54. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OTSAGABIA

Eremu publikoa arautzen duen ordenantza behin betiko onetsita

Otsagabiko Udalak, 2006ko martxoaren 23an egindako bilkuran, eremu publikoa arautzen duen ordenantza behin betiko onestea erabaki zuen.

Ordenantza hori hasiera batez onetsi zen 2005ko abenduaren 21eko bilkuran, eta jendaurrean egon da 2006ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 1ekoan, iragarkia jarrita, baita oholean ere, eta ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Hortaz bada, behin betiko onetsitako testu osoa ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Otsagabian, 2006ko martxoaren 24an._Alkate udalburua, Juan Manuel Tohane Contín.

OTSAGABIKO UDALAREN EREMU PUBLIKOAREN ORDENANTZA

ATARIKO TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. 1. Ordenantza honek ondokoa arautzen du: Otsagabiko etorbide, pasealeku, karrika, plaza, herrilur, zubi, parke, lorategi, iturri eta Udalaren mugapean dauden gainerako udal-ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.

2. Eremu publikoa txukuntzeko eginkizunaren pean sartuko dira, orobat, pasabide partikularrak, etxarteak eta lur gaineko zerbitzu publikoa egiten duten ibilgailuak.

2. artikulua. 1. Ordenantza hau aplikatuko da Otsagabiko udal mugape osoan, eta ezarritakoa betetzera beharturik daude bizilagun guztiak, norberaren kalifikazio juridiko-administratiboa zeinahi dela.

3. artikulua. Ordenantza honen edukia ez ezagutzeak ez du balioko aitzakia gisa, ezarritakoa betetzen ez den kasuetan.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Errotuluak eta zenbakiak

4. artikulua. Eraikinen jabeak beharturik daude dagokien zenbakia jartzera, bakarka nahiz taldeka eskatzen zaienean. Beharkizun hori betetzen ez badute finkatutako epearen barrenean, Alkatetzak izendatzen dituen langileek paratuko dute, eta gastuak eraikinaren jabearen kontura izanen dira, agindua ez betetzeagatik dagokion isunetik aparte.

5. artikulua. 1. Errotuluak eta zenbakiak jarri behar diren eraikinen jabeek onartu beharko dute bertan paratzeko agindua eta kokapena errespetatu ez ezik zaindu ere egin beharko dituzte, egoera onean iraun dezaten eta ongi ikus daitezen.

2. Errotulu eta zenbakiek eta haiek jartzeko euskarriek bat etorri beharko dute, ahal dela, fatxada, zona edo sektorearen ezaugarri artistikoekin.

3. Zortasun administratibo hau doakoa izanen da eta ukituriko jabeari jakinarazi beharko zaio.

II. KAPITULUA

Eremu publikoen kontserbazioa

6. artikulua. Udal Administrazioak arduratu beharko du eremu publikoen egiturako nahiz apainketako elementuak egoera onean kon- tserbatzeko lanak eta obrak egiteaz. Inork ezin izanen du aipatu elementu horiek konpondu edo berritzeko obrarik egin, aldez aurretik Udalak lizentziarik eman ez badio, nahiz eta obrak eremu publikoen egoera hobetzeko xedez egin.

II. TITULUA

Eremu publikoaren erabilera

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

7. artikulua. Debeku da:

a) Eremu publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo antzekoetan jarduteko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.

b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

c) Eremu publikoan edariak kontsumitzea, edontziak eta botilak lurrera botatzea.

d) Pixa egitea eta eremu publikoa iraizkinez zikintzea.

8. artikulua. Obretan eremu publikoa okupatuz hesiak paratu nahi badira, Otsagabiko Udal Planari eta hirigintza zerbitzuen eta Udaltzaingoaren aginduei jarraituko zaie.

9. artikulua. Publizitatea egiten ahalko da eremu publikoan, horretarako baimendutako tokietan, dagokion ordenantza fiskalak ezarritako ezaugarriak dituela; bestela, propaganda banatuz eginen da. Lizentzia eskatzerakoan iragarkiaren jatorrizko alea edo kopia aurkeztu beharko da.

II. KAPITULUA

Iturri publikoak

10. artikulua. Iturri publikotzat hartuko dira eremu publikoan daudenak edo larre-bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuentzat Urari buruzko Legeetan ezarritakoa izanen dute arau.

11. artikulua. Iturri publikoetan debeku da:

a) Arropa, fruta, barazkiak edo beste edozein gauza garbitzea.

b) Jendea garbitu edo bainatzea, baita zakurrak eta beste animaliak ere.

d) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edaten uztea.

e) Klase guztietako ibilgailuak garbitzea.

