egitura eta edukiak. ELEren aplikazioa.

2. gaia._Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa. Jarduera publikoak lurralde antolamenduaren arloan dituen printzipioak eta helburuak. Eskumenak, antolaketa eta administrazioen arteko harremanak.

3. gaia._Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen determinazio eta tresnak. Printzipio orokorrak. Nafarroako lurralde estrategia: izaera, edukiak eta prozedura.

4. gaia._Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean lurraldea antolatzeko agertzen diren tresnak. Lurraldearen Antolamendurako Planak, Lurralde Ekintzako Plan Zuzentzaileak eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak. Izaera, edukiak eta prozedura.

5. gaia._Udalen Hirigintza Planeamendua 35/2002 Legearen arabera. Hirigintza antolamendurako determinazioak. Udal plan orokorra: helburua, motak, edukia eta tramitazioa.

6. gaia._Garapenerako planeamendua 35/2002 Foru Legearen arabera. Sektorizazio plana, plan partziala, plan berezia, xehetasun azterlana, katalogoak eta ordentzantzak. kontzeptua, edukia eta tramitazioa.

7. gaia._Lurzoruaren araubidea 35/2002 Foru Legearen arabera: lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa, lurzoruen jabeen eskubide eta betebeharrak. Lurzoru urbanizaezinaren araubidea.

8. gaia._Ingurumenaren babesa. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenak. Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentaraua. Naturguneak eta oihan-ondarea babesteko Nafarroako legediaren aipamen orokorra.

9. gaia._Basa faunaren babesa eta kudeaketa. Hegaztiei buruzko 79/409/EEE Zuzentarauaren lurralde-inplikazioa. Nafarroako legediaren alderdi orokorrak. Galbidean dauden espezieak eta ugaltzeko planak.

10. gaia._4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa. Edukiaren egitura eta azterketa orokorra.

11. gaia._2001/42/EK Zuzentaua eta foru antolamenduan nola txertatu den. Ingurumenaren arloko ebaluazio estrategikoari buruzko arauak eta metodologiak.

12. gaia._Giroko zaratari buruzko araudia, Europakoa, Espainiakoa eta Nafarroakoa, eta lurraldearen eta hirigintzaren plangintzan duen eragina.

13. gaia._Lurraldearen antolamenduan eragina duten Nafarroako arau sektorialak.

14. gaia._21 Toki Agendak. Jatorria eta garapena. Tokiko garapen iraunkorrerako elementuak eta faktoreak. Hirigintzaren plangintzan duten eragina.

15. gaia._EBk eskualdeetarako duen politika: EBko eskualdeen arteko desberdintasun ekonomikoak, Batasuneko eskualdeen sailkapena eta eskualdeez gaindiko blokeak.

16. gaia._Europar Batasunaren ekimenak. Kontzeptua. Europar Batasunaren 2000-2006 bitarterako ekimenak. Oinarriak. Aplikazio eremua.

17. gaia._EQUAL, URBAN eta LEADER + ekimenak. Helburuak eta oinarriak.

18. gaia._INTERREG III A, B eta C ekimena. Helburuak eta oinarriak.

HIRUGARREN ZATIA

1. gaia._Plangintza estrategikoa eta lurraldean nola aplikatzen den. Lurraldearen antolamendua. Kontzeptuak eta metodologia. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arteko erlazioa.

2. gaia._Lurraldearen egitura. Osagaiak: sistemak eta azpisistemak. Lurralde-eredua.

3. gaia. _Adierazpen kartografikoaren sistemak. Proiekzio kartografikoa egiteko modurik ezagunenak. UTM proiekzioa: ezaugarri nagusiak eta mugak. Mapen irakurketa.

4. gaia._Geodesiako kontzeptu orokorrak. Erreferentzia geografikoak hartzeko lanaren oinarriak. Sare geodesiko-topografikoen motak eta kartografia lanetan duten eragina. Espazioko geodesia.

5. gaia._Fotointerpretaziorako teknika eta metodoak. Fotointerpretazioaren prozesua kartografia lanetan. Aplikazioak. Teledetekzioa: oinarriak, teknologia eta aplikazioak.

6. gaia._Adierazpen kartografikorako teknikak. Oinarrizko kartografia: mapa motak eta prestatzeko prozedurak. Kartografia tematikoa: aldagai tematikoak adierazteko metodoak.

