41. ALDIZKARIA - 2006ko apirilaren 5a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CINTRUENIGO

Herrilurren ordenantza behin betikoz onetsirik

Udalak, 2005eko ekainaren 5ean, hasiera batean onetsi zuen Herrilurren ordenantza. Erabakia Herriko Etxeko iragarki oholean eman zen argitara eta 109. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, irailaren 12an. Inork ez zuen haren kontrako erreklamaziorik aurkeztu. Beraz, bidezko zen behin betikoz onestea, 6/90 Foru Legearen 324. artikuluarekin bat.

Udalbatzak ondokoa erabaki du aho batez:

1. Udal honen Herrilurren ordenantza behin betikoz onestea.

2. Ordenantza Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Cintruenigon, 2006ko martxoaren 6an._Alkatea, Faustino León Chivite.

CINTRUENIGOKO HERRILURRETAKO ONDASUNAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Cintruenigoko Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 4. art. eta 6/90 Foru Legearen 98.2 art.).

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 6. art. eta 6/90 Foru Legearen 100. art.).

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Udal honen herrilurren ordenantzak eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa. (6/90 Foru Legearen 99. art.).

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Cintruenigoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisara. 6/90 Foru Legean espresuki aipatzen diren kasuetan, Udaleko organo eskudunek hartzen dituzten erabakietarako beharrezkoa izanen da Foru Komunitateko Administrazioaren onespena, baina kasu haietan bakarrik. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 141. art.).

6. artikulua. Bidezko izanen da herrilurrak desafektatzea Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren II. tituluko 1. kapituluko 2. sailean aurreikusten diren kasu eta baldintzetan. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. art.).

Cintruenigoko Udalak herrilurretako ondasunen desafektazioaz hartzen dituen erabakiek itzultze klausula bat eduki beharko dute, horien xedeak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Udalak desafektazioaren xede diren lagapen, karga, salmenta edo trukaketak arautzeko onesten dituen klasula administratiboen pleguetan aurreko zenbakian aipatutako itzultze klausula hori ere sartu beharko da.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Cintruenigoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 149. art.).

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Cintruenigoko Udalak bere ondareko ondasunak artatu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta haiek defendatzeko behar diren ekintzak oro burutu beharko ditu. (6/90 Foru Legearen 110. art.).

8. artikulua. Cintruenigoko Udalak berez eta, noiznahi berreskuratzen ahal du bere jabari publikoko ondasun eta eskubideen jabetza, hura zuzenik gabe galdu badu, aldez aurretik idazkariak edo, hala behar badu, legelariak irizpena agertuta eta interesatuari entzutea emanda. Orobat, beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko. (6/90 Foru Legearen 111. art.).

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

9. artikulua. Cintruenigoko Udala ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

10. artikulua. Ordenantza honek aipatzen duen aprobetxamendua partikularrek luberritutako lurretakoa da.

Herrilurretako larreen eta ehizaren aprobetxamenduak bere araudi berariazkoari jarraituko dio, eta aurreikusten ez duen orotan Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua eta gai horren gaineko nafar araudia aplikatuko zaizkie.

11. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea sei urteko antzinatasunez.

c) Cintruenigon urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Udal honekiko eta haren erakunde autonomoekiko zerga betebeharrak eguneraturik izatea. (Erregelamenduaren 155. art.).

e) Nagusiki nekazari izatea.

12. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira. (Erregelamenduaren 155. art.).

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

1. ATALA

Aprobetxamendu motak

13. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

b) Herritarren artean zuzenean esleitutako aprobetxamenduak

c) Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa

Cintruenigoko Udalak laborantzako lurren aprobetxamendua esleituko du, aurreko artikuluan aipatzen diren moduak bata bertzearen ondotik aplikatuz, bertan zehazten den ordenari jarraituz. (Erregelamenduaren 157. art.).

2. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

14. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 11. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira.

Artikulu honek aipatzen dituen errenta mailak zehazteko, irizpide objektiboak izan dira oinarri, hala nola:

_PFEZaren aitorpena.

_Soldata bidezko dirusarrerak.

_Laborantzako lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea.

_Toki erakundeen zergapean dauden ondasun higiezinen kapital zergagarria, norberaren bizitegiari dagokiona salbu.

_Toki erakundeen zerga-oinarria, jardueretan aritzeko.

_Gisako bertze edozein.

(Erregelamenduaren 158. art.).

15. artikulua. Ereduko azalera 17 erreguko lurzatia da.

16. artikulua. Lehentxeagoko 14. artikuluan ezarritakoaren ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak, famili unitateko kideen kopuruaren arabera, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

a) Hiru kiderainoko famili unitateak. 1 koefizientea.

b) Lautik sei kiderainoko famili unitateak. 2 koefizientea.

c) Zazpitik bederatzi kiderainoko famili unitateak: 3 koefizientea.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak. 5 koefizientea.

17. artikulua. Cintruenigoko Udalak, kontuan harturik herrilurren ezaugarriak eta herriko gizarte egoera, proportzionalki apaltzen ahalko ditu aurreko hiru artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala arrazoituz gero.

Halakoetan, Udalak laborantzako beren herrilurren % 50 erabiliko ditu, gutxienez, banaketa modu honetarako.

18. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

19. artikulua. Onuradunek ordaindu beharko duten lur-saria 4,30 euro da erregu bakoitzeko. Nolanahi ere, toki entitateak dituen kostuak berdinduko ditu, gutxienez ere. (Erregelamenduaren 163. art.).

20. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

21. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte landu esleitu zaizkien herrilurrak esleipenean ezarritako xedea ez bezalako bertze erabilera, aprobetxamendu edo labore motarako, Udalak espresuki emandako baimena ez badute. (Erregelamenduaren 169. art.).

3. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko esleipena

22. artikulua. Lurzatiak 2. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 11. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

23. artikulua. Zuzenean esleitzen diren loteen azalera erabakiko da lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzak dituen dirusarrera garbien edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, esleipen hartzaileak nekazariak izanez gero. (Erregelamenduaren 171. art.).

24. artikulua. Esleipenak egitean, gehienez ere hasierako herrilur lotearen % 5 gorde beharko da, onuradun gehiago agertuz gero haiei leku egin ahal izateko. (Erregelamenduaren 172. art.).

25. artikulua. Esleipen hartzaileak berak eta zuzenean landu beharko ditu lurrak. Herritarrendako esleipen zuzeneko epeari aplikatuko zaio lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen gainean 18. artikuluan xedatutakoa.

26. artikulua. Mota honetako onuradunek urtean 7,81 euroko lur-saria ordaindu beharko dute erregu bakoitzeko.

4. ATALA

Toki entitatearen zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

27. artikulua. Laborantzarako lurra soberan baldin badago, 2. eta 3. ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, Udalak enkante publikoan esleituko du zehaztuko den epe jakin baterako; hain zuzen ere, banaketa berria egin bitarte.

Hasierako prezioa 8,59 euro izanen da urtean.

Baldin eta aurreko artikuluan aipatzen den enkantea egin ondotik, oraindik ere gelditzen bada laborantzarako lurra soberan Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du. (Erregelamenduaren 179. art.).

5. ATALA

Esleitzeko bidea

28. artikulua. Laborantzako herrilurrak herritarrei esleitzeko prozedura hasiko da Udalaren osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, gero ediktua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta entitatearen oholean iragarkia jarriko, eskabideak onartzeko epea adierazita.

29. artikulua. Udalak erabakiko zein diren zinpeko aitorpen edo frogatzeko agiri baliogarri moduan eskatzaileak aurkeztu behar dituen agiriak; horiek, bertzeak bertze, honako hauen gainekoak izanen dira:

a) Herriko bizilaguna izatea herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko adierazten den antzinatasunarekin, eta udalerrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez ere.

b) Cintruenigoko Udalarekin eta haren menpeko erakunde autonomoekin betebehar fiskalak eguneratuak izatea.

c) Famili unitatea osatzen duten kideak, eta lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Jabetzan dituzten laborantzako lurrak eta laborantza motak.

e) Errenta bidez edo jabetza ez den bertze tituluren bitartez erabiltzen dituzten lurrak eta laborantza motak.

f) Hiri higiezinen zergapeko kapitala, norberaren etxebizitzarena salbu, eta famili unitateko kide bakoitzak dituen abelburu kopuruaren eta haien espezieen zehaztapena.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak. (Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 182. art.).

30. artikulua. Udalak esleipen mota bakoitzeko onartuen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, entitatearen iragarki oholean jarriko du, interesatuei jakinaraziko die eta erreklamazio epea irekiko du.

31. artikulua. Aipatutako epe hori iragandakoan, erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

Erreklamaziorik aurkeztu bada, Udalak ebatziko ditu eta behin betiko zerrenda onetsiko du.

6/90 Foru Legean aurreikusten diren bideak erabiliz jo daiteke Udalaren erabakien kontra.

III. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

32. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herrilurren gainean dauden aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

33. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak Udalak berak edo interesaturik dauden herritarrek sustatuko dituzte eta lehentasunezkoak izanen dira.

34. artikulua. 32. artikulu horretan aipatzen den ahalmena erabiltzeko prozeduran urrats hauek bete beharko dira:

a) Udalbatzaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabetez jendaurrean egotea, eta osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

35. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala badagokie.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

36. artikulua. Cintruenigoko Udalak bere esku dauka ordenantza honetan ezarritakoaren aurka jotzen dutenak zehatzeko ahalmena.

37. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

1. Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

2. Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

3. Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

4. Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

5. Herrilurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

6. Landaketa iraunkorrak egitea (fruta arbolak, zainzuriak...), Udalaren baimenik izan gabe.

7. Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

8. Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

9. Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrakoa den bertze edozein gertaera edo egintza.

38. artikulua. Arau-hauste zehatzak honela zehatuko dira:

_1, 2, 3, 4 eta 6. arau-hausteengatik 300 euroko zehapena ezarriko da eta kontzesioa kenduko da.

_7.agatik 250 euroko isuna ezarriko da, baita herrilurren esleipen hartzailea izateko ezgaitasuna ere.

_Gainerakoengatik, 200 euroko isuna.

39. artikulua. Arau-hausteak preskribatuko dira egitateak gauzatzen direnetik hasi eta bi hilabeteren buruan.

Iragarkiaren kodea: L0604059