III. KAPITULUA

Parkeak eta lorategiak

12. artikulua. Udalaren eskumena da eremu publikoetako parke eta lorategietan landaketak egitea eta haiek zaintzea. Arbolak denek errespetatu beharrekoak dira eta kalte egin liezaiekeen egintza oro saihestu behar da. Parke edo lorategietako edozein landareri kalte egiten diona, hura moldatzeko ordaina ematera beharturik dago.

13. artikulua. Debeku da:

a) Ageriko seinaleez mugatutako berdeguneak zapaltzea.

b) Arboletara igotzea.

c) Txoriak ehizatzea eta hiltzea.

d) Banku pubikoetan etzatea edo gauaz lo egitea eta, zertarako diren, haretxekin bat ez erabiltzea.

e) Berdeguneetan hondakinak botatzea, paperontziak eta zakarrontziak erabili beharrean.

f) Lorategietan sua piztea edo pizturik edukitzea, eta berdin udal mugapearen gainerakoan, hirilurra bada. Lurzoru urbanizagarri edo urbanizaezinetan, Nafarroako Gobernuaren araudi orokorrari edo aroan arokoari eta Alkatetzaren bandoei jarraituko zaie.

g) Kanpadendak jartzea.

h) Nolanahiko ibilgailuen zirkulazioa debekatzen duten zirkulazio-seinaleetako arauak haustea.

i) Kalez kaleko salmentan aritzea, udal-baimenik gabe.

j) Zakurra aske eramatea.

k) Soropilean edo espaloietan nolanahiko ibilgailuz zirkulatzea (kotxeak, motozikletak, bizikletak, e.a.). Salbuespena izanen da haurrak bizikletan ibiltzen direnean, haien guraso edo zaindariekin joaten badira.

l) Bonbillak, farolak eta semaforoak haustea.

m) Zaldi aziendak edo bestelako animaliak bazkatzera sartzea.

14. artikulua. Debeku da pixa egitea eta iraizkinez edozein eremu publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak zikintzea.

III. TITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbitasuna, herritarren erabilera orokor eta arruntaren ondorioz

15. artikulua. Garbitasunari begira, honako hauek hartzen dira eremu publikotzat: etorbideak, pasealekuak, karrikak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, bide-tunelak eta zuzenki herritarren erabilera arrunt eta orokorrerako diren erabilera publikoko gainerako ondasunak.

Eremu publikoko plazak eta karrikak Udalak garbituko ditu.

16. artikulua. 1. Debekaturik dago eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina txikiko hondakin solidoak, hala nola paperak, txikleak, zigarro-muturrak eta gisakoak, horretarako dauden paperontzietan bota beharko dira, eta horiek baino ez, zeren debeku baita bertan bestelako hondakinak eta zabor poltsak sartzea.

2. Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina txikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debekaturik dago eremu publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek.

3. Debekaturik dago paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo beste zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Botatzekotan, itzalita bota beharko dira.

17. artikulua. 1. Ondoko hauek espaloiak garbitu beharko dituzte, eta hori egin ezean Udal Administrazioaren aurrean erantzun beharko dute:

a) Espaloia fatxadarena baldin bada, eraikinaren jabeak, eraikinaren funtzioa edo helburua edozein delarik ere.

b) Beheko solairuan saltokiak edo dendak baldin badaude, beren aurrealdeko espaloi-zatia negozioaren titularrek garbitu beharko dute.

c) Titular administratiboak, espaloiak eraikin publikoei dagozkienak badira.

d) Jabeak, eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloiak direnean.

e) Elikagaien salmenta automatikorako makinen titularrak.

f) Jabari publikoko zoruaren gaineko erabilera bereziaren lizentzia administratiboaren titularrak (terrazak, kioskoak, etab.).

2. Partikularrek eremu publikoa eskobatu eta garbitzean sortzen diren hondakinak ezin izanen dira, inoiz ere, kalean utzi. Ontzi homologatuetan jaso beharko dira edo, bestela, beren pisu eta neurriarengatik hala behar badu, etxez etxeko zabor bilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

II. KAPITULUA

Eremu publikoko zikinkeria, obrek eta bestelako jarduerek sortua

18. artikulua. Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, nonahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude aldez aurreko neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin; orobat, eremu publikoa eta bertako egiturako elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakin materialak jasotzera.