7. gaia._Ekogeografia. Kontzeptuak. Ingurumen egitura. Sistema eta ekosistemak.

8. gaia._Paisaia. Egitura eta dinamika. Konektibotasun ekologikoa. Paisaia kultur-ondare gisa. Paisaiaren gaineko Europako Hitzarmena. Haren aplikazioa lurraldearen antolamendua egiteko orduan.

9. gaia._Ingurune fisikoaren jokaera aurreikustea. Ingurunearen gaitasunen azterketa.

10. gaia._Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak. Marko kontzeptuala. Edukia eta metodologiak.

11. gaia._Biztanleria eta lurralde plangintza. Biztanleria lurraldeko baliabide, helburu eta subjektu gisa. Informazioa eskura izatea.

12. gaia._Azterketa demografikoa. Heriotza-tasa neurtzeko moduak. Heriotza-tasaren taula. Ugalkortasun-tasa neurtzeko moduak.

13. gaia._Azterketa demografikoa. Biztanleriaren egitura.

14. gaia._Azterketa demografikoa. Biztanleriaren bilakaera neurtzeko moduak eta aurreikuspenak.

15. gaia._Proiekzio demografikoak, oinarrizko kontzeptuak eta metodo motak. Eremu txikietan egin beharreko proiekzioen zailtasunak eta alternatibak.

16. gaia._Aldaketa demografikoak eta lurralde arloko politika. Aldaketen ondorioak: zerbitzuen, dotazioen eta garapenerako bideen eskaera.

17. gaia._Ekipamendu kolektiboen plangintza. Faktoreak, balorazioa eta gaur egungo joerak plangintzak egitean. Estandarrak.

18. gaia._Uraren kudeaketa. Hornidura egiteko beharren ebaluazioa. Hiriko hondakin-uren tratamendua eta arazketa.

19. gaia._Hirietako hondakin solidoak. Hondakin horien kudeaketa eta tratamendua.

20. gaia._Lurraldeko analisiaren dimentsio ekonomikoak. Makromagnitudeak, indizeak eta eskaldeko adierazleak.

21. gaia._Hiri-sistemaren azterketa. Hiri-sare eta hierarkiak.

22. gaia._Hiri egitura eta morfologiaren teoria eta elementuak. Hiriak handitzeko moduak eta plangintza.

23. gaia._Erdiguneak. Utzi diguten hiriaren ezaugarriak eta harentzako tratamendu berariazkoa: hirigune historikoak eta zabalguneak.

24. gaia._Hiriko biztanleria. Gizarte-mosaikoa: hirigunea okupatzeko orduan dauden desberdintasun demografikoak. Bazter utzitako hirigune eta auzoak.

25. gaia._Jarduera ekonomikoak. Industria eta zerbitzuak gaur egungo hirietan. Funtzioen araberakoa espezializazioa: erdiguneak eta azpierdiguneak. Jarduera ekonomikoen deszentralizazioa eta hiri-inguruetan birkokatzea.

26. gaia._Irisgarritasuna eta mugigarritasuna. Hirietako biztanleen joan-etorrien azterketa. Trafikoa. Garraio publikoaren sareak. Motorerik gabeko garraiobideak. Mugigarritasunaren osoko plangintza: Garraiobideen intermodalitatea. Aparkalekuak. Oinezkoendako guneak.

27. gaia._Informatikako oinarrizko kontzeptuak. Ordenagailuen osagaiak eta periferikoak. Sistema eragilea zer den. Informatikako aplikazioak.

28. gaia._Sareak: kontzeptuak, baliabideak konpartitzea, erabiltzaileak, lehentasunak eta taldeak. Internet/Intranet. Ziurtagiri digitala eta sinadura elektronikoa.

29. gaia._Informazio sistemak. Kontzeptua. Garatu, ezarri eta ebaluatzeko metodologia.

30. gaia._Datu baseen kudeaketa sistemak. Funtsak eta oinarrizko kontzeptuak. Datu baseen kudeaketa sistema nagusiak eta horien azterketa konparatiboa. Erlazio bidezko sistemaren funtzionamendua. Structured Query Language (SQL).

31. gaia._Kodeatzea. Baldintzak. Motak eta balorazioa.