19. artikulua. 1. Zikinkeriarik ez sortzeko, obrak egiten ari direnek eremu publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz zahorren eta eraisketako nahiz obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreiatu eta zabaldu obra-lanek hartzen duten esparrutik kanpora, hala agintzen baitu gaur egun indarra duen Udal Planeko Eraikuntzako Ordenantzak.

2. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.

3. Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko.

4. Eraikinak jasotzen ari diren bitartean, eremu publikoa garbitzeko betebeharra, 23 eta 24. artikuluetan ezarritako esparru material osoan, obrako kontratistarena da.

20. artikulua. 1. Debekaturik dago eremu publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Betiere, hondakinak eremu publikoan uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2. Eremu publikoan abandonatutako materialak, Hiri hondakin solidoei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeari jarraikiz, udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesatuak ezin izanen dio ez Udalari ez haien kargu egiten denari ezer erreklamatu material horiek bertatik kentzean eragindako kalteagatik; gainera, zerbitzuari dagokion tasa fiskala aplikatuko da, edo behar diren zehapenak.

21. artikulua. Edukiontzietara sarturik nahiz edukiontzitik kanpora, debeku da hondakinak manipulatzea, edukiontziak berak edo eremu publikoa zikintzen badira.

22. artikulua. 1. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obra nahiz biltegietako sartu-irtenak etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu den pertsonalak eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrak eta, azken finean, ibilgailuaren jabeak edo gidariak garbitu beharko ditu eremu publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko du.

2. Aurreko zenbakian aipatutako pertsonak izanen dira (aipatu hurrenkera berean) ordenantza honetako xedapenak haustearen eta gerta daitezkeen kalteen erantzule.

III. KAPITULUA

Eraikin higiezinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze lana

23. artikulua. Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.

24. artikulua. 1. Establezimendu, finka eta etxebizitzetako jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta kaletik ikus daitezkeen eraikinetako sarbideko eskailerak.

2. Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.

3. Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinen muntadura osagarri guztiak.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantentze lana

25. artikulua. 1. Jabeek zabor eta hondakinez xahu eduki beharko dituzte beren orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik. Halaber, neurriak hartuko dituzte ez berek ez beste inork obra-hondakinik ez botatzeko.

2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetako arratoi-galtzea eta desinfekzioa.

3. Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

26. artikulua. Udal zerbitzua edo herria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatutako lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera; gainera, dagozkiokeen zehapenak ezarriko zaizkio.

27. artikulua. 1. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesatuek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, osotara edo parte batean, 27. artikuluan aipatutako baldintzak betetzeko ardura.

2. Aurreko 1. puntuan aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

V. KAPITULUA

Animaliak eremu publikoan edukitzeak garbitasunaren gainean duen eragina

28. artikulua. 1. Jabeak dira beren jabetzapeko animaliek pertsona eta gauzen gainean eragindako kalte edo hondamenen zuzeneko erantzuleak, bai eta eremu publikoa zikinduz egiten duten edozein egintzarenak ere.

2. Jaberik agertu ezean, zikinkeria sortutakoan animalia zeraman pertsona izanen da erantzule subsidiarioa.

29. artikulua. 1. Higiene-neurri utziezina denez, eremu publikoan zakurrak edo bestelako animaliak daramatzaten pertsonak behartuak daude beren animaliei iraizkinak egiten ez uztera, eremu publikoko oinezkoen ibiltoki, parterre eta berdeguneetan, eta eremu publikoan herritarren pasabide, egonleku eta jostaleku diren gainerako tokietan. Zakurrak askatzeko prestatutako tokiak erabiliko dituzte. Betiere, iraizkinak plastikozko poltsetan bildu beharko dituzte

2. Zakurra beti ibiliko da norbaitekin, pertsona arduradunak lotuta eta kontrolaturik daramala.

VI. KAPITULUA

Herritarrak elurteetan egin beharrekoa, eremu publikoa garbi egon dadin

30. artikulua. Elurtea izan eta sortzen den egoera larrialdikotzat jotzen denean, ukitutako eremua ez da normaltasunera itzuliko Alkatetzak hala kontsideratu eta espresuki aitortzen ez duen arte.

31. artikulua. 1. Elurte kasuetan, 25. artikuluan aipatzen diren pertsonek eta, subsidiarioki, eraikinen arduradunek, ondoko 2 eta 3. zenbakietan aipatzen diren prebentzioak hartu beharko dituzte.

2. Finketako enplegatuek edo, bestela, eraikinetako bizilagunek edo eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta izotza kendu beharko dute fatxada aurrean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre uztearren.

3. Elurra eta izotza metatuko dira:

a) Aparkaturiko ibilgailuen gainetik kenduta.

b) Uraren eta ibilgailuen zirkulazioa ez galarazteko.

c) Estolderia sareko kainozulorik hurbilenaren sarbidea estali ez dadin.

32. artikulua. Eremu publikoko elurra garbitu eta biltzeko lanek dirauten bitartean, ibilgailuen jabeek eta gidariek kasu egin beharko diete udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dizkieten jarraibideei.

33. artikulua. Inola ere ez da eremu publikora botako hegalkin, terraza, balkoi eta eraikinen bestelako irtenguneetan pilatu den elurra, salbu Alkatetzak kontrako xedapenik ematen badu.

IV. TITULUA

Herriaren garbitasuna, erabilpen arrunt, berezi eta pribatiboari eta karrikako agerpen publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio esparrua

34. artikulua. Titulu honek udalerriko garbitasuna zaintzeko arauak ematen ditu, ondoko kasu hauetan:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen arrunta, berezia eta pribatiboa egiten denean.

b) Kaleko ekitaldi publikoetan eta publizitateko zenbait jardueratan sor daitekeen zikinkeria prebenitzeko.

35. artikulua. 1. Erabilpen arrunt eta pribatiboaren ondorioz eremu publikoan zikinkeria sortzen denean, erabiltzaile titularrak izanen dira haren erantzule.

2. Finkoak nahiz ez-finkoak diren establezimenduetako titularrek, hala nola taberna, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta antzekoetakoek behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko espazioa.

3. Udal-zerbitzuak edo hiri hondakin solidoen bilketako adjudikazioa duen enpresak aurreko 2. zenbakian aipatutako titularrak behartu ditzake kontsumoagatik beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko elementu homologatuak paratzera. Horretaz gain, titular horiei dagokie, baita ere, elementu horiek zaintzea eta garbitzea.

36. artikulua. 1. Kalean ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak ekitaldi hori egiteagatik kalean sortzen den zikinkeriaren erantzule izanen dira.

2. Herriaren garbitasuna dela eta, ekitaldi publikoen antolatzaileek ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Udalak eskatzen ahalko die eskudiruzko fidantza eratu edo bankuko abala aurkezteko, ekitaldi publikoak sortzen duen zikinkeriaren ondorioz antolatzaileei legokiekeen garbiketarako zerbitzu subsidiarioen kostua kitatzeko adinakoa.

37. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honela ulertuko da:

1. Kartelak dira iragarkiak _inprimatuak nahiz pintatuak_, paperean edo sendotasun txikiko beste material batean eginda badaude. Kartelak formatu txikikoak eta eskuz banatzekoak badira, orrixkak direla esanen dugu.

2. Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bestelako materialez eginda badaude.

3. Pankartak, aldiz, tamaina handikoak eta edozein motatakoak, eremu publikoan noizbehinka jartzen direnak.

4. Pintaketak dira eremu publikoan egindako eskuzko inskripzioak, herriko horma edo paretetan, espaloi edo galtzadetan, edo egiturazko elementuren batean eginak.

5. Opuskuloak eta esku-paperak dira paperez nahiz antzeko materialez egindako argitalpenak, edozein agerpen publiko nahiz pribatutan herritarrei eremu publikoan eman edo banatzen zaizkienak.

6. Errotulutzat hartuko dira kartelak, instalazio edo babes aldetik hamabost egunetik gorako iraupena izateko baldintzetan ezartzen direnean.

38. artikulua. Kartel eta pankartak paratzeko eta itsasteko, orrixkak banatzeko eta titulu honetan araututako beste edozein publizitate-jarduera egiteko, beharrezkoa izanen da Alkatetzak edo, hala badagokio, Gobernu Batzordeak aurretiaz emandako udal-baimena.

39. artikulua. 1. Errotuluak eta aurreko 37. artikuluan aipatutako gainerako publizitate-elementuak paratu edo banatu ahal izateko baimena jasotzearekin batera, erantzuleak bere gain hartu beharko du eremu publikoan erabilitako espazioaren eta dagozkion osagarrien garbiketa.

2. Eremu publikoan 38. artikuluan aipatutako publizitate-elementuak paratu edo banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza eratzea edo bankuko abala ekartzea, zikinkeria sor dezaketen elementuak garbitu eta jasotzeko kostuak kitatzeko adinakoa.