32. gaia._Informazio geografikorako sistemak. Definizioa, kontzeptua eta denboran izan duen bilakaera. Datu egitura nagusiak. Topologia eta datuak egitura topologikoetan antolatzea. Aplikazio nagusiak.

33. gaia._CAD-SIG-SIT-IDE: Marrazketa informatizatutik web zerbitzu eta datuen globalizaziora informazio espaziala tratatzeko orduan.

34. gaia._Informazio geografikoaren normalizazioa eta dokumentazioa: Metadatuak. Datu espazialen azpiegiturak. IDE delakoen tokia informazio geografikoaren banaketan.

35. gaia._Datu espazialen azpiegitura nazionala (NSDI). INSPIRE Europako zuzentarauaren proposamena. IDEE delakoa (Espainiako Datu Espazialen Azpiegitura). IDENA delakoa (Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura).

36. gaia._Informazio geografikorako sistemak. Azterketa espazialaren eta gaikakoaren eginkizunak. Aplikazio nagusiak. Sistema bat ezartzea.

37. gaia._Estatistika deskriptiboa. Aldagai kuantitatibo baterako azalpen estatitistiko nagusiak. Faktore askoko azterketa. Horren aplikazioa geografia arloan.

38. gaia._Informazio geografikoa irudikatzeko indize eta sistema gragikoak.

LAUGARREN ZATIA

1. gaia._Nafarroako lurralde ereduaren azalpen orokorra.

2. gaia._Nafarroako Foru Komunitateko eremu geografikoaren egitura eta sailkapena. Unitate fisiko nagusiak. Haien ezaugarriak. Natur baliabideak.

3. gaia._Nafarroako ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak.

4. gaia._Nafarroako klimatologia eta biogeografia. Nafarroako landare sailak. Lurzoruaren gaur egungo erabilerak.

5. gaia._Nafarroako Natur guneen Sarea. Babestu eta kudeatzeko tresnak.

6. gaia._Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentaraua Nafarroan nola aplikatzen den. Natura 2000 Sarea.

7. gaia._Ura Nafarroan. Hidrologia. Lurralde plangintzan duen eragina. Uraren kudeaketaren arazoak Nafarroan.

8. gaia._Nafarroako biztanleriaren joera demografikoak. Banaketa, bilakaera eta egitura demografikoak.

9. gaia._Nafarroako biziguneen sistema. Bilakaera eta gaur egungo ezaugarriak.

10. gaia._Hiria eta Nafarroako lurraldea. Nafarroako hiriguneak. Hiri morfologiaren bilakaera. Elkarreragin ekonomiko eta sozialak.

11. gaia._Nafarroako herriguneak. Egoera eta aurreikuspenak. Lurralde prozesuak.

12. gaia._Nafarroako egitura ekonomikoa. Lehen, bigarren eta hirugarren sektoreen ezaugarriak. Banaketa espazialaren patroiak.

13. gaia._Nafarroako hiri azpiegituren sareak. Egungo egoera.

14. gaia._Lurralde osoan eragina duten Nafarroako politikak: kultura eta ekipamenduak.

15. gaia._Lurralde osoan eragina duten Nafarroako politikak: azpiegiturak eta informazioaren gizartea.

16. gaia._Lurralde osoan eragina duten Nafarroako politikak: jarduera ekonomikoak eta energia.

17. gaia._Lurralde osoan eragina duten Nafarroako politikak: ingurumena.

18. gaia._Lurraldea eta Toki Administrazioa. Nafarroako Mapa Administratiboa.

19. gaia._Nafarroako Lurralde Estrategia. Egitura eta edukia. Diagnostikoa eta egitekoak.

20. gaia._Nafarroako Lurralde Estrategia. Lurralde Garapenerako Eredua.

21. gaia._Nafarroako Lurralde Estrategia. Helburuak eta aukera estrategikoak. Adierazleen sistema.

22. gaia._Iruñerriko Hirigintza Arauak.

23. gaia._SITNA delakoa: ezaugarri eta helburuak. Eginkizunak: integratu, kudeatu eta zabaltzea.

Gai guztiak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina epaimahaiak egun horren ondoren onetsitako arau-aldaketen aipamenak baloratzen ahalko ditu.

Iragarkiaren kodea: F0607129