II. KAPITULUA

Eremu publikoan kartelak eta pankartak paratzea

40. artikulua. Pintadak egitea. Debekaturik dago eremu publikoan pintadak egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri-altzarietan, nola herriko kanpoaldeko horma eta paretetan edo eraikinetako fatxadetan.

Salbuetsita daude Alkatetza-udalburutzak baimentzen dituen hormetako pintada artistikoak, orubeetako hesietan, mehelinetan eta abar egindakoak.

41. artikulua. Afixak eta pankartak paratzea. Debekaturik dago afixak eta itsasgarriak paratu eta itsastea, Udalerriko egiturako elementuetan, hala nola higiezin, horma, hormatxo, zubi, pareta, hesi, tapia, espaloi, hiri-altzari eta antzekoetan, salbu eta Udalak hartarako baimenik ematen badu.

Udalak panel bat prestatuko du, bertan kartelak jartzeko.

42. artikulua. Eremu publikoan pankartak paratzea baimenduko da soilik:

_Hauteskunde politikoetan.

_Herrietako festetan.

_Alkatetza-udalburutzak berariaz hala adierazten duenean.

43. artikulua. Baimendutako epea bukatu eta biharamunean hasiko dira interesatuak kartel eta pankartak kentzen.

Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta zerbitzu horren kostua erantzuleei ordainaraziko zaie, legokiekeen zehapenaz gainera.

44. artikulua. Afixak edo pankartak paratzea eta pintadak egitea zehatuko da arau-haustea egiten bada, eta betiere ordezko erantzule izanen dira propaganda edo publizitatearen onuradunak.

Pankartak eremu publikoan baimenik gabe jarriz gero, udal_ agintaritzak zehapena ezarriko die erantzuleei.

Udaleko langileek eduki politiko edo soziala duten pankartak kenduko dituzte, egoera kontuan harturik desegokiak badira, baimenduak izan ala ez. Alkateak emanen du kentzeko agindua; berak bere kasa baloratuko du neurri hori hartzea komenigarria den ala ez.

V. TITULUA

Zehapenak

45. artikulua. 1. Alkatetzak 300 euro bitarteko isuna jarriko die ordenantza honetako arauak hausten dituztenei, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, salbu aplikatzekoak diren lege berezietan edo sektorekoetan agindutakoa, orduan lege horiek aplikatuko baitira. Betiere, garbitze eta konpontze gastuak erreklamatuko zaizkie erantzuleei behar den moduan eta, bidezkoa denean, salaketa eginen da agintaritza judizial eskudunean.

2. Enpresek edo entitateek egindako arau-hausteak zehatzen ahalko dira, eta haien gain uzten ahal dira, baita ere, sortutako gastuak eta dagozkien ordezko betearazpenak, betiere Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeari eta aplikatzekoa den gainerako legediari jarraikiz.

VI. TITULUA

Errekurtsoak

46. artikulua. Ordenatza hau interpretatzerakoan edo Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren gorabehera guztiak ondoko errekurtsoetako bat paratuz ebatziko dira:

a) Legeria orokorreko jurisdikzioaren edo administrazioaren arloko errekursoak, organo eskudunetan.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian, kapitulu honetako bigarren atalean ezartzen baita. Aipatu Auzitegi horren esanbidezko edo ustezko ebazpenek amaiera emanen diote foru bide administratiboari eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunetan.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

1. Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onesteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, honako prozedura honi jarraikiz:

a) Toki erakundeko osoko bilkurak hasierako onespena ematea.

b) Jendaurrean jarri, onespen erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta erakundeko iragarki oholean iragarri ondotik, hogeita hamar egunez gutxienez, epe horretan herritar eta interesatu legitimoek espedientea aztertu eta erreklamazioak, kontrako iritziak edo oharrak egin ahal izan ditzaten.

c) Aurkezten diren erreklamazio, kontrako iritzi edo oharrak ebaztea, eta a) atalean aipatu den organoak behin betiko onespena erabakitzea.

Dena dela, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da, baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, gertaera eta behin betiko testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

Herri ondasunen aprobetxamendua arautzen duten ordenantzak onesteko, beharrezkoa da udalbatza osatzen duten kideen legezko kopuruaren gehiengo absolutuak aldeko botoa ematea.

Ordenantza aldatzeko egin beharreko tramiteak onespena emateko berberak izanen dira.

2. Toki entitateek onetsitako ordenantzek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen dituzte ordenantzen testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan, salbu eta ordenantza fiskalen kasuan, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0605214